Periferiatik, erral
kirola
Dirulaguntzak, klubak, bolondresgoa eta abarrak
Dirulaguntzak urritu direla-eta, elkarte askoren lana zalantzan dago azken aste eta hilabeteotan. Nork du errua? Non daude arazoak? Zer egin daiteke? Hona hemen guzti hori tratatzen duen laburpen/idatzi/iritzi/batiburrillo bat.
Azken
asteotan hainbat komunikabideren bidez ezagutu dugu UEU bezalako
erakundeen egoera, Jaurlaritza, Foru Aldundi eta udalen dirulaguntzak
jeisten direla-eta euren lana kinka larrian baitute.
Nik
beste egoera bat ekarri nahi dut ona: kirol eta kultur elkarteena.
2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidente naiz, eta 6 urte hauetan
dirulaguntzen munduarekin harreman handia izan dut. Denborarekin eta
hormaren kontra behin baino gehiago joan ostean, dirulaguntzen munduak
nola funtzionatzen ikasi behar izan dut. Dirulaguntzen Lege Orokorra,
oinarri arautzaileak, dirulaguntza deialdiak, ziurtagiriak eta
kontu-zuriketak.
Gauzak
"betiko moduan" egitera ohituta dagoen batentzat lana suposatzen du
hasieran, baina ulertzen dut legea horrela dagoela eta bete egin behar
dela. Baina horrek ez du ukatzen prozedura kritikatzea. Orain dela aste
batzuk Gipuzkoako udalerri bateko kirol teknikariak (eta ez da Eibarkoa)
esaten zidan ezin dela prozedura berbera erabili dirulaguntza
erraldoiak eta 1000 €ko laguntzak fiskalizatzeko. Badirudi egun
indarrean dagoen Dirulaguntzen Lege Orokorra Aznarren gobernuak jarri
zuela indarrean lihoa zela eta Europako Batzordearen dirulaguntzen
inguruan gertatu zirenen ostean.
Dirulaguntzen
inguruan sortu den papergintza guztiarekin erakunde publikoek euren
lana ez den lan bat egitera bultzatzen dituzte elkarteak. Lehenego baten
Oier Araolazak esaten zuen bilera baten: "gu hemen ez gaude lan
administratiboak egiteko, baizik eta dantza, korrika, xakean edo
squashean aritzeko", eta Gobernuek legea betetzeko nahi horrekin,
bazterrean, bai bazterrean, utzi dute elkarteei eman beharreko laguntza.
Eta
eman beharreko laguntza diot, derrigortasun bat balitz bezala, elkarte
horiengatik ez balitz ez bailirateke ekintzak egingo gure herri eta
hirietan. Inork uste du Eibarko Udala (edo Tolosakoa, edo Donostiako,
edo Foru Aldundia) gai izango zela Eibarren astero-astero egiten diren
kultura eta kirol ekintza guztiak antolatzeko? Erantzuna ezezkoa da, eta
udal teknikariek beraiek ere onartzen dute hori.
Eta
zer esan Foru Aldundi mailan. Azken urte hauetan, bolondresgoa sustatu
beharrean, kirol federazio eta kirol zuzendaritzaren inguruan
montatutako kirol enpresak sustatu ditu Foru Aldundiak. Elkarteentzako
prestakuntza saioak prestatu bai, baina funtzionarioen ordutegian
(astelehenetik ostiralera eta 16:00ak baino lehen). Kirolartetik,
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol Kudeaketarako Baliabide Zentrotik,
mezu bat idatzi zidaten orain dela hilabete batzuk. Prestakuntza saio
batzuk egin nahi zituzten, hitzaldi erakoak, eta nik bertan parte
hartzea nahi zuten. Ordutegiak galdetu eta arratsaldean beharko lukeela,
lanetik irten ostean 18:30ak inguruan, hori zaila zela, goizean egiten
dituztela, eta beste baten izan beharko lukeela, eta mesedez bidaltzeko
nire ordutegi preferentziak.
Gurea,
Gipuzkoako beste asko bezala, bolondresgoan oinarritutako elkartea da.
