Periferiatik, erral
udala
Dirulaguntzak, klubak, bolondresgoa eta abarrak
Dirulaguntzak urritu direla-eta, elkarte askoren lana zalantzan dago azken aste eta hilabeteotan. Nork du errua? Non daude arazoak? Zer egin daiteke? Hona hemen guzti hori tratatzen duen laburpen/idatzi/iritzi/batiburrillo bat.
Azken
asteotan hainbat komunikabideren bidez ezagutu dugu UEU bezalako
erakundeen egoera, Jaurlaritza, Foru Aldundi eta udalen dirulaguntzak
jeisten direla-eta euren lana kinka larrian baitute.
Nik
beste egoera bat ekarri nahi dut ona: kirol eta kultur elkarteena.
2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidente naiz, eta 6 urte hauetan
dirulaguntzen munduarekin harreman handia izan dut. Denborarekin eta
hormaren kontra behin baino gehiago joan ostean, dirulaguntzen munduak
nola funtzionatzen ikasi behar izan dut. Dirulaguntzen Lege Orokorra,
oinarri arautzaileak, dirulaguntza deialdiak, ziurtagiriak eta
kontu-zuriketak.
Gauzak
"betiko moduan" egitera ohituta dagoen batentzat lana suposatzen du
hasieran, baina ulertzen dut legea horrela dagoela eta bete egin behar
dela. Baina horrek ez du ukatzen prozedura kritikatzea. Orain dela aste
batzuk Gipuzkoako udalerri bateko kirol teknikariak (eta ez da Eibarkoa)
esaten zidan ezin dela prozedura berbera erabili dirulaguntza
erraldoiak eta 1000 €ko laguntzak fiskalizatzeko. Badirudi egun
indarrean dagoen Dirulaguntzen Lege Orokorra Aznarren gobernuak jarri
zuela indarrean lihoa zela eta Europako Batzordearen dirulaguntzen
inguruan gertatu zirenen ostean.
Dirulaguntzen
inguruan sortu den papergintza guztiarekin erakunde publikoek euren
lana ez den lan bat egitera bultzatzen dituzte elkarteak. Lehenego baten
Oier Araolazak esaten zuen bilera baten: "gu hemen ez gaude lan
administratiboak egiteko, baizik eta dantza, korrika, xakean edo
squashean aritzeko", eta Gobernuek legea betetzeko nahi horrekin,
bazterrean, bai bazterrean, utzi dute elkarteei eman beharreko laguntza.
Eta
eman beharreko laguntza diot, derrigortasun bat balitz bezala, elkarte
horiengatik ez balitz ez bailirateke ekintzak egingo gure herri eta
hirietan. Inork uste du Eibarko Udala (edo Tolosakoa, edo Donostiako,
edo Foru Aldundia) gai izango zela Eibarren astero-astero egiten diren
kultura eta kirol ekintza guztiak antolatzeko? Erantzuna ezezkoa da, eta
udal teknikariek beraiek ere onartzen dute hori.
Eta
zer esan Foru Aldundi mailan. Azken urte hauetan, bolondresgoa sustatu
beharrean, kirol federazio eta kirol zuzendaritzaren inguruan
montatutako kirol enpresak sustatu ditu Foru Aldundiak. Elkarteentzako
prestakuntza saioak prestatu bai, baina funtzionarioen ordutegian
(astelehenetik ostiralera eta 16:00ak baino lehen). Kirolartetik,
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol Kudeaketarako Baliabide Zentrotik,
mezu bat idatzi zidaten orain dela hilabete batzuk. Prestakuntza saio
batzuk egin nahi zituzten, hitzaldi erakoak, eta nik bertan parte
hartzea nahi zuten. Ordutegiak galdetu eta arratsaldean beharko lukeela,
lanetik irten ostean 18:30ak inguruan, hori zaila zela, goizean egiten
dituztela, eta beste baten izan beharko lukeela, eta mesedez bidaltzeko
nire ordutegi preferentziak.
