Hemen zaude: Hasiera Blogak Periferiatik, erral Artxiboa 2007

Artxiboa 2007

Nork idatzi du Ibarretxeren euskarazko artikulua?

Idatzi ala itzuli?

Ibarretxek bere Konpondu.net webgunean artikulu bat idatzi du gaur. Lehen aldia omen da Ibarretxen internet erabiltzen duena bere iritzia gizarteari helarazteko. Txalo bero bat alde horretatik.

Baina bestetik, nork egin dio euskarazko itzulpena? Bera izan al da? Esaterako bigarren parrafoko lehenengo esaldia:

Lehen aldira garamatza indarkeria guzti hau

Ez al da ergatibo bat falta hor? Iratiko oihaneko bolizko dorretik, Mitxelena XVIak errieta egingo al dio Ibarretxeri?

Ez da hori euskarazko testuan arraroa egin zaidan gauza bakarra. Eta gero xake txapelketei buruz idazten dut nik...

 

Mikel Larreategi 2007/12/24

Gabonetako postala

Aspaldi utzi nion gabonetako postalak idazteari. Garai baten udan ezagututako lagun guztiei bidaltzen genien postaltxo bat. Bilbora, Valladolidera, Burgosera, ... baina aspaldian bat bakarra ere ez dut idatzi. Etxera ere, Kutxarena eta beste bat edo iristen da.

Baina urtez urte postal bat ikusteko gogoa izan ohi dut. Euskal Xake Federakuntzarena. Eta ez xakekoa delako edo horretan bakarrik pentsatzen dudala uste duelako jendeak, barregarria izan ohi delako baizik. Federakuntzaren presidentearekin Photoshop bat egiten du webgunearen arduradunak eta horixe jarri ohi du webgunearen lehenengo orrialdean. Aurtengoa da irudian ikusi daitekeena.

 

Gabon zoriontsuak eta urte berri on guztioi!

Mikel Larreategi 2007/12/24

Erantzunen RSSa daukagu orain

Blog produktu gisa Quills erabiltzeak, Plone eta bere inguruan sortutako zope3keria guztiak bezala, lan errepikakorrak ekiditea ekarri digu. Orain era erraz baten, nahi dugun edozeren RSSak ditugu. Hori ez dela zaila esango du batek baino gehiagok eta arrazoia du. Baina RSS horiek, RSS, ATOM, RDF edo dena delakoaren plantila behin eta berriz kopi-pasteatu gabe lortzen ditugu.

DISCLAIMER: gaurkoa astuna izan daiteke programatzailea ez bazara. Zoperi buruz ezer ez badakizu, agian zerbait txineraren antzekoa dela usteko duzu. Python ez badakizu, ikasi egin behar zenuke, ikusi ze erraza den Python idaztea.

Denaren erroan Zoperen Component Architechture delakoa dago. Honen oinarria esaldi bakarrean labur daiteke: idatzi osagai txikiak baina bere funtzioa oso definituta dutenak, horrela berrerabilgarriak izango baitira. Teoria erraza da, eta praktika ere bai, eta adibide batekin azaltzen saiatuko naiz.

Guk badakigu nolakoa izan behar duen RSS edo ATOM formatua duen jario batek. Estandarrak dira eta Interneten aurki ditzakegu euren espezifikazioak. Badakigu zein eremu diren derrigorrezkoak eta zein hautazkoak. Hori jakinda kontratu bat sinatu dezakegu: zuk izenburu bat, webgunearen URLa eta jarioan erakutsi beharreko elementuak ematen badizkidazu, nik horrekin RSS edo ATOM jario bat emango dizut. Honek tranpa bat ere badu barnean, jarioan erakutsi beharreko elementuak ere eman behar baitizkidazu. Jarri diezaiogun beste balditza bat kontratuari: elementu horietako bakoitzak, izan ditzala bere izenburua, deskribapena, testu osoa, URLa, egilea, data eta etiketak edo kategoriak emango dituzten metodo batzuk. Kontratu hori onartzen dugunez, idatz dezagun kontratu hori programazio lengoaia baten (Pythonen gure kasuan), interfaze batzuen bidez:

# Hau interfaces.py fitxategian gordeko dugu
from zope.interface import Interface

class IFeed(Interface):
    """ Hau izango da gure jarioaren kontratua """

    def getBaseURL():
        """ Webgunearen URLa emango du metodo honek """

    def title():
        """ Gure jarioaren izenburua emango du metodo honek """

    def getFeedEntries():
        """ Metodo honek jarioan erakutsi beharreko elementuak emango dizkigu """


class IFeedEntry(Interface):
    """ Hau izango da jarioan erakutsiko diren elementuek bete beharko duten kontratua """

    def title():
        """ Izenburua """
   
    def description():
        """ Deskribapena """

    def body():
        """ Testu osoa """

    def getURL():
        """ Elementuaren URLa """

    def author():
        """ Egilea """

    def date():
        """ Data """

    def tags():
        """ Etiketa edo kategoriak. Zerrenda bat itzuliko du honek """

Kontratu hori izanda RSS edo ATOM plantilla idaztea zuen esku uzten dut, baina espezifikazioari begiratzea besterik ez dago hori egiteko.

Kontratu hori baldin badaukagu, bete besterik ez dugu egin behar. Gure jarioa eta jarioan erakutsi beharreko elementuak zein diren jakin beharko dugu. Gure kasuan, jarioan erakutsi beharreko elementuak erantzunak dira, baina hementxe topatzen dugu lehen arazoa: erantzunak errepresentatzeko Ploneren objektuek ez dute IFeedEntry kontratua betetzen.
Orduan kontratua betearazi beharko diegu euren kodea aldatuz. Baina horrek arazo nabarmen bat azaleratuko digu: zer gertatuko da beste arrazoiren bategatik erantzunek beste kontratu bat bete behar badute? erantzun objektuei behin eta berriz kodea gehitzen ibili behar gara? Erantzuna ezezkoa da. Gure erantzunak kontratua betetzeko disfrazatu egin beharko ditugu, eraldatu edo adaptatu egin beharko ditugu.

Zope munduan, adapter edo eraldatzaileak, objektu bat hartu eta kontratu bat betetzeko aldaketak egiten dituzten osagaiak dira. Konbentzioz, klasearen context aldagaian gordetzen da objektua, eta bere jatorrizko metodoak erabiltzen dira kontratua betetzeko behar diren metodoak sortzeko. Ikus dezagun adibide bat erantzunekin:

# Hau syndication.py fitxategian gordeko dugu
from zope.interface import implements
from interfaces import IFeedEntry

class DiscussionFeedEntry:
    """ Objektu arrunt bat sortuko dugu, IFeedEntry interfazea edo kontratua
        betetzen duena, hori esateko da hurrengo implements sententzia """
    implements(IFeedEntry)
   
    def __init__(self, context):
        """ Hauxe da metodo hasieratzailea, adapterra sortzerakoan
            metodo honi deitzen zaio objektua context aldagaian pasatuz
            eta konbentzioz context aldagaian gordetzen dugu """
        self.context = context

    def title(self):
        return self.context.pretty_title_or_id()
   
    def description(self):
        return self.context.Description()

    def body(self):
        return self.context.CookedBody()

    def getURL(self):
        return self.context.absolute_url()

    def author(self):
        return self.context.Creator()

    def date(self):
        return self.context.created()

    def tags(self):
        # Erantzunek ez dute tagik edo etiketarik gure kasuan
        return []

Egin dugu gure erantzunek kontratua betetzeko lana. Kontratu hori bete dugula esan behar diogu Zoperi orain, hori ZCML deritzon XMLren dialekto baten egiten da, honela:

<adapter
     for="Products.CMFDefault.interfaces.IDiscussionItem"
     provides=".interfaces.IFeedEntry"
     factory=".syndication.DiscussionFeedEntry"
     />

Konfigurazio fitxategi horrekin, IDiscussionItem kontratua betetzen duten elementu guztiei (hori da erantzun elementuek betetzen duten kontratua), IFeedEntry kontratua betearazten dien eraldatzailea erregistratzen dugu, DiscussionFeedEntry klaseari esker.