Bakoitza bere lanetik irten eta denbora eta gogoa duenean joaten da
klubera eta gustoko dituen gauzak egin. Niri xakea gustatzen zait, eta
horretan hasi nintzen. Lehenengo jokatzen, gero arduradun jarri
ninduten. Hor hasi ziren lan administratiboak: aurrekontuak prestatu,
kontuak eraman, udaletxera baimenak eskatu... Baina ni ez nintzen bada
hemen xakean jokatzera sartu? 2006an presidente egin nindutenean
elkarrizketaren baten nire lana hain zaila ez zela esan nion
kazetariari: lana, ekintzak, Batzordeek egiten dute, nirea gehiago da
koordinazio lana eguneroko lana baino. Esaldia, ordea, aldatzen joan da
azken 6 urteotan eta koordinazio lana izatetik papergintza lana izatera
pasatu da. Hala ere saiatzen naiz xakean ere jokatzen, liga jokatzen eta
hortiz zehar nire gustuko kirola egiten. Hori bai, lan administratiboak
jan egin behar nau.
"Soluzio
erraza du horrek" esango du norbaitek: kontratatu idazkari bat lan hori
egiteko. Bai, horrela norbaitek ordainpean egingo luke lana; baina
hemen zertarako gaude kirola praktikatu, ekintzak antolatu eta ondo
pasatzeko, hala administrari baten lana ordaintzeko dirulaguntzak
lortzeko?
Gure
inguruko hainbat elkartek bolondresgotik harago egin dute, eta gaizki
joan zaie dirulaguntzen iturria itxi denean. Beste batzuei oso ondo joan
zaie eta alemaniar makina perfektuak bailiran funtzionatzen dute. Baina
zein klub bolondresek du udalek edo Foru Aldundiak eskatzen duten
papergintza guztia egiteko egitura?
Nere aitak kontatzen du gure klubeko Juanjok kontatutako istorio hau, ez dakit egia den ala ez, baina egiaren itxura guztia du:
Juanjo
hainbat denboran zehar zebilen emakumeen txirrindulari talde bat sortu
nahian eta lortu zuen. Taldeak denbora bat zeramanean, Aldunditik deitu
omen zioten, esanez eurak ere horretan zebiltzala eta ezin izan zutela
berarekin harremanetan jarri, klubean ez ziotela-eta telefonoa hartzen.
"Klaro ba, Roberto, goixeko 9tan deitzen juen da! klubian ez dago inor
ordu horretan". Nire aitak Aldundiko funtzionaria imaginatzen du goizeko
9tan bulegora iristeaz bat telefonoz deika. Klubean inor ere ez.
Hurrengo egunean ezta ere. Hurrengo astean eguerdian probatuko zuen,
inor ere ez. "Noiz dago bada hemen jendea?". Egunen baten garbitzailea
topatuko zuen eta harek esango zion "Ah, ba ez, hemen 18:00tatik aurrera
egoten da jendea"... eta aho bete hortz utziko zuen funtzionaria. Nola
demontre montatu dute emakumeen txirrindulari talde bat eta ez didate
telefonoa ere hartzen?
Istorioak benetako eta gezurrezko pasarteak izango ditu, baina ez da asko urrunduko errealitatetik.
Foru
Aldundiak, orain agintari berriak daudela, krisi egoera hau probestu
beharko luke ez dirulaguntzak murrizteko soilik, baizik eta benetan
laguntza behar duenari (lanetik irten ostean paperak betetzen ibiltzen
den herrixka bateko elkarteko "langileari") laguntza emateko; horrela
egin ezean, eta eboluzioaren legea betez, arrain handiak bakarrik
geratuko dira. Arrazoi ezberdinak medio instalazioak kudeatzera eta
soldatapeko plantilla handiak edukitzera ohitu diren klub horiek. Azken
finean, kirol elkarte izatetik zerbitzu-enpresa izatera pasatu diren
horietara. Eta hori guztia Foru Aldundiaren bedeinkapenarekin, hori
sustatzen ibili baitira urte hauetan.
Noski,
Foru Aldundi eta administrazioentzat errazagoa da enpresekin jardutea.
BEZa, Elkarteen gaineko zerga, … guztia egunean daramate. Fakturak
eskatu eta han daude artxibatuta, lanorduetan telefonoz deitu eta
erantzun egiten dute... Baina enpresek beren ateak itxi egiten dituzte
arratsaldeko 18:00tan, jendea lanetik aisialdi bila irteten denean;
orduan eskaini behar dira zerbitzuak ez astearteetan goizeko 11:00tan.
