Periferiatik, erral
informatika
Informatikarien greba?
Joan den astebetean informatikarien greba dela eta ez dela zalaparta dabil blogetan zehar...
Barrapunton irakurri nuen albistea joan zen astean eta handik Andaluziako Informatikarien Elkargoaren webgunera heldu nintzen, era nahiko katastrofistan informatikarien bukaera izango zela zioen, lanbidea desagertuko zela, lortutako tituluek indarra galduko zutela eta beste hainbat kontu. Webgune bat ere badu grebaren inguruko ekimenak http://www.huelgainformatica.es/.
Hala ere gauza ez zegoen argi, informazioa ez nuen guztiz ulertzen eta pare bat laguni galdetu nien. Inork ez zekien ezer. Asteburuan beste lagun batekin egon nintzen eta hari ere galdetu egin nion. Hark ez zion garrantzirik eman, azken finean informatikarion lana ez dago guztiz erregulatuta arkitekto edo beste era bateko ingeniari batena egon daitekeena moduan, eta horrek horrela jarraituko duela ematen duenez, ez zion garrantzirik eman.
Astelehenean, Juanan Pereira EHUko Informatika Fakultateko irakasleak ostiralean idatzitakoa irakurri nuen. Hark argitu zizkidan gauzak. Bi gauzataz hitz egiten da kontu guzti honetan: gaitasunak eta eskuduntzak. Hau da guzti honetatik ulertu dudana:
Gaitasunak
Karrera bat ikasterakoan ikasten direnak dira gaitasunak. Hau da, karrera bukatutakoan jakin behar duzuna. Momentu honetan ez omen dago Boloniako Prozesuaren baitan Informatikako Ingeniaritza titulazioaren gaitasunen fitxarik. Bere horretan, orain arte Informatikako Ingeniaritzan ikasten zirenak Telekomunikazio Ingeniaritzan ikasiko omen dira.
Eskuduntzak
Informatikako Ingeniariek ez dute berezko eskuduntzarik. Hau da, ez da Informatikan Ingeniaria izan behar proiektu jakin batzuk, edo gaitasun jakin batzuk erakusteko; adibidez sendagile edo arkitekto edo beste era bateko ingeniariek duten bezala. Baina kontu hau ez da Boloniako Prozesuaren baitan bakarrik gertatzen, orain arte ere ez da horrelakorik egon. Informatikarien Elkargo bat egon badago Euskal Autonomia Erkidegoan, baina zehazki gure lanbide edo/eta titulua guztiz araututa ez badago, ez dakit zein den bere funtzioa. Gogoratzen naiz Elkargoaren publizitatea egin zigula irakasle batek karrerako azken urtean, baina ez nion garrantziarik eman.
Beraz, greba zertarako?
Hori eskatzeko, gure lanbidea arautu eta eskuduntzen fitxa bat sortzea eskatzeko. Ez ingeniaritza (5 urtekoa zein 3 urteko teknikoa) desagertzera doalako, edo informatikariek orain arte ikasi dituztenak Telekomunikazio Ingeniariek ere ikasiko dituztelako, gure lanbidea arautzeko.
Uste dut lortu dudala guztia parrafo batzuetan laburtzea. Orain erabaki egin behar greba egingo dugun ala ez. Bilbon manifa egongo da eta lehen aipatutako webguneak hosting emaleei egun horretan, azaroaren 19an, zerbitzariak itzaltzeko eskaera egin die.
Pertsona eta ordenagailuen arteko munduko xake txapelketa
Izen ponpoxo hori jarri diote iaz eta aurten Bilbon antolatu duten txapelketari. Munduko jokalari onenetakoak eta munduko ordenagailu programa onenetakoak "ekartzen" dituzte eta euren arteko txapelketa jokatzen dute. "Ekarri" diot, hiru programetako bi, Hydra eta Junior Emirerri Arabiarretatik eta Californiatik Internet bidez jokatzen ari direlako.
Portzierto, honetan ere Euskaltel zoriontzea tokatzen zait, antolakuntzako kide batek esan didanez, hiru router, ez dakit nolako konexio erredundante eta segurua eta zazpi mila kontu gehiago jarri dituzte, baina bi aldiz konexioa galdu dute...
