Izan eta Esan
kontratu
Argitalpen kontratu eredu berriak idazle kataluniarrentzat (eta II)
Idazle eta argitaetxeek hitzartu dituzten kontratu ereduak
V. ADOSTUTAKO KONTRATU EREDUAK
-
Argitaratze kontratua
-
Lana enkargatzeko kontratua
-
Lan kolektiborako eskubideak lagatzeko kontratua
-
Itzulpen kontratua
-
Oroharrezko zenbatekoko ordainketako itzulpen kontratua
A) ARGITARATZE KONTRATUA
Oinarrizko eredua da idazleak mota guztietako liburuak argitara ditzan: saiakera, literatura, poesia etab. Hau da erabiliko den eredua lana egileak bere ekimenez egin duenean, lana ez denean argitaratzailearen enkargu baten ondorio. Ez da enkargutzat hartzen iradokizuna edo etorkizunean argitaratzeko proposamen ekonomikoa.
Berritasun azpimarragarrienak:
1. Eskubide analogikoak eta digitalen banaketa: lana liburu analogiko moduan argitaratzeko eskubideak eta eskubide digitalak desberdindu egiten dira eta trataera desberdina ematen zaie. Egileari kontratua iraungitzeko aukera ematen zaio eskubide digitalei dagokienean, eta beraz eskubide horiek berreskuratzeko aukera, kontratuan ipinitako epea igarota (bi urteko epea jartzea gomendatzen da), argitaratzaileak eskubide digitalak ustiatu ez baditu.
2. Argitaratzaileak hirugarrenei eskubideak uzteko aukera: argitaratzaileak egilearen idatzizko baimena behar du eskubideak hirugarren bati eskualdatu nahi badizkio. Hirugarren horri gainera idazleak beretzako gordetzen dituen eskubideen berri eman beharko zaio. Eta gainera, lanaren eraldaketa eskubidea eskualdatzen bada, beste kontratu bat behar izango da.
B) ENKARGUZKO LANAREN KONTRATUA
Kontratu eredu berria da, legean aurreikusita ez dagoena, baina argitaratzaile eta idazleek finkatzeko premiazkoa ikusi dutena. Eredu honek arautzen du lan bat argitaratzailearen ekimenez sortu dena, egileak argitaratzailearen irizpideekin eta proiektupean egindakoa. Egileak argitaratzailearen dirusarreren proportzioko ordainsaria jasotzeko eskubidea izango du, eskubide moralak errespetatu egingo zaizkio eta lanaren ustiapen moduaren informazioa izango du aldioro. Aldiz, lanaren gaineko ondare eskubide oro argitaratzailearenak izango dira.
Kontratu eredu honen esparrua argitaratzaileak pentsatutako eta proiektatutako zabalkunde lanen argitalpena da.
C) ITZULPEN KONTRATUA
Argitalpen kontratu eredua itzulpenari egokitzen zaio. Legeak aurreikusten duen egile izaera berbera ematen dio itzultzaileari. Ordainsariak ordaintzeko bi modu aurrikusten ditu: hasierako ordainketa eta salmentaren araberako ordainketa.
D) OROHARREZKO ZENBATEKOKO ORDAINKETAKO ITZULPEN KONTRATUA
Kontratu mota hau, alegia, ekinaldi bakar batean ordaintzen dena, salmentaren gaineko portzentairik gabe, itzulpen baten argitalpen bakarrerako gordtzen da. Helburua da itzulpen kontratuetan ordainketa modu mistoa egin dadila. hasierakoa eta salmentaren araberakoa, eta beraz kontratu mota hau argitalpen bakarreko kasuetarako bakarrik erabiltzea.
E) LAN KOLEKTIBORAKO ESKUBIDEAK LAGATZEKO KONTRATUA
Enkarguzko lanen kontratuaren antz handia du, baina enkarguzko lana egile bakarreko lanetarako pensatuta dator, eta beste hau berriz egile askoren artean eginiko lanetarako.
Ondorioz: Asmoa da Katalunian, Espainiako argitaletxe garrantzitsuen egoitza den horretan, kontratu eredu hauek erabiltzea hemendik aurrera. Interesgarria da Euskal Herrian egin daitekenaren eredu moduan.
