Periferiatik, erral
diputapena
Dirulaguntzak, klubak, bolondresgoa eta abarrak
Dirulaguntzak urritu direla-eta, elkarte askoren lana zalantzan dago azken aste eta hilabeteotan. Nork du errua? Non daude arazoak? Zer egin daiteke? Hona hemen guzti hori tratatzen duen laburpen/idatzi/iritzi/batiburrillo bat.
Azken
asteotan hainbat komunikabideren bidez ezagutu dugu UEU bezalako
erakundeen egoera, Jaurlaritza, Foru Aldundi eta udalen dirulaguntzak
jeisten direla-eta euren lana kinka larrian baitute.
Nik
beste egoera bat ekarri nahi dut ona: kirol eta kultur elkarteena.
2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidente naiz, eta 6 urte hauetan
dirulaguntzen munduarekin harreman handia izan dut. Denborarekin eta
hormaren kontra behin baino gehiago joan ostean, dirulaguntzen munduak
nola funtzionatzen ikasi behar izan dut. Dirulaguntzen Lege Orokorra,
oinarri arautzaileak, dirulaguntza deialdiak, ziurtagiriak eta
kontu-zuriketak.
Gauzak
"betiko moduan" egitera ohituta dagoen batentzat lana suposatzen du
hasieran, baina ulertzen dut legea horrela dagoela eta bete egin behar
dela. Baina horrek ez du ukatzen prozedura kritikatzea. Orain dela aste
batzuk Gipuzkoako udalerri bateko kirol teknikariak (eta ez da Eibarkoa)
esaten zidan ezin dela prozedura berbera erabili dirulaguntza
erraldoiak eta 1000 €ko laguntzak fiskalizatzeko. Badirudi egun
indarrean dagoen Dirulaguntzen Lege Orokorra Aznarren gobernuak jarri
zuela indarrean lihoa zela eta Europako Batzordearen dirulaguntzen
inguruan gertatu zirenen ostean.
Dirulaguntzen
inguruan sortu den papergintza guztiarekin erakunde publikoek euren
lana ez den lan bat egitera bultzatzen dituzte elkarteak. Lehenego baten
Oier Araolazak esaten zuen bilera baten: "gu hemen ez gaude lan
administratiboak egiteko, baizik eta dantza, korrika, xakean edo
squashean aritzeko", eta Gobernuek legea betetzeko nahi horrekin,
bazterrean, bai bazterrean, utzi dute elkarteei eman beharreko laguntza.
Eta
eman beharreko laguntza diot, derrigortasun bat balitz bezala, elkarte
horiengatik ez balitz ez bailirateke ekintzak egingo gure herri eta
hirietan. Inork uste du Eibarko Udala (edo Tolosakoa, edo Donostiako,
edo Foru Aldundia) gai izango zela Eibarren astero-astero egiten diren
kultura eta kirol ekintza guztiak antolatzeko? Erantzuna ezezkoa da, eta
udal teknikariek beraiek ere onartzen dute hori.
Eta
zer esan Foru Aldundi mailan. Azken urte hauetan, bolondresgoa sustatu
beharrean, kirol federazio eta kirol zuzendaritzaren inguruan
montatutako kirol enpresak sustatu ditu Foru Aldundiak. Elkarteentzako
prestakuntza saioak prestatu bai, baina funtzionarioen ordutegian
(astelehenetik ostiralera eta 16:00ak baino lehen). Kirolartetik,
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol Kudeaketarako Baliabide Zentrotik,
mezu bat idatzi zidaten orain dela hilabete batzuk. Prestakuntza saio
batzuk egin nahi zituzten, hitzaldi erakoak, eta nik bertan parte
hartzea nahi zuten. Ordutegiak galdetu eta arratsaldean beharko lukeela,
lanetik irten ostean 18:30ak inguruan, hori zaila zela, goizean egiten
dituztela, eta beste baten izan beharko lukeela, eta mesedez bidaltzeko
nire ordutegi preferentziak.
Gurea,
Gipuzkoako beste asko bezala, bolondresgoan oinarritutako elkartea da.
Bakoitza bere lanetik irten eta denbora eta gogoa duenean joaten da
klubera eta gustoko dituen gauzak egin. Niri xakea gustatzen zait, eta
horretan hasi nintzen. Lehenengo jokatzen, gero arduradun jarri
ninduten. Hor hasi ziren lan administratiboak: aurrekontuak prestatu,
kontuak eraman, udaletxera baimenak eskatu... Baina ni ez nintzen bada
hemen xakean jokatzera sartu? 2006an presidente egin nindutenean
elkarrizketaren baten nire lana hain zaila ez zela esan nion
kazetariari: lana, ekintzak, Batzordeek egiten dute, nirea gehiago da
koordinazio lana eguneroko lana baino. Esaldia, ordea, aldatzen joan da
azken 6 urteotan eta koordinazio lana izatetik papergintza lana izatera
pasatu da. Hala ere saiatzen naiz xakean ere jokatzen, liga jokatzen eta
hortiz zehar nire gustuko kirola egiten. Hori bai, lan administratiboak
jan egin behar nau.
"Soluzio
erraza du horrek" esango du norbaitek: kontratatu idazkari bat lan hori
egiteko. Bai, horrela norbaitek ordainpean egingo luke lana; baina
hemen zertarako gaude kirola praktikatu, ekintzak antolatu eta ondo
pasatzeko, hala administrari baten lana ordaintzeko dirulaguntzak
lortzeko?
