Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Atalak

Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Periferiatik, erral

Mikel Larreategiren bloga

Xake Olinpiada Calvian - Amaiera ekitaldia

Mikel Larreategi 2004/10/30 22:50

Ukrania gizonezkoetan eta Txina emakumezkoetan, izan dira Olinpiada honetako garaileak. Goiko irudi horretan dituzue gaurko itxiera ekitaldian ateratako argazkiak.

Ekitaldi aspergarria izan da, era sinpleagoan eginez askoz hobeto geldituko litzatekeena.

Balorazio orokor gisa 7 bat emango diot Olinpiadari, baina egongo da balorazio zehatzagoak emateko aukera. Aspektu asko baitaude komentatzeko.

Azkenean ez da egon Euskal Epaileon argazkirik, nahiz eta nik nahi izan, ezin izan dut jendea bildu, egia esan saio handirik ere ez dut egin, baina guztiak argazkiren baten agertzen dira eta guztiekin fotomontajeren bat egin beharko dut Photoshop-en laguntzaz.

Xake Olinpiada Calvian - 14 txanda

Mikel Larreategi 2004/10/30 13:10

Maia Chiburdanidze Georgiako emakumeen taldeko lehenengo mahaiko jokalaria. Beste jokalariek erabiltzen duten aulkien guztiz ezberdina erabiltzen du. Arbitros de ajedrez webguneko kroniketako batean ikusi daiteke aulkiaren argazkia.

Xake Olinpiada Calvian - 13 txanda

Mikel Larreategi 2004/10/28 21:43

Irudian 13 urteko Magnus Carlsen Maisu Handi noruegarra ikus dezakegu. Hain gaztea izan arren, bere taldeko lehenengo mahaian jokatzen du eta bere biografia ere argitaratu dute: Wonderboy. How Magnus Carlsen became the youngest chess Grandmaster in the world bere entrentzaile Simen Agdestein-ek idatzia.

Gaur lehenengo mahaian gertatu dena Nazioarteko Open gehienetan ikusten duguna izan da: "Maisu Handien taulak". Ordu erdiren buruan bukatu dituzte partidak Ukrania eta Georgiako taldeek.

Malta is a joke

Badirudi orain dela urte asko, turkiarrek itsasontzi bat bidali zutela Mediterraniar Itsasora bidaiariek aipatzen zuten Malta izeneko toki baten bila. Han ibili omen ziren asteak eta asteak Maltaren bila, eta ez zuten aurkitu. Afrikaraino ere iritsi omen ziren ditxosozko irlaren bila, baina arrastorik ez. Turkiara misioaren porrotaren berri eman zutenean, ondoko mezu hau bidali zuten: "Malta is a joke", "Malta txantxa bat da".

Hori da atzo joku gelan gertatu zena. Pare bat epaile Maltako jokalarien txartelen bila zebiltzan eta gure inguruko Epaile Senior greziarrak istorio hori kontatu zigun.

Euskaldunon argazkia bihar izango omen da... ez dakit hau ere ez den joke bihurtuko...

Xake Olinpiada Calvian - 12. txanda

Mikel Larreategi 2004/10/28 02:37

Hau amaitzear dago (txanda 2 besterik ez dira falta) eta berriz epaileen aldaketa etorri da. Oraingoan Nerea Mauleon nafarra jaso dute eszenategira eta 10. mahaiko partidak epaituko ditu.

Hemen gaudenetik lehenengo aldiz euria ari du gaur Calviàn. Aurreko egunetan eguzkia egin badu ere, eta gu hondartzan ibili, gaur euria egin du arratsaldean eta atzo hotz egin zuen, batez ere gauean.

Bestalde, bihar euskal epaileon argazki bat egiteko asmoa dut, ea irakurleok ezagutzen gaituzuen.

Xake Olinpiada Calvian - 10. txanda

Mikel Larreategi 2004/10/26 03:02

Argazkian Mikel Zubia eta Nerea Mauleon Nazioarteko Epaile berria ikus ditzakegu. Titulua atzo bertan onartu zioten FIDEren Epaileen Batzordean. Zorionak Nerea !!!

Xake Olinpiada Calvian - 8. txanda

Mikel Larreategi 2004/10/24 02:08

Irudian Ingalaterrako selekzioko 2. mahaiko jokalaria: Jonathan Speelman, argazkia ateratzen ari nintzela kamarara begiratu duen bakarretakoa.

