Mikel Larreategiren bloga
Amorebieta txapeldun!
Ba hori, 3. mailako futbol ligako txapeldun gelditu da Amorebieta taldea! Zorionak!! Eta zergatik hainbeste interes? Ba, nere anaia Jonek jokatzen duelako bertan, eta gainera hainbat gol egin ditu denboraldian zehar, eta hau ere nabarmentzekoa da defentsa postuan jokatzen duelako.
Zorionak bada, eta ea zortea duzuen play-offean eta datorren urtean 2. B mailan jokatzen duzuen!
Alderdi politikoen proposamenak Eibarrerako
PSE-EE PSOE
Egungo alkatea, Miguel de los Toyos, aurkezten du PSE-EE PSOE alderdiak alkatetzarako hautagai. Bidali duten panfletoaren aurkezpen gutuna euskara eta gazteleraz dago, nahiz eta euskarazkoa gaztelaniazkoaren itzulpen garbi bat dela igarri. Akats pare bat ere badaude erredakzioan... Hori alde batera utzita, panfletoaren hasieran, azken legealdi honen balantzea egiten du PSE-EE PSOEk.
Baina interesgarria, datozen 4 urteetarako agintzen dutena da:
- Jazinto Olabe plazan herritarrek parte hartuko omen dute nola birgaitu
- Txomoneko parkeak ere birgaitu egingo dituzte.
- Txontarako ere maketa polit-polit bat aurkezten dute, hori dirudi izango dela datozen lau urteetarako makroproiektua.
- Errebalgo merkatal zentrua ere berriz ageri da, fotomuntai eta guzti. Oraingoan plaza handi bat ikusten da aurrean.
- Kiroldegia monjen konbentura zabalduko da
- Ospitalea Otaola Hiribidean.
- Teknikerren eraikina Erisono
- Egazelain (Ipuruako zelaiaren ondoan), etxeak egindo dituzte.
- Zezen plaza estali egingo dute eta barnean hainbat kirolgune. Fotomuntaia aurreko baten egin zutenaren desberdina da.
- Kanpoko igerilekuetako ura klimatizatu egingo dute.
- Berriz ere (orain 4 urte bezala), Azitaindik Estaziño kaleraino eta Legarretik Amañaraino trenbidea estali egingo dute.
- Iparragirre kalean ranpa mekanikoa jarriko dute
- Untzagatik legarrera, Udaletxe ostean, eskilara mekanikoak egingo dituzte.
- Urki eta Polonia Etxeberria artean igogailua jarriko dute.
- Autobus geltokia, Ardantzara eramango dute (babes ofizialeko etxeen ondora) eta Ego Gain kalea semipeatonalizatu.
- Portalea zabaldu egingo dute, ondoan dagoen plaza hartuz (Monteka aurrekoa).
EAJ-PNV
Eva Juez zinegotzia aurkezten dute alkategai. Panfletoaren hasiera guztiz ezkorra da. 25 urtean biztanleak galdu omen ditu Eibarrek, enpresa asko itxi eta herritik joan dira, langabezia igo egin da, 1000 etxebizitza hutsik daude, ... egoera txar honen salbatzaile aurkezten dute beren burua.
Lau urtetarako proposamenak hauek:
- Lan eta Sustapen Saila sortuko dute.
- Erisono bultzatu
- Matsariako poligonoa birantolatu, enpresak berrira eramanez.
- Errebal eta San Juan kalearen artean trafikoa lurperatu egingo dute merkatalgune handi bat sortuz.
- Errebalgo merkatal zentrua bultzatu.
- Errebal, San Juan eta Bidebarrietan espaloiak zabaldu.
- Autobus geltokia Matsarira eraman.
- Bi aparkaleku, bata Azitainen eta bestea Otaola Hiribidean, biak erdigunearekin tranbiarekin lotuta. Matsarian parkina.
- "Eibar Erosketen Hiria" marka bultzatu.
- Anbulategi berria Urkizun.
- Pisu tutelatuak Ipuruako komentuan.
- Administrazio digitalaren aldeko apostua.
- Eibar 2.0 kultura webgunea, egungo udalaren webguneak ez omen du-eta gizartea islatzen.
