Hemen zaude: Hasiera Blogak Periferiatik, erral telebista

Periferiatik, erral

telebista

Dragoi Bola

Txikitan bezala, gezurra orain noizean behin bakarrik, Dragoi Bola ikusten dut.

Lehengo baten zapping egiten ari nintzela Boing katera heldu eta hara, Freezer ez nuen ba ikusi bertan? Gure txikitako Dragoi Bola mirestua berriz telebistan!!! Gazteleraz, baina zer egingo diogu bada!

Goku eta Vegeta Freezerren aurka, Nameken dragoi bolen bila, Kaito, ... Beste egun baten Trunks agertu zen, eta Satan-txiki, eta Dordoka Maisua, Songohan, ...

Ene zenbat oroitzapen! Orain, Zibor 19 eta Zibor 20ren aurkako borrokak hasi berri dira. Aupa!!!

Eta fanentzat, Dragoi Bolako abestiak euskaraz Wikipedian daude!

Mikel Larreategi 2011/04/29

Tertuliak

Tertuliak modan egon ziren Aznarren azken garaian, guztiak euskaldunen kontra... Orain demokratizatu egin dira eta telebista eta irrati guztietan daude. Iritzia eman beharrean doktrina irakasten dutela dirudi.

Orain denbora bat Intereconomia ikusten nuela aitortu nuen hementxe bertan. Orain nire espektroa pixkat zabaldu egin da. Lehengoan sozialistaz betetako tertulia bat aurkitu nuen. Sineskaitza!

LTDren bidez jasotzen diren tertuliak definitzeko eta AEBko Tea-Partyaren izena aprobetxatuz TDT-Party terminoa erabili izan ohi du Ignacio Escolar kazetariak. Intereconomía, 10-TV eta VEO-TV (agian eskuinetik ezkerrera), eskuin espainolaren espektro ideologikoan kokatutako kateak. CNN+ek nolabaiteko kontrapuntua egiten zuen (ze hauen sozialista usaina urrundik igartzen zen) baina Gran Hermanok ordezkatu eta balantza eskuinaldera lerratu zen guztiz.

Ba joan zen astean, TDTko kanalen arteko zaping luze horretan, Al Rojo Vivo programa agertu zen, La Sexta 2 (edo La Sexta 3 ez nago ziur) katean. Tertulianoen erronda bat ikusi nuen eta hara! guztiak sozialistak edo filosozialistak!! Nire harriduratik irten ezinda hurrengo egunean ere jarri egin nuen eta beste kateetako tertulianoak ikusi nituen. Pffff, frakak jeitsi eta pluraltasuna ahoan hartuz sensibilitate guztiak ekarri zituzten. Horrela jai dute, serioagoak izango dira baina ezkerreko astakeriak ere dibertigarriak dira.

Eta gure artean? Ba lehen batzuetan Ganbara jartzen nuen Radio Euskadin, aprobetxatuz Euskaltelen dekodifikagailuarekin irratia ere entzuten dela, baina aspaldian ez dut hori egin. Baina noizean behin Hamaika Telebista jartzen dut. Hor ere badute tertulia moduko bat, Esatea Libre izenekoa. Eta ez, ez da bada tertulia bekatu gabea (blog hau ere bekatu gabea ez den antzera). Tertulia honen lerratzea igartzea ere ez da zaila izaten: orain aste batzuk ekonomiari buruzko eztabaida baten Garako kazetari bat, Berriako beste bat, Karmelo Landa eta EAko ordezkari bat zeuden. Horra hor gure izozkia. Guztiak euskaldunak izan behar duten aitzakiarekin ez dago abertzalea ez den ikuspunturik telebista horretan. Ondo egiten dute, tertulia guztiak bezala politikoki guztiz lerratutakoa.

Agian Canal 24 Horas libratzen da, ez dut kazetaria BBCko kazetariek gisako elkarrizketa egiten ikusi, baina beno politikoki gutxien lerratutako kazetari eta tertuliatzat dut.

P.S. Ah, eta Sorturi buruz zer? Idatziko dut hurrengo baten, nire irakasle ohi bat dago hasierako ordezkarien artean. Nire iritziz hobe luke Datu Mota Abstraktuak eta Egoera Makina Abstraktuak irakatsi politikan sartu beharrean, baina beno, bakoitza libre da nahi duena egin eta Auzitegiz-auzitegi bere bizitza jarraitzeko.