Hoteleko zibergela honetara gero eta jende gehiago etortzen hasita zegoen, eta egia esan, momentu honetan hiru giri ditut aurrean beren garagardo botila eta guzti, eta hori goizeko ordubiak direla !!! Gaueko 11ak inguruan hau beteta egoten da. Egia esateko ideia oso ona izan da hotel guztietan horrelako zibergela bat jartzea, hotel guztietakoak beteta egoten omen dira goizeko ordu txikiak arte.

Xake Olinpiada Calvian - 7. txanda

Mikel Larreategi 2004/10/23 01:49

Galestarren taldeko jokalaria, galesko ikurriña bizkarrean eta irudiko dragoi gorriarekin etortzen da joku aretora. Hirugarren mahaian jokatzen duen jokalaria ere, Galesko ikurriña daraman eskuoihal batekin etorri ohi da jokatzera. Portzierto, badirudi lehenengo mahaikoaren aurkariak kexatu egiten direla, Galesko jokalari horrek oso sakon hartzen duelako arnasa. Batek baino gehiagok Galaxietako Gerrako Darth Veiderekin alderatzen du jokalari hori :)

Xake Olinpiada Calvian - Atseden eguna

Mikel Larreategi 2004/10/21 17:56

Atzoko Bermuda Partyaren ostean, gaur atseden eguna da Olimpiadan. Gure asmoa Mallorca bisitatzea zen baina azkenean, hotelean gaude, Interneteko gelan, jo ta sua lanean ;)

Euskaldunen presentzia ez da epaileen artean geratzen, atzo arte jokatu zen Espainiako Beteranoen Txapelketan, pare bat bizkaitar eta naparrek hartu du parte, eta gaur goizean Mikel Zubiarekin egin dut topo. Afizionatuen txapelketa jokatzera eta Gara-rako kazetari lanak egitera omen dator.

Afizionatuen txapelketa jokatzera etorri den beste jokalari euskaldun bat, Jon Angulo sopelarra da.

Hona zatoztenok, egiguzue bisitatxo bat !!!

Xake Olinpiada Calvian - 5. txanda

Mikel Larreategi 2004/10/19 23:48

Irudikoa Viktor Korchnoi da, 73 urteko jokalaria, hainbat aldiz munduko azpitxapelduna izandakoa. Bere garaian Sobietar Batasunetik alde egin eta orain Suitzako taldekidea dena. Gaur bere partida galdu egin du eta badirudi ez zuela sinisten, eta aparteko mahai batera joan eta partida aztertzen aritu da, burua mugituz ezetz esanez. Aipagarria da jokalari honek duen indarra, oraindik Olinpiadak jokatzen egoteko.

Bestalde, nahiz eta Epaile Nagusiak hala eskatu, oraindik ura ordaintzen jarraitzen dugu eta Espainiar taldeak ez dituzte estradutik jeitsi. Portzierto, bihar 2. mahaian Espainiak Frantziako taldearen aurka jokatzen du.

Xake Olinpiada Calvian - 3. txanda

Mikel Larreategi 2004/10/17 22:34

Gaur ere, atzoko bezala, laguntzaile lanean aritu naiz eta lan handirik ez beraz. Gaur selekzio bitxiak apuntatzen ibili naiz. Adibidez: Jersey eta Guernsey. Inork ba al daki non dauden? Mantxako kanalean dauden irla bi dira, eta bakoitzak selekzio banarekin hartzen du parte olinpiadan !! Erresuma Batuaren ordezkaritzan honako selekzio hauek aurki ditzakegu: Ingalaterra, Gales, Eskozia, Jersey, Gernsey eta Erresuma Batuko Irla Birginak. Gero, Katalunia edo Euskal Herriak selekzio bat izatea eskatzen dutenean, mundu guztia eskandalizatu egiten da.

Antilla Holandarrak, Estatu Batuetako Irla Birginak, Surinam, Fiji, Sri Lanka, imagina ditzakezuen herrialde guztietako taldeak daude; Pakistan, Barbados, Jamaika, Trinidad eta Tobago, Färoe Irlak, Papua Ginea Berria, ...

Euskal ordezkaritza Epaileen Taldean bakarrik dagoen arren, euskal talde bateko, Gros Xake Taldeko, jokalari bi ari dira Olinpiada jokatzen: Roberto Cifuentes, Espainia A selekzioarekin eta irudiko Loek Van Welly Herbereetako selekzioarekin.

Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut, eta 2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidentea naiz. Xakeak eta Klub Deportiboak, horretxek jaten dit nire denbora.

Twitterren