- Kanpoko igerilekuen zabalkuntza edo handitzea.
- Eibarko euskara ezagutarazi
- Kafe Antzokia Rialto zinema zegoen tokian.
- Ospitalea Matsarian.
- Goardia Zibilaren koartela dagoen tokian, berdegune handi bat. Goardia Zibilaren koartela Azitaingo hiltegi zaharrera eraman.
- Kanposantua Altamirarar eraman eta berdegunea Urkin.
- Txikipark bat.
- Azitaindik Arratera igotzeko telekabina bat ezartzea aztertu.
Beste hainbat proposamen ere egiten ditu, eta gehienak Aldundiarekin elkarlanean egingo direla esaten dute. Egindako hainbat gauza ere Aldundiarekin edo lehengo Jaurlaritzarekin hasi zirela diote.
Bildu
Igor Aldalur aurkezten du Bilduk alkategai:
- Produktu naturalen kontsumoa bultzatu
- Udalak lurrak berreskuratu
- Errebalen baserritarrei eman behar zaie lehentasuna.
- Baratze urbano ekologikoak bultzatu behar dira.
- Alokairuari laguntzak.
- Bolingua, Egazelai edo Ubitxan ez da ezer egin behar degradatutako zonak dauden artean (Asua-Erreka, Txonta, Murrategi edo Errekatxu).
- Txonta, 0ko kostuarekin egin behar da.
- Errebalen parkina eta betiko merkatua.
- Ibur-Erreka birgaitu egin behar da eta Matsaria birrantolatu.
- Autobus geltokia Matsarira eraman.
- Gazte plana egin behar da eta Gazteria Batzordea sortu.
- Gazteek autogestionatutako guneak sustatu.
- Herri mugimenduek antolatutako jaiak toki finkoa behar dute (iaz sortu zen San Juanetako txoznen inguruko gaiari keinu zuzena eginez).
- Euskararen erabilera sustatu eta hizkuntza-politika planifikatui behar da. Udalak zerbitzu guztiak euskaraz emateko gaitasuna izan behar du.
- Euskara merkataritzan bultzatu behar da.
- Eibarko Kirol Etxea sortu, kirol elkarte eta klubei zerbitzu amankomunak eskaintzeko.
- Elkarteen sistema indartu behar da.
- Kultur programazioa era egokian ezagutarazi behar da. Herritarren eskari eta eskaintzak aintzat hartuz.
- Ego ibaia berreskuratu.
- Politikariuen profesionalizazio joera mugatu behar da.
Aralar
Panfleto txiki-txikia banatu du Sergio San Jose buru duen Aralarren hautagaitzak:
- Coliseoa herriko kulturaren ardatz bihurtu eta museoa Casco eraikinera eraman.
- Txontan parke berdea eta gaztetxea egin.
- Matsarian autobus geltokia eta aparkalekua egin.
- Errebalen erabilera anitzeko eraikina egin: merkatu plaza, parke berdea eta garajeak.
- Alokairua bultzatu hutsik dauden 1600 etxebizitzak pizgarri fiskalak emanez kudeatuz
- Udalaren lizitazio eta kontratuetan Eibarko enpresak lehenetsi legeak onartzen duen eran.
- Goardia Zibilen koartela herritarrei itzuli herri-galdeketa bat eginez.
- Astelena frontoiaren ondoan dauden udalaren lokalak etxe-tutelatu bihurtu.
- Gazteriaren ahotsa kontuan hartu.
Hamaikabat (H1!)
Hamaikabatek Mertxe Garate egungo zinegotzia aurkezten du alkategai. Beren panfletoan guztiz salatzekoa da euskararekin egin dutena, batez ere, euren burua abertzale eta euskaltzaletzat jotzen dute-eta: testua gaztelaniaz egin, itzultzera norabait bidali, eta errepasatu ere ez. Esaterako, kaleen izenak berdin utzi dituzte gazteleraz eta euskaraz: "San Agustin-Ibarrecruz-Estacion-Arragüeta", bai dieresi eta guzti. "Proposamen honek epe motz-ertainera enplegua sortzeko baliagarria izango litzateke," esaldia ere panfleto honetakoa da. Ah, eta "Eibarreko" gobernagarritasunerako giltzarri izango omen da H1!.
