Mikel Larreategiren bloga
San Andresak ondo pasatzeko bi aurkezpen
San Andres bezpera izan zen atzo eta gaur San Andres eguna. Jaieguna Eibarren.
Atzo eta gaur partehartze zuzena izan dudan bi webgune aurkeztu dira. Unibertsitatea.net eta Goiena.net
Biak Plone edukiak kudeatzeko sistemarekin eginak Zope plataformaren gainean. Ez dira izan lanean egin ditugun lehenengo Ploneak (aurretik publikoak dira Dantzan.com eta Mondragon Unibertsitatea ), baina hauek izan dira nolabait Ploneren tripak ikasteko baliogarri izan zaizkidan biak.
Ploneren trukoak ikasi, eduki mota berriak sortu, produktuak sortu, DTML baztertu eta ZPT idatzi, eta garrantzitsua izan den beste alderdi bat ere bai: kode guztia fitxategi sisteman idatzi eta SVN zerbitzari batekin sinkronizatuta eduki. Zope3 eta CMF/Plone munduan lan egiteko era zein den ikasteko ere balio izan didate proiektu hauek. Eta benetan esan behar dut ondo daudela nahiz eta bere gauzak izan.
Proiektu eta lan bakoitza bere horretan aztertu behar da eta dituen ezaugarriei erreparatu erabili beharreko plataforma zein den erabakitzeko. Ploneren aldeko apustua egin dugu eduki kudeatzaile sistemak behar dituzten proiektuetarako eta tresna oso ahaltsua da benetan milaka produktu ezberdin dituena.
Laster hasiko naiz proiektu hauetan ikasitakoetaz idazten. Ikasi ditudanak norbaiti baliogarri bazaizkio erabil ditzan.
Karguan pisua
Aurtengo urtarrilean Eibarko Klub Deportiboaren presidente izendatu ninduten. Orduandik ez dut lehen egiten ez nuenik egin eta, adibidez, lehen bezala xakean egiten jarraitzen dut (lehen baino gehiago gainera), ostiraletan taldekideekin batera arratsaldez Deporren bertan biltzen naiz, eta larunbat edo igandetako txapelketetan ere parte hartzen dut.
Baina noizean behin, karguarekin batera datozen ekitaldi batzuetan parte hartzea ere tokatzen zait, eta hori izan da gaurko kasua. Juan San Martin , beste gauza batzuen artean Deporreko presidente izan zena, Eibarko seme kuttun izendatu du Eibarko Udalak eta izendapena babestuz txostena aurkeztu genuenez, han izan naiz, udaleko pleno aretoan, beste pertsonai batzuen inguruan.
Karguarekin batera datozen hauek hartu egin behar dira eta horrelakoetara joan. Ez da lehena izan eta ez da azkena izango, ziur nago. Datorren abenduaren 16an Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako jardunaldi batzuetan ere hartu behar dut parte "mandatari gazteak klubetan", izenburupeko ordu erdiko hitzaldia eman behar dut.
Beste pare bat hilabetez kotxea garajean sartu ezinda
Gaur egin du Udaletxeko ingeniariak Urkizuko dorreetan garajea dugunokin, bertako obrak direla eta, bilera bat.
Atzeratu egin direla, goiko hormetako obrak eta beheko saneamendu obrak batera egiten ari direla bi aldiz ez ixteko eta bla bla bla. Abuztuaren 1ean hasteko ziren, 18an hasi eta gero astebetez harri piloa utzi, eta irailaren bukaerarako bukatuta behar ziren obrak, gabonak ingururako amaitzea espero dute. Eta bitartean gu kotxea kalean aparkatu ezinda (besteak beste Barrena kalean beste 6 bat aparkaleku kendu dituztelako joan zen astean geldi egon ziren obra batzuengatik) edo Torrenteren lagunen multak jasotzen (orain bai bere lana ondo betetzen), Karmen kaleko espaloian edo Barakaldon.
Gainera gure garajeetarako oinezkoen sarrera, "gure segurtasunagatik" itxi egin dute. Bileran ingeniariari zera aurpegiratu dio gure alboko garajearen jabeak: "Ez esan segurtasunagatik dela, goiko hormako balla jartzen inolako lotura eta soka barik langileak ikusi ditugu eta. Eta horren testiguak ditut".
Hemendik dei egiten diot Urkizuko dorreetan bizi den irakurleari, argazki kamara digital bat badu langile horien "segurtasun baldintzak" ziurtatzen dituen argazki pare bat hartu eta neri bidaltzeko (utzi mezu bat erantzunetan edo erabili kontaktu formularioa ), gure segurtasunagatik hainbeste larritu beharrean, bertan ari diren langileen segurtasunagatik ardura daitezen. Nahiz eta horrek obrak beste hilabetez atzeratzea ekarri.