Ez zarete galdu, ezta? Gauza bera egin beharko dugu IFeed kontratuarekin, kasu honetan blogeko erantzunen RSSa erakutsi nahi dugunez, blogarentzako eraldatzailea idatzi beharko dugu. Honela:

# hau ere syndication.py fitxategian idatziko dugu
from zope.interface import implements
from interfaces import IFeed, IFeedEntry

class WeblogRepliesFeed:
    def __init__(self, context):
        """ Lehen bezala, metodo hasieratzailea """
        self.context = context

    def getBaseURL(self):
        return self.context.absolute_url()

    def title(self):
        return '%s - %s' % (self.context.Title(), 'Erantzunak')

    def getFeedEntries(self):
        """ Katalogoari eskatuko dizkiogu blog honetako erantzun guztiak
            eta ondoren IFeedEntry bihurtuta bidaliko ditugu, hori baita
            IFeed kontratuak eskatzen diguna """
        weblog_path = '/'.join(self.context.getPhysicalPath())
        brains= self.context.portal_catalog(portal_type='DiscussionItem',
                                            path=weblog_path,
                                            sort_on='created',
                                            sort_order='reverse')
        # Katalogoak brain izeneko objektu arin batzuk itzultzen ditu
        # horietatik abiatuz jatorrizko objektuak, DiscussionItem-ak
        # lortu behar ditugu, eta horiek ondoren IFeedEntry bihurtu
        objects = [brain.getObject() for brain in brains]
        return [IFeedEntry(obj) for obj in objects]

Azken lerro horretan dago trukoa, IFeedEntry(object) sententziarekin, Zoperen Component Architechture delakoa jartzen da martxan, object elementuaren interfazeetako bat, eta IFeedEntry interfazearen arteko bihurketa egiten duen adapter edo eraldatzaile bat bilatzeko. Gure kasuan, gorago definitutako DiscussionFeedEntry aurkituko du eta horrela IFeedEntry kontratua beteko dugu.

Geratzen den gauza bakarra, IFeed kontratua betetzen dutenentzat bista bat definitzea da, RSS eta ATOM plantilla eta IFeed interfazea lotzeko.

Beste adibide bat ikusteko, guk darabilgun Quills produktuaren syndication.py eta syndication.zcml moduluak ikus ditzakezu, basesyndication eta fatsyndication osagai txikiak nola erabiltzen dituzten ikusteko. Osagai txiki horiei esker da orain hain erraza edozeri RSS edo ATOM jarioa jartzea, plantilla ikutu beharrik gabe.

Inor heldu al da honaino? Opari bat emango diot hona heltzen den lehenari :)

Bilboko perlak

Hona hemen igandeko artikuluan aipatzen nuen perletako bat.

Bilbo Hiria Nazioarteko Xake Jaialdia - Eskuprograma 1

Mikel Larreategi 2007/11/27

Euskal Xake Txapelketen politika linguistikoa

Bai, guztiok daukagu honen errua, baina norbaitek zerbait esan egin behar du. Azkenaldian modan dago Euskal Herrian xake txapelketa garrantzitsuak antolatzea. Garrantzitsuak diot, munduko jokalari onenetakoak etortzen direlako ez komunikabideetan garrantzia handia ematen diotelako. Adibide gisa hor ditugu, Bilboko jaialdia edo Gasteizko Txapelketa.

