Hemen zaude: Hasiera Blogak Periferiatik, erral
Dokumentu Akzioak

Periferiatik, erral

Mikel Larreategiren bloga

Dirulaguntzak, klubak, bolondresgoa eta abarrak

Dirulaguntzak urritu direla-eta, elkarte askoren lana zalantzan dago azken aste eta hilabeteotan. Nork du errua? Non daude arazoak? Zer egin daiteke? Hona hemen guzti hori tratatzen duen laburpen/idatzi/iritzi/batiburrillo bat.

Azken asteotan hainbat komunikabideren bidez ezagutu dugu UEU bezalako erakundeen egoera, Jaurlaritza, Foru Aldundi eta udalen dirulaguntzak jeisten direla-eta euren lana kinka larrian baitute.

Nik beste egoera bat ekarri nahi dut ona: kirol eta kultur elkarteena. 2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidente naiz, eta 6 urte hauetan dirulaguntzen munduarekin harreman handia izan dut. Denborarekin eta hormaren kontra behin baino gehiago joan ostean, dirulaguntzen munduak nola funtzionatzen ikasi behar izan dut. Dirulaguntzen Lege Orokorra, oinarri arautzaileak, dirulaguntza deialdiak, ziurtagiriak eta kontu-zuriketak.

Gauzak "betiko moduan" egitera ohituta dagoen batentzat lana suposatzen du hasieran, baina ulertzen dut legea horrela dagoela eta bete egin behar dela. Baina horrek ez du ukatzen prozedura kritikatzea. Orain dela aste batzuk Gipuzkoako udalerri bateko kirol teknikariak (eta ez da Eibarkoa) esaten zidan ezin dela prozedura berbera erabili dirulaguntza erraldoiak eta 1000 €ko laguntzak fiskalizatzeko. Badirudi egun indarrean dagoen Dirulaguntzen Lege Orokorra Aznarren gobernuak jarri zuela indarrean lihoa zela eta Europako Batzordearen dirulaguntzen inguruan gertatu zirenen ostean.

Dirulaguntzen inguruan sortu den papergintza guztiarekin erakunde publikoek euren lana ez den lan bat egitera bultzatzen dituzte elkarteak. Lehenego baten Oier Araolazak esaten zuen bilera baten: "gu hemen ez gaude lan administratiboak egiteko, baizik eta dantza, korrika, xakean edo squashean aritzeko", eta Gobernuek legea betetzeko nahi horrekin, bazterrean, bai bazterrean, utzi dute elkarteei eman beharreko laguntza.

Eta eman beharreko laguntza diot, derrigortasun bat balitz bezala, elkarte horiengatik ez balitz ez bailirateke ekintzak egingo gure herri eta hirietan. Inork uste du Eibarko Udala (edo Tolosakoa, edo Donostiako, edo Foru Aldundia) gai izango zela Eibarren astero-astero egiten diren kultura eta kirol ekintza guztiak antolatzeko? Erantzuna ezezkoa da, eta udal teknikariek beraiek ere onartzen dute hori.

Eta zer esan Foru Aldundi mailan. Azken urte hauetan, bolondresgoa sustatu beharrean, kirol federazio eta kirol zuzendaritzaren inguruan montatutako kirol enpresak sustatu ditu Foru Aldundiak. Elkarteentzako prestakuntza saioak prestatu bai, baina funtzionarioen ordutegian (astelehenetik ostiralera eta 16:00ak baino lehen). Kirolartetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol Kudeaketarako Baliabide Zentrotik, mezu bat idatzi zidaten orain dela hilabete batzuk. Prestakuntza saio batzuk egin nahi zituzten, hitzaldi erakoak, eta nik bertan parte hartzea nahi zuten. Ordutegiak galdetu eta arratsaldean beharko lukeela, lanetik irten ostean 18:30ak inguruan, hori zaila zela, goizean egiten dituztela, eta beste baten izan beharko lukeela, eta mesedez bidaltzeko nire ordutegi preferentziak.

Gurea, Gipuzkoako beste asko bezala, bolondresgoan oinarritutako elkartea da. Bakoitza bere lanetik irten eta denbora eta gogoa duenean joaten da klubera eta gustoko dituen gauzak egin. Niri xakea gustatzen zait, eta horretan hasi nintzen. Lehenengo jokatzen, gero arduradun jarri ninduten. Hor hasi ziren lan administratiboak: aurrekontuak prestatu, kontuak eraman, udaletxera baimenak eskatu... Baina ni ez nintzen bada hemen xakean jokatzera sartu? 2006an presidente egin nindutenean elkarrizketaren baten nire lana hain zaila ez zela esan nion kazetariari: lana, ekintzak, Batzordeek egiten dute, nirea gehiago da koordinazio lana eguneroko lana baino. Esaldia, ordea, aldatzen joan da azken 6 urteotan eta koordinazio lana izatetik papergintza lana izatera pasatu da. Hala ere saiatzen naiz xakean ere jokatzen, liga jokatzen eta hortiz zehar nire gustuko kirola egiten. Hori bai, lan administratiboak jan egin behar nau.

