Hemen zaude: Hasiera Blogak Periferiatik, erral Artxiboa 2010 Iraila 22 Ez dut sinisten
Dokumentu Akzioak

Periferiatik, erral

Ez dut sinisten

Barkatu, baina ez. Oraingoan ez. Ez nauzue harrapatuko.

Ba ez, oraingoan ez. Lehenengo aldiz institutuan negoela izan zen 1998an. Orduan Lizarrako euforian barrena bizi izan ziren/ginen euskal abertzaleak. Hainbat gora-beheraren ostean 1999an bertan behera utzi zuen ETAk "baldintzagabeko suetena".

Haren ostean sei urtean zehar, berriz ere bereak egiten aritu zen ETA. Hura hil, bestea txantajeatu, bonbak jarriz eraikinak deuseztu...

2006an berriz beste giro bat etorri zen. Orduan ere "sueten iraunkorra" aldarrikatu zuen ETAk. Badirudi Norvegian lehenengo eta Loiolan ondoren bilerak izan zituztela ETAk eta Espainiako Gobernuak eta PSE, EAJ eta Batasunako ordezkariek. Baina orduan ere, batak besteari errua bota eta ale, dena pikutara. 2007a zen.

Eta orain bi aste berriz. BBCra bideo-komunikatua bidaliz, Youtube bailitzan, berriz ere "eraso ekintzak" eten egin dituela dio. Joan zen astean nazioarteko begiraleekin "hurrengo pausuak aztertzeko prest" agertu zen.

Askok azkenengo esaldi hori erabili dute oraingoan benetan dabiltzala esateko. Aurrekoetan ere ez al zituzten bada horrelakoak esan? Hitzez hitz ez baina "beste aldi batera" pasatzeko garaia zela komunikatu baten baino gehiagotan idatzi zuten. Ez dut oraingoan besteetan baino aukera gehiago dagoela sinesteko modurik. Ezta oraingoan ETA benetan ari dela jakiteko modurik ere. Gogoa bai, baina zergatik sinistu behar dut oraingoan?

Ez dakit zein izango den aberia honen konponbidea. Hasteko ETAk bere jarduera eta ekintxak alde batera utzi behar dituela garbi dut. Hor duzu bada lehenengo pausua esango du norbaitek. Ba ez. Aurrekoetan ere hori eskatu zaio ETAri, egin du, eta gero nahi duena egin du. Bale errua besteek izango dute (irakurri duzue inoiz ETAren komunikatu bat? errua beti besteek dute), bai mundu guztiak beste guztiari botatzen dio guztiaren errua. Oraingo honetan ere berehala hasiko dira errua elkarri botatzen. Gertatuko baita zerbait.

Guzti honek, 1999tik 2010erako eboluzio guzti honek, goi-politikarenganako nuen interesa gutxiagotu besterik ez du egin. Ez dakit, badirudi kontu guzti honek ditugun beste arazo asko alde batera uzten dituela. Ez dagoela beste ezertaz hitz egiterik. Askotan pentsatu izan dut zer gertatuko litzatekeen ETA behin betirako desagertuko balitz. Zertaz hitz egingo lukete gure politikariek? Gero eta interes gutxiago dut kontu guzti honetan. Aurreko baten komentatu nuen bezala nazka sentsazio bat besterik ez dut sentitzen. Interesekoagoa egin zait azkenaldian hurbileko politika, herrikoa bertakoa (hau ere nazkagarria da, baina nire eguneroko bizitzan eragin zuzena du, ETAk baino handiagoa bai behintzat).

Nire abertzale sentimentuan ere eragina izan du guzti honek. Luistxok orain gutxi bere independentismoa nolakoa den erakutsi digu Aukeraren leihoa deitutako artikuluan. Muturreraino eramandako independentismoa. niri azken 10 urtetako ibilbide honek nire nahiak desagertarazi dizkit. Euskal Herri/Euskadi/Herri/Etxe Independente bat? Autonomia bat? Espainia zentralistago bat? Ez dakit. Burua asko nahastu zait 10 urte hauetan. Zer nahi dut? Ez dakit. Agian ETA desagertzen bada, orduan benetan norbaiten benetako proposamenak irakurri eta ulertu ahal izango ditut. Orain berriz, Luistxorena bakarrik ulertzen dut. Besteen proposamenak ba... "prozesuak", "demokratikoak", "mahaiak" eta horrelako hitzez josita besterik ez daude. "Eragile politiko, sindikal eta sozialak" ere askotan erabiltzen dira komunikatu, deklarazio, akordio eta dena delakoetan. Psss, ez dakit deprimituta ez nagoen...

Beraz, egun hauetan kazetariren batek egin duen bezala, Tomasen pasarte famatu hura ekarri nahi dut gogora:

Tomas, Hamabietako bat, Bikia zeritzana, ez zegoen haiekin Jesus etorri zenean. Elkartu zirenean, beste ikasleek esan zioten:
- Jauna ikusi dugu
Tomasek erantzun zien:
- Haren eskuetan iltzeen seinalea ikusten ez badut eta nire atzamarra iltze-zuloetan eta nire eskua haren saihets-zuloan sartzen ez badut, ez dut inola ere sinetsiko.

Joan 20, 24-25

Ez dakit zer izango litzatekeen iltzeen seinalea ikustea edo nire hatzak iltze-zuloetan edo saiets-zuloan sartzea. Baina komunikatu bi baino zerbait gehiago beharko du ETAk niri oraingoa benetakoa dela sinistarazteko.

Benetan, guzti hau aurrekoak bezala ez bukatzea espero dut. Hau da, Zaldieroaren komiki-tira hau egi ez bihurtzea:

3000 urteko suetena

Baina esperantzarik ez dut.

Mikel Larreategi 2010/09/22
Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut, eta 2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidentea naiz. Xakeak eta Klub Deportiboak, horretxek jaten dit nire denbora.

Goiburuko irudia Barcelona da. Orain dela urte batzuk bisitatu nuen hiria eta asko gustatu zitzaidan. Irudia nondik hartu nuen ez dut gogoan (lehen jarrita nuen baina aldatu egin nuen eta berriz itzuli eta galdu egin dut kreditua. Baina haren CC-BY-NC lizentziak dioena jarraituz kreditua ematen diot. 

Azken erantzunak
Zorionak! leire, 2012/03/14
zentzugabekeria Lakun, 2012/02/17
halaxe da bai... Oier A., 2012/01/20
Arrazoia! e-gor, 2011/11/17
Autogestioa Txopi, 2011/10/17