Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan

Agur Mezulariari

Elena Laka 2008/09/11 17:45
Mezulariako tertulian entzule fin izatetik tertuliakide izatera pasatu nintzen. Alizia ispiluaren beste aldera pasa zenean bezala.

Ez da berdina etxeko silloitik arbitroa kritikatzea edo futbol zelaira salto egitea. Gustora aritu naiz hiru denboraldiz Mezularian, baina beti zizarea tripan. Denetik egon da: egun berbatsuak, egun isilagoak, pozik bukatu ditudanak edo neure buruari “hau azkena dun” zin egin dizkiodanak. Badauka baina engantxea, mikrofonoak erakarri egiten du. Eta guztietan, lankideekin primeran, bai irratiko langileekin, bai terkuliakideekin, denak izan dira oso atsegin eta lankide on.

 

Orain tertuliaren formatoa aldatu egin da, eta nire zikloa bukatu da. Konturatu naiz astean ordu betek nolako estresa sortzen zidan, orain, gainetik kendu dudanean. Ez nintzen jabetzen zein pendiente nengoen eguneroko berriekin. Hemendik aurrera informazioaren neure erritmoa berreskuratuko dut, mantsoagoa. Ispiluaren beste aldean ipiniko naiz berriro, kotxeko jarlekutik tertuliakideei erantzuten.

 

Irratian berba egiten, blog batean idaztea, beti geratzen da zalantza norbaitentzako zerbait esaten duzun, zerbaiterako diharduzun. Irratian, hiru urteetan lau pertsonek esan didate gustora entzuten nindutela. Amaz kanpo, noski, zertarako dira amak, euskaraz tutik ulertu ez eta saio bakoitzaren ondoren “qué bien has hablado” esanez deitzeko ez bada. Eskerrak ematen diet beraz entzule izandako guztiei, baina bereziki I.M.N. eta I.ri, hor komunikazioa sortu delako.

 

Hemen, beste ispilu baten aurrean, blogari ekingo diot beste ikasturte batez, gutxienez nire bloglineseko bederatzi harpidedunentzat, eta aitortu beharra dago, ispilu-pantailak ere harrapatu egiten du.

 

Azkenengo eguna da eta...

Elena Laka 2008/07/30 12:31
goazen guztiok dantzara.

Modu asko daude udako oporrak hasteko, tartean estresak jota edo hausnarrean. Nik ere bizi izan dut oporrak bi modu horietan hasi izana. Baina aurten, kanbio.

Urteko seriotasunak astintzeko, oporrak dantzan hasi ditut. Atzo lehen entsaioa, Deban, jaietarako dantzak gertatzeko, ni berriena eta ezjakinena. Nire bildurra da oinekin korapilo bat egin eta azkenean lurrera jaustea. Momentuz behintzat, eutsi diot bertikalitateari, ez pausuari, baina tira, ez dut zerbait ikasteko itxaropena galdu. Nire kezka beraz, erritmoa ez galtzea eta bueltak ematerakoan asmatzea. Gure seme Paulorena, dantza kalean egingo ote dudan, lotsa ematen diolako.

Oporrak edozein modutan hasten dituzula ere, oporrik ez badaukazue ere, ondo pasa abuztua. Konexiobako lurraldean, irailerarte blog honek jai hartuko du.

Ibarretxe, gure bihotzera

Elena Laka 2008/07/23 08:29
Iritxi da gure buzoira Ibarretxeren galdeketarako botu-orriak jasotzen dituen gutun-azala.
Galdeketa1

 Jasotzailearen izenik barik, propaganda moduan, ezin baita hauteskunde-errolda erabili galdeketarako.

