Euskal Xake Txapelketen politika linguistikoa
Bai, guztiok daukagu honen errua, baina norbaitek zerbait esan egin behar du. Azkenaldian modan dago Euskal Herrian xake txapelketa garrantzitsuak antolatzea. Garrantzitsuak diot, munduko jokalari onenetakoak etortzen direlako ez komunikabideetan garrantzia handia ematen diotelako. Adibide gisa hor ditugu, Bilboko jaialdia edo Gasteizko Txapelketa.
Hala ere Txapelketa horietan euskararen presentzia oso urria zen. Bilbokoan, webgunea eta eskuprograma bazeuden euskaraz, baina ez euskara batuan, euskara bantuan baizik. Trantsizio garaiko esaldia da, Fisika Nuklearra euskaraz irakasteko bi gauza jakin behar zirela: Fisika Nuklearra eta euskara. Xakearen inguruko gauzak euskaraz idazteko ere, bi gauza ezagutu behar dira: xakea eta euskara. Bilbokoan, gaztelaniazko testuak itzultzaile batek itzuli zituen, xakeari buruz ideiarik ez zuen itzultzaile batek, adibidez, Torneo de ajedrez relámpago, Xake tximista leihaketa gisa itzuli zuen, relámpago horrek zer esan nahi duen jakin gabe (15 minututik beherako partidak zirela), edo Copa Mundial de Ajedrez a Ciegas, Itsuka Xakearen Munduko Kopa (jau bat atzetik jartzea bakarrik faltata).
Hori eta eskuprograma ikusita (eskuprograma Euzkal Errian Euzkaraserako perla bat da, ea bihar eskaneatzerik dudan), antolakuntzako kide bati itzulpenak nork egin zituen galdetu nion, hori horrela ezin zela jarri esanez.
Nik ere izango dut erru apur bat, Bilboko jaialdian epaile gisa egon nintzen antolatu ziren bi tximista txapelketetan, eta bietako lehenengoan euskaraz egin nuen aurkezpena. Guztiak begirada arraroarekin begiratu ninduten hau zertan dabil esango balute gisa, eta gaztelaniaz hitz egitera pasatu nintzen.
Gasteizen, aldiz, lana errazagoa izan zen. Han ez zegoen euskararen presentziarik. Ez karteletan, ez joku gelan, ez webgunean eta ez inon.
Ni, nire aldetik, saiatzen naiz gidatzen ditudan txapelketetan aurkezpenak euskaraz egiten. Donostiako Nazioarteko Txapelketan, jokalarientzako oharrak hiru hizkuntzatan egiten ditugu: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, datorren urtean frantsesez ere egin beharko ditugu, gero eta jokalari gehiago etortzen baita Baiona ingurutik txapelketa jokatzera, eta zoritxarrez ez dakite euskararik (bai ordea Baionako klubeko arduradunetako batek, gorantziak Peio !).
Azkoitian jokatu ziren gazteentzako Kutxa Txapelketaren bi finaletan, euskara hutsean egin nituen aurkezpenak. Gaur Azkoitian jokatu den Gipuzkoako Xake Aktiboko 1go Txapelketan ere, sarrerako hitz guztiak euskaraz egin dizkiet bertan bildutako xakelari gazteei eta sari banaketan ere euskaraz egin dut. 2006 eta 2007an Eibarren antolatu ditugun Euskadiko Kadete eta Jubenil mailako txapelketetako sari banaketa ere euskara hutsean egin nuen, nahiz eta bertan gaztelaniaz bakarrik zekiten Federazioen ordezkariak egon.
Orain, Gipuzkoako Xake Txapelketak direla eta, prentsa oharrak bidaltzen ditugu komunikabideetara Gipuzkoako Xake Federaziotik. Nahiz eta ez diguten ezer argitaratzen (eskerrik asko Mikel Zubiari Herri Irratian egiten duen tarteagatik), EiTBren blogetako batean argitaratzen ditugu prentsa-oharrak. Gureak bi hizkuntzatan daude, baina atzo adibidez, Sestaoko Xake Txapelketaren inguruko prentsa-oharra irakurri nuen bertan, baina gaztelaniazko blogean bakarrik, euskarazkoan gure prentsa oharrak daude bakarrik.
Klubaren izenean bidaltzen ditudan prentsa-oharrak ere bi hizkuntzetan bidaltzen ditut, eta webgunean txandaka argitaratzen ditut, aste baten euskaraz eta bestean gaztelaniaz.
Federazioen webguneak ere ez dira libratzen, Euskal Xake Federakuntzarena esaterako, nahiz eta Joseba Otanok asko lagundu, edo Bizkaikoa, azken hau seguraski onena, guztia bi hizkuntzatan nahiz eta guztia orrialde berean egon, eta nahiz eta noizean behin perlaren bat izan. Ni zuzendaritzako kide naizen Gipuzkoakoan neu hasi nintzen euskarazko atalarekin, baina lan guztia bi aldiz egin behar zen eta itzultzailearen lana egin behar nuen, argitaratzen genituen albiste guztiak itzuliz, eta azkenean informazio atzeratua izateko, euskarazko atalik ez edukitzea erabaki genuen. Webgunearen sistema aldatu eta eduki kudeaketarako zerbait jartzen badugu, animatuko naiz berriz (Plone adibidez ;))
Lan asko dugu oraindik egiteko, baina xakean ere, gure bizitzaren beste zati handi bat den aldetik, euskararen presentzia indartu egin behar dugu, eta horretarako guztiok egin behar dugu lan, baina batez ere euskaraz dakigunok.
Baina zer nahi duzue ba, Garai eta Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren aurkako ekintzetan, Xake kirola da! zioen presidentea izan bagenuen? (Gerardo, gogoratzen zara nola Bilboko Moyua plazan, buelta eman eta "xakea! arekin!!" esan zenidan?)

Portzierto, iruzkinak erderaz egin dut, rss-an erdarazko artikuluak bakarrik agertzen zaizkidalako