Periferiatik, erral
Hemeroteka Plus, hori katxarroa!
Eibarko liburutegian izan naiz gaur, 2009ko egunkariak kontsultatu eta orrialdeak PDF formatuan lortzen.
Lagun batek eman zidan pista: Eibarko liburutegian egunkarian on-line kontsultatu eta PDF formatuan lortzeko aukera ematen duen programa bat instalatuta dago. Inguruan galdetu nuen eta inork ez zekien ezer. Azkenean liburutegira idatzi nuen, eta bertako arduradunak eman zidan erantzuna: "Bai, HemerotekaPlus du izena eta bertako ordenagailuetan instalatuta dago".
Gaur arratsaldean bertara joan naiz, urtean zehar egunkarietan Deporreko xake taldeari buruz argitaratu direnen orrialdeak lortzera (prentsa memoria egin nahiean nabil). Ordu beterako ordenagailua erreserbatu eta ordaindu (euro 1 besterik ez) eta hantxe hasi naiz bilaka.
Mahaigainean zegoen lotura baten klik egin eta webgune batera konektatu da: http://hemerotekaplus.plazagunea.com/eibar/default.cfm (adi, ez dabil. Ziur aski IP bidezko filtroa edukiko dute ezarrita). Han aurkezpen testu bat zegoen eta berehala bilaketako aukera. Egunkari mordo bat zegoen han. Niri DV, El Correo eta Noticias interesatzen zitzaizkidan, baina El Mundo, Diario de Noticias, El Pais, Berria, Gara eta beste batzuk ere baziren. Eta nire sorpresarako eta kitto aldizkaria ere bai.
Egunkariak 2004tik daude indexatuta bertan, eta orrialdez orrialde zein testu libreko bilaketa eginez kontsultatu daitezke. Nik nahi nituen orrialde guztiak indexatuta nituen (data eta izenburuarekin) eta 2009an "ajedrez" bilaketa bat eginda, nahiko azkar aurkitu ditut. Behar nuena lortu eta PDFen saski baten sartu ditut nahi nituen orrialdeak. Bukatu dudanean saski horretako PDFak e-postaz bidali dizkit sistemak. Bide batez, bilaketarekin, lokalizatu gabe nituen, hau da RSSetan agertzen ez zaizkidan, horrela egiten baitut egunkarien bigilantzia, beste pare bat orrialde ere aurkitu ditut.
Urte bukaerako prentsa memoriak eta antzekoak egiteko tresna paregabea Plazaguneak egindako HemerotekaPlus hau. Aurtengo memoriaren bolumena bikoiztu egingo dut horrela. Hori katxarroa!
1988koa aurkitzerik ez