Hemen zaude: Hasiera Blogak Periferiatik, erral Artxiboa 2005 Abendua 23 2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusia: Andoni Egaña txapeldun
Dokumentu Akzioak

Periferiatik, erral

2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusia: Andoni Egaña txapeldun

Andoni Egañak txapelketa lehenengo aldiz irabazi zuenean Iturburun nebilen ikasten, 7. edo 8. mailan egongo nintzen.

Maila horietan izan genuen Euskarako irakasleak, Begoña Barojak, sartu gintuen bertsolaritza munduan. Euskarako klaseetan bertso asko eta asko ikasi eta aztertzen genituen eta baita gero San Andresetan Iturburun egiten zen jaialdian kantatzeko bertso batzuk idatzi ere. Bertso haietako asko gordeta ditut oraindik, jadanik digitalizatuta eta nire ordenagailuko bazterren baten gordeta.

Gogoan dut, Txapelketa Nagusiaren finalaren hurrengo egunean, klasera sartu eta zera esan zuela: "Gaur bertso bat egin behar duzue, nahi duzuen neurri eta doinuan. Hauxe da gaia: Larrean belarra jaten dagoen zezena zara. Ondoan daukazun zezen plazatik jendearen oihu eta txaloak entzuten dituzu." eta zera gehitu zuen "Ah, eta ez du balio sobrero batek esan zidanez hitzekin bertsoa hasteak". Gehienok harrituta gelditu ginen, eta jarraian esan zuen: "Ez zenuten atzo finala ikusi ala?".

EGUNERAKETA: Bertsozale Elkartearen webgunean bila aritu ondoren, aurkitu dut bertsoa. Transkibituta dago eta baita online entzungai ere. Gozatu ezazue

Orain hementxe bertan integratuta

Andoni Egañak bota zuen bertso bati egin zion erreferentzia esaldi horrekin. Ez dut gogoan bertsoa, baina seguraski txapela eman zion bertsoa izango zen. Ez dakit txapelketa haretan izan zen, ala hurrengoan, baina bukaerako agur bikain bat ere bota zuen Andonik. Txapela Lazkao Txikiri eskeini zionekoa hain zuzen ere. Andoniren beste bertso batzuk ere baditut gogoan. 1989ko txapelketan kartzelako lanean kantatu zituenak. "Zure bizitza osoa itsasoari lotuta pasa duzu. Gaur ohean mugitu ezinik zaude. Zure gelako leihotik itsasoa ikusten da" gaia jarri zion Laxaro Azkunek. Hau amak txapelketa hura irrati zahar bat erabiliz kasetean grabatu zuelako dut gogoan, handik aurrera kotxean hura besterik ez zuen jartzen eta jakina, azkenean bertsoak ikasi egin genituen.

EGUNERAKETA: Bertso hau ere aurkitu dut

Aurtengoari buruz zer esan. Andonik oso ongi egin zuela finalean. Asko gustatu zitzaizkidan goizeko kartzelako lanean bota zituen bertsoak, "Aspaldiko partez gaur bi begiak busti zaizkizu" gaiari erantzunez bota zituenak.

Beste bertsolariei dagokienez, Amets Arzallusek zerbait egingo zuen esperantza neukan. Azkenean 4. postua lortu zuen, 3.arekin berdinduta. Lan bikaina egin duela uste dut, hasiera hasieratik jokatu duela Txapelketan, final laurdenetatik hasita. Kartzelako lanean goizean bota zituen bertsoak asko gustatu zitzaizkidan, eta baita Finalerdietako kartzelako gaietan kantatu zituenak. Ez nituen zuzenean entzun, baina Txapelketa Nagusiaren webgunean entzun daitezke. Asko gustatzen zait kartzelako lanean darabilen doinu hori. Ea norbaitek doinu hori zein den esaten didan.

Mikel Larreategi 2005/12/23

Re: 2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusia: Andoni Egaña txapeldun

aitzol — 2005/12/23 22:54

Egia esan Lazkao Txikiri eskeinitako bertso horren testua gustora edukiko nuke. Bertsoa ahaztuta daukat, baina bere garaian denboran ibili nuen bertso horren azkeneko puntua ahoan.


Inork bertso hori idazterik balu...



Re: 2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusia: Andoni Egaña txapeldun

erral — 2005/12/23 23:03

Zuek horrela ikusi eta

neroni jartzen naiz alai

Batasun honek beharko luke

euskaldungoaren dohai(n)

Ni lehengoa naiz buru gaineko

uztai edo-ta ez uztai

Inor ez zegoen lasai

urduritasuna etsai

denak irristadaren zai(n)

Goizean goiztik Lazkao Txiki

aipatu dute nolanahi

Zuen txaloak beretzat dira

nire txapela ere bai



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut, eta 2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidentea naiz. Xakeak eta Klub Deportiboak, horretxek jaten dit nire denbora.

Goiburuko irudia Barcelona da. Orain dela urte batzuk bisitatu nuen hiria eta asko gustatu zitzaidan. Irudia nondik hartu nuen ez dut gogoan (lehen jarrita nuen baina aldatu egin nuen eta berriz itzuli eta galdu egin dut kreditua. Baina haren CC-BY-NC lizentziak dioena jarraituz kreditua ematen diot. 

Azken erantzunak
halaxe da bai... Oier A., 2012/01/20
Arrazoia! e-gor, 2011/11/17
Autogestioa Txopi, 2011/10/17
Bizikletak Herbeheretan Trebi., 2011/09/03