Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Atalak

Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Periferiatik, erral

Mikel Larreategiren bloga

Gipuzkoako Xake Txapeldunak

Mikel Larreategi 2009/03/22 19:59
Aupa !!!!!!!!!!!! Eibarko Klub Deportiboko xake talde biek euren mailetako Gipuzkoako Txapeldun izatea lortu dute asteburuan bukatu den Gipuzkoako Taldekako Xake Txapelketan

Nork zeukan buruan urtarrilean Gipuzkoako Taldekako Xake Txapelketa hasi genuenean gure klubak aurkeztutako bi taldeek mailaz igoko zirela? Nik neuk ez behintzat! Bi urteren ondoren, iaz Lehenengo mailatik Gorengoen mailara igotzea lortu genuen. Denboraldi hasieran helburuak finkatu eta taldeetan nortzuk jokatu behar zuten erabaki genuenean gauza bat argi genuen: lortutako mailari eutsi egin behar genion. Gipuzkoako Talde onenen artean Eibarko bat egon izan da, azken 3 edo 4 urteetan izan ezik, eta Gorengoen mailara itzuli beharra genuen.

Deporreko Gorengoen Mailako Taldea
Haritz Garro, Diego Olmo, Jon Arana eta Julen Garro

Laster hasi ziren emaitza onak. Lehenengo txandan Hondarribi-Marlaxka garaitu genuen, geroago etorri ziren Beraun Bera, Mundarro, Billabona edo Tolosa-Ibarraren aurkako emaitza onak. Bat-batean, ostiral baten, Haritzek zera esan zuen: "ahal den eta talderik onena eraman behar dugu. Euskal Ligara igotzeko aukera daukagu-eta". Txandak joan eta etorri gero eta hurbilago zegoen igoera, eta azkenean lortu egin dugu.

Arrasate-San Andres zen niretzat faborito nagusi, baina akats batzuen ostean 3 puntu t'erdiko abantailarekin iritsi ginen azken bi txandetara. Hauetan sailkapeneko azkenengo bi sailkatuen aurka jokatzea tokatzen zitzaigun. Lehenengo asaltoa, etxean izan zen, azken-aurrekoaren aurka. 4-0eko garaipena. Aupa !!! Txapela eta igoera hurbil zeuden. Arrasatek ere 4-0eko garaipena lortu zuen, beraz, azkenengo txandan erabakiko zen dena. Nahiko erraz genuen txapela lortzea, puntu bakarrarekin nahikoa genuen, erdia ere baliogarri zen, kasu horretan Arrasatek 4-0eko garaipena beharko zuen gurekin berdintzeko. Arrasatek Donostian zeukan bere partida, gure bigarren mailako taldeak bezala, toki berean, eta arratsaldeko 18:30tan erabaki zen guztia. Arrasateko jokalari batek bere partida galdu egin zuen eta ondorioz ezinezkoa zen sailkapenean gu harrapatzea. Gipuzkoako Txapeldunak gara !! Albistea ordea, Donostian geundenok genekien. Beasainen zeuden igoera lortu berri zuten jokalariak eta telefonoak itzalita zeuzkaten. Partidak amaitu, Beasainera joan, eta han beharrezko puntua lortuta zegoen jada. Datorren urtean Euskal Ligan jokatuko dugu !!!!

Gorengoen Mailako Taldea
Ezkerretik eskumara: Diego Olmo, Haritz Garro, Jon Arana eta Julen Garro

Bigarren mailan ere txapeldunak

Denboraldia hastean gauza bat nuen argi Bigarren Mailako taldearekin: mailari eutsi egin behar zion derrigorrez. Azken hiru urteetan mailaz igo ezinik ibili da taldea, beti ere azkenengo bi txandetan igoera aukerei agur esanez. Iaz ere justu-justuan lortu genuen igoera Hernanin 2nako berdinketa lortu ostean. Hala ere, gure taldean bazegoen ni baino jokalari optimistagorik.

Gorengoen mailakoen emaitza onak ikusita, optimismoa kutsatu zitzaigun eta gu ere ondo hasi ginen. Lehenengo fasean ez genuen emaitza aipagarririk lortu, azkenengo txandan Elgoibarren aurkako garaipena izan ezik. Hark eman zizkigun animoak, igoera-fasea lidergoan hasi baikenuen. Hala ere, oraindik 4 partida zeuden jokatzeko. Inolako presio barik igoera lortzen saiatuko ginela esan genuen.

