Mikel Larreategiren bloga
Zorionak Eibar Rugby Taldeari !
Eibar Rugby Taldeak 37-3ko emaitzarekin irabazi du partidua eta joanekoan lortutako 17 tantutako abantailari batuta Ohorezko B Mailarako igoera lortu dute Eibarko rugbylariek. Zorionak guztiei!
Igerian
Gogoan dut txikitan nola joaten ginen anaia Jon eta biok larunbat goizetan aitarekin Ipuruako Kiroldegira. Plastifikatutako karnet urdin haundi bat izaten genuen, eta gizonen aldagelan sartu eta han zeuden kaiola handi batzuetan uzten genituen motxila eta trasteak igerilekura abiatu aurretik. Igerileku txikiko eskilaretan ikasi nuen igeri egiten. Lehenengo gorengoan, gero beheragokoan eta horrela bakarrik igeri egiten hasi nintzen arte.
Geroago etorri zen "piszina haundira"ko saltoa, aitaren laguntzarekin. Han ura hotzagoa egoten zen, baina "nagusiekin" igeri egiten zen. Gainera, garai hartan, larunbat goizetan 1 eta 2 eta 5 eta 6. kaleak elkartuta egoten ziren, kale handi bihurtuta. Hantxe pasatzen genuen larunbat goiza.
Geroago, Iturburun OHOko 3. eta 4. mailetan geundela, igeri egiten ikastera joaten ginen kiroldegira, eta han ere gustura ibiltzen nintzen. Igerileku handian, salto egin eta igerian ikasten. Han ere ibili ginen, eta gustura gainera.
Geroago ere joaten nintzen, oso noizean behin, baina gustoko dudan ekintza izan da igerian egitea.
Orain dela 3 edo 4 urte ere ekin nion berriz ere igerian egiteari. Lanetik irten, kotxea hartu eta 19:00rak inguruan joaten nintzen. Baina hura itzela zen. Jende ugari aldagelan, ikastaroak direla eta 3 kale okupatuta, jende pila bat beste kaleetan. Hura utzi eta pare bat edo hiru hilabetez gimnasiora joaten hasi nintzen, baina hura ere utzi egin nuen.
Aurten berriz hasi naiz kiroldegira joaten. Urte hasieran kiroldegiko urteko kuota kobratu zidatenean, nolabait aprobetxatu egin behar nuela esan nion neure buruari. Lur lankideak, kirolari amorratua bera, igerian egiten hasi zela esan zigun kafe ordu baten eta ni ere animatu egin nintzen. Baina aurrekoan izan nuen ordutegi esperientzia kontuan hartuta, beranduago 20:00tan joaten hasi nintzen. Urtarril erdialdean-edo izan zen hori, eta ordutik astelen, astearte eta asteazkenetan joaten naiz kiroldegira.
Lehenengo astean luze gutxi egin nituen. Bigarrenean 8 luze eta gelditu pare bat minutuz 3 alditan. Ondoren 10 luze eta gelditu 3 alditan. Eta azken asteotan (joan zen astean ez, erdi-gaixorik ibili naiz-eta), 40 luze segidan, gelditu gabe. Ondo nabil, ordu-erdi inguruz edo kilometro bat egiten dut. Hori bai, etxera sekulako gosearekin iristen naiz.
Ez naiz gure igerilari profesional Kereren denboretara iritsiko, Lurrek ere laster pasatuko nau (apostu bat egitea nahikoa da), baina nahikoa dut momentuz.