Horrela
jarraitzen badugu kaleak hustu egingo zaizkigu 18:00tan, Frantzian
bezala. Eta guztiok kritikatzen dugu frantsesen kaletik desagertzeko
joera hori ezta?
Hainbat
gauza nahastu ditut idatzi honetan, dirulaguntzak, bolondresgoa,
udalak, aldundiak... barru-barrutik irtendakoak izan dira, eta uste dut
pentsatzeko eta idazteko ematen duen gai bat dela.
Eskola kirola edo zer da hau?
Atzo kontatu zidatzen Bizkaiko benjamin-aurrekoen futbol txapelketa baten gertatutakoa, 7 eta 8 urteko umeen artean hauxe da kiroltasuna erakusteko modu egokiena, zalantza gabe.
Nik azaltzea baino hobeto, gertatutako irakurtzea gomendatzen dizuet:
Encuentro Danok Bat A – Danok Bat B de categoría pre-benjamín ( en este caso niños de 7 años ), último partido de liga. El Danok A tiene que ganar al Danok B para ganar el campeonato, de no hacerlo el ganador sería el Indautxu A.
En el último minuto del partido el marcador refleja empate entre los 2 equipos y, en ese instante, el entrenador del Danok B entra al campo y le dice al portero de su equipo que se meta un gol en propia puerta, algo a lo que el portero ( repito, de 7 años ) se niega. Ese “educador”,“referencia” e incluso amigo a los ojos de un niño le obliga a que se meta el gol para que gane el campeonato su otro Danok. El niño llorando lo hace ante la incredulidad de todos los allí presentes.
Azalpen guztia AupaAthletic.com foroan aurkitu dezakezue.
Hainbat urtetan zehar kirol elkarte eta federakuntzetan mila aldiz eztabaidatu ditugu Eusko Jaurlaritzaren Eskola Kirolaren inguruko Dekretua eta bere irizpideak. Mila aldiz egin dugu negar guztiok, Dekretu horrek ez baitie uzten kirol elkarte eta federazioei kadete mailara arte (15 urtera arte) federazio lizentziarik izaten. Hortik beherako haurrak eskola kiroleko lizentziarekin aritzen dira eta baimen berezia behar izaten dute federazioen txapelketan parte hartzeko, era berean guztiz bateraezina da eskola-kiroleko lizentzia eta federazio-lizentzia izatea.
Hala ere, araudia Eusko Jaurlaritzarena izan arren, bere aplikazioa Foru Aldundien esku dago eta Foru Aldundi bakoitzak estutasun maila ezberdinarekin aplikatu du Dekretua, edo Dekretuaren interpretazio ezberdinak egin ditu. Batzuk gauza gehiago onartu dituzte, beste batzuk gutxiago, kirol batzuetan gogorragoak izan dira, beste batzuetan arinagoak, baina guztiok negar egin dugu. Interpretazio horietako baten arabera kadete mailara arte kirol elkarteek ezin zuten talderik euki euren izenean. Azkenean ez zen kadete mailaraino izaten, aipatutako baimenak lortzen baitzituzten taldeek eta infantiletan ere ateratzen baitzituzten taldeak, behintzat Gipuzkoan.
Bizkaian aldiz, badirudi gauza beherago joan dela, alebin mailetan ere kirol-elkarteek ere ateratzen dituzte-eta taldeak. Eta aipatutako kasuan ikusten den bezala aurre-benjamin mailan ere taldeak ateratzen dituzte hainbat futbol taldek. Bale, bertan dioen bezala ez dira txapelketa ofizialak izango, Federazioak ez du erantzunkizunik izango, baina hor ageri den jarrera guztiz onartezina da.
Urteak pasa ahala, gero eta hobeto ikusi dut Eskola Kiroleko Dekretuak dioena. Eskola mailan kirola praktikatzea izan behar da helburua eta ez Ronaldoak eta Messiak sortzea eta "beti irabazi" jarrera izatea. Gero eta argiago dut, nahiz eta kirol elkarte guztiak berdinak ez izan, kirol elkarteek ezin dutela talde eta haurren gainean egon behar, kluben helburuak ez baitira bat etortzen gehienetan haurrei kirola erakustearekin, irabaztearekin baizik. Helburuak kirola irakastea, ondo pasatzea, lagunekin ibiltzea, ... izan behar da, ez jokatutako dena irabaztea.