Gurea,
Gipuzkoako beste asko bezala, bolondresgoan oinarritutako elkartea da.
Bakoitza bere lanetik irten eta denbora eta gogoa duenean joaten da
klubera eta gustoko dituen gauzak egin. Niri xakea gustatzen zait, eta
horretan hasi nintzen. Lehenengo jokatzen, gero arduradun jarri
ninduten. Hor hasi ziren lan administratiboak: aurrekontuak prestatu,
kontuak eraman, udaletxera baimenak eskatu... Baina ni ez nintzen bada
hemen xakean jokatzera sartu? 2006an presidente egin nindutenean
elkarrizketaren baten nire lana hain zaila ez zela esan nion
kazetariari: lana, ekintzak, Batzordeek egiten dute, nirea gehiago da
koordinazio lana eguneroko lana baino. Esaldia, ordea, aldatzen joan da
azken 6 urteotan eta koordinazio lana izatetik papergintza lana izatera
pasatu da. Hala ere saiatzen naiz xakean ere jokatzen, liga jokatzen eta
hortiz zehar nire gustuko kirola egiten. Hori bai, lan administratiboak
jan egin behar nau.
"Soluzio
erraza du horrek" esango du norbaitek: kontratatu idazkari bat lan hori
egiteko. Bai, horrela norbaitek ordainpean egingo luke lana; baina
hemen zertarako gaude kirola praktikatu, ekintzak antolatu eta ondo
pasatzeko, hala administrari baten lana ordaintzeko dirulaguntzak
lortzeko?
Gure
inguruko hainbat elkartek bolondresgotik harago egin dute, eta gaizki
joan zaie dirulaguntzen iturria itxi denean. Beste batzuei oso ondo joan
zaie eta alemaniar makina perfektuak bailiran funtzionatzen dute. Baina
zein klub bolondresek du udalek edo Foru Aldundiak eskatzen duten
papergintza guztia egiteko egitura?
Nere aitak kontatzen du gure klubeko Juanjok kontatutako istorio hau, ez dakit egia den ala ez, baina egiaren itxura guztia du:
Juanjo
hainbat denboran zehar zebilen emakumeen txirrindulari talde bat sortu
nahian eta lortu zuen. Taldeak denbora bat zeramanean, Aldunditik deitu
omen zioten, esanez eurak ere horretan zebiltzala eta ezin izan zutela
berarekin harremanetan jarri, klubean ez ziotela-eta telefonoa hartzen.
"Klaro ba, Roberto, goixeko 9tan deitzen juen da! klubian ez dago inor
ordu horretan". Nire aitak Aldundiko funtzionaria imaginatzen du goizeko
9tan bulegora iristeaz bat telefonoz deika. Klubean inor ere ez.
Hurrengo egunean ezta ere. Hurrengo astean eguerdian probatuko zuen,
inor ere ez. "Noiz dago bada hemen jendea?". Egunen baten garbitzailea
topatuko zuen eta harek esango zion "Ah, ba ez, hemen 18:00tatik aurrera
egoten da jendea"... eta aho bete hortz utziko zuen funtzionaria. Nola
demontre montatu dute emakumeen txirrindulari talde bat eta ez didate
telefonoa ere hartzen?
Istorioak benetako eta gezurrezko pasarteak izango ditu, baina ez da asko urrunduko errealitatetik.
Foru
Aldundiak, orain agintari berriak daudela, krisi egoera hau probestu
beharko luke ez dirulaguntzak murrizteko soilik, baizik eta benetan
laguntza behar duenari (lanetik irten ostean paperak betetzen ibiltzen
den herrixka bateko elkarteko "langileari") laguntza emateko; horrela
egin ezean, eta eboluzioaren legea betez, arrain handiak bakarrik
geratuko dira. Arrazoi ezberdinak medio instalazioak kudeatzera eta
soldatapeko plantilla handiak edukitzera ohitu diren klub horiek. Azken
finean, kirol elkarte izatetik zerbitzu-enpresa izatera pasatu diren
horietara. Eta hori guztia Foru Aldundiaren bedeinkapenarekin, hori
sustatzen ibili baitira urte hauetan.
