Hemen zaude: Hasiera Blogak Periferiatik, erral eibar

Periferiatik, erral

eibar

Alderdi politikoen proposamenak Eibarrerako

Azken egunotan hainbat panfleto iritsi dira etxera datorren asteko igandean egingo diren hauteskundeetarako. Panfleto horien laburpen bat egin nahi izan dut eta ikusitako gauza batzuk komentatu.

PSE-EE PSOE

Egungo alkatea, Miguel de los Toyos, aurkezten du PSE-EE PSOE alderdiak alkatetzarako hautagai. Bidali duten panfletoaren aurkezpen gutuna euskara eta gazteleraz dago, nahiz eta euskarazkoa gaztelaniazkoaren itzulpen garbi bat dela igarri. Akats pare bat ere badaude erredakzioan... Hori alde batera utzita, panfletoaren hasieran, azken legealdi honen balantzea egiten du PSE-EE PSOEk.

Baina interesgarria, datozen 4 urteetarako agintzen dutena da:

  • Jazinto Olabe plazan herritarrek parte hartuko omen dute nola birgaitu
  • Txomoneko parkeak ere birgaitu egingo dituzte.
  • Txontarako ere maketa polit-polit bat aurkezten dute, hori dirudi izango dela datozen lau urteetarako makroproiektua.
  • Errebalgo merkatal zentrua ere berriz ageri da, fotomuntai eta guzti. Oraingoan plaza handi bat ikusten da aurrean.
  • Kiroldegia monjen konbentura zabalduko da
  • Ospitalea Otaola Hiribidean.
  • Teknikerren eraikina Erisono
  • Egazelain (Ipuruako zelaiaren ondoan), etxeak egindo dituzte.
  • Zezen plaza estali egingo dute eta barnean hainbat kirolgune. Fotomuntaia aurreko baten egin zutenaren desberdina da.
  • Kanpoko igerilekuetako ura klimatizatu egingo dute.
  • Berriz ere (orain 4 urte bezala), Azitaindik Estaziño kaleraino eta Legarretik Amañaraino trenbidea estali egingo dute.
  • Iparragirre kalean ranpa mekanikoa jarriko dute
  • Untzagatik legarrera, Udaletxe ostean, eskilara mekanikoak egingo dituzte.
  • Urki eta Polonia Etxeberria artean igogailua jarriko dute.
  • Autobus geltokia, Ardantzara eramango dute (babes ofizialeko etxeen ondora) eta Ego Gain kalea semipeatonalizatu.
  • Portalea zabaldu egingo dute, ondoan dagoen plaza hartuz (Monteka aurrekoa).

EAJ-PNV

Eva Juez zinegotzia aurkezten dute alkategai. Panfletoaren hasiera guztiz ezkorra da. 25 urtean biztanleak galdu omen ditu Eibarrek, enpresa asko itxi eta herritik joan dira, langabezia igo egin da, 1000 etxebizitza hutsik daude, ... egoera txar honen salbatzaile aurkezten dute beren burua.

Lau urtetarako proposamenak hauek:

  • Lan eta Sustapen Saila sortuko dute.
  • Erisono bultzatu
  • Matsariako poligonoa birantolatu, enpresak berrira eramanez.
  • Errebal eta San Juan kalearen artean trafikoa lurperatu egingo dute merkatalgune handi bat sortuz.
  • Errebalgo merkatal zentrua bultzatu.
  • Errebal, San Juan eta Bidebarrietan espaloiak zabaldu.
  • Autobus geltokia Matsarira eraman.
  • Bi aparkaleku, bata Azitainen eta bestea Otaola Hiribidean, biak erdigunearekin tranbiarekin lotuta. Matsarian parkina.
  • "Eibar Erosketen Hiria" marka bultzatu.
  • Anbulategi berria Urkizun.
  • Pisu tutelatuak Ipuruako komentuan.
  • Administrazio digitalaren aldeko apostua.
  • Eibar 2.0 kultura webgunea, egungo udalaren webguneak ez omen du-eta gizartea islatzen.
  • Kanpoko igerilekuen zabalkuntza edo handitzea.
  • Eibarko euskara ezagutarazi
  • Kafe Antzokia Rialto zinema zegoen tokian.
  • Ospitalea Matsarian.
  • Goardia Zibilaren koartela dagoen tokian, berdegune handi bat. Goardia Zibilaren koartela Azitaingo hiltegi zaharrera eraman.
  • Kanposantua Altamirarar eraman eta berdegunea Urkin.
  • Txikipark bat.
  • Azitaindik Arratera igotzeko telekabina bat ezartzea aztertu.

