Mikel Larreategiren bloga
Gipuzkoako Foru Aldundia oker dabil: lehen blogak DVn? Ja !
Hainbat blogariren izenean Joxe Arantzabal-ek sinatuta bidali dugun gutuna da hau. Donostiarzentrismo eta DVzentrismoaren ispilu bat gehiago.
Teknosexuak gomendatu bezala , Diputacion de Gipuzkoa
Gipuzkoako Foru Aldundia oker dabil
Apirilaren hondarrean Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bat egin zuen El Diario Vasco egunkariarekin, blog lehiaketa bat antolatzeko. Ez zituen aintzat hartu ordura arte Gipuzkoan bertan blogintzan egindako ahalegin oparoak, eta DV-rekin ezkondu zen. Historia faltseatzera ere heldu da, gainera.
Nork bere ezkontideak hautatzen ditu, eta blogean aipatzen den bezala Gipuzkoako Foru Aldundiak eskubide osoa du berea aukeratzeko. Hautuak, ordea, sortu zituen protesta batzuk, adibidez: Blog&roll lehiaketa printzipioz gaztelania hutsez izan behar zelako; edo saritzea nahi zutelako blog onena, baina horretarako ezinbestekoa zelako blog hori Diariovasco.com-en egitea; edo, oro har, aitzindarien lana kontuan hartzen ez zelako.
Okerrena, baina, orain dator: Gipuzkoako Foru Aldundiaren organo ofiziala hasi da hainbat informazio banatzen, eta hor aldatu egiten da euskal blogintzaren historia, DV-ri emateko ez daukan aitzindaritza. Eta hori ez diogu onartuko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du E-gobernua eta hiritarren parte-hartzea, jardunaldi batzuk, non gonbidatu dituen Europa Press-eko ordezkari bat, eta beste bat DV-koa, teknologia berriez hitz egiteko. Eta DV-ren ordezkaria aurkezterakoan, hauxe dio:
Diariovasco.com fue el primer medio digital en incorporar foros de discusión sin pre-moderación, y ha sido también el primero en poner a disposición de sus usuarios un servicio de blogs.
Blogei dagokienez, hori ez da egia
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta DV-k badakite Euskal Herrian lehen bloga, Sustatu.com, 2001ean kaleratu zela, CodeSyntax (Eibar) eta Goiena (Debagoiena) enpresek sortua. Lehen blog zerbitzua Eibar.org erakundeak sortu zuela 2004ko uztailean. 2005eko otsailaren 22an aurkeztu zuela Goiena.net-ek blog komunitatea Koldo Mitxelena kultura gunean, Donostian. Eta gero etorri zela DV bere blog zerbitzuekin. Baina , hor egon liteke aitortu gabeko koska Gipuzkoako Diputazioarentzat, blog horiek guztiak euskaraz daudelako. Horiek ez ezik, beste asko ere, 170 blogetik gora, euskaraz daude, eta Aurki.com albiste biltzaileak jasotzen ditu uneoro.
Berritasuna goiena.net?
Bada beste jokabide ez egoki bat egin duena Gipuzkoako Diputazioak eta hauxe da: asko gara gaudenak izena emanda e-postazko buletin batera, Gipuzkoa.net atari ofizialean zer dagoen berri jasotzeko. Oraingo astean etorri denak, konpentsatzeko-edo, berritasunetan zekarren lotura bat: Goiena.net. Berritasuna, non eta 2003ko udazkenetik dabilenean ekimen hau sarean!. Nola hartuko gaituzte kontuan Deba ibarrean, San Vicente de la Barqueraren parean... Horientzat Gipuzkoa hasten da DV-ko orrietan eta amaitzen da Igara-Ibaeta inguruan.
Errespetua
Gipuzkoako Foru Aldundiak aukeratzea dauka nahi dituen aliatuak, baina, mesedez, ez dezala historia faltseatu eta izan dezala errespetu apur bat punta-puntako teknologia erabiliz euskarazko ekimen berriak bultzatzen dihardutenekiko.
Joxe Aranzabal, Eibar.Org eta Goiena.Net komunitateetako 30 blogariren izenean
Diputapena
Donostiarzentrismoaren beste puntu bat, asteburuan Gasteizen jokatuko diren Euskadiko Eskolarteko txapelketetara joateko autobusa da. Diputapenaren autobusa, Irundik irten eta Errenteria, Donostia, Tolosa eta Beasaindik barrena joango da Gasteizera. Beste guztiak nola joan berdin da. Gurasoekin badoaz ez du inork bidairik ordaintzen, taxian joanez gero bat. Inork ulertzen al du? Ez ba...
OinOharra: Diputapena orain urte asko entzun nuen telebistan. Xabier Otaegi eta Jose Ignazio Ansorena (Txirri eta Mirri edo Xabier eta Piter) baserritar kaletartatuarena egiten irteten ziren progama baten, kapa lila bat jantzita eta han esan zuten hitza, "euskaraz ez da Diputazioa esan behar, hori erderaz bezala da Diputacion, euskaraz Diputapena esan behar da". Kasu honetan behintzat guztiz aplikagarria da terminoa...