Mikel Larreategi 2011/02/12

Bai, aitortzen dut: Intereconomia TV ikusten dut

Ekainean Euskaltelen kablearen bidez jasotzen den telebista ikusteko deskodetzailea erosi nuen, ordutik 50 bat kanal dauzkat telebistan, batzuk ezagunak, beste batzuk ez hainbeste. Batzuk ia beti ikusten ditudanak, beste batzuk sekula ez. Baina ia egunero Intereconomía ikusten dut. Gauean, 23:00ak inguruan "El gato al agua" izeneko programa bat ematen dute. Tertulisto guztiak ados egoten diren programa bakarra. 

Hori bai dela droga gogorra. Tertulisto, aurkezle eta SMS bidez parte hartzen duten ikusle guztiak PPren eskuinaldean daude ideologikoki, hori posible baldin bada behintzat. Lehen Radio Euskadiko Cocidito Madrileñon grabatuta entzuten genituen guztiak zuzen-zuzenean eta bene-benetan nola esaten dituzten entzunda euskaldunonganako gorrotoa nola bultzatzen den ikusi dut. Beno, ez euskaldunonganakoa bakarrik, baita sozialistenganakoa, kataluniarrenganakoa eta errepublikazaleenganakoa ere. Itzala.

Intereconomíarekin batera VEO-TV izeneko beste kate bat ere badago. Honek ere badu, bestearen ordu berean, tertulia bat. Batzuetan, kate horren zuzendari Melchor Miralles dagoenean, hau ere programa oso gogorra izan ohi da. Hemen, hala ere, 4 tertulistotatik 1 gorria izan ohi da eta beste hiruren pin-pan-puna balitz lez tratatzen dute. Lehengo baten Nacho Escolar zen gorria, Publico egunkariaren zuzendaria ohia, han ibili zen Espainiako Hauteskunde Legearen proportzionaltasuna aplikatuta PP zela gehien irabazten zuena azaldu nahiean, baina ez zioten utzi. Bero-bero eginda amaitu zuen programa dirudienez...

Ba hori, Tele5 eta Antena 3eko iritzigileak nahikoa ez balira, hauekin ere disfrutatu egin daiteke.

Agian, nire osasunari begiratu bat eman ostean, Intereconomía eta VEO TV utzi eta GoiTB eta Hamaika ikustera pasatu beharko naiz ;)

Mikel Larreategi 2009/08/31

Euskaltel bidezko telebista digitala etxean

Azkenean digitalizatu dut etxeko telebista.

Hemen eta han hainbat gauza irakurri eta joan zen astean Sustatun aipatu bezala, Euskaltelek DVB-C deritzan formatua erabiltzen du telebista digitala banatzeko eta ondorioz ez galleta kutxekin oparitzen dituzten LTD deskodegailuek ez dute balio Euskaltel badaukazu. 

Bati eta besteari galdetu ostean Todoelectronica.com webgunean amaitu nuen eta bata eta beste ikusi ostean, Illusion deskodegailu bat erosi nuen ostegunean. Gaur heldu zait SEUR bidez eta afalostean konfiguratu dut. Berehala harrapatu ditu Euskaltelek banatzen dituen kanal guztiak, ordainpekoak ere bai, baina hauen ondoan $ ikur bat agertzen zen. $ gabekoak 51 dira guztira, hor daude betikoak, gehi LTD bidez datozenak, gehi Euskaltelek gehitzen dituen beste batzuk (BBC, Euronews, Natura, eta abar). Irrati-kate batzuk ere harrapatu ditu, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Euskadi Gaztea, Formula HIT eta Europa FM Gipuzkoa. Orain telebistan ezer ez badago, telebistan bertan jar dezaket Ganbara.

Orain zappinga lehen baino luzexeagoa izango da!

GoiTB ere ikusten da, eta baita Hamaika Bilbo ere, baditut euskarazko beste bi kate! Horren truke KTB galdu dut, en fin, egunero 15 minutuko udaletxe-informatiboa ikusteko...

