Mikel Larreategiren bloga
Zu kazetari
ETBk publizidade asko egitten dau. Eta badaki horrek funtzionatzen dabela. Egualdixa emoteko tartia aprobetxauta jentiari erretratuak bialtzeko eskatzen detse, eta ehundaka argazki jasotzen dittue. Interneteko euren txokuan be "zu kazetari" izeneko atal baten promoziñua egitten dabe, jentia albistiak, bideuak, erretratuak eta abarrak bialtzera bultzatuz.
Internetan azken urtietako saltuan adierazgarri bat izan da edozeinek, oso errekutso gitxikin, ixa komunikabide baten mailan ipini leike. Ixa edozeinek daka kamara digital bat, edo erretratuak atara edo bideuak grabatzen dittuan eskuko telefono bat. Hori eta Interneteko konexiñua erabilitta, Interneteko hainbat dohaineko zerbitzu erabilitta, komunikabide baten lanak errez egin leikez. Flickr, Youtube eta Blogak, azken urtietan gora egin dabe, eta edozeinek erabili leikez berak ikusi edo bizi dittuanak munduari ezagutarazteko.
Baina ez. ETBk ez daka mentalidade hori. "Ni, ni eta ni" mentalidadian sartuta eurak dira munduan zilborra. Dana eureri bialdu bihar jakue eurak gero nahi dabena erakutsi, eta jentiak bialdutakua euren onerako erabiltzeko. Ondo dago jentian partehartzia bultzatu eta jentia be kazetari bihurtzia, baiña justu ointxe egin dabe, jentiak bere kabuz hori egitteko aukeria dakanian. Holan "Lehen euskal komunikabide taldea" izaten jarraittuko dabe. Jakina ba.
Barrenari elkarrizketa
Berrian irakurri dut arratsaldean eta lehenxeago Imanol Muruaren blogean.
Tonu gogorrean egin dio elkarrizketa BBCko kazetariak. Horrelako elkarrizketarik (Real Player behar da) ez diote egiten Pernando Barrenari ez ETBn eta ezta Euskadi Irratian ere...
Reala, Bruesa, Bidasoa eta Eskola Kirola
Lehenengo mailetan dauden gipuzkoako kirol taldeak mailaz jeitsi ostean (aurten futbolean Realari, saskibaloian Bruesari eta eskubaloian Bidasoari tokatu zaie), ez dira gutxi izan horren errua Gipuzkoako Foru Aldundiari bota diotenak.
Atzo astelehena, oso urrutira joan gabe, Teledonosti-ko Minuto 90 y tantos Tito Irazustaren programan, SMS bidez heldutako mezuetako batek zuzen-zuzenean zioen erruduna Aldundiaren Eskola Kiroleko programa eta Legedia dela.
Ez badakizue, Eusko Jaurlaritzaren Lege eta Dekretu batzuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan, ezin dira ofizialki eta euren kabuz 14 urte baino gazteagoak diren gaztetxoak federatu. Euren partehartzea Eskola Kirolera mugatuta dago. Hala ere, Federazioek ate bat erdi-zabalik edukitzen jarraitzen dute, eta Aldundi eta Jaurlaritzari, eurek antolatutako txapelketa jakin batzuetan parte hartzeko baimena eska diezaiokete.
Ni ez noa esatera Reala, Bruesa eta Bidasoaren jaitsiera Eskola Kirolaren errua denik, orain talde horien plantilletan dauden kirolariak gazteagoak zirenean ez baitzen oraingo legedia hau hain gogor aplikatzen (orduan legedia hau zegoen ere zalantza dut).
Baina garbi esan nahi dudana, gure Aldundien irizpide desberdintasuna ulertzen ez dudala da: askok izango duzue gogoan nolakoa montatu zuten "Comisión de Clubes" izeneko batzuek orain dela bi urteko gabonetan Donostian alebinentzat futbol txapelketa bat antolatu zutenean. Gipuzkoako Foru Aldundiko Tapia eta Ugarteburu jaunek, legedian oinarrituz, zigor-espediente bat ireki zieten, baina gai guzti hura berehala ixildu zen. Gainera, orain dela hilabete batzuk Reala, Gipuzkoako Futbol Federakuntza eta Aldundiaren artean sinatutako Gipuzkoako Futbolaren inguruko akordioaren ostean mundu guztia pozik dagoela dirudi. Gipuzkoako Aldundiak zuzenean legea aplikatu du, baina azken gabon hauetan, Bizkaian (uste dut Amorebietan zela), alebinentzako futbol txapelketa bat antolatu zuten. Eta partehartzaileen artean, Athletic-a egoteaz gain (baina nola du Athletic-ek alebinen talde bat, adin horretan haurrek eskola kirola bakarrik egin badezakete?), txapelketaren babesleen artean Bizkaiko Foru Aldundia zegoela esango nuke.