"Soluzio erraza du horrek" esango du norbaitek: kontratatu idazkari bat lan hori egiteko. Bai, horrela norbaitek ordainpean egingo luke lana; baina hemen zertarako gaude kirola praktikatu, ekintzak antolatu eta ondo pasatzeko, hala administrari baten lana ordaintzeko dirulaguntzak lortzeko?

Gure inguruko hainbat elkartek bolondresgotik harago egin dute, eta gaizki joan zaie dirulaguntzen iturria itxi denean. Beste batzuei oso ondo joan zaie eta alemaniar makina perfektuak bailiran funtzionatzen dute. Baina zein klub bolondresek du udalek edo Foru Aldundiak eskatzen duten papergintza guztia egiteko egitura?

Nere aitak kontatzen du gure klubeko Juanjok kontatutako istorio hau, ez dakit egia den ala ez, baina egiaren itxura guztia du:

Juanjo hainbat denboran zehar zebilen emakumeen txirrindulari talde bat sortu nahian eta lortu zuen. Taldeak denbora bat zeramanean, Aldunditik deitu omen zioten, esanez eurak ere horretan zebiltzala eta ezin izan zutela berarekin harremanetan jarri, klubean ez ziotela-eta telefonoa hartzen. "Klaro ba, Roberto, goixeko 9tan deitzen juen da! klubian ez dago inor ordu horretan". Nire aitak Aldundiko funtzionaria imaginatzen du goizeko 9tan bulegora iristeaz bat telefonoz deika. Klubean inor ere ez. Hurrengo egunean ezta ere. Hurrengo astean eguerdian probatuko zuen, inor ere ez. "Noiz dago bada hemen jendea?". Egunen baten garbitzailea topatuko zuen eta harek esango zion "Ah, ba ez, hemen 18:00tatik aurrera egoten da jendea"... eta aho bete hortz utziko zuen funtzionaria. Nola demontre montatu dute emakumeen txirrindulari talde bat eta ez didate telefonoa ere hartzen?

Istorioak benetako eta gezurrezko pasarteak izango ditu, baina ez da asko urrunduko errealitatetik.

Foru Aldundiak, orain agintari berriak daudela, krisi egoera hau probestu beharko luke ez dirulaguntzak murrizteko soilik, baizik eta benetan laguntza behar duenari (lanetik irten ostean paperak betetzen ibiltzen den herrixka bateko elkarteko "langileari") laguntza emateko; horrela egin ezean, eta eboluzioaren legea betez, arrain handiak bakarrik geratuko dira. Arrazoi ezberdinak medio instalazioak kudeatzera eta soldatapeko plantilla handiak edukitzera ohitu diren klub horiek. Azken finean, kirol elkarte izatetik zerbitzu-enpresa izatera pasatu diren horietara. Eta hori guztia Foru Aldundiaren bedeinkapenarekin, hori sustatzen ibili baitira urte hauetan.

Noski, Foru Aldundi eta administrazioentzat errazagoa da enpresekin jardutea. BEZa, Elkarteen gaineko zerga, … guztia egunean daramate. Fakturak eskatu eta han daude artxibatuta, lanorduetan telefonoz deitu eta erantzun egiten dute... Baina enpresek beren ateak itxi egiten dituzte arratsaldeko 18:00tan, jendea lanetik aisialdi bila irteten denean; orduan eskaini behar dira zerbitzuak ez astearteetan goizeko 11:00tan.

Horrela jarraitzen badugu kaleak hustu egingo zaizkigu 18:00tan, Frantzian bezala. Eta guztiok kritikatzen dugu frantsesen kaletik desagertzeko joera hori ezta?

Hainbat gauza nahastu ditut idatzi honetan, dirulaguntzak, bolondresgoa, udalak, aldundiak... barru-barrutik irtendakoak izan dira, eta uste dut pentsatzeko eta idazteko ematen duen gai bat dela.

Donostia Chess Festival 2011-2012 eta xakeko epaileak

1911. urtean orduko Donostiako kasinoan (egungo udaletxean), eliteko jokalriak bildu zituen lehenengo xake txapelketa antolatu zen. Ordura arte ezezaguna zen José Raul Capablanca kubatarrak irabazi zuen lehenengo edizio hori. 1912. urtean bigarren aldiz jokatu zen eta orduan Akiba Rubinstein errusiarra izan zen garaile. Lehenengo aldia zen munduko jokalari oneneko gonbidapenezko txapelketa bat, eta gainera guztiek guztien aurkako jokatzen zutela.

2009an jokatu zen lehenengoz Donostia Chess Festival. Lau txapelketa batera jokatu ziren, eta garrantzitsuenean Hikaru Nakamura estatubatuarrak irabazi zuen. Capablancaren kasuan bezala, jokalaria munduan zehar ezagutzera eman zen lekua izan zen Donostia.

2011 urtea helduta, nola utzi atzean horrelako mendeurren bat? Horrela, zarata larregi atera gabe, Gros Xake Taldeak antolatuta eta Felix Izetak bultzatuta Mendeurreneko Txapelketa antolatu da 2011ko abendua eta 2012ko urtarrila artean, bi urteen artean, orain dela 100 urteko bi txapelketak gogoratzeko asmoarekin.