Noski,
Foru Aldundi eta administrazioentzat errazagoa da enpresekin jardutea.
BEZa, Elkarteen gaineko zerga, … guztia egunean daramate. Fakturak
eskatu eta han daude artxibatuta, lanorduetan telefonoz deitu eta
erantzun egiten dute... Baina enpresek beren ateak itxi egiten dituzte
arratsaldeko 18:00tan, jendea lanetik aisialdi bila irteten denean;
orduan eskaini behar dira zerbitzuak ez astearteetan goizeko 11:00tan.
Horrela
jarraitzen badugu kaleak hustu egingo zaizkigu 18:00tan, Frantzian
bezala. Eta guztiok kritikatzen dugu frantsesen kaletik desagertzeko
joera hori ezta?
Hainbat
gauza nahastu ditut idatzi honetan, dirulaguntzak, bolondresgoa,
udalak, aldundiak... barru-barrutik irtendakoak izan dira, eta uste dut
pentsatzeko eta idazteko ematen duen gai bat dela.
Paseo San Andres edo Ego-gaineko "ez-etxeak"
Azken aldian Eibarren egin den aberrazio handienetako bat Corte Ingles berriaren aurrean daukagu. Hiru etxe bloke egingo zituztela agindu zuten. Baina saldu ez dituztela-eta bat egiten hasita eta bestea plastiko batzuekin tapatuta utzi dute.
Agian ezin da konparaziorik egin, baina pentsatu dendaria zarela eta ez duzula arrautzarik erosten salduta izan arte. Erosleak arrautzak eskatzen dizkizunean, orduan baserrira joan baserritarrari arrautzak erosi eta erosleari saltzen dizkiozu. Euro batzuk beharrean ehundaka milaka eurorekin.
Udalak Alfa zegoen lekuan denbora tarte jakin baten etxeak egiteko baimena emango zion promotoreren bati, baina honek etxe-bloke bakarra eraiki du eta han utzi du bestea. Gure boletin ofizial bietan (Gipuzkoakoan eta Bizkaikoan) etorri dira harekin egingo omen dutenaren albisteak, badirudi azkena pintura eskolakoek hango horma edo zutabeak margotu egingo dituztela dela. Kalean, hor eraikita dagoena bota egingo dutela ere entzun dut. Ezin du udalak beste erabakirik hartu? Seguru badagoela lege-argudioren bat orain proposatzera noana egiteko, baina borondatea behar horretarako: "nik (udalak) etxeak egiteko lizentzia eman nizun eta zuk ez dituzu eraiki. Hainbat (5? 6? 7?) urte pasatu dira eta ez dirudi aurrera egingo duenik. Lur horiek "erreskatatu" edo "errekuperatu" egingo ditut, ezer ordaindu gabe, eta hor, adibidez Babes Ofizialeko Etxeak eraikiko ditut. Bai, Amaña edo Urki puntan, edo Bolinguan, edo Eibarko toki inakzesibleenetan orain eraikitzen direnak bezala.
Horrek ere badu bere puntua: badirudi legez X etxe "libre" egiten badituzu Y BOE egin behar dituzu. Eibarren X etxe horiek hiri erdian egiten dira (Ego-gainen adibidez), eta BOEak "periferian": Jardinetan, Urki-kurutzekuan, Amañako puntan bariantearen tuneletako bat atzean dutela, ...
Alfa-San Andres-Ego gaineko etxeekin zer? Udalak erreskatatu eta BOEak egin inor indemnizatu gabe (ez Errebalen bezala, lehen saldotan erregalatutakoa berrerosten eta norbait aberasten). Baina noski, horretarako borondatea behar da. 21etik 19k ez dute horretarako borondaterik izango.