Hala ere Txapelketa horietan euskararen presentzia oso urria zen. Bilbokoan, webgunea eta eskuprograma bazeuden euskaraz, baina ez euskara batuan, euskara bantuan baizik. Trantsizio garaiko esaldia da, Fisika Nuklearra euskaraz irakasteko bi gauza jakin behar zirela: Fisika Nuklearra eta euskara. Xakearen inguruko gauzak euskaraz idazteko ere, bi gauza ezagutu behar dira: xakea eta euskara. Bilbokoan, gaztelaniazko testuak itzultzaile batek itzuli zituen, xakeari buruz ideiarik ez zuen itzultzaile batek, adibidez, Torneo de ajedrez relámpago, Xake tximista leihaketa gisa itzuli zuen, relámpago horrek zer esan nahi duen jakin gabe (15 minututik beherako partidak zirela), edo Copa Mundial de Ajedrez a Ciegas, Itsuka Xakearen Munduko Kopa (jau bat atzetik jartzea bakarrik faltata).

Hori eta eskuprograma ikusita (eskuprograma Euzkal Errian Euzkaraserako perla bat da, ea bihar eskaneatzerik dudan), antolakuntzako kide bati itzulpenak nork egin zituen galdetu nion, hori horrela ezin zela jarri esanez.

Nik ere izango dut erru apur bat, Bilboko jaialdian epaile gisa egon nintzen antolatu ziren bi tximista txapelketetan, eta bietako lehenengoan euskaraz egin nuen aurkezpena. Guztiak begirada arraroarekin begiratu ninduten hau zertan dabil esango balute gisa, eta gaztelaniaz hitz egitera pasatu nintzen.

Gasteizen, aldiz, lana errazagoa izan zen. Han ez zegoen euskararen presentziarik. Ez karteletan, ez joku gelan, ez webgunean eta ez inon.

Ni, nire aldetik, saiatzen naiz gidatzen ditudan txapelketetan aurkezpenak euskaraz egiten. Donostiako Nazioarteko Txapelketan, jokalarientzako oharrak hiru hizkuntzatan egiten ditugu: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, datorren urtean frantsesez ere egin beharko ditugu, gero eta jokalari gehiago etortzen baita Baiona ingurutik txapelketa jokatzera, eta zoritxarrez ez dakite euskararik (bai ordea Baionako klubeko arduradunetako batek, gorantziak Peio !).

Azkoitian jokatu ziren gazteentzako Kutxa Txapelketaren bi finaletan, euskara hutsean egin nituen aurkezpenak. Gaur Azkoitian jokatu den Gipuzkoako Xake Aktiboko 1go Txapelketan ere, sarrerako hitz guztiak euskaraz egin dizkiet bertan bildutako xakelari gazteei eta sari banaketan ere euskaraz egin dut. 2006 eta 2007an Eibarren antolatu ditugun Euskadiko Kadete eta Jubenil mailako txapelketetako sari banaketa ere euskara hutsean egin nuen, nahiz eta bertan gaztelaniaz bakarrik zekiten Federazioen ordezkariak egon.

Orain, Gipuzkoako Xake Txapelketak direla eta, prentsa oharrak bidaltzen ditugu komunikabideetara Gipuzkoako Xake Federaziotik. Nahiz eta ez diguten ezer argitaratzen (eskerrik asko Mikel Zubiari Herri Irratian egiten duen tarteagatik), EiTBren blogetako batean argitaratzen ditugu prentsa-oharrak. Gureak bi hizkuntzatan daude, baina atzo adibidez, Sestaoko Xake Txapelketaren inguruko prentsa-oharra irakurri nuen bertan, baina gaztelaniazko blogean bakarrik, euskarazkoan gure prentsa oharrak daude bakarrik.

Klubaren izenean bidaltzen ditudan prentsa-oharrak ere bi hizkuntzetan bidaltzen ditut, eta webgunean txandaka argitaratzen ditut, aste baten euskaraz eta bestean gaztelaniaz.