Ez dakit Bizkaiko Futbol Federazioak, Bizkaiko Foru Aldundiak edo Eusko Jaurlaritzak goiko kasuan eskuhartzerik egingo duten, baina mereziko luke Danok Bat taldeak zigor handi bat, adibidez datozen 5 urteetan lehiaketetan parte ez hartzea. Gipuzkoako Foru Aldundiaren azken diru-laguntza eskatu dugunean, zera sinatu dugu: Gipuzkoan eskola kirolaren esparruan indarrean diren arauak errespetatzea, baita Gipuzkoako Foru Aldundiak eta kirol modalitate bakoitzeko laguntza teknikoaren ardura duten erakundeen artean eskola kiroleko programak garatzeko egindako hitzarmenak ere. Bizkaia ez da Gipuzkoa, baina espero dut han ere horrelako zerbait izatea eta betearaztea. Guztion honerako eta kirolaren onerako izango da-eta.
Dopatuak etxera
Ez diot inori sinisten
Azken astean Alberto Contadorren kasua ezagutu dugu komunikabideetan. Irunen erosi omen zuten haragi zati baten klenbuterola omen zegoen. UCIk aurkitu, norbaitek filtratu eta kazetariek lau haizetara zabaldu zuten albistea.
Kirol Diziplina eta Dopajearen aurkako araudiak garbiak dira honetan: zerrendako sustantziaren bat hartzen baduzu, zigorra. Berdin da asko izan ala gutxi, horrek eraginik duen ala ez, zerrendan dago eta ezin da hartu.
2001ean Espainiako Xake Federakuntzaren Epaile izateko azterketa prestatzen ari nintzela Diziplina Araudia eta Dopingaren Aurkako Araudia ikasiarazi zizkidaten. Azkenean ez zidaten ezer galdetu, baina gauza dexente ikasteko balio izan zidan, adibidez Prozedimendu Administratiboa nolakoa da, Ohikoa, EzOhikoa, errekurtsoak, Batzordeak, probak eta abarrak. 2008an Padronen Espainiako 18 urtez azpikoen xake Txapelketa jokatzen zegoela Espainiako Federakuntzako idazkari nagusiak Dopajearen Aurkako araudia begiratzeko esan zidan, agian kontrolak egingo zituztela-eta. Ez ziren etorri, baina gu prest geunden.
Gaur nere anaiari galdetu diot. Espainiako Futbol Federakuntzaren tituluren baterako azterketa prestatzen ari da eta doping kasuetan Araudiak zer dioen galdetu diot: "zigorra eta lizentzia gabe etxean". Bada xakekoak dioen gauza bera eta seguraski txirrindularitzakoak dioen gauza bera.
Bota errua L'Equipe egunkariari, UCIri edo amaren semeari, baina debekatutako sustantzia batekin harrapatzen bazaituzte zigortu egingo zaituzte. Joko-arauak aurretik ezagunak dira, ez baldin badituzu irakurri, irakurri edo esan zure abokatuari irakurtzeko, eta ondoren, ondoren bakarrik, hasi txirrindan iblitzen, baloiari ostikadak ematen edo korrika. Baina gero ez etorri negarrez iritzi-publikoari erruki-eske "gabatxoak gaiztoak" direla esanez. Puto gabatxo oso erraz esaten dugu guk, errazegi.
ESAIT: sortu Euskal Herriko kirol federazioak...
... behingoz! Horixe da ESAITi hemendik eskatzen diodana.
Aurten ere ez da egongo futboleko Euskal Selekzioaren partidurik gabonetan. San Mamesen jokatutako hiru edo lau partidutan izana nago eta hango giroa ezinhobea zen. Baina kontua ez da futbola edo giroa, atzean dagoen eztabaida eta jokatzeko modua baizik.
ESAITek eta futbol jokalariek hainbat gauza esan dituzte azkenaldian. Normalean gabon inguruan irteten dira komunikabideetara Euskal Federazioek ofizialtasunaren bidean ezer egiten ez dutela salatuz. Urteak eta urteak daramatzate manifa egiten futboleko Euskal Selekzioak jokatzen duenean, ekitaldiak, manifak antolatzen, kamisetak saltzen, asteburuan belodromoan egingo duten moduko ekintzak egiten, ... eta baita politikariak eta Euskal Kirol Federazioak kritikatzen. Nafar Federakuntzen inguruan ez dut ezer entzun, kritikak Euskal Federazioei egiten dizkiete, ez ahaztu gabonetako futbol partidua Euskal Kirol Federazioak (batzuk esango luketen moduan Vascongadetako Gobernuaren legepean sortutako federazioak) antolatzen duela.