Portzierto, minutu batzuetan Intereconomía eta VEO-TV ikusi ditut. Horiek bai direla droga gogorrak, LibertadDigital baino gogorragoak, noizean behin ikusteko ez daude gaizki.

Gauzatxo bat, GoiTBn informatiboa harrapatu dut (edo Magazina programa, ez nago ziur) eta bertan bi gauza ikusi ditut, eta Goienakoren batek konfirmatzerik badu hainbat hobe:

  • Pello Zabalak eguraldiaren informazioa bideo-konferentziaz eman du Arantzazutik?
  • GoiTBk ere egiten du "digitalen errepasoa"? Ez ditut Clarin eta Haaretz ikusi baina Sustatu ere ez... tarte labur bat harrapatu ote dut?
Mikel Larreategi 2009/06/22

Barrenari elkarrizketa

Berrian irakurri dut arratsaldean eta lehenxeago Imanol Muruaren blogean.

Tonu gogorrean egin dio elkarrizketa BBCko kazetariak. Horrelako elkarrizketarik (Real Player behar da) ez diote egiten Pernando Barrenari ez ETBn eta ezta Euskadi Irratian ere...

Mikel Larreategi 2007/06/22

EiTBk eskuko telefonora spameatu nau

Inoiz ETBren programaren batera SMSren bat edo bidaliko nuen, badakizue 7711ra PELOTA GORRIA edo horrelakoak. Ba gaur jada bi mezu jaso ditut EiTBtik, hortik eduki behar dute nire eskuko telefono zenbakia, nondik bestela?

Zera diote mezuek:

ETAk su-etena hautsi du. EiTBren alerten bidez, berehala jasoko zenukeen berria zure sakelakoan. Bidali "alta berria" 5512ra. Alerta bakoitzekoa 0.20+BEZ

Nik ez diet nire telefonoa erabiltzeko baimenik eman...

Mikel Larreategi 2007/06/05

Telesailak bertsio originalean mesedez

Orain arte oso gauza gutxi ikusi ditut telebistan bertsio originalean eta azpititulatuta, baina azkenaldian telebistako bi serie jarraitzen ari naiz eta bertsio originalean gainera.

Alde batetik 24 telesaila eta bestetik Lost.

Lehenengoaren lehen 4 denboraldiei tratu txarra besterik ez die eskeini Antena 3ek, aste batzutan hiru kapitulu segidan emanez.

Bigarrenarekin ere TVEk bereak eta bi egin ditu, behin baino gehiagotan orduz aldatuz.

Bi telesailen azken denboraldiak (24ren 5.a eta Lost-en 2.a), oraintxe bertan ari dira AEBn ematen, bata Fox katean eta bestea ABCn. Nik ere, beste askok bezala Bittorrent-en bidez bi telesailen azken kapituluak lortzen eta ikusten ari naiz.

Eta horretarako ez da ingeles maila ona behar, ez, ez da Etiam izan behar dena ulertzeko ;), azpitituluak daude horretarako. Zertarako itxaron TVE, T5 edo A3ek (ETB kanpoan uzten dut ez duelako ganorazko telesailik aspaldian eskeini) telesaila erosi, bikoiztu, telebistan jarri eta lehenengo hilabetean astero egunez aldatzeko? Ondoren kapituluak hirunaka eta gaueko 22:00etan hasita jartzeko?

Mesedez, eskeini telesailak bertsio originalean eta azpitituluekin (gainera LTD berriak ez al du hori ahalbidetzen?), gure onerako. Horrela gainera ingeles pixkat ikasiko dugu.

Eguneraketa: Horrela funtzionatzen du honek

Mikel Larreategi 2006/01/29

ETB eta futbol taldeen izenak

Zergatik erabiltzen ditu ETB1en hirien izenak futbol taldeen izenak esateko?

Barcelona futbol taldea beharrean, Bartzelona erabiltzen dute, Valentziak ere lehenengo mailan jokatzen du, bere herrikidea den Vila-Real-ekin batera.

Ostera, inon ez ditut ikusi Arabarrak, Atleten taldea edo Errege Taldeak jokatutako partiduak.

Taldeen izenak itzultzen hastekotan, itzuli guztiak, edo bat ere ez. Taldearen izena Ciudad de Murcia bada, zein behar dugu Murtzia Hiria esateko?