 

Galdera-orria eskutitz batekin dator, Ibarretxek berak sinatutakoa. Eskutitz honetan atentzioa ematen du:

  1.  euskarazko bertsioa letra etzanean idatzita egotea, eta gaztelerazkoa berriz, negritan. Hobeto irakurtzen da gaztelerazko bertsioa
  2.  Eskutitzaren tonu adiskidetsua, inola ere ez instituzionala. “Herritar hori” edo horrelako zerbait ipini beharrean hasieran, “lagun hori” esaten du. Ibarretxek  galdera batzuk planteatzen zaizkion lagun-koadrila moduan ikusten ote gaitu.
  3. Sinaduraren aurrekoa: eskuz idatzita, ez “adeitsuki”, ez “agur bat,  ez “izan ontsa”, ez. “Bihotz bihotzez”. Euskaraz bakarrik. Ibarretxe geure alderdi sentibera ikutu nahi du, duda barik.
  4. Sinadura: “lehendakaria” hitza sinaduratik desagertu egiten da, eta eskuzko sinaduraren ostean, izena baino ez dator, kargua ez.
  5.  Beraz, herritarra lagun moduan tratatuta, maitasunezko hitzekin, karguaren formaltasuna nahita sahiestuz, gehiago ematen du, kasurik onenean, propaganda, politikoek kanpaina garaian alkondara hutsean egiten duten planta adiskidetsua. Kasurik txarrenean, ahalmen gabeko agintari  baten errukizko erregua. Guztia diseinu berde itxaropentsuz jantzia.

-           

 

Higuina demasa

Elena Laka 2008/07/22 11:52
Gizonezko bat atxilotu dute Bilbon, kalean masturbatzeagatik

Joan zen astean idatzi nuen post hau, baina gogorregia edo,  iruditu zitzaidanez, zakarrontzira bota nuen. Gaur egunkaria irakurri dudanean, berreskuratu egin dut. Gauza batzuk ez zaizkigu aldatu.

 

Donostia Eibar autopistatik autoz. Ez da oraindik eguerdia. Lanetik nator, lanean dihardut. Burua egitekoez beteta. Modu mekanikoan aurrean neukan ibilgailua aurreratu dut. Itzelezko bozinakada bota dit. Zer da hau? Zer egin dut gaizki? Alboko espilutik begiratzen dut atzera, eta aurreratutakoa ikusten dut. Kamioi handi bat. Kamiolaria ahoarekin eta ezpainekin keinuka daukat. Zertan dabil hori? Beheruntz begiratu eta momentuan konturatu naiz: uda da, soinekoa jantzita daukat, eta esertzerakoan izter erdirarte igo da. Jode, kamiolaria berotu egin da eta ezin agoantatu pailazoarena egiten.

 

Zelan diren gauzak, burura etorri zaizkit hain beste denboran ahaztutakoa, txikitan, nerabetan lagun artean isilpean kontatzen genituenak. Lagun gehienek geneukan istorioak kontatzeko: tipo bat bazter batean geuri begira zakila ateratzen zuenekoa. Ondotik pasatzerakoan gure neskatila belarrietara lizunkeriak botatzen zigutenekoa. Jende arteaz baliatuz ipurdia edo titiak ikutzen, edo sexua geure kontra igurtzitzen igartzen genuenekoa. Edo igogailu geundela tipo batek zakila astintzen zuenekoa eskuak likido zuriz bete arte. Eraso txikiren bat...

 

Gauza “ohikoak” neskatila ginela, ezer larriagorik ez. Baina hori dena agoantatu behar izan genuen, eta oraindik ere, parkingetan, argi gutxiko kaleetan gauez, atzera begiratzen dugu, badaezpada.

 

Kamiolariaren kontra gorrotoa sentitu dut, ahaztuta neuzkan higuinak eguneratzeagaitik. Aspaldi izandako neskatila honi demaseko higuina eragin dio.

Guraso izatea zer den

Elena Laka 2008/07/21 07:52
Hatxis saltzailearen aitortza

Hatxis saltzailea atxilotu egin zuten. Berrogeitaka urteko gizona, duela hogei urte droga gogorragoetan ibilitakoa, azken aldian hatxisa baino ez zuen kontsumitzen. Eta urte batetik hona, saldu ere egiten zuen. Diru-sarrerak borobiltzeko. Gutxi gorabehera, bi kilo hilean, aitortu zuen. Herriko eta inguruetako gazte gehienei. Erantzun zuen ez ziela adinik galdetzen, ez zekiela hamabost ala hemeretzi urte zuten. Ikusi zen askok ez zeukatela ezta hamasei ere. Azaldu zuen berak bakarrik egiten zituela salmentak, inork ez ziola laguntzen, ez zuela ezer berezirik egiten saltzeko. Gazteek jotzen omen zuten beregana, eta berak saldu egiten ziela. Ilobei ere saltzen zien, eskatzen ziotelako. Seme-alabe nerabe eta gazteari ez, horiei ez zien ez saltzen ez ematen. Adierazi zuen kirolariak direla, eta ez duela nahi hatxisa kontsumitu dezatela, ez duela nahi berak bezala bukatu dezatela.

Kode Zibila hankaz gora

Elena Laka 2008/07/16 14:08
Dio gaurko El Paísek Fiskalak De Juana Chaosen andrearen etxebizitzaren kautelazko enbargoa eskatu duela.

Nahiz eta, eransten du egunkariak, pentsatzekoa den De Juanak eta bere ezkontideak ondasunen banaketaren erregimena hautatuko zutela ezkontzerakoan, zeren irazpideen sozietatea izanez gero, andrearen ondasunak enbargatu ahal izango liratekeen.

 

Beraz, diot nik, eta baita ere zuzenbidea ikasten diharduen edozein ikaslek, ondasunen banaketa erregimenpean ezkonduta badaude, eta etxebizitza emazteak erosi bazuen, etxebizitza andrearena da. Andrearena bakarrik, ez ezkontide biena, ez ezkontza-sozietatearena. Eta andreak ordaindu behar al ditu bere gizonaren kalteak, asko eta mingarriak izanik ere?

 

Zuzenbidea penala zabaldu zuten interpretazioaren interpretazioaz, nahiz eta zuzenbide penalaren printzipioa izan modu hertsian interpretatu behar dela. Orain Zuzenbide zibila da malgutu, zabaldu eta bere erara makurtu nahi dutena.

 

Kontzeptuak argitze aldera, egunero egiten dugun lanak baliotxo bat-edo izan dezan, eta medio itxuraz serioak eskaintzen duen kakanahaste hori ezeztatzeko:

 

1. Bikote bat ezkontzen denean, gizon zein emakume arteko konbinazioa edozein dela, Espainiako Kode Zibilaren lurraldean irabazpideen sozietatearen erregimenpean ezkontzen da.  Ondorioz, bikoteak ezkontzan zehar irabazten edo erosten dituen ondasunak, edo hartzen dituen zorrak, sozietatearenak dira, alegia, bi ezkontideenak.

 

2. Kode Zibilak berak beste aukera bat ematen du: ezkondu aurretik edo ezkondu ondoren, edozein momentutan, ezkontideek erregimen ekonomikoa alda dezakete. Nahikoa da notarioarengana joatea eta eskritura bat sinatzea. Horrela, hortik aurrera, ondasun banaketaren erregimenpean egongo dira. Ondorioa: bakoitzak erosten duena, irabazten duena,  bakoitzak hartzen dituen zorrak… bereak baino ez dira. Ezkontide horrenak, ez bestearenak.

 

3. Ondasun banaketaren erregimen hau oso erabilia da, eta bereziki ohikoa

         - politikarien artean (etxebizitza bat zure izenean eta bestea zure andrearen izenean, eta horrela, errenta deklarazioa publiko egiteko beharrik balego, ez du ematen horren beste ondasun dituzunik)

         - autonomo eta oro har negozioetan dabilen jendearen artean: igeltseroak, eraikitzaileak, enpresa-jabeak etab. Modu honetan negozioa gaizki baldin badoa, ondasunak ezkontidearen izenean daudenez, salbu geratzen dira.

 

4. Ezkontza-erregimena publikoa da. Adibidez, pertsona ezkondu batek etxebizitza bat erosten badu, Jabetza Erregistroan agertzen da zein erregimen ekonomikoren pean erosi duen etxe hori. Edozeinek eskura dezake informazio hori ordenagailuaren aulkitik mugitu ere egiteke. Beraz, horren gainean espekulazioak egitea zorroztasun eskasarekin jokatzea da. Informazioa nahi duenak, konproba dezala.

 

5. Beraz, eta Kode Zibila eskuan, ondasun banaketaren erregimenpean ezkontide batek erositako etxebizitza, berea baino ez da. Bere ezkontideak zorrak baldin badauzka (negozioetakoak, epaitegietakoak, haziendarekikoak etab) etxebizitza horrek ez die zor horiei erantzungo, eta beraz, ezin da enbargatu zor horiei aurre egiteko. Ez eta Ministeritza Fiskalak eskatuta ere.

 

Bestelako interpretazioek Kode Zibila hankaz gora jartzea dakarte. Eta Espainian dauden milaka negozio-gizon, promotore, eraikitzaile, politikari etabarren familien ondarea arriskuan jarri. Eta hori ez dago onartzerik.

 

Uda berriro ere

Elena Laka 2008/07/07 13:26
Asteleheneko Goienkaria

"Gaur abiatzen den “irteera operazioa”n, lau milioi joan-etorri baino gehiago egingo dira. - Oporrak gaur hasten dira espainiar askorentzat, eta urtero legez, euren autoak hartuko dituzte Espainia osoko kostaldetara edo herrietara joateko. Uztaileko lehen astebururako aurreikusita dauden 4,3 milioi joan-etorrietarako, Trafikoaren Zuzendaritza Nagusiak (DGT) udako oporretako operazio bereziari hasiera emango dio". El Diario Vasco, 08-7-4.

 

 

Uda iragartzen duten egutegiaren orriak jausten doaz: San Juan suaren txingarrak itzaldu dira, San Martzial parranderoak biharamona du Bergaran, Elgetako astoei hurrengo urterarteko bakea eman diete, eta gaur, San Fermin. Eguzkia eta tiranteak apenas ikusi ditugun arren, urtero errepikatzen diren ekintzek udan gaudela adierazten digute. Topikoetan topikoena, artaldearen exodoa, irteera operazioa. Oraingoan, bardulia menderakaitz honetan gehien irakurtzen den berripaperak operazioaren nondik norakoa ederto zedarritzen digu: Espainiarren oporrak Espainiar lurraldean barne. Ez da marea gorriaren ondorengo txapapotea, Kontxako badiako berezko kresala baizik.  Ahal dute.

 

Diotenez, topikoak beharrezkoak dira, horrexegaitik ote ez gaituela harritu gazteleraren aldeko manifestuak kaleratzea (indar arau guztiak bere alde dauzka-eta), eta ostera, euskararen erabilera bermatzeko dekretu apal bat argitaratu behar izatea. Zeren esan ohi da urterokoek segurtasuna ematen digutela, gauzak bere tokian izatearen bermea ematen digutela. Eta topikoak topiko, udan gaude berriro, zorion uneren bat topatzeko urtaro aproposenean. Hortaz, horixe opa dizut, San Fermin eguneko zutabe honetara arrimatu zaren irakurle horri: izan dezazula uda honetan zorion une bat, gutxienez. Ze buelta gogorra izango da, topikoz beteta, baina latza: lanari eusteko zortea dutenek 65 ordura gerturatuko dira astean, “what crisis”ak gogor jipoituko gaitu, interneteko dohako deskargak bukatzear egongo dira, eta antzoki politikoak (hori bai topiko!) orain arte bezala aspertu arte astinduko gaitu. Hori “orain erbesteratu egingo naute, orain botua ematen utziko didate”- “interesen arabera erabiltzen naute” etorkinak ez garenontzat. Lehen munduan oporrak izateko zortea dugunontzat.

 

Zorion unearen lagungarritxo bat: “Antzararen bidea” irakurri. Topikoak alde batera lagatzen eta disfrutatzen lagunduko dizu. 

 

 

Zeharo inguratuta ez

Elena Laka 2008/06/19 00:25
Azken post-a inguratuta gaudela esanez bukatzen nuen, albiste zirelako andrea afaltzera eramatea eta ministro emakumeek familia eta lana uztartzea, eta Eustatek emakume bati gizonak etxeko lanetan laguntzen ote zion galdetu ziolako.

Baina ez, ez gaude erabat inguratuta. Hori pentsatu nuen lagun batek asteburuan honako hau kontatu zidanean:

Bere bost urteko alabak ikastolatik etxera bidean:

- Ama, neska bat ezkondu leike beste neska batekin?

- Baaa, bai,... bai,  ezkondu leike neska bat beste neska batekin (nire laguna zentzumenak ernai, hurrengo galdera zein ote den)

- Jo, baina neska bat neska batekin ezkontzen bada, zeinek egingo ditu etxeko lanak?

Izango da horrelako txisterik neska hitzaren ordez mutil ipinita. Baina hau benetan gertatutakoa da.

Ez gaude, hortaz, inguratuta. Belaunaldi berria, aldaketarako gertu.

Gai beraren gaineko bariazioak

Elena Laka 2008/06/07 23:51
Asteleheneko Goienkaria

 

"Obamak eta Clintonek bukaera adiskidetsu bat negoziatzen dute aurrez-aurreko historiko baterako. Bi senatariak isilpean elkartu dira Washingtonen etorkizunaz berba egiteko. Zalantza barik, bere bizitzako egunik ziragarri eta zoriontsuenetariko bat izan den horren ondoren, Barack Obamak asteburua libre hartzea erabaki du, bere emazte Michelle afaltzera eramateko, eta bere bi alabekin bizikletan ibiltzera joateko".  El Pais, 08-6-7

 

Beltz bat eta emakume bat norgehiagokan demokraten hautagaitza lortu nahian, Amerikako Estatu Batuetako lehendakaritzarako.Tradizioz boteretik kanpoko bi presidente izateko lehian. Beltza, duela berrogei eta hamairu urte oraindik autobusean zuriei tokia laga behar ziena. Emakumea, duela hirurogeitazortzi urte arte botorik ere eman ezin zuena. Bi kasuetan, berritasun itxaropentsua guztiontzat, inperioak katarroa harrapatzen duenean, guztiok estulka hasten garelako.

Laburra baina zoriona behartsuaren etxean. Arraza eta generoaren arteko berdintasunean urratsa emanda zegoelakoan geundenean, Espainiako progresiaren egunkaririk serioenak diosku Obamak bere andrea afaltzera “eramateko” hartu duela asteburua libre. Txakurra bailitzan, “eraman”. Obama eta Michelle ez doaz elkarrekin afaltzera, ez, andreak senarra behar du afaltzera “eraman” dezan. Txatxarra aurrera pausoa.

Moskeoa oraindik pasatzeke, banoa zapatuko periodikoan aurrera, eta Cristina Garmendia Zapateroren ministro donostiarrari egindako elkarrizketarekin egiten dut topo. “Seme-alabek eta senarrak, nola hartu dute zu ministro izatea?” “Lortzen duzu familia eta lana bateratzea?”. Zergaitik ez dut irakurri sekula Moratinosen andreak zer irizten dion gizona ministro izateari? Noiz galdetu diote Felipe Borboiari nola uztartzen dituen alaben zaintza eta lana?

Arnasa hartu du irakurleak, eta pentsatu du, kontsolamenduz, beste mundu batean bizi dela. Behintzat afaltzera joateko ez daukala inork atera beharrik, eta lanean ere sekula ez diotela galdetu familia eta lanaren arteko bateratzeaz. Arnasak txikia baina, zere egunkaritik burua altxa, eta lagun neska batek kontatu dio joan zen egunean telefonozko inkesta batean galdetu ziotela ia gizonak etxeko lanetan laguntzen zion. Eta hori “vascas y vascos” esapideaz bandera egin duen agintariaren menpeko erakundearen inkestan. Inguratuta gaude.

 

Interes publikoa, egilearen eskubidearen muga?

Elena Laka 2008/05/29 14:43
Patata eta Zubi Zuri epaiak
patata

Joan zen astean Andres Nagel eskulturgileak Amorebieta-Etxano Udalaren kontra jarritako auziaren epaia jakin genuen. Honetan, Bilboko 1 zk. Merkatal Epaitegiko epaileak onartu egiten du Udalak ez duela eskultura tokiz aldatzeko ahalmenik, baina ez demandagileak (eskulturgileak) argudiatzen zituen arrazoiengaitik, alegia, egilearen eskubide moralarengaitik. Epaileak ondorio horretara iristeko erabili duen arrazonamenduak ez dauka egilearen eskubide moralarekin zerikusirik: dio aurretik kontratuan bi alderdien artean eskulturaren kokalekua hitzartuta zegoela, eta beraz, kokalekuaren aldaketa kontratuaren aldaketa izango litzatekela. Eta kokalekua aldatzeko ez dagoela interes publikorik. Hori da behintzat prentsan irakurtzetik atera dudana, ez baitut epaia hitzez-hitz inon topatu.

 

Epai honetan beraz, epaileak onartu egiten du interes publikoa egonez gero, eskultura tokiz aldatzea bazegoela, nahiz eta, ebazten du, kasu honetan interes publikoko arrazoirik eman ez eskulturaren lekualdatzea justifikatzeko.

 

 Epaile berak interes publikoaren argudio berbera erabili zuen Bilboko Udalaren aurka Calatrava arkitektoak ipinitako demanda ez onesteko. Kasu honetan ebatzi zuenez, bazegoen interes publiko bat Calatravak egindako Zubi Zurin aldaketak egitea justifikatzen zuena, egileak bere lana ez aldatzeko duen eskubide moralaren gainetik.

 

zubizuri

Bi kasuetan hortaz interes publikoak egilearen eskubideei mugak ipintzen dizkio. Bi epaiak ez dira irmoak, errekurtsogai izan dira, eta hilabete batzuk barru jakiingo ditugu Bizkaiko Probintzi Auzitegiko ebazpenak bi kasuotan.

 

Egile-eskubideak arautzen dituen legeak, babes osoa ematen dio egileari literatur, arte, zientzia lan baten egile izateagaitik, eta bere lanaren gaineko eskumen osoa ematen dio. Eskubide honek bi alderdi ditu: ondarezkoa edo patrimoniala, eta morala. Eskubide moral hauen artean honako hau dago (14.4 artikulua):

 

            “Exigir el respeto a la integridad de la obra e impedir cualquier deformación, alteración o atentado contra ella que suponga perjuicio a sus legítimos intereses o menoscabo a su reputación”.

 

Egileak eskubidea du bere lanaren osotasuna eta aldaezintasuna defendatzeko.

 

Legeak berak muga batzuk ezartzen dizkio egile eskubideen ustiaketari (31-39 artikuluak). Mugok numerus clausus moduan daude pentsatuak, hain da zabala egilearen ahalmena bere lanaren gainean. Honako kasu hauetan ez da egilearen baimenik behar (labur zerrendatuta):

  •  behin behineko erreprodukzioak egiteko 
  •  kopia pribatua egiteko
  •  segurtasun publikoko helburuetarako erabilerarak
  • elbarritasunen bat duten pertsonen erailerarako
  • aipu bat egiteko an edo irakaskuntzan erabiltzeko
  •  aktualitatearekin zerikusia duten gaiez informatzeko
  •  liburutegietan edo interes kulturala duten erakundeetan maileguan emateko 
  •  ikerketarako

 

Aipatutako muga horiek egilearen eskubideak ustiatzeko alderdiari jartzen zaizkio, alderdi moralak ez dauka inongo mugarik aurrekusita. Eta ikus daitekenez, ez da Legean interes publikoa inondik inora aipatzen, beraz, aipatzen ez den mugarik, inork ezin ditu ezarri.

 

Beste kontu bat da eskubideaz abusatzea, eta figura hori badago Espainiako Kode Zibileko 7.2 artikuluan jasota (ez dut euskarazko testua topatu sarean):

            “Legeak ez du babesten eskubideaz abusatzea, ezta eskubidea gizartearen aurka egikaritzea ere. Egite edo ez-egite orok, egilearen asmoarengatik, egite edo ez-egitearen helburuarengatik edo berori burutzeko inguruabarrengatik, begi-bistan gainditzen baditu eskubidea egikaritzeko muga arruntak, hirugarrenari kalte eginez, orduan, kalte ordain egokia eman beharra dakar, eta abusuak jarraitzea eragotziko duten administrazio- neurriak nahiz neurri judizialak hartu beharko dira.”

 

Kontzeptu hau egokia izan daiteke, adibidez ingenieritza obra bat aldatzeko, epaileak uste badu egileak bere jardunarekin eskubidea gehiegikeriaz erabiltzen diharduela. Bestela, gaur egun, interes publikoaren muga epaileak ateratako argudio bat da, nire ustetan, legean oinarririk gabea.

 

Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.