Aldaketa orain
Hirigintza izan ohi da hiri eta herrixetan arazo nausixetako bat. Gure inguruan be azkenaldixan hirigintzan inguruan gertatu dira arazo, mobilizaziño, karta eta kontra-karta dexente.
Txonta, Alfa-San Andres, Corte Inglesa, Errebal eta Erisono adibidiak besterik ez dira. Bariantian hirugarren fasiak be eztabaida eta zer esana emongo dau, jentiak Arrajolako tuneletik Sosolako bidera dagon tartia desmontiakin, eta ez tunelakin, ein bihar dala jakiten dabenian.
Nahitta ala nahi barik baina dana onartuta dagonian enteratzen gara holako gauzetaz, eta benetan garrantzitsuan diran gauzak izan ohi dira. Horretarako ei da Hirigintza Batzorde Aholkularixa edo sortu barri dan Herritarren Partehartze Mahaixa, Udalak hartu biharreko erabaki garrantzitsuetan herritarron ahotsa entzuteko. Hala ta be, ez nago seguru foro horrek ezertarako balio daben. Udalak, berak nahi daben moduan kaso egin edo pikutara bialduko dittuan susmua dakat.
Baina txarrena ez da hori, txarrena gauzak Txontan moduan (legedixan kontra) amaitzia da. Herritarren hitza be oposiziñuan moduan neutralizauko dabelako susmua dakat. Badakizue, 21etik 11 euki, eta kontrarixuak erakarri 19 izateko. Ritmo horretan, hamendik urte bira 21etik 13 edo 14 eukiko dittue. Orduan berandu izango da "aldaketia" eskatzeko.
Errebali buruz bi hitz
Gaur arratsaldian Portalean egon naiz Eibartarrak zerrendako kide diren Josu eta Ramonek eman duten Errebaleko proiektuari buruzko hitzaldian.
Egia esan, ez dut ulertzen zer gertatzen den Udalarekin. Oraindik ez dut entzun edo irakurri gobernu-taldeko kiderik Errebal Plataformako kideek esaten dutena desmontatzen. Errebalekoek, onartuta dagoen proiektuak, Hiri Antolamendurako Plan Nagusia eta 2006ko Lurraren Legea betetzen ez dituela diote. Eta hori salaketa larria da. Gobernukideek eta inguruko partidu sateliteek (EAJ eta EA horixe besterik ez baitira), Errebalekoak "epez kanpo" dabiltzala diote. Ez dira eztabaidaren muinera sartzen.
Zergatik ari dira urtarriletik, hilero hilero DV eta Correon obrak "berehala" hasiko direla esaten? Zergatik "defenditzen" dute, gero eurek "pribatua" dela dioten obra bat? Hori esan dute Errebalekoei eman dieten erantzun ofizial baten.
Zerrendakide Juanjo Araolazak esan bezala, herri ekimena da benetan behar dena. Zaila dena baina horrelako kasuetan behar dena.
Eibartarron Ekimena, EE, ez konfunditu Euskadiko Ezkerrarekin :) Ez zaizkit gustatzen "Independientea" izena daramaten gauzak (bestela Eibartar Independienteen Ekimena litzateke), azken finean ez baitira "Independiente" izaten. Horrelako zerbait posible litzateke Eibarren? Agian bai.
P.S.: sozialistek agintzen duten herri honetan, Patxi Lopezek orain aste batzuk euskararen inguruan esan dituenak entzunda, gaur esan didate obren inguruko hesietan jarri dituzten kartel guztiak gaztelaniaz daudela. Errebaleko inork konfirmatzerik bai?
Eguneraketa (2008/10/15): Josu Mendicutek konfirmatu du Eibartarrak zerrendan, kartelak gaztelania hutsez daudela. Hona hemen adibide bat:

Josu Mendicute - Errebaleko kartela - Creative Commons - BY-NC-SA