Kritikak betikoak izan ohi dira: partidu bat bakarrik da, ez dute ezer egiten ofizialtasuna lortzeko, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da...
ESAITekoek ongi dakiten moduan, Euskadiko Kirol Federazioek ezin dute pauso gehiago eman ofizialtasunaren bidean, ofizialtasuna Espainiako eta Frantziako Federazio eta Selekzioei uko egitea bada. ESAITekoek ongi dakiten moduan, Euskal Kirol Federazio gehienen Estatutuetako artikulu baten zatitxo bat epaitegira eraman zuen Estatuaren Abokatuak, bertan Euskal Federazioari kirol horren ordezkaritza Espainia eta Nazioartean edukitzea zegokiola zioelako. Euskadiko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen esalditxo hori. Esaldi hori atzera botatzen badu, nola demontre emango du Euskal Federazio batek "ofizialtasuna"ren bidean pausu gehiago? Nola lortuko da Nazioarteko Federakuntza baten errekonozimendua, Espainiako Federazioa aurka badago?
Askotan aipatu da Nazioarteko Federakuntzak elkarte pribatuak direla eta nahi dutena egin dezaketela, baita estaturik gabeko lurraldeen partehartzea onartzea. Baina euren arauetan ez badute hori onartzen zer?
Askotan entzun izan dut, eta azken aldiz joan zen asteko Kalaka telebista saioan, Euskal Herriko 7 lurraldeak batuko dituen Federazioak sortzeko garaia dela. Zeren zain zaudete orduan, sor itzazue behingoz !! Heldu zezenari adarretatik, sortu elkarte europar bat, eman izena Madrilgo eta Parisko Elkarteen erregistroetan (edo behar den lekuan), eta antolatu txapelketak. Ah baina ez dira txapelketa ofizialak izango? Orduan Euskal Federazioak kritikatuko dituzue zuen txapelketeri ofizialtasunik ez ematearren? Baina Euskadikoeri bakarrik? Nafarroako Federakuntzei ere eskatuko diezue hori? Galdera gehiegi dira, agian zuen proposamenaren eragina ez duzue neurtu... edo hain ondo neurtuta duzue ezen ez duzuela zuek egin nahi. Besteek egin dezatela eta ondoren zuek kritikatu. Kritikak kirol nazionala dira Euskal Herrian. Nire artikulu hau ere kritika bat da.
Besten lana kritikatu beharrean zergatik ez duzue zuen Euskal edo Euskal Herriko Federazioa sortzen? (agian ezingo duzue izen hori erabili...). Ah, dirua ere lortu beharko duzue, egungo Kirol Federazioak Gobernuen diru-laguntzetatik bizi dira eta horregatik dute kutsu ofizial hori. Gaur egun Gobernuen laguntzarik ez balego, ez litzateke ia kirol federaziorik egongo. Zuek atrebituko zarete hori egitera? La Pelota Basqua zuen teilatuan dago. Utzi besteak kritikatzeari eta pasatu hitzetatik ekintzetara. Sortu Federazioak.
Zorionak Eibar Rugby Taldeari !
Gaur Unben Ohorezko B Mailarako igoera play-offeko rugby partidua egon da.
Eibar Rugby Taldeak 37-3ko emaitzarekin irabazi du partidua eta joanekoan lortutako 17 tantutako abantailari batuta Ohorezko B Mailarako igoera lortu dute Eibarko rugbylariek. Zorionak guztiei!
Igerian
Txiki txikitatik gustatu izan zait igerian egitea. Azkenaldian berriz ekin diot Eibarko kiroldegira joateari.
Gogoan dut txikitan nola joaten ginen anaia Jon eta biok larunbat goizetan aitarekin Ipuruako Kiroldegira. Plastifikatutako karnet urdin haundi bat izaten genuen, eta gizonen aldagelan sartu eta han zeuden kaiola handi batzuetan uzten genituen motxila eta trasteak igerilekura abiatu aurretik. Igerileku txikiko eskilaretan ikasi nuen igeri egiten. Lehenengo gorengoan, gero beheragokoan eta horrela bakarrik igeri egiten hasi nintzen arte.