Oraingoa ere txapelketa berezia izan, bi partida aldi berean jokatu baitituzte jokalariek. Gainera, Munduko Kopatik aparte, goi-mailan K.O. edo kanporaketa sistema erabili den lehenengo aldia izan da aurtengoa. Garailea Andrei Volokitin ukrainarra izan da. 

Baina artikulu honen muina txapelketak izatea ez dut nahi. Dakizuen bezala xake epailea naiz orain dela 10 bat urtetik eta gustatzen zaidan lana da. Askok barre egiten didate xake epailea naizela esatean. "Zer gertatuko da ba hor? Alfilak elkarri botatzen dizkiote ala?" "Peoiei penalti pitatzen diezu?" Ba ez, jakina ezetz. Xake epailearen lana ez da futboleko epaileena bezalakoa, baina azken finean arauak betearaztean datza lana. Askotan lan administratiboa besterik ez dugu egiten: nork noren kontra jokatzen duen erabaki, emaitzak argitaratu, txostenak egin, ... Baina azkenean txapelketan gertatutako ziurtatzen dugunak gara, eta jakina arauen inguruko arazoak gertatzen direnean erabakiak hartzen ditigunak.

Horregatik oso garrantzitsua izan da niretzat Donostiako txapelketa hau. 2004an egon nintzen Xake Olinpiadaren ondoren (hemen euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako artikuluak), jokalari indartsu gehien bildu duen txapelketa izan da. Ez da erraz azaltzen zer sentitzen dugun xakelariok horrelako txapelketa baten egoten, normalean aldizkarietatik edo interneteko kroniketatik ezagutzen ditugun jokalariak bertatik bertara ikusten baititugu, eta epaile naizen aldetik, nolabaiteko harremana ere izaten duzu eurekin. Txapelketan Vugar Gashimov, munduko 10 jokalari onena egon da esaterako, edo atzo bertan txapelketako bazkarian 20 urte eskas dituen Maxime Vachier-Lagrave Frantziako jokalari onena (munduko 45a) aurrean izan nuen. Eta horrela jarraitu dezaket hainbat jokalariren izenak esaten.

Gehien betetzen zaituena jokalari bat etorri eta txapelketari buruz ondo hitz egitea da. Esaterako, atzo Arkadij Naiditsch alemaniarra (munduko 42.a) hurbildu, eskua eman, eta txapelketagatik zorionak eman zizkidan. Aurten bertan Hogeschool Zeeland Txapelketan kointziditu genuen, hango hartan ni ere jokalaria izan nintzen. Lasai lasai aritzen zen gurekin hizketan munduko emakumezkoen txapeldun ohi eta munduko 10. emakumea den Antoaneta Stefanova bulgariarra edo 14 urte eskas zituela Galizian ezagutu nuen Ivan Cheparinov gaztea.

Agian, xakelariok eta xake-epaileok xakearekiko dugun erlazio berezi hori, atzo gertatutako kontu batekin azaldu daiteke. Atzo, errege egunez, partida azkarren txapelketa bat jokatu zen (5 minutuko partidak). Finalerdietan, bi jokalarik berdindu egin zituzten euren 2 partidak eta beraz berdinketa hausteko Armaggedon partida jokatu behar zuten. Partida horretan ausaz erabakitzen da jokalari bakoitzak izango duen piezen kolorea, eta zuriak dituenari 6 minutu ematen zaizkio eta beltzak dituenari 5; baina pieza zuriak dituenak irabazi egin behar du, berdinketa gertatuko balitz pieza beltzak dituena joango bailitzateke aurrera. Aurrez aurre Sarhkan Gashimov azerbaiandarra zuriekin eta Loek Van Wely holandarra beltzekin. Partida bukatzen ari zela, final interesgarri bat jokatzen ari ziren bi jokalariak, 20 bat lagun egongo ginen (euren artean 3 epaile), partidari begira. Beltzak abantaila zuen eta irabazi egingo zuela zirudien, baina denbora gutxi zuten erlojuan, eta edozer gerta zitekeen. Horrelako baten, pieza zuriak zituena "Oh, no, come on!" oihukatu zuen eskuarekin erlojua seinalatuz. Erlojua gelditu egin zen eta inor ez zen konturatu ere egin. Ados, epaileok izan beharko genuke horren ardura, eta gure lana da. Baina aldi-berean xakelariak ere bagara eta partidan guztiz sartuta geunden. Baina gu bezala, inguruan zeuden beste guztiak ere bai, zeren inork ere ez zuen ikusi erlojuan jokalariek zuten denbora hau itzali aurretik. Inork ez zuen txintik ere esan, partidan guztiz sartuta zegoelako. Hori horrela, partida errepikatu beste irtenbiderik ez zen gelditu. Kasu horretan ere jokalari batek ere ez zuen txintik ere esan, eta publikoak ere ez. Partida errepikatu eta aurrekoa galduta izan zuen Gashimovek irabazi zuen. Azkenean finala ere irabazi egin zuen.

