Izan eta Esan
nerabe
Higuina demasa
Gizonezko bat atxilotu dute Bilbon, kalean masturbatzeagatik
Joan zen astean idatzi nuen post hau, baina gogorregia edo, iruditu zitzaidanez, zakarrontzira bota nuen. Gaur egunkaria irakurri dudanean, berreskuratu egin dut. Gauza batzuk ez zaizkigu aldatu.
Donostia Eibar autopistatik autoz. Ez da oraindik eguerdia. Lanetik nator, lanean dihardut. Burua egitekoez beteta. Modu mekanikoan aurrean neukan ibilgailua aurreratu dut. Itzelezko bozinakada bota dit. Zer da hau? Zer egin dut gaizki? Alboko espilutik begiratzen dut atzera, eta aurreratutakoa ikusten dut. Kamioi handi bat. Kamiolaria ahoarekin eta ezpainekin keinuka daukat. Zertan dabil hori? Beheruntz begiratu eta momentuan konturatu naiz: uda da, soinekoa jantzita daukat, eta esertzerakoan izter erdirarte igo da. Jode, kamiolaria berotu egin da eta ezin agoantatu pailazoarena egiten.
Zelan diren gauzak, burura etorri zaizkit hain beste denboran ahaztutakoa, txikitan, nerabetan lagun artean isilpean kontatzen genituenak. Lagun gehienek geneukan istorioak kontatzeko: tipo bat bazter batean geuri begira zakila ateratzen zuenekoa. Ondotik pasatzerakoan gure neskatila belarrietara lizunkeriak botatzen zigutenekoa. Jende arteaz baliatuz ipurdia edo titiak ikutzen, edo sexua geure kontra igurtzitzen igartzen genuenekoa. Edo igogailu geundela tipo batek zakila astintzen zuenekoa eskuak likido zuriz bete arte. Eraso txikiren bat...
Gauza “ohikoak” neskatila ginela, ezer larriagorik ez. Baina hori dena agoantatu behar izan genuen, eta oraindik ere, parkingetan, argi gutxiko kaleetan gauez, atzera begiratzen dugu, badaezpada.
Kamiolariaren kontra gorrotoa sentitu dut, ahaztuta neuzkan higuinak eguneratzeagaitik. Aspaldi izandako neskatila honi demaseko higuina eragin dio.
Guraso izatea zer den
Hatxis saltzailearen aitortza
Hatxis saltzailea atxilotu egin zuten. Berrogeitaka urteko gizona, duela hogei urte droga gogorragoetan ibilitakoa, azken aldian hatxisa baino ez zuen kontsumitzen. Eta urte batetik hona, saldu ere egiten zuen. Diru-sarrerak borobiltzeko. Gutxi gorabehera, bi kilo hilean, aitortu zuen. Herriko eta inguruetako gazte gehienei. Erantzun zuen ez ziela adinik galdetzen, ez zekiela hamabost ala hemeretzi urte zuten. Ikusi zen askok ez zeukatela ezta hamasei ere. Azaldu zuen berak bakarrik egiten zituela salmentak, inork ez ziola laguntzen, ez zuela ezer berezirik egiten saltzeko. Gazteek jotzen omen zuten beregana, eta berak saldu egiten ziela. Ilobei ere saltzen zien, eskatzen ziotelako. Seme-alabe nerabe eta gazteari ez, horiei ez zien ez saltzen ez ematen. Adierazi zuen kirolariak direla, eta ez duela nahi hatxisa kontsumitu dezatela, ez duela nahi berak bezala bukatu dezatela.