Txapelketa BBK Bilboko Gran Vian daukan egoitzan jokatzen ari dira. Pertsonen aldetik, munduko azken hiru txapeldunak daude jokatzen, Rustam Kashindzanov , Ruslan Ponomariov eta Alexander Khalifman , makinen aldetik Hydra, Fritz eta Junior.
Hau guzti hau ordaintzeko dirutza badago. Beste askorako Euskaltel, BBK eta enparauek ez dute xentimorik ere ematen. Bejondeiela !! Iñork partidak jarraitu nahi baditu, asteazkenera arte du horretarako aukera 16:00tatik aurrera antolakuntzaren webgunean
SciTE testu editorea euskaraz
Joan zen astean Sustatun iragarri zuten 3Arrano elkarteko lagunek SciTE testu editorea euskaratu zutela. Gainera, garu bertan argitaratu dute 1.64 bertsio berria (oraindik instaladore gabe).
Egia esan, aurrerago ere saiatu nintzen SciTE erabiltzen, baina alperkeriagatik-edo, Editplus erabiltzen jarraitu nuen. Seguru aski faltako zaizkio gauzak SciTE honi, baina lehen begiradan programa arina dirudi.
Edozein modutan, arazotxo bat aurkitu nion: ezin nuen TXT fitxategiak, edo beste edozein fitxategi, irekitzeko programa lehenetsi gisa ezarri. 3Arranokoen eztabaidagunean bota nuen galdera, baina erantzuna agian bertsio berritzearekin konponduko zela izan zen. Horrekin ez nuen konpondu, eta pixkat inbestigatuz arazoa nola konpondu deskubritu eta foroan bertan argitaratu dut eta, nola ez, baita hemen ere, hor doa:
Nahiz eta bertsio berria instalatu ezin nuen TXT fitxategia SciTE erabiliz irekitzera lehenetsi. Hala ere, atzo komando lerrotik irekitzeko proba batzuk egiten aritu nintzen eta orduan errepikatu zitzaidan gauza bat gertatu zait, zuk diozun bezala Tresnak->Fitxategi-aukerak->Fitxategi motak leihotik SciTE lehenesten saiatzean:
Fitxategian klik bikoitza eginez gero 4 fitxategi irekitzen dizkit: Documents, and, Settings, eta nik nahi dudana. Hori, fitxategiaren bidean espaziodun izena duten karpetak daudelako da, hori dela eta horrela egin dut TXTak SciTErekin ondo irekitzeko:
Ireki windowseko esploratzailearekin karpeta bat (berdin da zein), joan Tresnak->Kapeta-aukerak menura. Han Fitxategi-Motak fitxa aukeratu, eta agertzen den zerrendan TXT fitxategia. Behean dagoen Aurreratua, botoia sakatu. Leiho berrian, fitxategiarekin egin daitezkeenak agertzen dira, aukeratu open eta sakatu Editatu botoia. Arakatu botoiaren bidez, bilatu zure SciTE.exe fitxategia (normalean C:\Archivos de programa\SciTE\SciTE.exe izango da), behin aukeratuta, koadrotxoan horrelako zerbait ikusiko dugu:
"C:\Archivos de programa\SciTE\SciTE.exe"
Horren ondoren "%1" idatzi, komatxo eta guzti. %1 horrek, parametro gisa pasatako fitxategiaren izena gordetzen du, eta komatxo artean jarriz gero, guztia fitxategi izen bat balitz bezala hartzen du eta SciTEk ongi irekitzen du.
IEB 2005
Gaur ospatu da, bi urtero lez, UEU eta Enpresa digitalak antolaturik, 2005. urteko Informatikari Euskaldunen Bilkura, Donostiako Miramongo teknologi elkartegian.
Han bildu gara hainbat informatikari eta informatikaren inguruan mugitzen garen hainbat lagun, asko eta asko ezagunak, Informatika Fakultatetik gehienak, baina baita UEUren udako ikastaroren baten aurkitutakoak ere.

CodeSyntaxeko alderdi tekniko guztia han izan gara, Aitzol eta biok OpenGroupware.org eta COREBlog aurkezten, eta Gari Software libraren inguruko mahainguru baten.
Hirurok erabili ditugun aurkezpenak sarean jarri ditugu edozeinek ikusteko moduan.
Argazki gehiago , Gariren eskutik Flickr zerbitzuan.
Datu guztiak ieb2005-n technorati zerbitzuari esker.


