Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibarko periferiatik / Alemaniera ikasten

Alemaniera ikasten

Mikel Larreategi 2013/03/21 20:09
Ikasturteko nire alemaniera-ikasle esperientzia. Super!!

2012ko uztailean Hizkuntza Eskolan matrikulatzea erabaki nuen. Astegunetan probetxuzko zerbait egin nahi nuen eta hizkuntza bat ikastea ondo etorriko zitzaidala pentsatu nuen. Hizkuntza Eskolaren webgunera sartu eta lehenengo aukera ingelesa izan zen. Bide batez behingoz tituluren bat ateratzeko aukera izango nuen. Orain artez, zorionez ez dut horrelakorik behar izan, eta nola edo hala moldatu naiz ingelesez. Aukera paregabea iruditu zitzaidan hizkuntza eskolakoa.

Mailakatze-testa egin eta maila horretarako matrikulatzear nengoela, norbaitek esan zidan eskaera handia egoten zela eta gerta zitekeela plazarik ez lortzea. Hori ikusita eta jada hizkuntzak ikasteko zorria barruan izanda, beste hizkuntza baten ere, bada ez bada, matrikulatzea erabaki nuen. Bi aukera nituen Eibarren: frantsesa eta alemaniera. Lehenengoa sekula ez zait gustatu. Bigarrena zaila dela entzun izan dut beti. Bigarrena modan dago inguruan, Alemania indar handia hartzen ari da-eta Europan. Beraz, asko pentsatu gabe alemanierako A1en matrikulatu nintzen.

Uztailaren bukaeran iritsi zen mezua, alemanieran hartu ninduten!

Urriaren 1ean hasi zen odisea. Ezezagunez betetako klase baten sartu eta han agertu zen irakaslea guztia alemanieraz hizketan. Ikastolako 5. maila etorri zitzaidan burura: ingeles irakaslea klasean sartu eta behin eta berriz "I am Ane" esaten hasi zenekoa. Hemen berdina izan zen, bakarrik "Ich heiße Maitane" esan zuela.

Asteak joan eta asteak etorri, gauza gehixeago esaten eta idazten ikasi dugu: aditzak, izenen generoak, pluralak, zenbakiak, astegunak, akusatiboa eta datiboa (latinean bezala) eta beste hainbat esaera eta kontu. Andreas gure irakasle-lagun alemaniarrak ere irakatsi dizkigu Bayerneko ibaiak, nola ospatzen dituzten gabonak edo nolakoak diren aratusteetako karrozak.

Oso urte ederra izaten ari da, talde ederra tokatu zait gainera eta ondo pasatzen dugu. Astean birritan guztiz deskonektatzeko aukera ematen dit. Ah, eta ikasi ere ikasi dut, urtarrilean Munichen egon nintzenean hitz apurrak ulertzen nituen eta denda baten ordaindu ere egin nuen alemanieraz.

Benetan gustura nago eta ez dut zalantzarik datorren urtean ere jarraituko dudana, ordutegiak ondo badatozkit behintzat. Aukerarik baduzue apuntatu zaitezte Hizkuntza Eskolan, aukera ezinhobea da hizkuntza bat ikasteko-eta.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut.