Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Atalak

Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Periferiatik, erral

Mikel Larreategiren bloga

Garabi: Zarautztik zuzenean

Mikel Larreategi 2008/10/23 22:28
Musikari dagokionez, batzuk Coldplay eta KenZazpiri buruz bakarrik idazten dudala (eta hori bakarrik entzuten dudala) esaten didate. Ba gaur beste euskal talde baten promozioa egingo dut.

Ander Donostian Zuzenbidea ikasten duen lagun xakelaria dut. Baina dena ez da Zuzenbidea eta xakea izango, musika talde baten bateria joten du Anderrek (bere fotologa ikusiz, igartzen da bateria gustatzen zaiola, eta beste gauza batzuk ere bai :)), eta azken aldian talde horrekin maketa bat grabatzen ibili da.

Ez dakit maketa salgai jarri duten (uste dut 3 € balioko zuela esan zidala), baina Interneten deskargatzeko jarri dute, Jamendo zerbitzuan. Egia esan, gustatu zait Bihotz Beltzen Kluba izeneko maketa, ez dakit zein kantu aukeratuko nukeen, gustora entzuten dut, agian Ehun su aukeratuko nuke eta baita Hesien bestaldea: rien de rien olerkia ere, bale ez da abesti bat, baina zer? Garabiren beste abesti batzuk ere Jamendon dituzue. Nola ez Myspacea ere badute.

Maketa deskargatzeko hemen lotura zuzena: http://www.jamendo.com/es/download/album/31542

Hemen Ehun Suren letra:

Kale kantoiak,
pobrezia erlatiboa,
mulatoen lurrean.
Mila begirada,
irrifartsuak gehienak.

Kale kantoian bira
pobrezia…
pobrezia...

Galtzada zimurretan,
horma lakarretan,
herria jesarrita.

Puruzko ixiltasuna,
idatzitako lasaitasuna
airean…

Eta galtzada zimurretan,
horma lakarretan,
herria jesarrita.

Puruzko ixiltasuna,
idatzitako lasaitasuna
airean…

Bi ume basebalean.
ama ezkatzean,
baina autobusean,
haize girotua
begiak lehortuz.
Malko bat.
Malko bi.

Habanatur konpainiaren
jesarleku erosoetan
ez nago gustora,
nahiago det atera kanpora.
Cienfuegosen berora.

Kale kantoiak,
pobrezia erlatiboa,
mulatoen lurrean.
Mila begirada,
irrifartsuak gehienak.

Kale kantoian bira
pobrezia…
pobrezia...


 Jamendori esker, euren maketaren player bat dago hemen (RSSlariok ez baduzue ikusten, bisitatu webgunea).

  

Washingtonen Plone ikasten

Mikel Larreategi 2008/10/19 21:43
US Capitol

Urriaren 8a eta 12a bitartean Washingtonen egon gara Lur eta biok urteroko Plone Konferentzian. Ez noa Ploneri buruz gauza gehiegi kontatzera, horretarako CodeSyntaxen webguneko bloga daukagu-eta, baina bai Estatu Batuetako hiriburuan ikusitako eta bertara heltzeko izandakoaren berri. 

Bilbotik Madrilera, handik Philadelphiara eta bertatik Washingtonera. Horrelxe genuen hegaldia. Harunzkoan ez zen ezer aipagarririk gertatu, Madrilen hegazkinean sartzeaz bat lo hartu bainuen, gero Estatu Batuetara iritsi aurretik, gure aurrean zihoan bikoteak ea pastillaren bat hartuta gindoazen galdetu zigun arte :) Hori bai, sartzeko kontrolean galdera pila bat: zertara zatoz? ze software? alkoholik badakarzu? eta tabakorik? eta helbide hau hotel bat da? eta non dago? ze izen du? eta horrela pila bat galdera... ondoren zapatilak kendu eta kontrola pasatzeko. En fin.

Washingtonera heldu, maletak hartu eta metroa zegoen aireportuan bertan, txartela hartu eta hotelera. Lehenengo inpresioa ona, hori bai 20:30ak ingurua zen eta zerbait jan nahi genuen. Hasi hotelaren inguruan bila eta dena itxita. Aldameneko kafetegi/entsaladategia itxita. Starbucksa itxita. McDonaldsa ere bai. Azkenean pakistandar bi garbiketa lanean zeuden Subway edo antzeko bat topatu genuen 20:55ean. Sartzeko esan ziguten, baina 21:00etan kanpora. Beno, ezer hoberik ezean...