Horrelako gertaerek bultzatzen gaituzte xakean eta xake-epaile lanetan jarraitzera. Hurrengoa zein izango den nahiko argi dut, Donostiako 35. Nazioarteko Txapelketa Irekia, baina Donostiakoa bezalako goi-mailako txapelketa baten izatea ere guztiz erakargarria litzateke. Adibidez, hemendik pare bat astera Wijk aan Zee herrian (Herbereeak) jokatuko den Tata Steel Chess Txapelketan aritzea, ez dakit nire ametsa, baina gustoko izango nuke zalantza gabe.

Mikel Larreategi 2012/01/07

Metaposta (edo nola ahaztu papera)

Metaposta Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearen (EJIE) eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberen ekimena da. Eta zertarako den? Postontzian jasotzen duzun paper guztia ezabatzeko.

Lehengo baten, lagun baten twit bati jarraiki, artikulu hau irakurtzera heldu nintzen: Dinamarca: ese paraíso digital. Danimarkako hainbat gauza aipatzen dira han, eta horietako bat e-Boks da, postakutxa digital bat. Edonork guretzat dituen paperak gordetzeko lekua. Eta horrek badu parekidea gure artean, Metaposta du izena.

Paperen gordailua da, etxeko fakturak gordetzeko erabiltzen duzun artxibadorea bezala baina elektronikoa. Erregistratu eta noren dokumentuak jaso beste aukerarik ez duzu egin behar. Nik ez ditut jasotzen jada Kutxa, Euskadiko Kutxa edo Euskaltelen faktura eta erreziboak. Dena Metaposta-ra iristen da eta heltzen denean e-posta abisu bat jasotzen dut.

Eguneroko zerbitzuen hainbat faktura bertan jaso ditzakezu jada, urarena, argindarra eta gasarena, bankuenak... eta hori guztia erakunde bakoitzaren "fakturazio elektronikoko" zerbitzuan alta ematen ibili beharrik gabe.

Ea noiz zabaltzen den zerbitzua eta beste bidaltzaile batzuk ere hasten diren horra paperak bidaltzen; Udala, Aldundia eta Jaurlaritza esaterako, dena bertan era erraz baten atzigarri izateko.

Gainera Metapostak zure beste hainbat dokumentu kargatzen ere uzten dizu: beti aurkezten ibiltzen zaren errolda agiria, edo alokairuko kontratua, edo ikasketen ziurtagiriak. Eskaneatu fisikoki duzuna eta kargatu bertara. Metapostan ez dagoen enpresa baten fakturazio elektronikoa erabiltzen baduzu, deskargatu fakturak eta kargatu Metapostara. Agian etorkizunean etorriko da hura ere eta guztia izango duzu bertan.

Ah, eta enpresa edo elkarte bateko arduradun bazara, eta langile edo bazkideei informazia beren Metapostara bidali nahi badiezu Pyme Pack-a dago. Windows aplikazio bat (Linuxen probatu dut eta itxuraz badabil), dokumentu digitalak era erraz baten Metapostara bidaltzeko.

 

 

Mikel Larreategi 2012/01/01

San Francisco 2011

Aurreko urteetan Napoli, Washington DC, Budapest edo Bristolen bezala, aurtengo Plone Konferentzia San Franciscon antolatu zuten azaro hasieran, han ibili ginen Lur lankidea eta biok.

PloneConf 2011: panfletoa eta garagardo-edalontzia

Urteroko ohiturari jarraiki eta Plone Fundazioak egindako deialdiari erantzunez, San Franciscon bildu ginen munduko Plonelariak urteroko Plone Konferentzian. Lau egunetan zehar, azaroaren 3tik 6ra artean, San Franciscoko State Universitik Market Street-en duen egoitzan, hainbat eta hainbat hitzaldi eta aurkezpen ikusi genituen.

Dexterity, Diazo, Transmogrifier, XML, ZPT, Python eta beste hainbat eta hainbat buzzworden inguruan aritu ginen. Zalantza gabe asko aprobetxatuko dugun konferentzia izan da aurtengoa ere, beste hainbat urtetan ezagututako aurpegiak berriz ere ikusi, kontaktuak egin, eta munduko Plonelariak zertan dabiltzan ezagutzeko aukera aparta ematen baitigu konferentziak. Gainera, komunitateari produktua erabiliz hartutakoa itzultzeko modua ere bada nolabait, Plone erabiltzeagatik ez baita inolako royalty edo lizentziarik ordaindu behar-eta.

Hala ere, harainoko bidaiak San Francisco ezagutzeko aukera ere eman zigun. Domusantu eguneko zubia-zela eta egun batzuk lehenago joan ginen Lur eta biok eta turista plantak egiteko astia ere eduki genuen.

 

Neu Golden Gate atzean dudala

Handia da San Francisco, agian handitasun hori ez genuen argi hasieratik eta lehenengo egunean sekulako ibilia egin genuen (bere garaian Erroman edo Washington-en egin bezala), hotelera iristean hankak egosita eta hurrengo egunean lurrean jarri ezinda edukitzeko.

