Hemen zaude: Hasiera Blogak Periferiatik, erral Artxiboa 2008

Artxiboa 2008

Ubuntu errezetak: gaur Network Manager berria

Orain dela hilabete inguru Ubuntu Intrepid (edo zenbakiz 8.10) bertsiora eguneratu nuenetik, sarearen konfigurazioko leihotxoa (erlojuaren ondoan dagoena) ez zebilen ondo. Gaur azkenean, pixkat bilatu ostean soluzioa aurkitu dut.

Ez zidan konexioak editatzen uzten, etxean zein lanean IP helbide finko bat jarri daukat bertako sare barruan eta ezin nuen horren konfigurazioa aldatu. VPN konexioak kudeatzeko leihoak ere ez zidan kasu gehiegi egiten. Hona hemen hau konpontzeko jarraitu ditudan pausuak:

Ireki terminal bat eta idatzi:

erral@lindari:~$ cd /etc/network/
erral@lindari:/etc/network$ sudo cp interfaces interfaces.bkp
[sudo] password for erral:
erral@lindari:/etc/network$ sudo vi interfaces

Fitxategi horretan bukaerako lerro guztiak ezabatu eta lehenengo biak utzi, hau da, ondorengo hauek utzi:

auto lo
iface lo inet loopback

Gorde eta irten vi editoretik.

Berrabiarazi ordenagailua eta network-manager berria agertuko da erlojuaren ondoan eta bertatik konfiguratu daiteke dena. 

Badirudi network-manager berriak bere fitxategiren baten gordetzen duela konfigurazioa /etc/network/interfaces horretan beharrean.

Mikel Larreategi 2008/12/12

ETAk beste pertsona bat hil du

Azpeitian. Inazio Uria..

Honez gero ez da nobedadea ETAren azkenengo ekintxa, baina idazteko beharra sentitu dut. Azkenaldian askotan idatzi dut ETAri eta bere atentatuei buruz. Nire barnean zerbait sentitzen nuen, halako amorru bat, ezinegon bat, har bat banu bezala.

Ez dut inondik inora ulertzen ETAren jarduna. Ez dakit inork ulertzen duen, ezta eurek ere. Baina txarrena da gertatzen direnak gertatu eta egoerak berdin jarraitzen duela. Berdin da T4ko atentatua, Arrasaten zinegotzi ohi bat hiltzea, Ertzaintzaren kuartelari bonba bat jartzea Ondarroan, Caja Vitalen egoitza txikitzea, Goardia Zibil bi hiltzea, enpresari bat hiltzea. Berdin da, anestesiatuta gaudela dirudi. Benetan gogorra da hori esatea baina erreakzionatzen ez dugula dirudi.

Madrilgo egunkariek beldurra dagoela esaten dute. Nik ez dut uste beldurra denik. Nazka zela pentsatzen nuen. Jendea, gizartea, gazteok, guztiok nazkatuta geundela. Baina orain ez daukat argi. Lagun batek komodidadeaz hitz egin dit. Ditugun beste harreman batzuk ez tentsionatzeko gai hauetaz ez dugula hitz egin nahi. Gogoan dut Arrasaten Isaias Carrasco hil zuten egunean, arratsaldez klubera xakean egitera etorri zen jokalari batek zera esan zuela:

Pertsona bat hil dute nire herrian. Eta txarrena da bere alabaren aurrean hil dutela.

Ez jauna -erantzun nion- txarrena HIL EGIN DUTELA DA. Beno, badakizu... - esan zuen.

Beste gauza batzuk ere izan ditut buruan. Txikitan politikari guztiak hartu, Arantzazura eraman eta hantxe giltzapetzeko gogoa sentitzen nuen. Hantxe giltzapetuta arazo hau konpondu arte. Ideia hark eboluzionatu egin du eta "ETA EZ" erako alderdi politiko bat (eta hori bakarrik, besterik gabe) beharrezko genuela pentsatzera aldatu nintzen. Geroago "ETA EZ" (eta hori bakarrik, besterik gabe) erako manifestu edo deklarazio bat mugitzeko gogoa izan nuen. Baina hori ere baztertu egin dut.

Zein da bidea? Zein da soluzioa? Ezin gara hiru hilabetean behin edo ETAko iluminatuei okurritzen zaien maiztasunarekin, hilketak salatzen, lamentatzen eta hau bezalako mezuak idazten ibili. Hau ez da inoiz bukatuko. Eta horrek beldurra ematen dit.