 

Beste hainbat proposamen ere egiten ditu, eta gehienak Aldundiarekin elkarlanean egingo direla esaten dute. Egindako hainbat gauza ere Aldundiarekin edo lehengo Jaurlaritzarekin hasi zirela diote.

Bildu

Igor Aldalur aurkezten du Bilduk alkategai:

  • Produktu naturalen kontsumoa bultzatu
  • Udalak lurrak berreskuratu
  • Errebalen baserritarrei eman behar zaie lehentasuna.
  • Baratze urbano ekologikoak bultzatu behar dira.
  • Alokairuari laguntzak.
  • Bolingua, Egazelai edo Ubitxan ez da ezer egin behar degradatutako zonak dauden artean (Asua-Erreka, Txonta, Murrategi edo Errekatxu).
  • Txonta, 0ko kostuarekin egin behar da.
  • Errebalen parkina eta betiko merkatua.
  • Ibur-Erreka birgaitu egin behar da eta Matsaria birrantolatu.
  • Autobus geltokia Matsarira eraman.
  • Gazte plana egin behar da eta Gazteria Batzordea sortu.
  • Gazteek autogestionatutako guneak sustatu.
  • Herri mugimenduek antolatutako jaiak toki finkoa behar dute (iaz sortu zen San Juanetako txoznen inguruko gaiari keinu zuzena eginez).
  • Euskararen erabilera sustatu eta hizkuntza-politika planifikatui behar da. Udalak zerbitzu guztiak euskaraz emateko gaitasuna izan behar du.
  • Euskara merkataritzan bultzatu behar da.
  • Eibarko Kirol Etxea sortu, kirol elkarte eta klubei zerbitzu amankomunak eskaintzeko.
  • Elkarteen sistema indartu behar da.
  • Kultur programazioa era egokian ezagutarazi behar da. Herritarren eskari eta eskaintzak aintzat hartuz.
  • Ego ibaia berreskuratu.
  • Politikariuen profesionalizazio joera mugatu behar da.

Aralar

Panfleto txiki-txikia banatu du Sergio San Jose buru duen Aralarren hautagaitzak:

  • Coliseoa herriko kulturaren ardatz bihurtu eta museoa Casco eraikinera eraman.
  • Txontan parke berdea eta gaztetxea egin.
  • Matsarian autobus geltokia eta aparkalekua egin.
  • Errebalen erabilera anitzeko eraikina egin: merkatu plaza, parke berdea eta garajeak.
  • Alokairua bultzatu hutsik dauden 1600 etxebizitzak pizgarri fiskalak emanez kudeatuz
  • Udalaren lizitazio eta kontratuetan Eibarko enpresak lehenetsi legeak onartzen duen eran.
  • Goardia Zibilen koartela herritarrei itzuli herri-galdeketa bat eginez.
  • Astelena frontoiaren ondoan dauden udalaren lokalak etxe-tutelatu bihurtu.
  • Gazteriaren ahotsa kontuan hartu.

Hamaikabat (H1!)