Hiriaren handitasun horretan, portuan bertan dagoen merkatu bat ikusi genuen lehenengo egunean. Asko harritzen naute merkatuek, ez dakit zergatik baina nire barnean zerbaitek esaten dit hiri handi eta kosmopolita batean (dela San Francisco, dela Londres), kaleko merkatu txikiek tokirik ez dutela eta dena izan behar dela hipermerkatu. Ba ez, azkenean hiri handietan herritar xumeak ere bizi dira, eta merkatuek ere bere funtzioa betetzen dute.

Bizikletarekin zubia zeharkatzeko prest!

ChinaTownetik buelta bat emateak ere hiriaren handitasuna garbi erakusten du, ChinaTown bera hiri handi baten barruan aurki daitekeen hiri bat baita: guztia txinatarrentzat pentsatuta eta euren bizimodua egitera egokituta. Turistak ere dexente bertan. Batman-en taberna deskubritu genuen lehenengo egun honetan. Eta bertara abonatu ginen zalantza gabe. Batmanez jantzitako kamarero batek atenditu gintuen, Oier Gorosabelen sekulako antza zuen gainera :)

Bigarren egunean Udaletxetik abiatuta eta Golden Gate Park-en zehar Ozeano Barera joan ginen. Ez nahastu, Golden Gate Park ez dago izen bereko zubiaren ondoan, ezta urrik eman ere! Parke horrek ere hiriaren handitasuna bere horretan erakusten du. 10 bat futbol zelai luze edo gehiagoren luzera eta 3 edo 4ren zabalera du markeak. Google Maps-eko satelite bistan bikain ikusten da. Asteburua zen eta jende mordoa zegoen bertan, polizien lasterketa benefiko horietako bat ere bai tartean. Taberna eder bat ere topatu genuen arratsalde partean: Zeitgeist.

San Francisco Alcatraztik

Eta Ozeano Barera iritsi ginenean... behelainoa, barkatu gandua. Ohikoa omen da gandua San Franciscon. Berehala garbitu zuen ordea eta eguna berriz ere argitu. Ibili luze horren ondoren, autobusean egin genuen buelta.

Hirugarren egunean, lehenengo egunean hartu genituen Alcatraz-erako txartelak erabili genituen. Itsasontzia hartu eta segurtasun handiko gartzela mitikoari egin genion bisita. Hotelerako buelta San Franciscoko tranbia, hauek ere mitiko, horietako baten egin genuen.

Ashbury eta Haight kaleen bidegurutzea

Laugarren eguna izan zen ederrenetakoa: bizikletak hartu eta Golden Gate zubian barna Sausalitoko etxe-flotagarriak ikustera joan ginen (25 kilometro guztira joanean eta beste horrenbeste itzuleran). Zalantza gabe aurten baino gehiago nekez ibiliko nintzen bizikletan: lehenengo Herbereetan eta ondoren San Franciscon. Eta Eibarren noiz? Lizarraldek bizikleta bat gomendatzen didanean :)

Bostgarren egunean, gehien gustatu zitzaigun zonaldea ikusi genuen: Haight kalea eta Haight eta Ashbury kaleen lotunea. Hor zegoen kale-bizitza benetan polita: erropa dendak, bigarren eskuko dendak, disko-denda izugarri bat, tabernak, musika, ... bizitza kalean. Handik bueltan, bazkalostean, Castrora egin genuen bisita, San Franciscoko gay komunitatearen auzora. Batman-enean garagardo bat hartuta goiz oheratzeko ordua zen, hurrengo egunean hasi baitzen Plone Konferentzia. Eta hangoak? Bada, hangoak CodeSyntaxen blogean aurkituko dituzu hemen baino hobeto azalduta. Gezurra badirudi ere Plone Konferentzietara lanera joaten gara. Hango kronika eta apunte asko ez ditugu argitaratzen, baina laburpen laburrak ez dizkiegu egiten CSko lagunei, luze eta zehatzak baizik!

Inork San Franciscora joan nahi badu, hona hemen Lur eta biok egindako ibilaldien mapa, azken egunekoa falta da, baina sartuko dut egun hauetakoren baten.

Argazkietako batzuk nireak dira eta beste batzuk Lurrenak. Seguraski onak bereak izango dira eta eskasak nereak :)

 

Ikusi San Francisco, USA mapa handiago batean
Mikel Larreategi 2011/11/28

Lanorduak arrazionalizatzen

Azkenaldian modan dago lanorduak arrazionalizatu behar direla esatea. Espainia mailan "Comisión para la Racionalización de Horarios en España" izen ponpoxoa duen batzorde bat ere badago.

Lanordu flexibleak ezartzeko plan bat aurkeztu zuen Jaurlaritzak, eta plan hori enpresa batzuetan ezarri eta hor dabiltza Euskaltel, Guggenheim edo Diario Vasco sariak jaso eta hitzaldiak ematen. Enpresa txikiagoak ez dira eredu hobeak gizartearentzat kasu honetan?