Mikel Larreategi 2008/12/04

Fusiorik ez

Bueno, kanpaina hau ez da Estatu Batuetako hauteskundeak bezain luzea, baina edarra tabarra eman digutena, fusioa gora eta fusioa bera. BBKk egin du bere partea baina Kutxak ez: 63 alde, 33 aurka eta 4 abstentzio.

 Badirudi baiezkoa eman behar zutenetako 3k abstentziora jo dutela ezezko botoa eman behar zutenetako batek bezala. "Behar zutenetakoak" diot, Kutxek ere Parlamentua ematen dutelako eta dena alderdi politikoen kontrolpean dagoela dirudielako.

Beno, ba orain ez da egongo fusiorik, ez "a 3" baina ezta "a 2" ere. Eta orain zer? Kutxan fusioaren alde lan egin dutenek ez al lukete dimititu behar?

Mikel Larreategi 2008/11/28

Informatikarien greba?

Joan den astebetean informatikarien greba dela eta ez dela zalaparta dabil blogetan zehar...

Barrapunton irakurri nuen albistea joan zen astean eta handik Andaluziako Informatikarien Elkargoaren webgunera heldu nintzen, era nahiko katastrofistan informatikarien bukaera izango zela zioen, lanbidea desagertuko zela, lortutako tituluek indarra galduko zutela eta beste hainbat kontu. Webgune bat ere badu grebaren inguruko ekimenak http://www.huelgainformatica.es/

Hala ere gauza ez zegoen argi, informazioa ez nuen guztiz ulertzen eta pare bat laguni galdetu nien. Inork ez zekien ezer. Asteburuan beste lagun batekin egon nintzen eta hari ere galdetu egin nion. Hark ez zion garrantzirik eman, azken finean informatikarion lana ez dago guztiz erregulatuta arkitekto edo beste era bateko ingeniari batena egon daitekeena moduan, eta horrek horrela jarraituko duela ematen duenez, ez zion garrantzirik eman.

Astelehenean, Juanan Pereira EHUko Informatika Fakultateko irakasleak ostiralean idatzitakoa irakurri nuen. Hark argitu zizkidan gauzak. Bi gauzataz hitz egiten da kontu guzti honetan: gaitasunak eta eskuduntzak. Hau da guzti honetatik ulertu dudana:

Gaitasunak

Karrera bat ikasterakoan ikasten direnak dira gaitasunak. Hau da, karrera bukatutakoan jakin behar duzuna. Momentu honetan ez omen dago Boloniako Prozesuaren baitan Informatikako Ingeniaritza titulazioaren gaitasunen fitxarik. Bere horretan, orain arte Informatikako Ingeniaritzan ikasten zirenak Telekomunikazio Ingeniaritzan ikasiko omen dira.

Eskuduntzak

Informatikako Ingeniariek ez dute berezko eskuduntzarik. Hau da, ez da Informatikan Ingeniaria izan behar proiektu jakin batzuk, edo gaitasun jakin batzuk erakusteko; adibidez sendagile edo arkitekto edo beste era bateko ingeniariek duten bezala. Baina kontu hau ez da Boloniako Prozesuaren baitan bakarrik gertatzen, orain arte ere ez da horrelakorik egon. Informatikarien Elkargo bat egon badago Euskal Autonomia Erkidegoan, baina zehazki gure lanbide edo/eta titulua guztiz araututa ez badago, ez dakit zein den bere funtzioa. Gogoratzen naiz Elkargoaren publizitatea egin zigula irakasle batek karrerako azken urtean, baina ez nion garrantziarik eman.

Beraz, greba zertarako?

Hori eskatzeko, gure lanbidea arautu eta eskuduntzen fitxa bat sortzea eskatzeko. Ez ingeniaritza (5 urtekoa zein 3 urteko teknikoa) desagertzera doalako, edo informatikariek orain arte ikasi dituztenak Telekomunikazio Ingeniariek ere ikasiko dituztelako, gure lanbidea arautzeko.

Uste dut lortu dudala guztia parrafo batzuetan laburtzea. Orain erabaki egin behar greba egingo dugun ala ez. Bilbon manifa egongo da eta lehen aipatutako webguneak hosting emaleei egun horretan, azaroaren 19an, zerbitzariak itzaltzeko eskaera egin die.

 

 

 

 

Mikel Larreategi 2008/11/12

Kazetaritza ala forofismoa?

Gaur ETBn Gaur Egun eta Teleberrin, Eibarren eta Zubietan egindako elkarrizketak atera dituzte. Badakizue, larunbatean Realak eta Eibarrek partidua dute Anoetan.


Eibarren egindako elkarrizketetan jendeak eman dituen erantzunen arabera, hauxe izan da galdera:

"Eibarrek utziko al dio Errealari irabazten?"