Hamaikabatek Mertxe Garate egungo zinegotzia aurkezten du alkategai. Beren panfletoan guztiz salatzekoa da euskararekin egin dutena, batez ere, euren burua abertzale eta euskaltzaletzat jotzen dute-eta: testua gaztelaniaz egin, itzultzera norabait bidali, eta errepasatu ere ez. Esaterako, kaleen izenak berdin utzi dituzte gazteleraz eta euskaraz: "San Agustin-Ibarrecruz-Estacion-Arragüeta", bai dieresi eta guzti. "Proposamen honek epe motz-ertainera enplegua sortzeko baliagarria izango litzateke," esaldia ere panfleto honetakoa da. Ah, eta "Eibarreko" gobernagarritasunerako giltzarri izango omen da H1!.

Euren proposamenak:

  • Etxebizitza babestu gehiago.
  • Aparkalekuak Azitain eta Matsarian.
  • Ke detektagailuak 75 urtetik gorako lagunak bizi diren etxeetan.
  • Etxebizitza tutelatuak nagusientzat.
  • Kirol instalazio eta aisialdi guneen azterketa egin.
  • Gipuzkoako Kirol Txartelaren ekimenean Eibar sartu.
  • 12 eta 18 urte arteko gazteentzat kirol plana
  • Trenbidearen inguruan zarataren aurkako panelak jarri.
  • Bizikleten erabilera sustatu.
  • Elgoibar-Soraluze pasealekuarekin lotu Eibar.
  • Arraten paisaia hobetuko duen proiektua martxan jarri.
  • "Arratetik Olabeko kurutzera eta zelaira doan sarbidea hobetu" (sic, sic, sic!!!!)
  • Zabor kontenedoreak lurperatzen jarraitu eta 5. kontenedorea jarri.
  • Udal webgune interaktibo eta zentzu bikoitzduna jarri.
  • Plan Orokorrari aldaketak proposatu.

PP eta Ezker Batua

Hauen panfletorik ez da iritsi etxera oraindik eta ezin komentatu.

Laburpena

PSE-EE PSOEren panfletoan beste guztiek egin ez dutena egiten dute: azken lau urteotan egindakoa azaldu. Noski, lan erraza da hori, eurak egon baitira agintean lau urteotan, baina ez EAJ-PNVk ez H1!ek ez dute ia aipatu ere egiten azken lau urteotan PSE-EE PSOErekin batera gobernatzen egon direnik.

EAJ-PNVk asko eta asko aipatzen du Foru Aldundiarekin batera egingo dituztela hainbat gauza. Beraz Foru Aldundiko emaitzekin lotzen dute nolabait euren hainbat proposamen.

Aparkalekuak problema direla nabarmentzen da proposamen guztietan. Matsaria, Azitain, Errebal eta Otaola jartzen dituzte aparkalekuak egiteko lekutzat.

Autobus geltokia ere traban omen dago Ego Gainen eta tokiz mugitu behar da: Ardantzara edo Matsarira, horra hor proposamenak.

Ospitalea Otaolan nahi du PSE-EE PSOEk, egitekotan Matsarian nahi du EAJ-PNVk.

Etxebizitza falta eta alokairuaren kontua hainbat alderdiren proposamenetan dator. Nabarmentzekoa da, zeren azken urteotan salmentako babes-ofizialeko etxebizitzak besterik ez dira-eta bultzatu.

Txonta ere aipatzen dute zona degradatu gisa. PSE-EE PSOEren proposamenak mega-proiektu-pelotazo itxura dauka. Ea ez zaien kontrako eztarritik joaten orain gutxi bezala.

EAJ-PNVren mega-proiektua Errebal eta San Juan kaleen artean trafikoa lurperatu eta ingurune peatonala egitea da. Orain denbora asko plazaratutako Arraterako telekabinaren proiektua ere birformulatu eta "aztertu egin behar dela" diote.

Bildu, Aralar eta H1!en proposamenetan ez dago mega-proiekturik. Hitz politak eta batzuetan proposamen zehatzak ere bai.

Gauza bakarra bota dut faltan EAJ-PNV, Aralar eta H1!en panfletoetan: azken 4 urteotan udalean egin duten lana azaltzea. Agian horretaz lotsatu egiten dira eta ez dute piorik esan (PSE-EE PSOEk ez bezala). Agian erabakigarria izan daiteke azken lau urteotan egin dutena aurtengo botoa erabakitzean.

Laburpen honek alderdi politikoek datorren asteko hauteskundeetarako proposatzen dutena errazago ulertzen laguntzea espero dut.

Mikel Larreategi 2011/05/14

Eibarko porra

Urtarrilean proposatu nuenaren harira eta Bilduri aurkezten utzi diotela-eta, hona hemen nire porra. Oraingoan zenbaki eta guzti eta eguneratuta:

  • PSE: 10
  • EAJ: 5
  • Bildu: 4
  • PP: 1
  • Aralar: 1

 

EB eta H1! kanpoan.

Zer iruditzen?

 

Mikel Larreategi 2011/05/06

Eibarko Udalerako hauteskunde porra

Proposamena blog honetatik: egin dezagun hauteskunde porra bat orain, hauteskundeetarako 4 hilabete luze geratzen direnean. Egin dezagun beste bat maiatzaren hasieran eta hauteskunde egunerako astebete falta dela beste bat. Ea nola eboluzionatzen duen.

Azken asteotan irakurri ditugu nor izango diren PSE-EE eta EAJren udalerako hautagaiak. Aurtengo aurrekontuak bozkatzerakoan ere EAJk aldeko 4 boto eta abstentzio bat bozkatu zituen protesta gisa-edo eta alkatea haserratu egin zen. Asteburuan DV eta El Correon EAJren hautagaiaren hitzak irakurri ditugu, eta albisteen erantzunetan zera irakurri daiteke esaterako:

Lo lamento por el partido al que vote hace cuatro años, el PNV, porque en esta legislatura no lo volvere a hacer. Yo vote porque creia en sus propuestas en sus intenciones y luego resulta que van y se unen al psoe. Pero que es esto! para eso mejor me habria salido votar directamente al psoe. El programa que yo apoye no tenia nada que ver con el psoe con lo que la conclusion que he sacado es que al final por un sillon y dinero se nos olvida todo, asi que no conteis este año con mi voto y muchos deberian hacer lo mismo, porque el pnv deberia haber estado en la oposicion que no pasa nada y haber defendido lo que nos propusieron y que es por lo que les votamos.

Eta beste hau ere bai:

sois TODOS unos vendidos... os compraron dandoos un par de concejalías, las peores, o las menos ricas... y ya está, así no ha ni oposición, ni discrepancias ni nada. Y el resto de partidos como tontitos, a bajarse los pantalones

Esanguratsuak oso eta azken 4 urteotan Eibarko EAJk izan duen jarrera garbi erakusten dute.

Lehenengo porra hau zenbaki gabe egingo dut, onartuko didazue ezta?

  • PSE-EEk, orain dituen baino zinegotzi gehiago lortuko ditu, gehiango absolutoa absolutizatu egingo da guztiz.
  • EAJk, orain dituen baino zinegotzi gutxiago lortuko ditu.
  • Aralar, igo egingo da.
  • PP, antzerako.
  • Beste guztiak ez dakit nola tratatu, ez dakit betiko Ezker Abertzalea aurkeztu ahal izango den, EA aurkeztuko den eta besteekin batera joango den, ... Horren inguruan Hamaika Batekin zer gertatuko den ere ikusteko dago... nire apustua desagertu egingo dela.
  • Eta Ezker Batua? Ah bai, hauek ere existitzen dira... antzerako hauek ere.

 

Mikel Larreategi 2011/01/24

Tia Elo telebistan

Gazte-gaztetatik ibili zan Tia Elo tallarrian biharrian. Gaur ETBko albistegixetan, berari eta Rosario Arosa bere lagunari egindako elkarrizketarekin mini-erreportaje bat emon dabe. Hona hemen bideua.