Honi buruz hitz egiten denean, kranding hitza datorkit burura. Dani lankideak erabiltzen du hitz hori gauza bati buruz hitz egin eta hitz egin eta ezer esan ez arren, asko esan eta egin dela erakutsi nahi denean. Gure lantokian ordutegi flexiblea dugu. Ez gara Euskaltel eta Diario Vasco. Ez da etorri Jaurlaritza plan batekin. Eta horregatik ez digute dirulaguntza estrarik emango. Eta ez gaude egunero egunkarietan horri buruz hizketan. Ah, eta lanordu hori ez dugu orain dela aste batzuetatik, ni 2003an lehenengo aldiz sartu nintzenetik bai behintzat! Asko eskertzen den eta guztiok eskertzen dugun flexibilitate horrek uzten digu lanaldia gure erara antolatzen (parametro komun batzuen barruan noski), eta antolaketa horrek uzten digu gaur bilera baterako lehenxeago irten edo goizerdian jestio bat egiteko irteten, edo bazkalorduak murrizteak uzten digu arratsaldean lehenago irteten.

Eta ni gehienetan 17:30tan irteten naiz bulegotik. Honen inguruan orain dela hilabete batzuk proiektu baten lankide izan genituen enpresa bateko langile batekin izandako elkarrizketa dut gogoan:

Mikel: Bueno, si necesitas algo estaré hasta las 17:30
XXX: ¿Hasta las 17:30? Joer ¿qué pronto no?
Mikel: Hombre, entro a las 8:00 hasta la 13:30 y luego vuelvo sobre las 14:30
XXX: Nosotros estamos aquí hasta las 19:00. Es que a la mañana entramos a las 9:30 y luego a la tarde a las 15:30

Nik pertsonalki nahiago dut goizean goiz lanera joatea eta arratsaldean denbora gehiago edukitzea beste gauza batzuk egiteko: erosketak egin, buelta bat eman, kiroldegira joan edo beste lan batzuk egiteko. 19:00tan lanetik irten? Ez mesedez. Eta horretan flexibilitateak asko laguntzen digu CSn, norbaitek nahi badu 19:00ak arte lan egin baitezake, goizean behar baldin baditu orduak bere familia-lanak-edo egiteko.

Ba hori, Euskaltel ez diren enpresa asko daudela Euskal Herrian Jaurlaritzaren planik gabe ordutegiak aspaldidanik arrazionalizatuta dituztenak.

Beno, esan egin behar nuen.

Mikel Larreategi 2011/11/16

Egunak argitu du gaur ere

Atzo erdi gaixo nengoen, mareatuta-moduan etorri nintzen etxera. Kalera irten behar izan nuen Udaletxeko erregistroan paper batzuk entregatzera eta 18:30tarako etxean bueltan nengoen, mantapean telebista jarrita. Ez negoen umoreko Udaletxean egin beharreko jestioaz, eta zerbait twitteatzea erabaki nuen. Jarraitzen nituen pertsonen artean, hauxe zen irakurri zitekeen azkena, Luistxorena:

bihar. -ek esan du. Amen.

Retwitt egin nion horri eta nereak idaztera joan nintzen:

  1. Eibarko Udalaren zentzugabekeriak: irailak 30erako 2011 urteko aurrekontua gastuak justifikatzeko fakturak aurkeztu behar...
  2. ... Eta onena da udalak zenbat emango duen ez dakigula. Nola demintre kuadratzen dira kontu horiek?....
  3. ... Eta falta diren hilabeteetako gastuekin zer egingo dut? Horiek ezin dizkidate diruz lagundu?

 

Baina hirugarrena idatzi eta jarraituen zerrenda eguneratu zenean justu nerearen aurretik eta Ana Malagonek retwiteatuta, RTVEren hauxe sartu zen:

URGENTE: anuncia el cese definitivo de su actividad armada

Retwitt egin eta 6a sakatu nuen telebistako urruneko agintean, Canal 24 horas jartzeko. Gadafirekin zebiltzan gora eta behera. Ordenagailua piztu eta Gara ireki nuen. Erorita zegoen. Berria ireki eta hantxe zegoen albistea. BBC-ren orrialdea ireki nuen, han zegoen esklusibaren berri.

Handik aurrera, Ander Arzak edo Africa Baeta entzuten pasatu nuen arratsaldea, Twitterrean nire timelinea eta Umap irekita eukita. Euforia itzela zen. El Mundoren portada ere neutroa zen ordu hartan, segituan aldatu zuten "ni se desarma ni se disuelve" coletillarekin.

Ez negoen gorputz honeko eta sofan geratu nintzen, bestela beheko tabernara jeitsi eta ronda bat nere kontu, fijo!

Eta gaur goizean, ez dakit zergatik 6ari eman diot berriz telebistan goizeko 7retan. Bai, atzokoa ez zen ametsa.

Etxetik irten eta ia betiko jendearekin egin dut topo: autobus geltokira zetorren ikaslea, Correoseko langile biak uniforme eta guztia, errepidea pasatzen zegoen emakumea..., eta errepidea pasatzen ari nintzela egunkari bat galtzarpean zeraman gizon batekin gurutzatu naiz. Irrifarretxo bat zeraman aurpegian. Handik 20 metrora egunkariaren kioskoa dago. 3 metro lehenago gelditu eta zalantza egin dut: erosiko dut egunkaria? Zein? Zer irakurri nahi dut? Azkenean zalantzak argitu eta ezer ez erosteaerabaki dut.