PS: Eibar.ORG-en aurrekarietan ere aurki daiteke Diputapena...
Xakearen Legeak (II)
Xakearen Legeek, kirol guztietan lez, xakea bera arautzen dute, baina beste kirol batzuetan gertatzen ez den moduan, gauza asko epailearen iritzira uzten dituzte.
Horretan guztiz garrantzitsua da Legeen Hitzaurrea, lehengoan esan nuen bezala bertan onartzen baitu Legeek ezin dituztela gerta daitezkeen gaua guztiak zehazki azaldu. Hauxe izaten da askotan eskatzen den epaileen arteko iritzi bateratzea gauzatzeko puntuetako bat, Legeek gure esku uzten dituzten puntuak argitzea, egoera horietan egitekoaz ados jartzeko.
Xakearen helburua, aurkariaren erregea erasopean jartzea da, aurkaria mugimendu gabe utziz. Hori lortzen duenak, aurkariari mate eman diola esan ohi da. Kontuan izan behar da debekatuta dagoela aurkariaren erregea harrapatzea.
Piezak izendatzeko bi forma erabiltzen dira euskaraz, alde batetik Euskaltzaindiak onartutakoa (eta Xake Zakurtzarrari bidejokoan erabili zena) eta Gipuzkoako hainbat jokalarik erabiltzen dutena bestetik. Lehenengoan piezak Erregea, Dama, Gaztelua, Alfila, Zalduna eta Peoia dira, bigarrenean aldiz, Erregea, Anderea, Dorrea, Gudaria, Zalduna eta Oinezkoa.
- Ez noa pieza guztien mugimenduak azaltzera, kuriosoena dena azaltzera baizik. Ba al dakizue zein den zaldunaren mugimenduaren definizio ofiziala?
- 3.6. Zalduna, hurbilen duen, baina bere errenkada, zutabe edo diagonalean ez dagoen lauki batera mugitu daiteke.
Xakearen Legeak (I)
Post honekin Xakearen Legeen inguruko artikulu sorta bati hasiera eman nahi diot. Askok eta askok harrituta begiratzen gaituzte Xakeak bere Legeak edo Arauak dituela esatean, eta horretarako epaileak behar direla esatean. Beno, beno, mundu guztiak daki piezak nola mugitu, ez da epailerik behar. Oker dago bada hori duen jendea.
Nahiz eta xakean jokatzeko oinarrizko arauak oso errazak izan, txapelketetako arauak betearazi behar ditugu epaileok. Eta arau horiek Xakearen Legeetan datoz idatzita: partidetako erlojua nola erabili, zer egin egin ezin diren jokaldiak egitean, nola eskatu behar den berdinketa, nola jokatzen diren ordu laurden baino gutxiagoko partidak, nola jokatu itsuekin, ... Hori dela eta Xakearen Legeen inguruko artikulu sorta bat idaztea okurritu zait, horrela datorren uztailaren 1ean indarrean sartuko diren Lege berrien azalpena emateko.
Kontuan izan beraz hemen azalduko dudana uztailaren 1etik aurrera sartuko dela indarrean, eta gerta daitekeela orain indarrean dauden legeekin ezadostasunak izatea.
Hasteko Legeei buruz idatziko dut. Xakearen Legeak Nazioarteko Xake Federakuntzak (FIDE) onartzen ditu 4 urtetik behin, eta bere esku dago Legeak sortu, aldatu, errebisatu eta beren inguruko interpretazioak egitea, horretarako dauka FIDEk Legeen eta Txapelketetako Arauen Batzordea.
Xakearen Legeak hiru atal nagusitan banatuta daude: Hitzaurrea, Jokuaren arauak eta Txapelketako arauak. Atal hauetaz gain, beste seit atal gehigarri dituzte Legeek, Partidak beste baterako lagatzea, Joku bizkorrerako arauak, Joku oso bizkorrerako arauak, Epailerik gabeko partidarako arauak, Partidak apuntatzeko sistema eta Itsu edo ezindu bisualekin jokatzeko arauak.
Hitzaurrea
Legeen izpiritua eta epaileen jokabidea nolakoak izan behar diren azaltzen du atal honetan. Oso garrantzitsua da hitzaurrea epaileontzat, bertan jartzen baitu "Xakearen Legeek ezin dituzte partida baten gerta daitezkeen arazo edo gertakari guztiak kontuan hartu, ezin dituzte ezta ere, arazo administratibo guztiak arautu. Zehazki arautu gabeko kasuetan, Legeetan aurrikusitako antzeko kasuak aztertuz erabaki zuzena hartzea posible izan behar litzateke. (...) Arautegi zehatzegiak, epaileari bere iritzi eta kriterioa izatea ekidin diezaioke, horrela berdintasun, logika eta egoera berezien azterketa kontuan hartu gabe erabaki okerra hartzera bultzatu."
Jokuaren arauak
Atal honetan xakearen helburua zein den azaltzen da, hau da, aurkariaren erregea erasopean ipintzea eta honek eraso hori ezin ekiditea, eta helburu hori nola gauzatu azaltzen du. Hau da, partida noiz irabazten den, noiz galtzen den, piezak nola mugitu, nola kokatu xake taula, nola kokatu behar diren piezak taula gainean, partida noiz amaitzen den, ...
Txapelketako arauak
Txapelketak lagunarteko partida arrunt bat baino konplexuagoak dira, erloju batekin jokatzen direlako. Piezak mugitzeaz gain, jokalariek erlojua ere kontuan hartu behar dute, arauen arabera denbora jakin bat izango baitute beren jokaldiak egiteko. Atal honetan azaltzen da nola jokatu behar den erlojuarekin, zer egin jokalari bati denbora agortzen zaionean, zer egin jokalari baten jokaldi ilegal bat egiten duenean, jokalariek partida apuntatzeko duten derrigortasuna ere hemen zehazten da. Partida berdinetan amaitzen deneko bi kasu azaltzen dira hemen, posizio bat hiru aldiz errepikatzea eta 50 jokaldi peoirik mugitu edo piezarik jan gabe egitea. Atal honen barnean gelditzen dira halaber, jokalarien jokamoldea eta epailearen lanari buruzko atalak.
Partidak beste baterako uztea
Gaur egun ez da atal hau erabili beharrik izaten, partida luzeenak ere sei ordu baino motzagoak izan ohi dira eta. Baina orain dela urte batzuk, asko erabiltzen zen atal hau. Bertan azaltzen da nolakoa den partida bat beste baterako utzi behar denean jarraitu behar den prozesu adminsitratibo osoa.
Partida bizkorretarako arauak
Atal gehigarri honetan, 15 eta 60 minutu arteko partidetarako arau zehatzak azaltzen dira.
Partida oso bizkorretarako arauak
Atal honetan 15 minutu baino gutxiagoko partidetan jarraitu beharreko arauak zehazten dira.
Partida apuntatzeko sistema
Atal honetan partidak apuntatzeko Sistema Algebraikoa deritzona azaltzen da.
Itsu eta ezindu bisualekin jokatzeko arauak
Itsu zein ezindu bisualekin jokatzea ez da partida arrunt bat jokatzea bezalakoa, jokalari hauek taulako piezak ikutu ditzaketelako. Horretarako beste xake taula bat erabili behar da, eta ondorioz arau bereziak eskatzen ditu horrek.
Ikusten duzuenez, Xakearen Legeak ez dira hain sinpleak. Inork arau hauek lortu nahi baditu Espainiako Xake Federakuntzaren orrialdean eskuratu ditzake gaztelaniaz PDF formatuan gaur indarrean daudenak eta uztailean indarrean sartuko direnak
Izarretako gerra: Sith-en mendekua edo bigarren trilogiaren bukaera

A long time ago, in a galaxy far, far away...
Aste honetan bertan, maiatzaren 19an zehazki esateko, estreinatuko da jendaurren Izarretako Gerra filme ospetsuaren 3. atala, Sith-en mendekua izenekoa.
Istorio guzti honen hasiera 1977an kokatu dezakegu, George Lucas-ek Galaxietako Gerra: itxaropen berria izenburupean Indarraren alde on eta txarraren arteko borroka zinemaratu zuenean. Orduandik asko idatzi eta esan da filme hauei buruz, eta jende askorentzat kultuko filmeak izan dira George Lucasek sortu dituenak. Aipatutakoaren ostean etorri zen Inperioaren kontraerasoa eta Jediaren itzulera. 90. hamarkadaren bukaerararte itxaron behar izan zuten Lucasen jarraitzaileek, filme segida honen lehenengo atala ikusteko: The Phantom Menace eta 2002. urtera arte Klonen erasoa ikusteko.
Egia esateko ez naiz izan filme hauen fan bat inola ere. Beti izan dut gogoa filme hauek ikusteko, batez ere inguruko jendeak oso ondo hitz egin didalako euretaz. Horrela bada, eta eMandoaren laguntzaz lortu ditut filmeak eta datorren osteguneko estreinaldirako prest nago. Lasai, ez nauzue zineko ilaran Darth Vader edo Chewbacca-z jantzita ikusiko, baina ikusiko dut bai filma, ostiralean seguru aski, eta filme segida honen fan freak batzuen laguntzaz noski.
Star Warsi buruz gehiago jakiteko Wikipedia kontsultatzea aholkatzen dizuet. Beno, eta filma 7 aldiz ikusi duen freak baten ondoan esertzea, berak azalduko dizu-eta istorio guztia goitik behera :)
Ba al zenekiten HegoAmeriketan filme hau azpititulatuta ikusi izan dutela urte askoan zehar eta R2-D2 robotari Arturito deitzen ziotela? Inoiz ez zara gauza bat gehiago jakin gabe oheratuko ;)
Eguneraketa: freak baten laguntzarik ez baduzu El Mundo egunkariaren pertsonaien arteko erlazioak ezagutzeko grafiko interaktiboa ikus dezakezu.
2. eguneraketa: Izarretako gudako filme guztietan zehar paseotxoa Txarroalderen Tabloidearen eskutik
3. Eguneraketa: ElMundoren beste animazio bat