Geroago etorri zen "piszina haundira"ko saltoa, aitaren laguntzarekin. Han ura hotzagoa egoten zen, baina "nagusiekin" igeri egiten zen. Gainera, garai hartan, larunbat goizetan 1 eta 2 eta 5 eta 6. kaleak elkartuta egoten ziren, kale handi bihurtuta. Hantxe pasatzen genuen larunbat goiza.
Geroago, Iturburun OHOko 3. eta 4. mailetan geundela, igeri egiten ikastera joaten ginen kiroldegira, eta han ere gustura ibiltzen nintzen. Igerileku handian, salto egin eta igerian ikasten. Han ere ibili ginen, eta gustura gainera.
Geroago ere joaten nintzen, oso noizean behin, baina gustoko dudan ekintza izan da igerian egitea.
Orain dela 3 edo 4 urte ere ekin nion berriz ere igerian egiteari. Lanetik irten, kotxea hartu eta 19:00rak inguruan joaten nintzen. Baina hura itzela zen. Jende ugari aldagelan, ikastaroak direla eta 3 kale okupatuta, jende pila bat beste kaleetan. Hura utzi eta pare bat edo hiru hilabetez gimnasiora joaten hasi nintzen, baina hura ere utzi egin nuen.
Aurten berriz hasi naiz kiroldegira joaten. Urte hasieran kiroldegiko urteko kuota kobratu zidatenean, nolabait aprobetxatu egin behar nuela esan nion neure buruari. Lur lankideak, kirolari amorratua bera, igerian egiten hasi zela esan zigun kafe ordu baten eta ni ere animatu egin nintzen. Baina aurrekoan izan nuen ordutegi esperientzia kontuan hartuta, beranduago 20:00tan joaten hasi nintzen. Urtarril erdialdean-edo izan zen hori, eta ordutik astelen, astearte eta asteazkenetan joaten naiz kiroldegira.
Lehenengo astean luze gutxi egin nituen. Bigarrenean 8 luze eta gelditu pare bat minutuz 3 alditan. Ondoren 10 luze eta gelditu 3 alditan. Eta azken asteotan (joan zen astean ez, erdi-gaixorik ibili naiz-eta), 40 luze segidan, gelditu gabe. Ondo nabil, ordu-erdi inguruz edo kilometro bat egiten dut. Hori bai, etxera sekulako gosearekin iristen naiz.
Ez naiz gure igerilari profesional Kereren denboretara iritsiko, Lurrek ere laster pasatuko nau (apostu bat egitea nahikoa da), baina nahikoa dut momentuz.
Dragoiak
Azken hilabetietan hauteskundiak gora eta behera ibili naiz. Eta ez nabil oin hamabost egun egin ziranetaz. Kirol federaziñuetan be hauteskundiak egitten dira beste edozein elkartetan moduan.
Papelak prestau, arauak irakorri, bata eta bestiakin batu, proposamenak egin, ... Lantalde politta osatu genduan eta Euskadiko kirol federaziño bateko zuzendaritzarako hautagaitza prestau genduan. Baiña oztopuak besterik ez genduzen topau bidian: tranpak, deixak, hauteskundeen garbittasuna bermatu bihar daben organuan huts-egitte larrixak, presiñuak, ...
Usteze karguan jarraitzeko pisuzko arrazoiren bat zekala lehen zeguan presidentiak. Berak hainbat urtian zihar esan izan dau postua lagatzia nahi zebala, baina hautagaitza serixo bat aurkeztu danian, bere programan auditoretza bat egingo dabela esaten akabo, aulkixari eutsi eta mobitzerik nahi ez. Asturiasko lagun batek, kirol federaziñuak, eta baitta beste era bateko elkartiak be, latifundio, minifundio edo lorontzixen antzekuak dirala diño: bere terreno partikularrian agintzia nahi dabenaren dominiuak.
Horregatik ez dabe nahi izaten bere aginte esparru horretatik aldentzia, bere lorontzittik kanpo dominau ezin dittuan dragoiak egoten diralako.
eta kitto aldizkarian 2009ko martxoaren 13an argitaratutako artikulua