Autobusera igo eta eguneroko "Egun on" altuago eta garbi-garbi esan diot gidariari, arrazoia garbi gelditzeko. Autobusean etortzen diren hiru emakumeei ere, ohi baino altuago esan diet. "¿Frío no?" erantzun du haietako batek. "Sí". "Pero hoy da igual" etorri zait mihi puntara baina horzka egin diot mihari eta ixildu egin naiz.

Lanean, Kiosko.net webgunera sartu nahiz, egunkarien portadak ikustera. Han ikusitako portada batekin geratzen naiz eta han ikusi ez dudan, eta oraintxe arte ikusi ez dudan batekin ere bai: Diario Vasco eta Noticias de Gipuzkoarekin:

Diario Vasco 21/10/2011
Portada Noticias de Gipuzkoa 21/10/2011

 

Ez dakit egunkari horietako bat izango zatekeen nik erosiko nukeena, baina hor daude portadak.

Atzo irakurri nion Josu Mendicuteri bere Twitteren negar egin zuela atzo. Ez nuen sentsazio hori izan gaur arte. Artikulu hau idaztera eraman nauena ikusi dudan arte. Gaur ere 6a jarrita nuen, eta TVE-1eko Telediarioaren errepikapenaren azken segunduak ikusten ari nintzen. Bertan, Laboaren "Txoria-Txori" kantuarekin, hain ohikoak diren irudi batzuk erakutsi dituzte. Irudi guztiak hemengoak: kalea, Guggenheim, jendea paseatzen, Kontxako hondartza, ... Hain ohikoak diren irudi horiek, eta gaurtik aurrera guztiok beste umore batekin eta beste begirada batekin egingo ditugunak. Atxagak "La Pelota Vasca" filmean esan zuen bezala, gainetik kendu dugun pisuarekin lurretik 20 zentimetrora ibiliko gara orain. Herri hau geldituko duenik ez dago. Hemen Atxagaren zita, atzo bertan gaztelerazko blogean argitaratu nuena:

"Yo creo que algún día se producirá un País Vasco en paz, y que lo notaremos porque la gente en vez de andar un poco sobre el suelo andará como a veinte centímetros, un poco levitará, levemente, ¿no?, para no escandalizar, pero levitará porque del peso que nos quitaremos de encima, ¿no? Ahora tenemos mucho peso sobre los hombros".

Ba hori, Agur ETA, agur betiko.

Mikel Larreategi 2011/10/21

Autogestioa

Azkenaldian askotan entzun dut "autogestioa" hitza, baina zer da "autogestioa"?

Azkenaldian gaztetxeen inguruko kontuak azaltzen direnean behin eta berriz entzun dut hitz hori. Baina zer da "autogestionatua" izatea? bere burua kudeatzen duen zerbait? Kanpoko laguntzarik gabe egiten den zerbait? Bere burua kanpoko laguntza gabe kudeatzen duen zerbait? Definizio-purua horixe izango litzateke ezta?, baina "autogestioa" esaten denean ez dute hori esan nahi nere ustez, baizik eta "udaletxearen, kultura-etxearen, diputazioaren, eta orohar botere publikoen laguntza gabe kudeatzen den zerbait".

Ah kontxo! gaiztoen laguntza gabekoa denean autogestioa da, beste guztia ez da autogestioa? Eta Kitto ez da autogestionatua? Edo Arrate Kultur Elkartea? Edo Klub Deportiboa? Ala horiek gaiztoen laguntza jasotzen duten momentutik ez dira autogestionatuak? Eta nire anaiak lagunekin duen lokalean egiten dena "autogestioa" da? Eta Eibarren dauden hainbat eta hainbat soziedadeak?

Eta bestalde, nola ez da ba gaztetxeen mugimendua autogestionatua izango? Ia definizioz edozein laguntza publiko ukatu edo laguntza-eza salatzen badu? Autogestio diruzlagundu eta interbentzio-gabea nahi duzue?

Bai, dena nik esan dut, zeintzuk diren gaiztoak, zein diren definizioak, eta abar. Onartzen dut, agian ez dut arrazoirik izango. Zer da orduan autogestioa?

Mikel Larreategi 2011/09/21

Abuztu hasiera Vlissingenen

Xakea eta oporraldia uztartu ditugu aurten ere Deporreko xakelariok.

Iaz Italian egin genuen bidaiarekin hasitakoaren bigarren geldialdia egiten ari gara egunotan Herbereetako Vlissingen herrian. Bertan 15. Hogeschool Zeeland xake txapelketa jokatzen ari da eta berau jokatu eta oporraldi lasaia pasatzeko asmoarekin etorri gara bost lagun bertara.