Gure
inguruko hainbat elkartek bolondresgotik harago egin dute, eta gaizki
joan zaie dirulaguntzen iturria itxi denean. Beste batzuei oso ondo joan
zaie eta alemaniar makina perfektuak bailiran funtzionatzen dute. Baina
zein klub bolondresek du udalek edo Foru Aldundiak eskatzen duten
papergintza guztia egiteko egitura?
Nere aitak kontatzen du gure klubeko Juanjok kontatutako istorio hau, ez dakit egia den ala ez, baina egiaren itxura guztia du:
Juanjo
hainbat denboran zehar zebilen emakumeen txirrindulari talde bat sortu
nahian eta lortu zuen. Taldeak denbora bat zeramanean, Aldunditik deitu
omen zioten, esanez eurak ere horretan zebiltzala eta ezin izan zutela
berarekin harremanetan jarri, klubean ez ziotela-eta telefonoa hartzen.
"Klaro ba, Roberto, goixeko 9tan deitzen juen da! klubian ez dago inor
ordu horretan". Nire aitak Aldundiko funtzionaria imaginatzen du goizeko
9tan bulegora iristeaz bat telefonoz deika. Klubean inor ere ez.
Hurrengo egunean ezta ere. Hurrengo astean eguerdian probatuko zuen,
inor ere ez. "Noiz dago bada hemen jendea?". Egunen baten garbitzailea
topatuko zuen eta harek esango zion "Ah, ba ez, hemen 18:00tatik aurrera
egoten da jendea"... eta aho bete hortz utziko zuen funtzionaria. Nola
demontre montatu dute emakumeen txirrindulari talde bat eta ez didate
telefonoa ere hartzen?
Istorioak benetako eta gezurrezko pasarteak izango ditu, baina ez da asko urrunduko errealitatetik.
Foru
Aldundiak, orain agintari berriak daudela, krisi egoera hau probestu
beharko luke ez dirulaguntzak murrizteko soilik, baizik eta benetan
laguntza behar duenari (lanetik irten ostean paperak betetzen ibiltzen
den herrixka bateko elkarteko "langileari") laguntza emateko; horrela
egin ezean, eta eboluzioaren legea betez, arrain handiak bakarrik
geratuko dira. Arrazoi ezberdinak medio instalazioak kudeatzera eta
soldatapeko plantilla handiak edukitzera ohitu diren klub horiek. Azken
finean, kirol elkarte izatetik zerbitzu-enpresa izatera pasatu diren
horietara. Eta hori guztia Foru Aldundiaren bedeinkapenarekin, hori
sustatzen ibili baitira urte hauetan.
Noski,
Foru Aldundi eta administrazioentzat errazagoa da enpresekin jardutea.
BEZa, Elkarteen gaineko zerga, … guztia egunean daramate. Fakturak
eskatu eta han daude artxibatuta, lanorduetan telefonoz deitu eta
erantzun egiten dute... Baina enpresek beren ateak itxi egiten dituzte
arratsaldeko 18:00tan, jendea lanetik aisialdi bila irteten denean;
orduan eskaini behar dira zerbitzuak ez astearteetan goizeko 11:00tan.
Horrela
jarraitzen badugu kaleak hustu egingo zaizkigu 18:00tan, Frantzian
bezala. Eta guztiok kritikatzen dugu frantsesen kaletik desagertzeko
joera hori ezta?
Hainbat
gauza nahastu ditut idatzi honetan, dirulaguntzak, bolondresgoa,
udalak, aldundiak... barru-barrutik irtendakoak izan dira, eta uste dut
pentsatzeko eta idazteko ematen duen gai bat dela.
Eibar-Gasteiz bai, Eibar Donostia ez
Autobusen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren inguruko Mikelen beste purrustada bat.
Egunkarietan:
A8 autopistako deskontuan Gipuzkoan
Diputapenak ez du dena gaizki egingo ala? Gaurkoan A8 autopistak Gipuzkoan eskaintzen dituen deskontuen inguruan jardungo dut.
Orain dela ia bi urte hartu duen VIA-T delakoa, autopistetan gelditu gabe ordaintzeko aparatua. Ordutik, eta batez ere, 2007ko tarifa igoeraren ostean jarri zuten errekurtsoa onartu eta gero Gipuzkoako autopistak kudeatzen dituen Bidelanen webgunearen bidez (Bidelan, Bidegi, ... dena ezin du enpresa batek egin?) egindako bidaien ordainketen fakturak eskatzen hasi nintzen, horrela deskontuak zein bidaitan eta zein bidaitatik aurrera egiten zizkidaten jakiteko (bale, eta bidebatez urtean autopistan zenbat gastatzen nuen jakiteko ere bai).
Hilero-hilero webgune horretan bertan deskargatu daitezke fakturak eta aurten errepasoa egin dut, 2007 eta 2008ko fakturak konparatuz. 2007an apiriletik aurrera hasi nintzen VIA-T erabiltzen eta ondorioz hortik aurrera bakarrik izan nituen deskontuak, hala ere azkenean jatorrizko gastuen %39a ordaindu nuen bakarrik, guztira %61ko deskontua.
2008ko azkenengo faktura orain dela pare bat aste jaso nuen eta 2008an ere deskontua antzekoa izan da %62koa.
Askok esango dute A8a guztiz amortizatuta dagoela eta ez litzatekeela peajerik egon behar, eztabaida hori beste baterako utzi nahiko nuke, hala ere ez nago peaje hori kentzearen alde; baina Gipuzkoako Aldundiak daukan deskontuen programa hau onuragarria da autopistan asko ibiltzen direnentzat. Ez dut nire burua autopistan asko ibilitzen den pertsonatzat, baina deskontuak nabarmenak dira.
Puxtarri bat Diputazioari.