Bizkaian bai eta Gipuzkoan ez? Zergatik?
Berdin zait zer egiten duten, A ala B, guztiak federatu ala ez, eskola kirola indartu ala ez, baina mesedez, guztiek legedi bera era berean aplikatu dezatela behingoz. Horrela, inguruko lurraldeekin konparatzeari utzi, eta hiru lurraldeetako egoera elkarren artean konparatzen hasi gaitezke, benetan gure (eta beste hainbat kirolen) egoeraren diagnosia egiten.
Eta Garaik zer dio honen inguruan? Ez dakit ba... Nik oraindik ez dut ahaztu egin ziguna, eta iturri onetik dakit berak ere ez duela ahaztu egin geniona.
ETA 2.0
Eguneraketa: Gaurko ZaldiEroaren biñetak laburbildu dezake artikulua:

(Oharra: agian Iturriri titularra kenduko diot, baina Josuri eskerrik asko mezu honi izenburua jartzeagatik)
Web 2.0 eta kontu guztio horiek modan dauden garaian, ETAk Berria eta Garara bidalitako bi agiritan orain urte bete pasa indarrean jarritako su-etena bertan behera utzi du. Ez al dugu inoiz ETA 2.0 bat ikusiko, behingoz ixilik eta geldirik dagoena, behingoz euskal herritarroi kasu egingo diguna?
Errua harena da eta bestearena. Eurek behar den guztia egin dute. Joer armak utzi dituzte urte betez !! Eta Barajasen ez al zen ezer gertatu? Urte bukaera zela eta "denboraren zulo beltzean" galdu al ditugu abenduko azken egunak? Orduan ere su-etena indarrean zegoela baina "Euskal Herria erasotzen" zutenean, "defentsa ekintzak" egingo zituztela zioten: "su-etena bai, baina nik nahi dudanean". Ederto. Eta EAEk zer esango du? Eta EHAKk? Eta Arnaldok? Mesedez.
ETAk ez du ezeren errurik. Errua PSOEk eta EAJk dute. Noski ETAk nahi duena egin ez duen orok du ETAk su-etena haustearen errua. Jakina. Zein mundutan bizi dira? Aldatu txipa, bihurtu 2.0 eta utzi Euskal Herria bakean. Mesedez.
Mesedez, nire defentsan ez ezazue ezer egin. Horrelako defendatzaileekin, zertarako erasotzaileak?
Orain urte batzuk esaldi bat gehitu nion Arestiren poema honi (Horrela, ez eskerrik asko), eta momentu honetan antzeko zerbait jar dakioke:
Nire aitaren etxea
defendituko dut.
Otsoen kontra,
sikatearen kontra,
lukurreriaren kontra,
justiziaren kontra,
defenditu
eginen dut
nire aitaren etxea.
Galduko ditut
aziendak,
soloak,
pinudiak;
galduko ditut
korrituak,
errentak,
interesak,
baina nire aitaren etxea defendituko dut.
Harmak kenduko dizkidate,
eta eskuarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
eskuak ebakiko dizkidate,
eta besoarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
besorik gabe,
sorbaldik gabe,
bularrik gabe
utziko naute,
eta arimarekin defendituko dut
nire aitaren etxea.
Ni hilen naiz,
nire arima galduko da,
nire askazia galduko da,
baina nire aitaren etxeak
iraunen du
zutik.
Armekin eta hilketekin ez, eskuarekin, besoarekin, arimarekin, hitzarekin !
EiTBk eskuko telefonora spameatu nau
Inoiz ETBren programaren batera SMSren bat edo bidaliko nuen, badakizue 7711ra PELOTA GORRIA edo horrelakoak. Ba gaur jada bi mezu jaso ditut EiTBtik, hortik eduki behar dute nire eskuko telefono zenbakia, nondik bestela?
Zera diote mezuek:
ETAk su-etena hautsi du. EiTBren alerten bidez, berehala jasoko zenukeen berria zure sakelakoan. Bidali "alta berria" 5512ra. Alerta bakoitzekoa 0.20+BEZ
Nik ez diet nire telefonoa erabiltzeko baimenik eman...