Federazioen webguneak ere ez dira libratzen, Euskal Xake Federakuntzarena esaterako, nahiz eta Joseba Otanok asko lagundu, edo Bizkaikoa, azken hau seguraski onena, guztia bi hizkuntzatan nahiz eta guztia orrialde berean egon, eta nahiz eta noizean behin perlaren bat izan. Ni zuzendaritzako kide naizen Gipuzkoakoan neu hasi nintzen euskarazko atalarekin, baina lan guztia bi aldiz egin behar zen eta itzultzailearen lana egin behar nuen, argitaratzen genituen albiste guztiak itzuliz, eta azkenean informazio atzeratua izateko, euskarazko atalik ez edukitzea erabaki genuen. Webgunearen sistema aldatu eta eduki kudeaketarako zerbait jartzen badugu, animatuko naiz berriz (Plone adibidez ;))

Lan asko dugu oraindik egiteko, baina xakean ere, gure bizitzaren beste zati handi bat den aldetik, euskararen presentzia indartu egin behar dugu, eta horretarako guztiok egin behar dugu lan, baina batez ere euskaraz dakigunok.

Baina zer nahi duzue ba, Garai eta Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren aurkako ekintzetan, Xake kirola da! zioen presidentea izan bagenuen? (Gerardo, gogoratzen zara nola Bilboko Moyua plazan, buelta eman eta "xakea! arekin!!" esan zenidan?)

Mikel Larreategi 2007/11/25

Beste lau Plone prest

Iazko azaroan argitaratu genituen bi Plone webgune berri.: Goiena.net eta Unibertsitatea.net.

Aurtengo azaroa ere ez da atzean geratuko, eta argitaratu berri ditugu beste lau Plone: Karkara.com - Orio eta Aiako orainkaria, Zingizango.com - Legazpiko Euskara Elkartea, Amorebieta-Etxanoko Udala eta IMH - Elgoibarko Makina Herramintaren Institutua, azken hau Tolon eta Kororen lan itzelarekin batera.

Martin Aspeli with a copy of his book !!

Hurrengoak? Ba ikusiko dugu, baina azken urte honetan asko ikasi dugu. Gure Plone sektak beste partaide bat ere badu, Lur, argazkian nirekin eta Ploneren 3. bertsioaren bultzatzaile handienetakoa izan den Martin Aspelirekin ageri dena.

Hurrengo pausuak Plone 3 erabiltzea, produktuak Python arrautza bihurtzea eta Buildout erabiltzea izango dira. Badarabilt zerbait eskuartean.

Honetan aritu nahi duzu? Ez ahaztu CodeSyntaxek zu bezalako hackerrak behar ditu.

Mikel Larreategi 2007/11/10

Txikitako oroitzapenak

Merkatu plaza itxi eta lekuz aldatu bihar dabela-eta, Urkusuko Torrietan dakagun garajian lekua egitten ibilli giñan lehengunian, amak plazako almazenian dakazen gauza batzuk garajera ekartzeko.

Torrietako obrak dirala eta, garajia guztiz zikinduta zeuan, hautsez beteta. Hori garbittu eta bihar ez diran trastuak ataratzen ibilli ginan. Eta han nun agertu zan, txikitxako Sancheskixa.

Txikitako patinetea

Sekula ez nintzan bape habilla izan Sancheskixakin, baina arratsalde bat baiño gehixago pasau genduan Urkusuko torrietan bertan 13 zenbakidun torriak dakan aldapatik Peñaneko parketxora bajatzen. Fraka eta txandal bat baiño gehixagotako belaunburuak urratu izan doguz...

Beste patinete bat be euki neban, Sancheski hau baino estuagua zan, naranja zan.

Mikel Larreategi 2007/10/31

Zertarako irekitzen dute KUTXA arratsaldetan?

