Hemen zaude: Hasiera Blogak Periferiatik, erral pdf

Periferiatik, erral

pdf

Metaposta (edo nola ahaztu papera)

Metaposta Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearen (EJIE) eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberen ekimena da. Eta zertarako den? Postontzian jasotzen duzun paper guztia ezabatzeko.

Lehengo baten, lagun baten twit bati jarraiki, artikulu hau irakurtzera heldu nintzen: Dinamarca: ese paraíso digital. Danimarkako hainbat gauza aipatzen dira han, eta horietako bat e-Boks da, postakutxa digital bat. Edonork guretzat dituen paperak gordetzeko lekua. Eta horrek badu parekidea gure artean, Metaposta du izena.

Paperen gordailua da, etxeko fakturak gordetzeko erabiltzen duzun artxibadorea bezala baina elektronikoa. Erregistratu eta noren dokumentuak jaso beste aukerarik ez duzu egin behar. Nik ez ditut jasotzen jada Kutxa, Euskadiko Kutxa edo Euskaltelen faktura eta erreziboak. Dena Metaposta-ra iristen da eta heltzen denean e-posta abisu bat jasotzen dut.

Eguneroko zerbitzuen hainbat faktura bertan jaso ditzakezu jada, urarena, argindarra eta gasarena, bankuenak... eta hori guztia erakunde bakoitzaren "fakturazio elektronikoko" zerbitzuan alta ematen ibili beharrik gabe.

Ea noiz zabaltzen den zerbitzua eta beste bidaltzaile batzuk ere hasten diren horra paperak bidaltzen; Udala, Aldundia eta Jaurlaritza esaterako, dena bertan era erraz baten atzigarri izateko.

Gainera Metapostak zure beste hainbat dokumentu kargatzen ere uzten dizu: beti aurkezten ibiltzen zaren errolda agiria, edo alokairuko kontratua, edo ikasketen ziurtagiriak. Eskaneatu fisikoki duzuna eta kargatu bertara. Metapostan ez dagoen enpresa baten fakturazio elektronikoa erabiltzen baduzu, deskargatu fakturak eta kargatu Metapostara. Agian etorkizunean etorriko da hura ere eta guztia izango duzu bertan.

Ah, eta enpresa edo elkarte bateko arduradun bazara, eta langile edo bazkideei informazia beren Metapostara bidali nahi badiezu Pyme Pack-a dago. Windows aplikazio bat (Linuxen probatu dut eta itxuraz badabil), dokumentu digitalak era erraz baten Metapostara bidaltzeko.

 

 

Mikel Larreategi 2012/01/01

Hemeroteka Plus, hori katxarroa!

Eibarko liburutegian izan naiz gaur, 2009ko egunkariak kontsultatu eta orrialdeak PDF formatuan lortzen.

Lagun batek eman zidan pista: Eibarko liburutegian egunkarian on-line kontsultatu eta PDF formatuan lortzeko aukera ematen duen programa bat instalatuta dago. Inguruan galdetu nuen eta inork ez zekien ezer. Azkenean liburutegira idatzi nuen, eta bertako arduradunak eman zidan erantzuna: "Bai, HemerotekaPlus du izena eta bertako ordenagailuetan instalatuta dago".

Gaur arratsaldean bertara joan naiz, urtean zehar egunkarietan Deporreko xake taldeari buruz argitaratu direnen orrialdeak lortzera (prentsa memoria egin nahiean nabil). Ordu beterako ordenagailua erreserbatu eta ordaindu (euro 1 besterik ez) eta hantxe hasi naiz bilaka.

Mahaigainean zegoen lotura baten klik egin eta webgune batera konektatu da: http://hemerotekaplus.plazagunea.com/eibar/default.cfm (adi, ez dabil. Ziur aski IP bidezko filtroa edukiko dute ezarrita). Han aurkezpen testu bat zegoen eta berehala bilaketako aukera. Egunkari mordo bat zegoen han. Niri DV, El Correo eta Noticias interesatzen zitzaizkidan, baina El Mundo, Diario de Noticias, El Pais, Berria, Gara eta beste batzuk ere baziren. Eta nire sorpresarako eta kitto aldizkaria ere bai. 

Egunkariak 2004tik daude indexatuta bertan, eta orrialdez orrialde zein testu libreko bilaketa eginez kontsultatu daitezke. Nik nahi nituen orrialde guztiak indexatuta nituen (data eta izenburuarekin) eta 2009an "ajedrez" bilaketa bat eginda, nahiko azkar aurkitu ditut. Behar nuena lortu eta PDFen saski baten sartu ditut nahi nituen orrialdeak. Bukatu dudanean saski horretako PDFak e-postaz bidali dizkit sistemak. Bide batez, bilaketarekin, lokalizatu gabe nituen, hau da RSSetan agertzen ez zaizkidan, horrela egiten baitut egunkarien bigilantzia, beste pare bat orrialde ere aurkitu ditut.

Urte bukaerako prentsa memoriak eta antzekoak egiteko tresna paregabea Plazaguneak egindako HemerotekaPlus hau. Aurtengo memoriaren bolumena bikoiztu egingo dut horrela. Hori katxarroa!

Mikel Larreategi 2009/10/06

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut, eta 2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidentea naiz. Xakeak eta Klub Deportiboak, horretxek jaten dit nire denbora.

Goiburuko irudia Barcelona da. Orain dela urte batzuk bisitatu nuen hiria eta asko gustatu zitzaidan. Irudia nondik hartu nuen ez dut gogoan (lehen jarrita nuen baina aldatu egin nuen eta berriz itzuli eta galdu egin dut kreditua. Baina haren CC-BY-NC lizentziak dioena jarraituz kreditua ematen diot. 

Azken erantzunak
halaxe da bai... Oier A., 2012/01/20
Arrazoia! e-gor, 2011/11/17
Autogestioa Txopi, 2011/10/17
Bizikletak Herbeheretan Trebi., 2011/09/03