 Bideuan holan agertzen dan arren ez da Eloisa Arana, Eloisa Etxaburu baizik.

Mikel Larreategi 2010/03/04

Paseo San Andres edo Ego-gaineko "ez-etxeak"

Azken aldian Eibarren egin den aberrazio handienetako bat Corte Ingles berriaren aurrean daukagu. Hiru etxe bloke egingo zituztela agindu zuten. Baina saldu ez dituztela-eta bat egiten hasita eta bestea plastiko batzuekin tapatuta utzi dute.

Agian ezin da konparaziorik egin, baina pentsatu dendaria zarela eta ez duzula arrautzarik erosten salduta izan arte. Erosleak arrautzak eskatzen dizkizunean, orduan baserrira joan baserritarrari arrautzak erosi eta erosleari saltzen dizkiozu. Euro batzuk beharrean ehundaka milaka eurorekin.

Udalak Alfa zegoen lekuan denbora tarte jakin baten etxeak egiteko baimena emango zion promotoreren bati, baina honek etxe-bloke bakarra eraiki du eta han utzi du bestea. Gure boletin ofizial bietan (Gipuzkoakoan eta Bizkaikoan) etorri dira harekin egingo omen dutenaren albisteak, badirudi azkena pintura eskolakoek hango horma edo zutabeak margotu egingo dituztela dela. Kalean, hor eraikita dagoena bota egingo dutela ere entzun dut. Ezin du udalak beste erabakirik hartu? Seguru badagoela lege-argudioren bat orain proposatzera noana egiteko, baina borondatea behar horretarako: "nik (udalak) etxeak egiteko lizentzia eman nizun eta zuk ez dituzu eraiki. Hainbat (5? 6? 7?) urte pasatu dira eta ez dirudi aurrera egingo duenik. Lur horiek "erreskatatu" edo "errekuperatu" egingo ditut, ezer ordaindu gabe, eta hor, adibidez Babes Ofizialeko Etxeak eraikiko ditut. Bai, Amaña edo Urki puntan, edo Bolinguan, edo Eibarko toki inakzesibleenetan orain eraikitzen direnak bezala.

Horrek ere badu bere puntua: badirudi legez X etxe "libre" egiten badituzu Y BOE egin behar dituzu. Eibarren X etxe horiek hiri erdian egiten dira (Ego-gainen adibidez), eta BOEak "periferian": Jardinetan, Urki-kurutzekuan, Amañako puntan bariantearen tuneletako bat atzean dutela, ...

Alfa-San Andres-Ego gaineko etxeekin zer? Udalak erreskatatu eta BOEak egin inor indemnizatu gabe (ez Errebalen bezala, lehen saldotan erregalatutakoa berrerosten eta norbait aberasten). Baina noski, horretarako borondatea behar da. 21etik 19k ez dute horretarako borondaterik izango.

Mikel Larreategi 2010/01/08

Hemeroteka Plus revisited: wifitik ere bai

Lehengoan idatzi nuen Hemeroteka Plus zerbitzuari buruz eta nola Eibarko Juan San Martin liburutegian dauden ordenagailuetatik sar zitekeen bertara (orduko € 1eko kostua dute ordenagailu horiek). Atzo, liburutegia dagoen Portalea eraikinean bilera bat nuela-eta, ordenagailuarekin joan eta liburutegiko wifi saretik Hemeroteka Plus aplikaziora sartzen saiatu nintzen... eta baita lortu ere!

Ba hori, jakin dezazuen, wifitik ere funtzionatzen du. Hauxe da helbidea: http://hemerotekaplus.plazagunea.com/eibar

Mikel Larreategi 2009/10/15

Globo-sondak

Atmosferia ikertzeko erabiltzen dittue zientzialarixak globo-sondak (edo zunda-globoak).