Eibarko Toribio Etxebarria kalean KUTXAren bulego bat dago. Bulego hori arratsaldez irekita egon ohi da. Kurtsibaz jarri dut irekita hori, ateak zabalik izaten dituelako bakarrik.

Barruan langile bat, belarri batetik besterainoko irrifarrearekin zure eragiketa guztiak kutxazainean nola egin erakusteko. Besterik ez dute egiten. "Horretarako bulegora joan behar duzu": Horretara etorri naiz ba! "Bai, baina hori goizez bakarrik egiten da". Bikain.

Horretarako ez ireki bulegoak arratsaldez. Ez dizute eragiketa ziztrin bat ere egiten uzten. Egin nahi duzuna kutxazainean egin badaiteke, orduan erakutsi egingo dizu, bestela "bihar goizean etorri behar duzu". Pofale.

Mikel Larreategi 2007/10/22

Eibarko Klub Deportiboko xakelariak: urte osoa buruari eragiten

Margari Olañetak eskatuta, Eibar Aldizkariaren Arrateetako alerako idatzitako artikulua

Urte osoko laburpena egitea ez da lan xamurra izaten ia-asteburuoro ekintzaren bat edukitzen duten taldeentzat.

Azken urte honetako laburpena 2006ko uztailaren 1ian hasiko da, XXII. Eibarko Hiria - Jose Mari Kruzetaren omenezko txapelketa jokatu zen egunean. 18 talde eta 72 lagun bildu ginen Untzagako zuhaitzen kerizpean urteroko txapelketa jokatzeko. Txapela Errenteriara joan zen, hango Fomento-Beraun taldeak irabazi baitzuen txapelketa 58 puntu irabaziz.

Oporraldiari bukaera era egokian emateko, Deporreko jokalariek hiru txapelketetan hartu zuten parte irailean. Jose Ricardo Gomezek, Espainia mailan jokatzen den txapelketa handienetako batean Barcelonako Sants-eko Txapelketan hartu zuen parte. Haritz Garrok, Cantabriako Vioño herrixkako Valentziako Amabirginaren omenezko txapelketan hartu zuen parte Euskal Xake Federakuntzak gonbidatuta eta irail bukaeran, Haritz Garro, Diego Olmo eta Edu Olabek Donostiako Gros Xake Taldeak antolatutako txapelketan hartu zuten parte.

Udagiroa atzean utzita, Gipuzkoako Bakarkako Txapelketen garaia etorri zen urriarekin batera. Gipuzkoako Xake Federakuntzari eskatuta, Gipuzkoako Bakarkako Txapelketa Nagusia eta Bigarren Mailako Txapelketa antolatu zituen Deporren Xake Batzordeak Arrate Kultur Elkartearen egoitzan 2006ko urria eta abendua artean, 7 larunbatez. Txapelketa nagusian Jon Arana, Diego Olmo, Emilio Freire eta Manuel Lopezek hartu zuten parte, eta bigarren mailakoan Haritz Garro, Julen Garro eta Aitor Arroitajauregik. Nabarmentzekoak dira eibartarrek lortu zituzten emaitzak, Jon Aranak, 1go mailako lehen jokalari gisa bukatu eta Gorengoen mailarako igoera lortu baitzuen Txapelketa Nagusian, eta Haritz Garrok partida guztiak irabazita bereganatu zuen Bigarren Mailako txapelketa. Azkoitian antolatu zen Hirugarren Mailako Txapelketan Edu Olabe eta Mikel Baenak hartu zuten parte.

Txapelketa hauekin batera, Gipuzkoako Kadete mailako txapelketan hartu zuten parte Deporreko jokalari Edu Olabe eta Diego Olmok, eta 2. eta 3. postua lortu zuten, hurrenez-hurren txapelketa hartan.