Mikel Larreategi 2005/12/21

Euskaltel eta Lurreko Telebista Digitala (TDT): SEG

Euskaltelek bere abonatuei eskeintzen dien telebista+telefono+internet pakete horren barnean TDT edo Lurreko Telebista Digitala delakoa nola integratuko den jakin nahi duten guztientzat honako SEG edo Sarri Egiten diren Galderak presetatu ditut:

Euskaltelek LTDa eskeiniko al du?
Bai. Jadanik kanal batzuk ikus daitezke Euskaltelen Telebista Digitala (deskodegailua duena) badaukazu.
Edozein dendatan eros daiteke deskodegailua?
Ez. Euskaltelek bereziko saldu edo alokatzen duen deskodegailua erabili behar da, dendetan saltzen dituztenak ohiko antenara konektatzen baitira eta hauek Euskaltelen kablera konektatu behar baitira.
Joan al naiteke jada Euskaltelen denda batera eta deskodegailua erosi? Zein da prezioa? Zenbat balio du alokatzeak?
Urtarrilaren 20an jarriko dituzte deskodegailuak salgai edo alokagai. Oraindik ez dute preziorik esan.
Euskaltelek ordainpeko telebista digitalarekin Mirador zerbitzua eskaintzen du, PPV edo Ikusteagatik Ordaindu deritzan modalitatean pelikulak eta futbola ikusteko. Hori ikusteko aukera izango al dut?
Bai. Mirador zerbitzuko filme eta pelikulak erosi ahal izango dituzu. Egia esan, hilero 3 €ko gastua egin behar duzu. Praktikan hilean 3€ko kuota bat balitz bezala ulertu behar da.
Informazio gehiago nahi dut.
Informazio hau Euskaltelen bezeroarekiko arreta telefonoan lortu dut, 1717an, baina epostaz ere ematen dute horren berri info-a-bildua-euskaltel.es heblidean. Bestalde BandaAnchako foroetan ere horren berri lor dezakezu.

Eguneraketa: Euskaltelek prezioen berri ere eman dit. Informazioa dosifikatu egiten dute...

Telebista-seinalea kable, satelite edo lurreko uhinen bidez heda daiteke. Euskaltelekin kontrata daitekeen Gaikako TB edo Digitala kable bidez hedatzen da. Lurreko Telebista Digitala (LTD), aldiz, lurreko uhinen bidez eta lurreko telebista konbentzionalaren emisiogune eta antena berak erabiliz hedatzen da. Hori dela eta, guk erabiltzen dugun teknologia eta zuk aipatutakoa desberdinak dira.

2012ko apirilaren 3tik aurrera, guztiok ezagutzen dugun telebista analogiko konbentzionala Lurreko Telebista Digitalak (LTD) ordeztuko du. Lurreko Telebista Digitala (LTD) jaso ahal izateko, orain erabiltzen den antena, banakakoa edo kolektiboa, berrikusi behar da, eta LTDaren hargailu egokia izan behar da telebistetan. Ez duzu izena eman edo kuotarik ordaindu behar, doakoak eta irekiak baitira emisioak.

Hortaz, teknologia hori izan nahi baduzu, antena-teknikariari galde diezaiokezu zure oraingo antena-instalazioa egokia den, zer deskodetzaile-mota behar duen seinalea jasotzeko eta abar.

Hala ere, Lurreko Telebista Digitalak eragiten dituen eskaerak asetzeko irtenbide baten bila dabil Euskaltel. Hori dela eta, abenduaren 1etik 15era Lurreko Telebista Digitalaren kanalak sartzen hasiko gara, eta, gainera, orain arte Gaikako Telebistan (analogikoa) emititzen ziren kanalak digitalizatzen hasiko dira; hala, adibidez, Natura kanala digitalean emitituko da.