Vlissingen 45000 bizilaguneko kostako herri bat da. Hondartza eta portua ditu eta jende asko dabil bertan bizikletan, baina gaur arratsalde-iluntzean eman dudan bizikleta ibilaldian gehien harritu nauena etxeak izan dira. Etxe guztiak berdin berdinak, txikiak eta bi pisukoak dira. Ah, eta ez dute pertsianarik. Pertsiana gabe bizi dira holandar hauek!!

Goizean hondartzan izan gara batzuk Iparraldeko Itsasoko ur hotza probatu, eguzkia hartu (ederto berotzen zuen hemen ere) eta Vlissingen aurretik Antwerpera (Anberes) bidean edo hango portutik datozen itsasontziak ikusten. Belgikako portu handienetakoa izango denaren itsas-trafiko guztia hemendik pasatzen da.

Bizikletena ere aipagarria da. Lehenengo egunean tren geltoki ondoan astebeterako bizikleta alokatu genuen, bakoitza 37.50 €ko prezioan eta benetan garraiobide erosoa da herrian zehar ibiltzeko. Supermerkatura, hondartzara, garagardo bat hartzera, partidara, buelta bat ematera... edozertara bizikletan joaten gara. Benetan asmatu genuen bizikleta hartzerakoan. Hemen bizikletan ibiltzeak inbidia ere ematen dit, eta Eibarren nola ibiliko ote nintzatekeen ere pentsatu dut, hala ere hemengo lautadak (aldapa txikiena ere ez dago) eta Eibarko gora-beherak ez dira konparatzekoak, eta zer esanik ez bideak: hemen guztia dago prest bizikletentzat, bidegorriak kale guztietan, kotxeak gelditu egiten dira pasatzen uzteko... laneko bizikleteroak gustora asko arituko lirateke hemen.

Besterik ez, xakeak uzten badit idatziko dut zerbait gehiago hemendik edo Amsterdametik (hara goaz txapelketa bukatzean), bitartean argazki batzuekin uzten zaituztet eta baita Eibarko Klub Deportiboaren webgunean idazten ditugun kronikatxoekin ere. Lizak Vietnam eta Laostik dioen bezala: Biba gu!!

Mikel Larreategi 2011/08/02

Bi "K": leiha baten historia

Michael Robinsonek hilero Canal + katean aurkezten duen programak xakea izan du gaitzat ekaineko erreportaietako baten: Gary Kasparov eta Anatoly Karpoven arteko leiha.

Eibarko xakelariontzat oso garrantzitsua den asteburu honetan (Sustatun ere konturatu dira), Leontxo Garcia handiaren Twitter kontuaren bidez enteratu nintzen atzoko Michael Robinsonen "Informe Robinson" telebista saioan xakea gai izango zuen erreportai bat emitituko zutela: Kasparov eta Karpoven arteko lehiari buruzkoa. 

Erreportaiak dataz data, partidaz partida, bi xakelari handi hauen leiha nolakoa izan zen aurkezten du, gorrotoraino iritsi artekoa momentu askotan, azkenean laguntasun edo errespetu moduko batera iritsi dena, Putinen aurka manifestatzeagatik Kasparov kaleratu zutenean edo-eta orain gutxi Karpov Nazioarteko Xake Federakuntzaren lehendakaritzarako aurkeztu eta Kasparovek bere babesa eman zionean.

Biziki gomendatzen dizuet erreportaia, ordu erdi ingurukoa da eta programaren bigarren zatian dator. Lehenengo zatian Movistar Team txirrindulari taldeak Giroan egindako lanari buruzkoa da eta txirrindularitzaren gogorra zuzen-zuzenean erakusten du. Hona hemen programa oso-osorik ikusteko lotura: http://www.canalplus.es/play/video.html?id=903874&media=PO877576&cc=PLTVOD

Mikel Larreategi 2011/06/30

Amorebieta txapeldun!

Astebeteko atzerapenarekin baina, hobe berandu!

Amorebietako jokalariakBa hori, 3. mailako futbol ligako txapeldun gelditu da Amorebieta taldea! Zorionak!! Eta zergatik hainbeste interes? Ba, nere anaia Jonek jokatzen duelako bertan, eta gainera hainbat gol egin ditu denboraldian zehar, eta hau ere nabarmentzekoa da defentsa postuan jokatzen duelako.

Zorionak bada, eta ea zortea duzuen play-offean eta datorren urtean 2. B mailan jokatzen duzuen!

Mikel Larreategi 2011/05/15

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut, eta 2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidentea naiz. Xakeak eta Klub Deportiboak, horretxek jaten dit nire denbora.

Goiburuko irudia Barcelona da. Orain dela urte batzuk bisitatu nuen hiria eta asko gustatu zitzaidan. Irudia nondik hartu nuen ez dut gogoan (lehen jarrita nuen baina aldatu egin nuen eta berriz itzuli eta galdu egin dut kreditua. Baina haren CC-BY-NC lizentziak dioena jarraituz kreditua ematen diot. 

Azken erantzunak
halaxe da bai... Oier A., 2012/01/20
Arrazoia! e-gor, 2011/11/17
Autogestioa Txopi, 2011/10/17
Bizikletak Herbeheretan Trebi., 2011/09/03