Gabonetan, Gipuzkoako Jubenilen Txapelketa jokatu zen Donostian, eta han ere eibartarren partehartzea nabarmentzekoa izan zen. Haritz Garro, Edu Olabe eta Aitor Arroitajauregik hartu zuten parte bertan eta Haritzek bigarren postua lortu zuen Iñigo Martin txapeldunaren atzetik, urtea bukatzeko modu ezin hobea.

Urte berriarekin batera, guretzat txapelketa garrantzitsuena izan ohi dena hasi zen, Gipuzkoako Taldekako Txapelketa. Azken urteetan bezala talde bi aurkeztu genituen bertara, Lehenengo eta Hirugarren mailetan. Lehenengo mailako taldea Maykel Hernandez, Jose Luis Amado, Haritz Garro, Diego Olmo, Jon Arana eta Manuel Lopezek osatu zuten eta Hirugarrenekoa, Emilio Freire, Mikel Larreategi, Julen Garro, Edu Olabe, Aitor Arroitajauregi eta Mikel Baenak.

Hasiera hain ona egin ez arren, bizkor hasi zen Lehenengo Mailako taldea partidak irabazten eta azkenengo txandara mailaz igotzeko aukerarekin heldu zen. Azkenean, sailkapenean Donostiako Easo taldearekin berdinduta gelditu ziren eta bigarren postuarekin konformatu behar izan ziren eibartarrak, hala ere datorren urtean berriz saiatuko dira igoera lortzen.

Hirugarren mailako taldeak ere oso gertu izan zuen igoera. Urte guztian zehar lehenengo postuan joan ostean, azken aurreko txandan lortutako emaitza txar baten ondorioz hirugarren postuarekin konformatu behar izan ziren.

Taldekako Txapelketa bukatuta, Euskal Herri mailan jokatzen den Nazioarteko Txapelketa handienean hartu zuten parte Deporreko Jon Arana, Haritz Garro, Julen Garro, Edu Olabe eta Aitor Arroitajauregik, Donostiako Nazioarteko Txapelketa irekian, justu Euskadiko Txapelketen aurreko astean. Izan ere, hirugarren urtez jarraian, Euskal Xake Federakuntzarekin elkarlanean, Euskadiko Kadete eta Jubenilen Txapelketak antolatu genituen Unibertsitate Laboralaren egoitzan, nola ez, jokalari eibartarren partehartzearekin. Jubenil mailan Haritz Garrok hartu zuen parte eta Kadete Mailan, Diego Olmo, Edu Olabe, Julen Garro, Aitor Arroitajauregi eta Mikel Baenak.

Kadete mailan emaitza ezin hobeak lortu zituzten eibartarrek, Diego Olmo azpitxapeldun gelditu baitzen txapeldunaren puntu berberekin partidarik galdu gabe, eta Julen Garro 6. postuan sailkatu zen. Bigarren postuak, Diegori Espainiako Kadete Mailako Taldekako eta Bakarkako Txapelketetan parte hartzeko txartela eman zion.

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketak jokatu ziren apiril bukaeran Donostian, bakarkakoan Julen Garro, Aitor Arroitajauregi eta Mikel Baenak hartu zuten parte, eta lehenengo biek 3. eta 4. postuak lortu zituzten, eta hurrengo egunean, Asier Belategirekin batera, Mogel Isasi ikastetxeko laukoteak Gipuzkoako Taldekako Txapelketa irabazi zuen, horrela Euskadikora Sailkatuz.

Maiatzarekin batera, Donostiako Gros Xake Taldeak antolatzen duen Udaberriko Txapelketa Irekian jarri zituzten begiak eibartarrek. Jon Arana, Haritz Garro, Diego Olmo, Edu Olabe, Aitor Arroitajauregi eta Mikel Baenak hartu zuten parte bertan, eta Haritz Garro 4. postuan sailkatu zen eta Jon Arana 6.