Esan eta egin. Lehenengo txandan erraz garaitu genuen Donostiako Fortuna. Bigarrenean ere Hernani garaitu genuen. Igoera gure esku zegoen. Azken-aurreko txandan Donostiako Easo etorri zen geurera eta gainetik pasatu ginen 3.5-0.5eko garaipenarekin. Beste emaitzak ikusita, 2nako berdinketa nahikoa genuen azkenengo txandan sailkapeneko azkenaren aurka. Erraza zirudien baina Groseko taldeekin kontuz ibili beharra dago, gutxien espero duzunean partida bikainak egiten dituzte eta.

Eduardo Olabe
Eduardo Olabe

Azkenengo txandako partidak ez ziren ondo hasi, gure jokalari batek partida nahiko erraz galdu baitzuen. Hala ere, nik neure partida bideratuta neukan ordurako eta lortu behar genituen bi puntuetako bat berehala eskuratu genuen. Handik gutxira, gure jokalarietako batek ere bere partida bideratu eta deskonektatze eta lasaitze aldera pasiadatxo bat ematera joan nintzen lagun pare batekin. 18:30tan eman zidaten albistea: falta ziren bi partidetan puntu t'erdi lortu genuen eta ondorioz Bigarren Mailako Txapeldunak ginen, gainera, lehen aipatu bezala, Arrasateko jokalari batek partida galdu eta Gorengoen Mailako Txapela ere geure esku zegoen. Aupa !!!!!

Laburbilduz

Gipuzkoako Taldekako Txapelketa bikaina jokatu dugu. Taldekide paregabeak ditut. Astero-astero euren onena eman dute eta azken urteotako giro onena daukagu klubean. Orain 4 edo 5 urte orain taldekide ditudan gaztetxo hauek klubera etortzen hasi zirenean pentsatu ere ez nuen egin gaur egoera honetan egongo nintzenik.

1998a bukatzen ari zela Ricardo Bastida ordura arteko Deporreko Xake-Joko Batzordeko buruak bera uztera zoala eta Batzordeaz arduratzea eskatu zidan. 1998-1999 denboraldi hartan Eibarko Klub Deportiboak Euskal Ligan jokatu zuen aurreko urteko igoera zela eta. Hasieran Gorengoen Mailari eustea helburu erraza izango zela uste genuen. Baina jokalarien gora-beherak medio maila galdu genuen orain 5 edo 6 urte. Eta aurten, azken aldiz Euskal Ligan egon ginenean 6 edo 7 urte eskas zituzten gaztetxo haiei esker, Euskal Xakearen onenen artean gaude.

Eibarko Klub Deportiboko xakelariak
Eibarko Klub Deportiboko xakelariak

Eskerrik asko bene-benetan Deporreko xakelari eta lagun guztioi. Eskerrik asko Jon, Emilio, Manolo, Xabier, Haritz, Diego, Edu, Julen eta Mikeli. Eskerrik asko bihotz-bihotzez.

Dragoiak

Mikel Larreategi 2009/03/13 12:00
Azken hilabetietan hauteskundiak gora eta behera ibili naiz. Eta ez nabil oin hamabost egun egin ziranetaz. Kirol federaziñuetan be hauteskundiak egitten dira beste edozein elkartetan moduan.

Papelak prestau, arauak irakorri, bata eta bestiakin batu, proposamenak egin, ... Lantalde politta osatu genduan eta Euskadiko kirol federaziño bateko zuzendaritzarako hautagaitza prestau genduan. Baiña oztopuak besterik ez genduzen topau bidian: tranpak, deixak, hauteskundeen garbittasuna bermatu bihar daben organuan huts-egitte larrixak, presiñuak, ...

Usteze karguan jarraitzeko pisuzko arrazoiren bat zekala lehen zeguan presidentiak. Berak hainbat urtian zihar esan izan dau postua lagatzia nahi zebala, baina hautagaitza serixo bat aurkeztu danian, bere programan auditoretza bat egingo dabela esaten akabo, aulkixari eutsi eta mobitzerik nahi ez. Asturiasko lagun batek, kirol federaziñuak, eta baitta beste era bateko elkartiak be, latifundio, minifundio edo lorontzixen antzekuak dirala diño: bere terreno partikularrian agintzia nahi dabenaren dominiuak.

Horregatik ez dabe nahi izaten bere aginte esparru horretatik aldentzia, bere lorontzittik kanpo dominau ezin dittuan dragoiak egoten diralako.

eta kitto aldizkarian 2009ko martxoaren 13an argitaratutako artikulua

Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut, eta 2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidentea naiz. Xakeak eta Klub Deportiboak, horretxek jaten dit nire denbora.

Twitterren