Neurgailu batzuk ipini, gas batekin bete eta airera jaurtitzen dittue lurretik altura jakin batera daren atmosferako kondiziñuak zein diran jakitzeko. Geure agintxarixak be holako gauzak egittera ohittuta dare. Húrrenekuak gainera egunkarixak erabiltzen dittue horretarako, "cartas al director" edo "la mirilla" moduko atalak aprobetxauta, gure herrixan zer egin leikian sugeritzen agertzen diran kartak geure agintarixak eurak idatzittakuak dira. Eta eurak idatzittakuak ez badira, eurak bultzatutakuak bai behintzat.

Estaziño kale osteko kaliakin pasau zan, eta oin dala astebetetik autobus geltokixakin be bai. Inork ezer esan aurretik hor urten dira Errebaleko autobus geltokixan inguruko eritzixak batera eta bestera. Agintarixak be segiduan urten dira "herrixari entzuten" Errebalerako beste proposamen batzuk egitten. Zuek egindako proposamenak sinistia nahi dozue? Errebalen "agindu" zenduen fotomontajia eta gero pasau dan dana ikusitta, zelan eukiko dogu ba konfiantza zuek proposatutako ezertan? Junixuan aldaketia eukia neban hizpide; oinguan bebai. 

Datorren udal hauteskundietarako herri plataforma bat aurkezteko beharra bati baiño gehixagori entzun detsat. Horixe izango litzake azkenengo urtietan herrixan pasau diranendako erantzun egokixa. Alkategaixa topau bihar. Hau be globo-sonda bat izango ete da?

Mikel Larreategi 2009/09/29

Errebal bluf: amaieraren hasiera

Eibarko Udalak "Errebal Center" famatua ez egiteko erabakia hartu du. Udalean denak dardaraz hasi omen ziren uztailaren 14 Value Investment "enpresak" obrak egiteko lizentzia eskatu zuenean ("ay ama que viene el marrón" pentsatuko zuen batek baino gehiagok). Irailaren 10ean jakinarazi zuen publikoki Eibarko Alkateak proiektua ez dela egingo.

Azken urte hauetan DVk argitaratutako artikuluak ikusita, zera irakurriz esnatu naiz gaur (A.E. dixit): "El paso del tiempo demostró que todo un bluf, bañado en fondos de inversión de dudosa rentabilidad, con una empresa, con sede en Madrid, que a lo largo de este año nunca atendía al teléfono."

Esaldi horren nahiko ondo laburbiltzen du guzti hau.

Eta orain zer? Benetan ondo geratzeko, benetako efektu kolpe bat emateko eta herritarren konfidantza berriz irabazteko (inor zer gertatu den enteratu bada behintzat) irtenbide bakarra ikusten dut:

Eibarko Udalean PSEk dituen 11 zinegotziek euren dimisioa eman eta karguak uztea.

Horixe litzateke benetan ardurak asumitzea eta nik hemendik eskatzen dudana. Egongo da hortik zehar arauren bat horrelako zerbait gertatuz gero berriz ere hauteskundeak deitzeko obligazioa ezartzen duena (egon dira horrelako kasuak "The Organization"ek bereak egin dituen toki batzutan). Hori bai, hori egingo balute, hurrengo hauteskundeetan 11 beharrean 14 lortuko lituzkete.

Baina gure politikariek ez dute dimisiorik ematen, ezta?

Mikel Larreategi 2009/09/11

Txupinazorik ez, datozela dultzaineroak

Eibarko San Juanak ez dira txupinazoarekin hasten, nahiz eta jai-programan sartuta egon jaiak ez dira txapligo horrekin hasten. Eibarko San Juanak Estaziño kalean hasten dira, ekainaren 23an, eguardiko ordubatean.

