Izan eta Esan
seme-alaba
Etxeko lanak
Asteleheneko Goiena
Badaukat lagun bat lanetik irteteko orduan beti denbora-pasa hasi dena. Aitzakia bila ibiltzen da lan-jarduna luzatzeko. Edo behin lantokitik kanpo, hamaika itzulinguru egiten ditu etxeratzeko ordua berandutzeko. Etxean bikotekidea eta alaba bi dauzkala jakinda, ikusita etxera bueltatzeko erakusten duen gogo urria, susmatzen hasi naiz ez ote dauzkan bikotekidearekin arazoak. Eta behin lanostea luzatzeko garagardo-saio batean, balizko arazoari buruz galdetu diot.
Bikotekidearen arazoak? Ez, ez, oraingoz ez, kontatzen du. Nire arazoak dira zortzi urteko alabaren eskolako lanak. Etxeko lanen aldeko irakasle bat egokitu zaio aurten, eta egunero bidaltzen dizkiote. Eta zerbait ulertzen ez duenean, galdetu egiten dit. Hori larritasuna, zu. Vennen diagramak, poligonoak, hektometroak, haizearen eta atmosferaren definizioak, uraren zikloa... Norberaren buruaren kontrako azterketa bat ematen dute!
Eskolako lanak gurasoen ardura diren ala ez eztabaidatzen hastear ginen, baina nire laguna guraso eta langile ona da, eta nire egitekoa, bera animatzea. Proposatu diot lanostean egunero garagardo-saioa egitea. Guk biok, eta alabaren irakasleak.
Guraso izatea zer den
Hatxis saltzailearen aitortza
Hatxis saltzailea atxilotu egin zuten. Berrogeitaka urteko gizona, duela hogei urte droga gogorragoetan ibilitakoa, azken aldian hatxisa baino ez zuen kontsumitzen. Eta urte batetik hona, saldu ere egiten zuen. Diru-sarrerak borobiltzeko. Gutxi gorabehera, bi kilo hilean, aitortu zuen. Herriko eta inguruetako gazte gehienei. Erantzun zuen ez ziela adinik galdetzen, ez zekiela hamabost ala hemeretzi urte zuten. Ikusi zen askok ez zeukatela ezta hamasei ere. Azaldu zuen berak bakarrik egiten zituela salmentak, inork ez ziola laguntzen, ez zuela ezer berezirik egiten saltzeko. Gazteek jotzen omen zuten beregana, eta berak saldu egiten ziela. Ilobei ere saltzen zien, eskatzen ziotelako. Seme-alabe nerabe eta gazteari ez, horiei ez zien ez saltzen ez ematen. Adierazi zuen kirolariak direla, eta ez duela nahi hatxisa kontsumitu dezatela, ez duela nahi berak bezala bukatu dezatela.