Periferiatik, erral
San Andresak ondo pasatzeko bi aurkezpen
San Andres bezpera izan zen atzo eta gaur San Andres eguna. Jaieguna Eibarren.
Atzo eta gaur partehartze zuzena izan dudan bi webgune aurkeztu dira. Unibertsitatea.net eta Goiena.net
Biak Plone edukiak kudeatzeko sistemarekin eginak Zope plataformaren gainean. Ez dira izan lanean egin ditugun lehenengo Ploneak (aurretik publikoak dira Dantzan.com eta Mondragon Unibertsitatea ), baina hauek izan dira nolabait Ploneren tripak ikasteko baliogarri izan zaizkidan biak.
Ploneren trukoak ikasi, eduki mota berriak sortu, produktuak sortu, DTML baztertu eta ZPT idatzi, eta garrantzitsua izan den beste alderdi bat ere bai: kode guztia fitxategi sisteman idatzi eta SVN zerbitzari batekin sinkronizatuta eduki. Zope3 eta CMF/Plone munduan lan egiteko era zein den ikasteko ere balio izan didate proiektu hauek. Eta benetan esan behar dut ondo daudela nahiz eta bere gauzak izan.
Proiektu eta lan bakoitza bere horretan aztertu behar da eta dituen ezaugarriei erreparatu erabili beharreko plataforma zein den erabakitzeko. Ploneren aldeko apustua egin dugu eduki kudeatzaile sistemak behar dituzten proiektuetarako eta tresna oso ahaltsua da benetan milaka produktu ezberdin dituena.
Laster hasiko naiz proiektu hauetan ikasitakoetaz idazten. Ikasi ditudanak norbaiti baliogarri bazaizkio erabil ditzan.