Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Atalak

Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Periferiatik, erral

Mikel Larreategiren bloga

Fuentes lehendakari

Mikel Larreategi 2005/06/30 22:43

Ba hori, 31297 botorekin Fuentes izan da Errealeko hauteskudeetan boto gehien jaso duen hautagaia.

Hau Eibarren "Iturri" zen baina euskara asko ez du egin. Hori bai, estradura igotzean euskaraz hitz egin duen bakarra.

Zorte on !!

Europython 2005 (2. eguna)

Mikel Larreategi 2005/06/28 16:41

Ufff, gaurkoa egun luzetxoa izan da.

Goizean goiz, gogor hasteko Python eta Excel lotzeko modua erakutsi digu frantses batek. Win32 modulua erabiliz, Excel erabili daiteke berarekin nahi dena egiteko. Hala ere berak beste modulu bat garatu du horren gainean, salbuespenen kudeaketa eta sinpletzeko. Guztia COM objektuen erabilerarekin egin du.

Cherrypy ere erakutsi digute, Python puruan webguneak garatzeko frameworka. Bistazo bat ematea merezi du.

Goizeko bigarren saioan, Zope etorkizuna izango de Zope 3ri buruz aritu dira. Bueno, ez zehazki. Ondo esateko Five produktuari buruz aritu dira: Zope 3ko teknologiak gaur egungo Zope 2n erabiltzeko gaitasuna ematen duen tresnari buruz. Ondoren Five eta Zope 3ren gaineko azalpen teknikoagoa eman du Philipp von Weitershausen izeneko tipo batek, Zope3ren garatzaileetako batek. Liburu bat ere idatzi du tipo honek. Zope 3n sartzeko lehenengo pausua dirudi.

Bazkalostean Plone4Artists aurkeztu digute. Ikusgarria benetan.

Gero Zoperen oraingo guruetako batzuk eztabaida izan dute: CMFkoa, Nuxeokoa, Infraekoa (Silva), lehen aipatutako Philipp von Weitershausen-ek, Canonical-eko tipo batek eta Ploneko beste batek. Zope3ren eta eurek garatzen dituzten CMSen ingurukoak izan dituzte mintzagai. Jarraitzeko oso zaila izan da.

Oharra: hurrengo EuroPython-erako bidaia prestatu aurretik gutxienez hilabetean gure artean ingelesez hitz egitera ohitu behar gara. Behintzat entzutera bat. Ufff, oso zaila egiten zait askoren hitzaldiak goitik behera eta zehatz mehatz ulertzea.

Please Maite, speak to me in English ;)

Europython 2005 (1go eguna)

Mikel Larreategi 2005/06/27 13:37

Bueno, bueno. Bruselasko aireportuan orduak eta orduak egin eta gero, igande gauean heldu ginan Göteborg-era. Gaueko 23:00tan oraindik egun argi zegoen, eta gaur goizaldeko 4:30ak inguruan ere eguna argituta zegoen, asique atera kontuak.

Bruselasko aireportuan ondo anuntziatuta zegoen Wirelessa zegoela, irudian ikusten den moduan, baina ordaindu egin behar zen erabiltzekoa. Ordua 10 €an.

P2250016

Hitzaldiak-eta momentuz ondo. Lehenengo hitzaldietan belarria oraindik ohitu gabe geneukan eta bueno, itzultzaile baten falta nabari dugu :)

Ea arratsaldean argazki batzuk egin eta jasotzeko modurik daukagun.

Portzierto, hemen modan dagoena ez da linux: mundu guztia Mac portatilekin dabil. Askoz geekago gelditzen da :)

Xakearen Legeak (III)

Mikel Larreategi 2005/06/23 21:00

Legeen 4. artikuluak, jokaldiak nola egin behar diren esaten digu. Jokaldi guztiak esku bakarrarekin egin behar da. Inoiz xake jokalariak partida azkarrak jokatzen ikusi badituzue (eta horrela ez bada uztailaren 2an aukera Eibarren), askok bi eskuak erabiltzen dituztela ikusiko zenuten. Batez ere endrokea egiterakoan, eta baita piezak jaterakoan ere, esku batekin pieza bat eta bestearekin bestea mugitzen dituzte.

Bestalde, askotan erabiltzen da Pieza tocada, pieza movida esaldia. Ba bai. Ikututakoa mugitu egin behar da. Hainbat pieza ikutuz gero, ikututako lehenengoa mugitu behar da. Ikututako pieza gure aurkariarena bada, aldiz, pieza hori jan edo harrapatu egin behar dugu derrigorrez. Hori bai, pieza bat ikutzean, pieza hori mugitzea (edo harrapatzea aurkariarena ikutu badugu) ezinezkoa bada, beste edozein mugimendu egin dezakegu. Legeek ezin gaituzte inola ere egin ezin den jokaldi bat egitera behartu.

Aurreko arauaren gehigarri gisa, Pieza en mesa, pesa dioen esaldia ere badago. Pieza bat lauki baten askatu badugu, akabo, ezin dugu besterik egin, beti ere jokaldi hori legala bada. Hala ez bada, atzera jo dezakegu. Kontuan izan arau hau ez dela horrela txapelketetan. Txapelketetan erloju bat egoten da, eta erloju hori sakatzean, atzera joteko aukera galtzen dugu. Erlojuaren nola jokatzen den aurrerago azalduko dut, Legeetan horrela baitator.

Bostgarren artikuluak partida noiz bukatzen den diosku. Partida bi eratara buka daiteke: jokalari bietako batek irabazita, edo berdinketan. Jokalari batek partida irabazteko, edo aurkariaren erregeari xake mate eman behar dio, hau da, pieza batekin aurkariaren erregea erasopean jarri eta erregeak mugimendurik ez izatea da. Beste aukera, aurkariak partida uzten duela esatea da.

Partida berdinketan bost arrazoirengatik buka daiteke:

1- Mugitzea tokatzen zaion jokalariak jokaldi legalik egin ahal ez izatea eta xakean ez egotea (bere erregea erasopean ez egotea). Posizio honetan erregea itota dagoela esaten da.

2- Materik eman ezin daitekeen posizio batera heltzea. Kasu honi posizio hila deritzo.

3- Partidan zehar bi jokalariek horrela adostu dutelako.

4- Partidan zehar posizio bera 3 aldiz errepikatu delako (erreklamazioa ondo egiten bada, aurrerago azalduko dut).

5- Partidan zehar jokalari bakoitzak 50 jokaldi egiten baditu bietako iñork pieza bat jan gabe edo peoi bat mugitu gabe (erreklamazioa ondo egiten bada, aurrerago azalduko dut).

Aurreko kasu guztietan (partida batek irabazi edo berdinketarekin amaitzean), partida posizio hori lortzeaz bat bukatzen da. Honek berebiziko garrantzia du txapelketetan, erlojuarekin jokatzean, denbora agortzean ere partida bukatzen delako. Kasu hauetan oso garrantzitsua izaten da lehenago zer gertatu den jakitea, partidaren emaitza ezberdina izan baitaiteke. Baina hau, erlojuari dagokion atalean azalduko dut. Hurrengo artikuluan, hain zuzen ere.

Meme musikala

Mikel Larreategi 2005/06/10 16:09

Etiam-en eskutik jasotako memea jarraituko dut bada.

Portzierto Etiam, ez duzu jarraitu memearen formatua, begiratu bestela nire mezua edo Teknosexuarena

Testigua nork eman didan

Etiamek ekainaren 10ean.

Nire ordenagailuan dauzkadan musika artxiboen tamaina

Guztira 3 GB inguru, %99a MP3 formatuan. Hala ere beste hainbat CD ditut MP3ra pasatu barik. Orain dela pare bat edo hiru urte modemaren garaietan AudioGalaxy eta Napster-etik jeitsitako hainbat eta hainbat MP3 galdu zitzaizkidan diskoko errore baten erruz, ez dakit zenbat musica egongo zen, baina pare bat giga egongo zen.

Erosi dudan azkeneko diska

Sekula ez naiz izan musika erosi zalea, baina Kokein-en Lotuta egon arren izan zen azkena.

Sarri entzuten ditudan edo niretzat esanahi berezia duten 5 kantu

  • Michael Jackson-en Heal the World. Ingelesez ganoraz ikasi nuen lehenengo abestia. Ikastolan Elena ingeleseko irakaslearen eskutik ikasi nuena.

Zein 5 pertsonari pasatzen diedan testigua

SciTE testu editorea euskaraz

Mikel Larreategi 2005/06/07 20:57

Joan zen astean Sustatun iragarri zuten 3Arrano elkarteko lagunek SciTE testu editorea euskaratu zutela. Gainera, garu bertan argitaratu dute 1.64 bertsio berria (oraindik instaladore gabe).

Egia esan, aurrerago ere saiatu nintzen SciTE erabiltzen, baina alperkeriagatik-edo, Editplus erabiltzen jarraitu nuen. Seguru aski faltako zaizkio gauzak SciTE honi, baina lehen begiradan programa arina dirudi.