Baina, nola demontre egin dezake galdera hori kazetari batek? Ez dut ulertzen.

Honek iazko partiduaren ostean Badiolak emandako prentsaurreko baten Noticias de Gipuzkoako kazetari bati erantzun behar izan zion galdera gogorarazi dit:

"¿Qué beneficios saca la Real de su convenio con el Eibar, cuando el club armero pugna por los puntos con el equipo txuri-urdin?"

Gero Mikel Recalde "kazetaria" etorriko zaigu, atzo Localian bezala, Eibarrek hobe zuela konbenioa "con el Sporting del otro lado de la muga" egitea, "son unos segundones", "los buenos de Gipuzkoa están en la Real" eta abarrak esaten.

Eta oraindik harritu egiten dire Jaime Barriuso Eibarren presidenteak Gipuzkoako Futbol Federakuntzarako hautagaitza aurkezten duenean?

Eta harritu egiten dira Eibarko zaletuek Donostiara joan eta hau kantatzen dutenean: "el año que viene, volvemos otra vez !" ?

Reala eta Bruesa (bai saskibaloikoak ere zaku berera doaz), "Gipuzkoa"rekin diru falta izan dutenean gogoratu dira. Hortik azken urteotako "Gipuzkoarena", "Gipuzkoa Bruesa Basket" eta gainontzeko "Gipuzkoanismoak".

Eibar independiente !! Zer egin behar da Gipuzkoatik banatzeko? Dimititu dezaket gipuzkoar izatetik? ;)

Mikel



Mikel Larreategi 2008/11/04

Garabi: Zarautztik zuzenean

Musikari dagokionez, batzuk Coldplay eta KenZazpiri buruz bakarrik idazten dudala (eta hori bakarrik entzuten dudala) esaten didate. Ba gaur beste euskal talde baten promozioa egingo dut.

Ander Donostian Zuzenbidea ikasten duen lagun xakelaria dut. Baina dena ez da Zuzenbidea eta xakea izango, musika talde baten bateria joten du Anderrek (bere fotologa ikusiz, igartzen da bateria gustatzen zaiola, eta beste gauza batzuk ere bai :)), eta azken aldian talde horrekin maketa bat grabatzen ibili da.

Ez dakit maketa salgai jarri duten (uste dut 3 € balioko zuela esan zidala), baina Interneten deskargatzeko jarri dute, Jamendo zerbitzuan. Egia esan, gustatu zait Bihotz Beltzen Kluba izeneko maketa, ez dakit zein kantu aukeratuko nukeen, gustora entzuten dut, agian Ehun su aukeratuko nuke eta baita Hesien bestaldea: rien de rien olerkia ere, bale ez da abesti bat, baina zer? Garabiren beste abesti batzuk ere Jamendon dituzue. Nola ez Myspacea ere badute.

Maketa deskargatzeko hemen lotura zuzena: http://www.jamendo.com/es/download/album/31542

Hemen Ehun Suren letra:

Kale kantoiak,
pobrezia erlatiboa,
mulatoen lurrean.
Mila begirada,
irrifartsuak gehienak.

Kale kantoian bira
pobrezia…
pobrezia...

Galtzada zimurretan,
horma lakarretan,
herria jesarrita.

Puruzko ixiltasuna,
idatzitako lasaitasuna
airean…

Eta galtzada zimurretan,
horma lakarretan,
herria jesarrita.

Puruzko ixiltasuna,
idatzitako lasaitasuna
airean…

Bi ume basebalean.
ama ezkatzean,
baina autobusean,
haize girotua
begiak lehortuz.
Malko bat.
Malko bi.

Habanatur konpainiaren
jesarleku erosoetan
ez nago gustora,
nahiago det atera kanpora.
Cienfuegosen berora.

Kale kantoiak,
pobrezia erlatiboa,
mulatoen lurrean.
Mila begirada,
irrifartsuak gehienak.

Kale kantoian bira
pobrezia…
pobrezia...


 Jamendori esker, euren maketaren player bat dago hemen (RSSlariok ez baduzue ikusten, bisitatu webgunea).

  
Mikel Larreategi 2008/10/23

Washingtonen Plone ikasten

US Capitol

Urriaren 8a eta 12a bitartean Washingtonen egon gara Lur eta biok urteroko Plone Konferentzian. Ez noa Ploneri buruz gauza gehiegi kontatzera, horretarako CodeSyntaxen webguneko bloga daukagu-eta, baina bai Estatu Batuetako hiriburuan ikusitako eta bertara heltzeko izandakoaren berri. 

