Hemen zaude: Hasiera Blogak Periferiatik, erral uda

Periferiatik, erral

uda

Abuztu hasiera Vlissingenen

Xakea eta oporraldia uztartu ditugu aurten ere Deporreko xakelariok.

Iaz Italian egin genuen bidaiarekin hasitakoaren bigarren geldialdia egiten ari gara egunotan Herbereetako Vlissingen herrian. Bertan 15. Hogeschool Zeeland xake txapelketa jokatzen ari da eta berau jokatu eta oporraldi lasaia pasatzeko asmoarekin etorri gara bost lagun bertara.

Vlissingen 45000 bizilaguneko kostako herri bat da. Hondartza eta portua ditu eta jende asko dabil bertan bizikletan, baina gaur arratsalde-iluntzean eman dudan bizikleta ibilaldian gehien harritu nauena etxeak izan dira. Etxe guztiak berdin berdinak, txikiak eta bi pisukoak dira. Ah, eta ez dute pertsianarik. Pertsiana gabe bizi dira holandar hauek!!

Goizean hondartzan izan gara batzuk Iparraldeko Itsasoko ur hotza probatu, eguzkia hartu (ederto berotzen zuen hemen ere) eta Vlissingen aurretik Antwerpera (Anberes) bidean edo hango portutik datozen itsasontziak ikusten. Belgikako portu handienetakoa izango denaren itsas-trafiko guztia hemendik pasatzen da.

Bizikletena ere aipagarria da. Lehenengo egunean tren geltoki ondoan astebeterako bizikleta alokatu genuen, bakoitza 37.50 €ko prezioan eta benetan garraiobide erosoa da herrian zehar ibiltzeko. Supermerkatura, hondartzara, garagardo bat hartzera, partidara, buelta bat ematera... edozertara bizikletan joaten gara. Benetan asmatu genuen bizikleta hartzerakoan. Hemen bizikletan ibiltzeak inbidia ere ematen dit, eta Eibarren nola ibiliko ote nintzatekeen ere pentsatu dut, hala ere hemengo lautadak (aldapa txikiena ere ez dago) eta Eibarko gora-beherak ez dira konparatzekoak, eta zer esanik ez bideak: hemen guztia dago prest bizikletentzat, bidegorriak kale guztietan, kotxeak gelditu egiten dira pasatzen uzteko... laneko bizikleteroak gustora asko arituko lirateke hemen.

Besterik ez, xakeak uzten badit idatziko dut zerbait gehiago hemendik edo Amsterdametik (hara goaz txapelketa bukatzean), bitartean argazki batzuekin uzten zaituztet eta baita Eibarko Klub Deportiboaren webgunean idazten ditugun kronikatxoekin ere. Lizak Vietnam eta Laostik dioen bezala: Biba gu!!

Mikel Larreategi 2011/08/02

Espainiako Txapelketara bidean

Bai, azkenean oporrak !!

Atzo, uztailaren 24an hartu genituen CodeSyntaxtar gehienok udako oporrak! Joan zen asteko irteeraren ostean, azkenengo astea arraroa izan da. Laburra, mugitua, telefonoa jo eta jo, eta agur bat. Agurra diot, Nandok utzi egiten gaituelako. Asko ikasi dugu berarekin, eta berak gurekin ere hala ikasi duela espero dut ;), eta badoa. Irailean ez dugu gure artean izango. Zorte on !

Oporraldiari begira, nola ez, xakea izango dut buruan. Bihar larunbata Padronera noa bertako Scala hotelean jokatuko den Espainiako 18 urtez azpikoen Txapelketaren Epaile Nagusi gisa aritzera. Nire 3. Espainiako 18 urtez azpikoen txapelketa izango da. Lehena Formigalen izan zen 2002an eta bigarrena Mondariz-en 2003an. Gainera aurtengoan beste pizgarri bat dut txapelketa horietan. Klubeko jokalari bi bertan izango baitira Espainiako jokalari onenen aurka xakean: Haritz Garro eta Diego Olmo.

Hala ere ez dira bertaratuko diren euskaldun bakarrak izango, han izango baitira Nekane Cuetos, Álvaro Díaz, Erik Juez, Bruno Villanueva, Mikel Sanz, Alberto García, Imanol Martinez eta Iraia Serrano (azken biak nafarrak), Ieray Galtzagorri eta Koldo Urbieta entrenatzaileekin batera, Euskal Xake Federakuntzaren laguntzari esker.

Txapelketaren ingurukoak idatziko ditut hemen eta baita Eibarko Klub Deportiboaren webgunean ere, herriko xakelarien emaitzak jakinarazteko. Aurrez 16 urtez azpikoen txapelketako emaitzekin egin dudan bezala. Han aritu baitira Edu Olabe eta Julen Garro. Hona hemen azken kronika.

Besterik? Ba... ez dut planik bestela abuzturako. Zerbait irteten bada ongietorria izango da (proposamenak onartzen ditut), bestela hemen ibiliko naiz, hondartzara ere bisitatxo bat egin egin beharko da eta... :)

Ondo ibili !

Mikel Larreategi 2008/07/25

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut, eta 2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidentea naiz. Xakeak eta Klub Deportiboak, horretxek jaten dit nire denbora.

Goiburuko irudia Barcelona da. Orain dela urte batzuk bisitatu nuen hiria eta asko gustatu zitzaidan. Irudia nondik hartu nuen ez dut gogoan (lehen jarrita nuen baina aldatu egin nuen eta berriz itzuli eta galdu egin dut kreditua. Baina haren CC-BY-NC lizentziak dioena jarraituz kreditua ematen diot. 

Azken erantzunak
halaxe da bai... Oier A., 2012/01/20
Arrazoia! e-gor, 2011/11/17
Autogestioa Txopi, 2011/10/17
Bizikletak Herbeheretan Trebi., 2011/09/03