Edozein modutan, arazotxo bat aurkitu nion: ezin nuen TXT fitxategiak, edo beste edozein fitxategi, irekitzeko programa lehenetsi gisa ezarri. 3Arranokoen eztabaidagunean bota nuen galdera, baina erantzuna agian bertsio berritzearekin konponduko zela izan zen. Horrekin ez nuen konpondu, eta pixkat inbestigatuz arazoa nola konpondu deskubritu eta foroan bertan argitaratu dut eta, nola ez, baita hemen ere, hor doa:

Nahiz eta bertsio berria instalatu ezin nuen TXT fitxategia SciTE erabiliz irekitzera lehenetsi. Hala ere, atzo komando lerrotik irekitzeko proba batzuk egiten aritu nintzen eta orduan errepikatu zitzaidan gauza bat gertatu zait, zuk diozun bezala Tresnak->Fitxategi-aukerak->Fitxategi motak leihotik SciTE lehenesten saiatzean:

Fitxategian klik bikoitza eginez gero 4 fitxategi irekitzen dizkit: Documents, and, Settings, eta nik nahi dudana. Hori, fitxategiaren bidean espaziodun izena duten karpetak daudelako da, hori dela eta horrela egin dut TXTak SciTErekin ondo irekitzeko:

Ireki windowseko esploratzailearekin karpeta bat (berdin da zein), joan Tresnak->Kapeta-aukerak menura. Han Fitxategi-Motak fitxa aukeratu, eta agertzen den zerrendan TXT fitxategia. Behean dagoen Aurreratua, botoia sakatu. Leiho berrian, fitxategiarekin egin daitezkeenak agertzen dira, aukeratu open eta sakatu Editatu botoia. Arakatu botoiaren bidez, bilatu zure SciTE.exe fitxategia (normalean C:\Archivos de programa\SciTE\SciTE.exe izango da), behin aukeratuta, koadrotxoan horrelako zerbait ikusiko dugu:

"C:\Archivos de programa\SciTE\SciTE.exe"

Horren ondoren "%1" idatzi, komatxo eta guzti. %1 horrek, parametro gisa pasatako fitxategiaren izena gordetzen du, eta komatxo artean jarriz gero, guztia fitxategi izen bat balitz bezala hartzen du eta SciTEk ongi irekitzen du.

Loreak malko artean (IV)

Mikel Larreategi 2005/06/01 22:46

Pi-pi-pi-pi-pi-pi-pi! Ordenagaila da. E-mail bat jaso berri dut. Annie da! Bazekin atzo etorriko nintzela eta gaur tea hartzera joan nahi du nirekin. Zein originalak diren ingeles hauek! Erantzuna bidaliko diot: "Zer moduz lau eta erdietan Kensal Green geltokian? Hantxe izango naiz. Muxu bat."

Lau eta erdiak dira eta Annieren zain nago. Eskuineko aldetik dator eta abiada bizian joan naiz berarengana besarkada bat ematera. Hilabetez elkar ikusi gabe dauden bi pertsonek egiten dituzten galdera guztien ondoan, hiri erdirantz abiatu gara ditxosozko te hori hartzera. Hyde Park ingurura joatea erabaki dugu, horretarako metroa hartuko dugu Oxford Circus-eraino.

Jendea erosketetatik datorrela ikus dezakegu trenean, poltsa bete jaki. Gogorra izan behar du bi pertsona baino gehiagoko familietako etxeko andreentzat erosketak egitea, etxeko lanak egitea, bakaria prestatzea, ... Zein ongi bizi naizen bakarrik !! Baina ez nintzateke hain gaizki biziko Annie nirekin balego. Geltokitik irten eta dendaz betetako kale zabal honetan zehar abiatu gara Annie eta biok. Pozik gaude berriz elkarrekin gaudelako baina laster utziko diogu hainbeste aldiz elkar ikusteari, etzi bertan hasiko baikara lanean. Orduan itzuliko gara monotoniara. Hyde Park-era iritsi baino lehenxeago, saltzaile batzuk daude kalean, margolan poli askoak dituzte salgai. Txakurrak, paisaiak, lorak, karikaturak eta Londongo monumentu eta eraikin ikusgarriak beste gauza batzuen artan. Anniek Big-Ben-a agertzen duen koadro bat erosi du bere gelan jartzeko.

Parkeko zelaietan zehar paseatzeko asmoa daukagu eta hor gaoz belarretan zehar, negakuko bagina lurrean esertzeko asmoarekin. gure gazuez hitz egiten hasi gara eta oporrak nola pasatu ditudan galdetu dit. Nire erantzuna horrelako kasuetan ematen dena izan da, "Ondo, badakizu, familiaren nagoenean ondo ibiltzen naiz". Bera ere ondo ibili omen da. Eskozian zehar ibili dela esan dit, besteak beste Ness lakuko munstroa ikusteng. Ikaragarri handia omen da. Galesen ere egon da hango herrixka polit xarmantak ikusten eta mendian zehar bizikletaz ibiltzen. Datorren urtean euskal Herrira nirekin eramango dudala agindu diot. Ea biok batera ditugun oporrak eta betetzen den!

(Jarraituko du)

Oharra: ipuin hau Eibarko Udalak aurkeztutako lehiaketa batera aurkeztu nuen eta suposatzen dut "Eskubide guztiak erreserbatu"ko zituela, ondorioz ez dira aplikagarriak ipuin honentzat Creative Commons lizentziak zehazten dituen puntuak.

Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut, eta 2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidentea naiz. Xakeak eta Klub Deportiboak, horretxek jaten dit nire denbora.

Twitterren