Euskadiko Infantil mailako txapelketak ere jokatu ziren tartean, Aitor Arroitajauregi eta Julen Garro zeuden berauek jokatzeko sailkatuta, eta Aitorrek 2. postua lortu zuen bertan. Taldekako Txapelketarako ere sailktu zen Mogel Isasiko laukotea, eta oraingoan 3. postuan sailkatu ziren Getxon jokatutako txapelketan.

Euskadiko Txapelketan lortutako txartelari esker, ekainaren 25etik 30era Jaengo Mengibar herrian izan da Diego Olmo, Euskal Selekzioarekin batera Espainiako Kadete Mailako Taldekako Txapelketa jokatzen. Selekzioak 12. postua lortu du, eta Diegok jokatu dituen 5 partidetatik 4 irabazi ditu, puntuen %80 lortu eta txapelketa bikaina eginez.

Urteari errepasoa eginda, hemen gaude berriz ere ekainaren 30ean, eta San Juan jaien barruan XXIII. Eibarko Hiria - Jose Mari Kruzetaren omenezko Txapelketan. Aurtengoan, orain bi urte bezala, Donostiako Gros Xake Taldeak eraman du txapela. Aurten ere 18 talde eta 75 jokalari bildu dira Untzaga plazan.

Uztaila hasi berritan ez ditugu gure ekintzak geldituko, uztailaren 5etik 14ra, Espainian jokatzen den Nazioarteko Txapelketa handienean (guztira 500 bat jokalari) hartuko dute parte Haritz Garro, Diego Olmo eta Edu Olabek. Gainera, Euskadiko Txapelketan lortutako bigarren postuagatik, Diego Olmok Espainiako Kadete Mailako bakarkako txapelketan hartuko du parte uztailaren 21etik 27ra Linares hirian, Linaresko Nazioarteko Txapelketa famatua jokatzen den toki berean.

Urte guztia ekintzaz beteta, pieza eta xake taulen aurrean, erlojuari begira. Hala ere erlaxatzeko astia ere izaten dugu, adibidez ostiralero Klub Deportiboan arratsaldeko 18:00tatik aurrera, hortxe biltzen gara gure arteko kontuak esan, barre egin, eta nola ez, xakean jokatzeko. Etorri nahi duzunean !

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi 2007/10/03

Urriaren 25a

Zer daukagu euskaldunok urriaren 25arekin?

Orain dela ia 200 urte, 1839an Se confirman los fueros de las provincias vascongadas y de Navarra sin perjuicio de la unidad constitucional de la monarquía famatua izan zen, 1979an Gernikako Estatutua onartu zuten euskaldunek, 2003an Ibarretxek Ibarretxe Plana ezagutarazi zuen eta datorren urtean, 2008an, Ibarretxek herri galdeketa egingo du.

Badirudi euskaldunen jai-eguna, Aberri Eguna barik (Aste Santuko bazko-igandean izan ohi dena), urriaren 25a izan beharko dela. Beno, jai-eguna edo "porrot-eguna" agian, gauzak nola joan diren ikusita... (foruak galduta, Gernikako Estatutua ejem, Ibarretxe Plana ejem, ...)

Mikel Larreategi 2007/09/28

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut, eta 2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidentea naiz. Xakeak eta Klub Deportiboak, horretxek jaten dit nire denbora.

Goiburuko irudia Barcelona da. Orain dela urte batzuk bisitatu nuen hiria eta asko gustatu zitzaidan. Irudia nondik hartu nuen ez dut gogoan (lehen jarrita nuen baina aldatu egin nuen eta berriz itzuli eta galdu egin dut kreditua. Baina haren CC-BY-NC lizentziak dioena jarraituz kreditua ematen diot. 

Azken erantzunak
halaxe da bai... Oier A., 2012/01/20
Arrazoia! e-gor, 2011/11/17
Autogestioa Txopi, 2011/10/17
Bizikletak Herbeheretan Trebi., 2011/09/03