Bilbotik Madrilera, handik Philadelphiara eta bertatik Washingtonera. Horrelxe genuen hegaldia. Harunzkoan ez zen ezer aipagarririk gertatu, Madrilen hegazkinean sartzeaz bat lo hartu bainuen, gero Estatu Batuetara iritsi aurretik, gure aurrean zihoan bikoteak ea pastillaren bat hartuta gindoazen galdetu zigun arte :) Hori bai, sartzeko kontrolean galdera pila bat: zertara zatoz? ze software? alkoholik badakarzu? eta tabakorik? eta helbide hau hotel bat da? eta non dago? ze izen du? eta horrela pila bat galdera... ondoren zapatilak kendu eta kontrola pasatzeko. En fin.

Washingtonera heldu, maletak hartu eta metroa zegoen aireportuan bertan, txartela hartu eta hotelera. Lehenengo inpresioa ona, hori bai 20:30ak ingurua zen eta zerbait jan nahi genuen. Hasi hotelaren inguruan bila eta dena itxita. Aldameneko kafetegi/entsaladategia itxita. Starbucksa itxita. McDonaldsa ere bai. Azkenean pakistandar bi garbiketa lanean zeuden Subway edo antzeko bat topatu genuen 20:55ean. Sartzeko esan ziguten, baina 21:00etan kanpora. Beno, ezer hoberik ezean...

Konferentzia egunetan (asteazkenetik ostiralera) turismo asko egiteko astirik ez genuen izan, baina aurkitu genuen ordu normal baten afaltzeko leku bat: 7. kalea. Txinatarra, McDonaldsa, "La Tasca" izeneko espainiarra, portugaldar-hegoafrikar bat, pub irlandarra, ... denetik zegoen han. Etxe zuria ere ikusi genuen gauez eta baita Washingtonen omenezko monumentua ere.

Larunbata eta igande goiza izan ziren gure turismo-egunak, nolabait esateko. Iaz Erroman egin bezala, aurtengoan Washington oinez zeharkatu genuen: hoteletik Etxe-Zurira, Washingtonen monumentua, 2. Mundu Gerrako biktimen monumentua, Forrest Gump-eko piszina hori, Lincolnen monumentua, Koreako Gerrakoa eta Arlingtongo hilerria. Lasai-lasai Dupond Circlen bazkaldu eta dendaren baten bila abiatu ginen.

Turismo guneetatik gehien harritu ninduena amerikarren abertzaletasuna izan zen. Guztia banderaz josita eta monumentu guztietan zeuden hormako idatzietan idatzi guztiz abertzaleak. Ikusi, adibide baterako, Lincolnen omenezko monumentuan, horman dauden bi idatzi hauek: lehenengoa eta bigarrena. Ikaragarriak dira benetan Washington eta Lincolnen omenezko monumentuak. Baita Capitolioa ere, eta baita Arlingtongo hilerrian dauden 320.000 hilarriak ere.

Lincoln Memorial

Igande goizean lasai-lasai ibilaldi luze bat eta hankek nahikoa esan zutenean hotelera, maletak hartu eta wifi-gune bat aurkitu genuen, astea bukatzeko modu ona, futbol amerikarreko partidu bati begira.

Itzulerako hegaldian ia lorik egin gabe Madrilera itzuli ginen zuzenean, eta bertan, Estatu Batuetan egin ez zigutena: aireportuko kontrolean motxila ireki behar han zegoen emakumeak zerbait ikusi omen zuelako: aizu Estatu Batuetatik gatoz eta han ez digute ezer esan esatekotan egon ginen :)

Eta berriz ere eguneroko martxan. Interesgarria ezta? Lan bidaiek turismo pixkat egiteko ere balio izaten dute. Ah, eta gurekin lan egin nahi baduzu, postu libreak ditugu. Zatoz gurekin !!

Argazki gehiago Flickren ! Eta baita Lurren Flicrk-en ere!

Mikel Larreategi 2008/10/19

Errebali buruz bi hitz

Gaur arratsaldian Portalean egon naiz Eibartarrak zerrendako kide diren Josu eta Ramonek eman duten Errebaleko proiektuari buruzko hitzaldian.


Egia esan, ez dut ulertzen zer gertatzen den Udalarekin. Oraindik ez dut entzun edo irakurri gobernu-taldeko kiderik Errebal Plataformako kideek esaten dutena desmontatzen. Errebalekoek, onartuta dagoen proiektuak, Hiri Antolamendurako Plan Nagusia eta 2006ko Lurraren Legea betetzen ez dituela diote. Eta hori salaketa larria da. Gobernukideek eta inguruko partidu sateliteek (EAJ eta EA horixe besterik ez baitira), Errebalekoak "epez kanpo" dabiltzala diote. Ez dira eztabaidaren muinera sartzen.

