Hemen zaude: Hasiera Blogak Periferiatik, erral kenzazpi

Periferiatik, erral

kenzazpi

Arratsalde bat Euskaldunan - Ortzemugak begietan

Abenduaren 23an, lankideak poteatzen utzi eta Euskaldunara joan nintzen, Ken Zazpi taldearen kontzertura.

Jendea kontzertua hasteko zain Euskaldunan
Ken Zazpiko taldekideak publikoa agurtzen

Euskaldunan egon gabe nengoen eta itzala da. Handia, bilbotarrentzat egindakoa. Aretoaren aldeetako baten dauden palkoetan egon ginen (gonbidapenik ez lasai, beste guztiek bezala sarrera ordainduta geneukan-eta).

Era guztietako gauzak entzuten dira Ken Zazpiri buruz, bada ni taldea gustatzen zaienetakoa naiz. Unibertsitatean nenbilela lagun batek kanta bat entzuteko esan zidanetik behin eta berriz entzun ditut haien kantuak. Eibarren ere egon nintzen 2008ko Euskal Jaian eman zuten kontzertuan eta oraingoan Euskaldunan.

Ortzemugak begietan disko berriko hainbat kantu jo zituzten, Hegoak Astindurekin hasi eta, Ihes betean edo eta azkenak hasiera bezalakoak. Aurreko diskoetako hainbat ere jo zituzten, guztiak hala guztiak publikoak aho batez txalotu eta kantatu zituen (batez ere disko zaharretakoak). Xabier Leteri ere egin zioten omenaldia, batzuek Izarren Hautsa eskatu arren, publikoa Xalbadorren Heriotzeaneko estrofa pare bat kantuan jarri zuen Eñaut Elorrietak. Aurreko diskoetakoetatik, Haizea, Gutuna edo Malen oso ondo hartu zituen publikoak.

Eta disko berriari buruz zer esan? Ba kantu batzuk besteak baino hobeto dakizkidala eta gustatzen zaizkidala. Zaila kantu bat aukeratzea, Teloia jeisten denean, Hemen gaude eta Bala bat lurpean asko gustatzen zaizkit eta baita Ihes beteanen azkenengo zatia.

Zapalduen Olerkia joten hasteko prest

Hemen horien pare bat letra, lehenengoa Hemen gaude, Joseba Sarrionaindiaren hitzekin:

Agian hasieran bertan ekibokatu ginen
mundura euskaldun sortzean.
Eta gero ez genuen iraultzaren borrokatik
apartatzen jakin.

Esna-kantu bat abestu genion
sehaska hutsari,
eta goiz batez El Puertoko kartzelan
esnatu ginen.

Maite genituen gauzengatik erori ginen preso,
baina gure maitasuna oraindik
ez dago preso.

Zorionez edo zorigaitzez,
anitz ekibokatu ekarri gintuzten
deserriko azken ipurdi honetan bizi edo hiltzera.
Eta bizi, hestu, larri, ia mirariz, gainbizi gara.

Eta bizitza ez da guretzat
egundo izango,
lehen zen bezalakoa
harrezkero.

Maite genituen gauzengatik erori ginen preso,
baina gure maitasuna oraindik
ez dago preso.


Eta bigarrena Bala bat lurpean, Julen Gabiriaren hitzekin.

Gaua zen agertu zirenean,
besarkadarik gabe
lurperatu zintuzten.
Belarra han ez da inoiz berdetzen,
gu ere idor gaude,
zauriz eginda.

Horitu da zure erretratua,
irribarre mortua
denboraren zainetan.
Baina guk
zure izena oihukatuz,
bila jarraituko dugu.

Bala bat lurpean,
mila gorpu.
Bala bat lurpean
garaituentzako.
Memoria hezurrez
eginda dago,
gure egia tiroz
isildu denean.
Bala bat lurpean.

Eta kontzertu bukaera itzela, publiko guztia Zapalduen Olerkia abestuz. Errepikatzeko modukoa.

Ortzemugak begietan diskoko letra guztiak bildu ditut testu-fitxategi baten eta hemendik deskargatu ditzakezu.

 

Argiak. Ken Zazpi Eibarren.

Hasi da Euskal Jaiaren 43. edizioa eta ondo hasi ere. Ken Zazpi talde gernikarrak Coliseoan kontzertua emanez eman dio hasiera Euskal Jaiari. Euskararen aldeko giza-katea, liburu aurkezpenak, feria, taloa, herri-kirolak, kantu afaria, herri bazkaria eta Ezpalak dantza jaialdia ere izango ditugu aurten.

Ondo hasi dela esan diot, baina bateron bat ez da gustora gelditu gaur Coliseoan entzundakoarekin. Kontzertua hasi aurretik, Eñaut Elorrietak hitza hartu eta beste herri bateko kontzertuetan, honek 10-15 € balio izan duela esan du, eta Eibarren, ordea, Udalaren erabakiz eta euren iritziaren aurka 19 €.

Txalo zaparrada batekin ongietorria eman eta berehala hasi da kontzertua disko berriko zein zaharretako hainbat abestirekin. Ez nau izutzenekin hasi, Gau urdinak, Haizea, Malen, Ilargia, Gutuna, Iluntzean, Amorrua, Itxaropena, Gernikan, Nire lurrari, Bihar, Olatuz olatu, Irailaren 14a edo Gaueko argiak  bezalako kantak jo ostean, Noizbait eta Zapalduen Olerkia jo dituzte bisetan. Zoragarria !

Irteeran jendea gustura. Denak? Ez! Udalaren ordezkaria han zegoen. Haserre "zenbat kobratu duten ez du esan, ezta? Hori ezin du esan, esan duena ezin du esan." Eta arrazoia dauka. Kritikak-kritika lehenengo era pribatuan jakinarazi beharko zizkioketen udalari ez? Baina zuzenean horrela aireratu? Ez dakit, ez zait gestu txukuna iruditu. Zoritxarrez, agian 19 €ko prezio horrek bultzatu du Colisea bete gabe egotera. Ez dakit, Ken Zazpi denbora tarte luze batez Eibarrera etorriko ez den sentsazioa daukat. Udalaren ekimenez behintzat.

Eskerrik asko !

 

 

Mikel Larreategi 2008/05/23

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut, eta 2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidentea naiz. Xakeak eta Klub Deportiboak, horretxek jaten dit nire denbora.

Goiburuko irudia Barcelona da. Orain dela urte batzuk bisitatu nuen hiria eta asko gustatu zitzaidan. Irudia nondik hartu nuen ez dut gogoan (lehen jarrita nuen baina aldatu egin nuen eta berriz itzuli eta galdu egin dut kreditua. Baina haren CC-BY-NC lizentziak dioena jarraituz kreditua ematen diot. 

Azken erantzunak
halaxe da bai... Oier A., 2012/01/20
Arrazoia! e-gor, 2011/11/17
Autogestioa Txopi, 2011/10/17
Bizikletak Herbeheretan Trebi., 2011/09/03