Euren proposamenak:
- Etxebizitza babestu gehiago.
- Aparkalekuak Azitain eta Matsarian.
- Ke detektagailuak 75 urtetik gorako lagunak bizi diren etxeetan.
- Etxebizitza tutelatuak nagusientzat.
- Kirol instalazio eta aisialdi guneen azterketa egin.
- Gipuzkoako Kirol Txartelaren ekimenean Eibar sartu.
- 12 eta 18 urte arteko gazteentzat kirol plana
- Trenbidearen inguruan zarataren aurkako panelak jarri.
- Bizikleten erabilera sustatu.
- Elgoibar-Soraluze pasealekuarekin lotu Eibar.
- Arraten paisaia hobetuko duen proiektua martxan jarri.
- "Arratetik Olabeko kurutzera eta zelaira doan sarbidea hobetu" (sic, sic, sic!!!!)
- Zabor kontenedoreak lurperatzen jarraitu eta 5. kontenedorea jarri.
- Udal webgune interaktibo eta zentzu bikoitzduna jarri.
- Plan Orokorrari aldaketak proposatu.
PP eta Ezker Batua
Hauen panfletorik ez da iritsi etxera oraindik eta ezin komentatu.
Laburpena
PSE-EE PSOEren panfletoan beste guztiek egin ez dutena egiten dute: azken lau urteotan egindakoa azaldu. Noski, lan erraza da hori, eurak egon baitira agintean lau urteotan, baina ez EAJ-PNVk ez H1!ek ez dute ia aipatu ere egiten azken lau urteotan PSE-EE PSOErekin batera gobernatzen egon direnik.
EAJ-PNVk asko eta asko aipatzen du Foru Aldundiarekin batera egingo dituztela hainbat gauza. Beraz Foru Aldundiko emaitzekin lotzen dute nolabait euren hainbat proposamen.
Aparkalekuak problema direla nabarmentzen da proposamen guztietan. Matsaria, Azitain, Errebal eta Otaola jartzen dituzte aparkalekuak egiteko lekutzat.
Autobus geltokia ere traban omen dago Ego Gainen eta tokiz mugitu behar da: Ardantzara edo Matsarira, horra hor proposamenak.
Ospitalea Otaolan nahi du PSE-EE PSOEk, egitekotan Matsarian nahi du EAJ-PNVk.
Etxebizitza falta eta alokairuaren kontua hainbat alderdiren proposamenetan dator. Nabarmentzekoa da, zeren azken urteotan salmentako babes-ofizialeko etxebizitzak besterik ez dira-eta bultzatu.
Txonta ere aipatzen dute zona degradatu gisa. PSE-EE PSOEren proposamenak mega-proiektu-pelotazo itxura dauka. Ea ez zaien kontrako eztarritik joaten orain gutxi bezala.
EAJ-PNVren mega-proiektua Errebal eta San Juan kaleen artean trafikoa lurperatu eta ingurune peatonala egitea da. Orain denbora asko plazaratutako Arraterako telekabinaren proiektua ere birformulatu eta "aztertu egin behar dela" diote.
Bildu, Aralar eta H1!en proposamenetan ez dago mega-proiekturik. Hitz politak eta batzuetan proposamen zehatzak ere bai.
Gauza bakarra bota dut faltan EAJ-PNV, Aralar eta H1!en panfletoetan: azken 4 urteotan udalean egin duten lana azaltzea. Agian horretaz lotsatu egiten dira eta ez dute piorik esan (PSE-EE PSOEk ez bezala). Agian erabakigarria izan daiteke azken lau urteotan egin dutena aurtengo botoa erabakitzean.
Laburpen honek alderdi politikoek datorren asteko hauteskundeetarako proposatzen dutena errazago ulertzen laguntzea espero dut.
Eibarko porra
Urtarrilean proposatu nuenaren harira eta Bilduri aurkezten utzi diotela-eta, hona hemen nire porra. Oraingoan zenbaki eta guzti eta eguneratuta:
- PSE: 10
- EAJ: 5
- Bildu: 4
- PP: 1
- Aralar: 1
EB eta H1! kanpoan.
Zer iruditzen?