Zergatik ari dira urtarriletik, hilero hilero DV eta Correon obrak "berehala" hasiko direla esaten? Zergatik "defenditzen" dute, gero eurek "pribatua" dela dioten obra bat? Hori esan dute Errebalekoei eman dieten erantzun ofizial baten.

Zerrendakide Juanjo Araolazak esan bezala, herri ekimena da benetan behar dena. Zaila dena baina horrelako kasuetan behar dena.

Eibartarron Ekimena, EE, ez konfunditu Euskadiko Ezkerrarekin :) Ez zaizkit gustatzen "Independientea" izena daramaten gauzak (bestela Eibartar Independienteen Ekimena litzateke), azken finean ez baitira "Independiente" izaten. Horrelako zerbait posible litzateke Eibarren? Agian bai.

P.S.: sozialistek agintzen duten herri honetan, Patxi Lopezek orain aste batzuk euskararen inguruan esan dituenak entzunda, gaur esan didate obren inguruko hesietan jarri dituzten kartel guztiak gaztelaniaz daudela. Errebaleko inork konfirmatzerik bai?

Eguneraketa (2008/10/15): Josu Mendicutek konfirmatu du Eibartarrak zerrendan, kartelak gaztelania hutsez daudela. Hona hemen adibide bat:

Josu Mendicute - Errebaleko kartela - Creative Commons - BY-NC-SA

Mikel Larreategi 2008/10/14

Nahikoa dugu jada, ezta?

Berriz ere The Organization bereak egiten...

Ez dago hitzik...

Ondarroako Ertzaintzaren koartelaren aurkako atentatuak sortutako kalteak.

Albistea Eitb24.com-en.

Mikel Larreategi 2008/09/21

Untzagazentrismoaren beste pauso bat: tren geltokia

Donostiazentrismoarekin nahikoa ez bagendu (Zarauztik aurrera "dragoiak"), Eibarren Untzagazentrismoa deritzona dakagu (badakizue, anbulatorixotik beheruntz "dragoiak").

Jakingo dozuen moduan, Udaletxe ostekaldian dagon Ardantzako apeaderuan obrak egin bihar dittue, ixa lekurik ez dagon lekuan trenbide bi atara, sarreria azpittik ipini eta andena edo nasa trenbide bixen erdixan ipintzeko. Lehengo baten bajatu nintzan Ardantzako apeadero horretan trenetik, eta imaginau be ezin dot ein nun atarako daben horretarako lekurik, baina bueno.

Gauzia da, EuskoTrenek geltoki hori egin nahi dabela Eibarko geltoki nagusi, berak dakalako pasajero gehixen. Hau da, trenak geltoki horretan gurutzatuko litzakez Estaziño kaleko estaziñuan biharrian. Betidanik izan da Estaziñua Eibarko geltoki zentrala. Urrin juan barik, San Juan jaixetako ekitaldi garrantzitsuenetakua Estaziñuari guztiz lotuta dago, San Juan bezperan 13:00ak aldian heltzen zalako Lizarratik dulzaineruak ekartzen zittuan trena (hau be oin dala 10 urteko moduko Lizarrako Trena ete zan?)

Bueno ba, ez dakit zelan amaittuko dan kontua (edo hasiko ete dan, Errebalian pasatzen daonakin, igual beste 2 edo 3 urterako eukiko dogu), baina Boletin Ofizialian urten da ya "traslado" horren aldeko ahotsik.

Dana erdira, trena erdira, merkadillua Untzagara, dana Untzagan egin bihar da. Ipiniko dogu Unbe be Untzagan? Holan jente gehixago juango da-ta.

Ala ba, Mikelen beste purrustada bat.

Mikel Larreategi 2008/09/13

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut, eta 2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidentea naiz. Xakeak eta Klub Deportiboak, horretxek jaten dit nire denbora.

Goiburuko irudia Barcelona da. Orain dela urte batzuk bisitatu nuen hiria eta asko gustatu zitzaidan. Irudia nondik hartu nuen ez dut gogoan (lehen jarrita nuen baina aldatu egin nuen eta berriz itzuli eta galdu egin dut kreditua. Baina haren CC-BY-NC lizentziak dioena jarraituz kreditua ematen diot. 

Azken erantzunak
halaxe da bai... Oier A., 2012/01/20
Arrazoia! e-gor, 2011/11/17
Autogestioa Txopi, 2011/10/17
Bizikletak Herbeheretan Trebi., 2011/09/03