Eguerdiko ordubatean etorri ohi zen Lizarratik trena (ez 1999ko Lizarrako trena, garai bateko Eibar-Lizarra bidea egiten zuen trena baizik), han etortzen ziren Lizarrako dultzaineroak, eta han egoten ziren zain langileak arratsaldean lanera sartzeko, trena askotan berandutzen baitzen (edo hori diño aittak behintzat). Ba hori, txupinazo gabe, jaiak hasteko modu originala Eibarren.

Egun zoragarri hau heldu da berriz. 
Pozan pozez biotzak beterik. (bis) 

Mendietako baserrietan 
kaleko plaza danetan 
San Juan suak piztutzen dira 
Gau zoragarri honetan. 

Hau da eguna zoragarria 
kontsolatzeko mundu guztia. 

Ez da inun gizonik 
San Juan dan baizen 
Oso goitar ta haundirik 
Arkitzen. (bis) 

Hau da eguna zoragarria 
kontsolatzeko mundu guztia 

Amagandik inoiz jaio da gizona 
ez dago zeruan alakorik 

Ama semeagandik 
zu jaio zinan 
mirariz beterik donian 

Poztu gizonak abestu herriak 
San Juanen egun miragarrian. (bis) 

Igaz ere San Juan zan, eta 
aurten ere San Juan Bautista. 

Mendietako baserrietan 
kaleko plaza danetan 
San Juan suak piztutzen dira 
gau zoragarri honetan. 
Mikel Larreategi 2009/06/23

Aldaketa orain

Hirigintza izan ohi da hiri eta herrixetan arazo nausixetako bat. Gure inguruan be azkenaldixan hirigintzan inguruan gertatu dira arazo, mobilizaziño, karta eta kontra-karta dexente.

Txonta, Alfa-San Andres, Corte Inglesa, Errebal eta Erisono adibidiak besterik ez dira. Bariantian hirugarren fasiak be eztabaida eta zer esana emongo dau, jentiak Arrajolako tuneletik Sosolako bidera dagon tartia desmontiakin, eta ez tunelakin, ein bihar dala jakiten dabenian. 

Nahitta ala nahi barik baina dana onartuta dagonian enteratzen gara holako gauzetaz, eta benetan garrantzitsuan diran gauzak izan ohi dira. Horretarako ei da Hirigintza Batzorde Aholkularixa edo sortu barri dan Herritarren Partehartze Mahaixa, Udalak hartu biharreko erabaki garrantzitsuetan herritarron ahotsa entzuteko. Hala ta be, ez nago seguru foro horrek ezertarako balio daben. Udalak, berak nahi daben moduan kaso egin edo pikutara bialduko dittuan susmua dakat. 

Baina txarrena ez da hori, txarrena gauzak Txontan moduan (legedixan kontra) amaitzia da. Herritarren hitza be oposiziñuan moduan neutralizauko dabelako susmua dakat. Badakizue, 21etik 11 euki, eta kontrarixuak erakarri 19 izateko. Ritmo horretan, hamendik urte bira 21etik 13 edo 14 eukiko dittue. Orduan berandu izango da "aldaketia" eskatzeko.

eta kitto aldizkarian 2009ko ekainaren 12an argitaratutako artikulua

 

Mikel Larreategi 2009/06/12

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut, eta 2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidentea naiz. Xakeak eta Klub Deportiboak, horretxek jaten dit nire denbora.

Goiburuko irudia Barcelona da. Orain dela urte batzuk bisitatu nuen hiria eta asko gustatu zitzaidan. Irudia nondik hartu nuen ez dut gogoan (lehen jarrita nuen baina aldatu egin nuen eta berriz itzuli eta galdu egin dut kreditua. Baina haren CC-BY-NC lizentziak dioena jarraituz kreditua ematen diot. 

Azken erantzunak
halaxe da bai... Oier A., 2012/01/20
Arrazoia! e-gor, 2011/11/17
Autogestioa Txopi, 2011/10/17
Bizikletak Herbeheretan Trebi., 2011/09/03