Konferentzia egunetan (asteazkenetik ostiralera) turismo asko egiteko astirik ez genuen izan, baina aurkitu genuen ordu normal baten afaltzeko leku bat: 7. kalea. Txinatarra, McDonaldsa, "La Tasca" izeneko espainiarra, portugaldar-hegoafrikar bat, pub irlandarra, ... denetik zegoen han. Etxe zuria ere ikusi genuen gauez eta baita Washingtonen omenezko monumentua ere.

Larunbata eta igande goiza izan ziren gure turismo-egunak, nolabait esateko. Iaz Erroman egin bezala, aurtengoan Washington oinez zeharkatu genuen: hoteletik Etxe-Zurira, Washingtonen monumentua, 2. Mundu Gerrako biktimen monumentua, Forrest Gump-eko piszina hori, Lincolnen monumentua, Koreako Gerrakoa eta Arlingtongo hilerria. Lasai-lasai Dupond Circlen bazkaldu eta dendaren baten bila abiatu ginen.

Turismo guneetatik gehien harritu ninduena amerikarren abertzaletasuna izan zen. Guztia banderaz josita eta monumentu guztietan zeuden hormako idatzietan idatzi guztiz abertzaleak. Ikusi, adibide baterako, Lincolnen omenezko monumentuan, horman dauden bi idatzi hauek: lehenengoa eta bigarrena. Ikaragarriak dira benetan Washington eta Lincolnen omenezko monumentuak. Baita Capitolioa ere, eta baita Arlingtongo hilerrian dauden 320.000 hilarriak ere.

Lincoln Memorial

Igande goizean lasai-lasai ibilaldi luze bat eta hankek nahikoa esan zutenean hotelera, maletak hartu eta wifi-gune bat aurkitu genuen, astea bukatzeko modu ona, futbol amerikarreko partidu bati begira.

Itzulerako hegaldian ia lorik egin gabe Madrilera itzuli ginen zuzenean, eta bertan, Estatu Batuetan egin ez zigutena: aireportuko kontrolean motxila ireki behar han zegoen emakumeak zerbait ikusi omen zuelako: aizu Estatu Batuetatik gatoz eta han ez digute ezer esan esatekotan egon ginen :)

Eta berriz ere eguneroko martxan. Interesgarria ezta? Lan bidaiek turismo pixkat egiteko ere balio izaten dute. Ah, eta gurekin lan egin nahi baduzu, postu libreak ditugu. Zatoz gurekin !!

Argazki gehiago Flickren ! Eta baita Lurren Flicrk-en ere!

Errebali buruz bi hitz

Mikel Larreategi 2008/10/14 23:03
Gaur arratsaldian Portalean egon naiz Eibartarrak zerrendako kide diren Josu eta Ramonek eman duten Errebaleko proiektuari buruzko hitzaldian.


Egia esan, ez dut ulertzen zer gertatzen den Udalarekin. Oraindik ez dut entzun edo irakurri gobernu-taldeko kiderik Errebal Plataformako kideek esaten dutena desmontatzen. Errebalekoek, onartuta dagoen proiektuak, Hiri Antolamendurako Plan Nagusia eta 2006ko Lurraren Legea betetzen ez dituela diote. Eta hori salaketa larria da. Gobernukideek eta inguruko partidu sateliteek (EAJ eta EA horixe besterik ez baitira), Errebalekoak "epez kanpo" dabiltzala diote. Ez dira eztabaidaren muinera sartzen.

Zergatik ari dira urtarriletik, hilero hilero DV eta Correon obrak "berehala" hasiko direla esaten? Zergatik "defenditzen" dute, gero eurek "pribatua" dela dioten obra bat? Hori esan dute Errebalekoei eman dieten erantzun ofizial baten.

Zerrendakide Juanjo Araolazak esan bezala, herri ekimena da benetan behar dena. Zaila dena baina horrelako kasuetan behar dena.

Eibartarron Ekimena, EE, ez konfunditu Euskadiko Ezkerrarekin :) Ez zaizkit gustatzen "Independientea" izena daramaten gauzak (bestela Eibartar Independienteen Ekimena litzateke), azken finean ez baitira "Independiente" izaten. Horrelako zerbait posible litzateke Eibarren? Agian bai.

P.S.: sozialistek agintzen duten herri honetan, Patxi Lopezek orain aste batzuk euskararen inguruan esan dituenak entzunda, gaur esan didate obren inguruko hesietan jarri dituzten kartel guztiak gaztelaniaz daudela. Errebaleko inork konfirmatzerik bai?

Eguneraketa (2008/10/15): Josu Mendicutek konfirmatu du Eibartarrak zerrendan, kartelak gaztelania hutsez daudela. Hona hemen adibide bat:

Josu Mendicute - Errebaleko kartela - Creative Commons - BY-NC-SA

Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut, eta 2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidentea naiz. Xakeak eta Klub Deportiboak, horretxek jaten dit nire denbora.

Twitterren