Hona hemen Lurreko Telebista Digitalean sartuko diren kanalak eta horiei dagozkien dialak:

  • TVE1 (6. diala)
  • TVE2 (7. diala)
  • Teledeporte (21. diala)
  • Canal 24H (997. diala)
  • CLAN TV/RTVE50 (998. diala)
  • ETB1 (1. diala)
  • ETB2 (2. diala)
  • ETBSat (988. diala)
  • Canal Vasco (989. diala)
  • Tele5 (5. diala)
  • Antena3 (3. diala)
  • Cuatro (4. diala)
  • Natura (44. diala)

Segur aski dial horiek aldatu egingo dira. Datozen bi hiletan, Lurreko Telebista Digitaleko gainerako kanalen emisioak ezartzea espero dugu. Zehazki, Canal 40 latinoren emisioa laster ezartzea espero dugu (991. dialean) eta, bestalde, Teledeporteren eta CNN+-en oraingo dialak aldatu egingo dira 999. eta 992. dialetara, hurrenez hurren.

2005eko abenduaren 15etik aurrera, Euskaltelek Telebista Digital Miniaren zerbitzu berria eskainiko die Euskaltel Leihoaren bezeroei. Horren bidez, deskodetzailea erosi ahal izango dute 99 euroan edo, bestela, deskodetzailea aloka dezakete (55 euroko alta-kuota eta 6 euroko hileko kuota). Bezeroak bi aukera horietako batez baliatu ahal izango du, baldin eta hilean 3 euroko ikuskizunak erosteko konpromisoa hartzen badu. Eta deskodetzailea erosten badu, 12 hilabetez irauteko konpromisoa hartu behar du.

Zerbitzu berri honen bidez Lurreko Telebista Digitalaren kanal guztiak eskainiko dira, baita Euskaltelek hautatutako hainbat kanal ere; bestalde, zerbitzuetara sartzeko, hautatzeko eta horiek kontratatzeko telebista erabiltzeko hainbat zerbitzu ere eskainiko ditu.

Euskaltelen eskaintza komertziala, labur-labur, honela dago osatuta:

  • Lurreko Telebista Digitaleko kanalak, tokian tokikoak, nazioartekoak, Natura...
  • Horiei lotutako informazio-zerbitzuak (EPG eta minigida) - Informazio-zerbitzuetarako sarbidea: Euskaltel 24 ordu (albisteen on line ataria), Burtsa (Norbolsa)...
  • Urrutiko agintearen bidez, IPPV edo PPVko ekitaldiak erostea (futbola, zinema eta helduentzako saioak).

Lurreko Telebista Digitalak eskainitako eduki horiek doakoak izango dira Telebista Digital Interaktiboaren eskaintzan. Telebista Digital Interaktiboaren oraingo bezeroek bezala, deskodetzailea 59 euroren truke erosi ahal izango dute.

Zeharkako zergak ez daude sartuta mezu honetako tarifetan.

Agur bero bat,

Euskaltel, S.A.

Mikel Larreategi 2005/12/19

Nahikoa da ETB, bidali Sobera behingoz....

Post honekin ez diot Telezaborrari konpententziarik egin nahi, baina ez dut Carlos Sobera gehiago aguantatzen.

Eguerdian bazkaltzen ari naizela etxeko guztiek Date el bote programa ikustea nahi izaten dute, baina nik ezin dut aguantatu Sobera. Tontakeriak egiten egoten da programak dirauen ordubetean eta beti txiste berdinak egiten ditu.

Telezaborra, eskeini monografiko bat Soberari mesedez, ea horrela ETBk tipo honen tontokeriak aguantatzeari utzi eta bere bekain jasoarekin telezaborra oraindik zaborragoa den beste kate batera bidaltzen duen.

Mikel Larreategi 2005/12/09

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut, eta 2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidentea naiz. Xakeak eta Klub Deportiboak, horretxek jaten dit nire denbora.

Goiburuko irudia Barcelona da. Orain dela urte batzuk bisitatu nuen hiria eta asko gustatu zitzaidan. Irudia nondik hartu nuen ez dut gogoan (lehen jarrita nuen baina aldatu egin nuen eta berriz itzuli eta galdu egin dut kreditua. Baina haren CC-BY-NC lizentziak dioena jarraituz kreditua ematen diot. 

Azken erantzunak
halaxe da bai... Oier A., 2012/01/20
Arrazoia! e-gor, 2011/11/17
Autogestioa Txopi, 2011/10/17
Bizikletak Herbeheretan Trebi., 2011/09/03