Argitalpen kontratu eredu berriak idazle kataluniarrentzat (I)
Kataluniako Idazle Elkarteek (AEC eta ACEC) eta Argitaratzaileen Elkarteak argitalpen kontratu eredu berriak adostu dituzte duela gutxi. Uztailaren 4ean eman ziguten hauen berri Bartzelonako Ateneun, Euskal Idazleen Elkarteko eta Galiziako Idazle Elkarteko ordezkarioi.
Kataluniako Idazle Elkarteek (AEC eta ACEC) Argitaratzaileen Elkarteak argitalpen kontratu eredu berriak adostu dituzte duela gutxi. Uztailaren 4ean eman ziguten hauen berri Bartzelonako Ateneun Euskal Idazleen Elkarteko eta Galiziako Idazleen Elkarteko ordezkarioi.
Hogei urte baino gehiago dira bi aldeek ordezkatzen dituzten erakundeok orain arte indarrean iraun duten ereduak adostu zituztela. Denbora honetan, argitalpen kontratu eredu hauek erreferentzia izan dira Espainiako argitalpen munduan. Hala ere, kontratu ereduak finkatuta egonik, arazoak batez ere kontratuak bete ez direlako etorri dira. Euskal Herriari dagokionez, ez betetzetik baino gehiago, sarritan kontratua ez sinatzetik.
Katalunian ikusi zuten hogei urte geroago bazela garaia ereduak berrikusteko, besteak beste denbora honetan sortutako garai digitalari egokitzeko. Duela hogei urte inongo kontratutan ezin zitekeen aurreikusi mundu digitala izango genuenik, idazleen lanak paper barik argitaratuko zirenik. Hogei urte beranduago, internet finkatuta dago, baina oraindik ez erabat argitaletxeek internet nola baliatuko duten idazleen lanak argitaratzeko eta hortik negozioa ateratzeko. Liburu digitala ere etortzear dago, baina oraindik ez dago argi zein zabalkunde eta zein harrera izango duen merkatuan.
I. ORAIN ARTEKO EGOERA
Kontratu eredu berriak adosteko orduan, idazle eta argitaletxeen artean sinatuta zeuden kontratuetatik abiatu ziren egoeraren diagnosi bat egiteko. Idazle Elkarteek topatu zutena honako egoera hau izan zen:
1. Kontratuak berak baino, kontratuen betetzeak sortzen ditu hikamikak argitaletxe eta idazleen artean. Dena den, adostutako eredu berriek kontratuari egingo diote jaramon, ez betetzeari. Betetzea ikuskatzeko orduan, argitaratzaile eta idazleen arteko bitariko batzorde bat sortzea aurreikusi da.
2. Kontratu gehienak berdintsuak dira, argitaletxe guztien ereduak berdintsuak direlako. Beraz, ikusten da idazleek tarte txikia izan dutela kontratua negoziatzeko. Hau da, esan daiteke atxekimenduzko kontratuak direla.
3. Kontratuek legearen artikulu asko erreproduzitzen dituzte, bete-betean.
4. Kontratuon bitartez egileek eskubide guztiak lagatzen dizkiote argitaratzaileari, bai momentu horretan argitaratzaileak ustiatzeko behar dituenak, bai gainerakoak ere, nahiz eta ziurrena izan gainerako eskubide horiek ez dituela erabiliko. Honen ondorioa da uzten baina erabiltzen ez diren eskubideak hilik geratzen direla argitaratzailearen eskuetan, idazleak eskubide horiek erabiltzeko, edo berreskuratzeko aukerarik gabe.
5. Kontratu gehienak praktikan denbora mugarik gabeko lagapena jasotzen dute, oso ohikoa baita hamabost urteko eskubide lagapena egitea automatikoki berritzeko klausularekin.
6. Eskubideak mundu osorako utzi ohi dira.
7. Oro har argitalpen eta ale kopuru mugagabeak egiteko uzten dira eskubideak.
8. Eskubideak modalitate guztietarako eta modu esklusiboan lagatzen dira.
9. Ahalik eta gutxien ordaindu ohi da: idazleari ez zaio aurreordainketarik egiten. Itzultzaileari bai, eta askotan aurreordainketa horrekin ale bakoitzeko salmentaren gaineko saria kentzea esan nahi du.
II. IDAZLE ELKARTEEN HELBURUA
Indarrean zirauten ereduetatik abiatuta, Idazle Elkarteek honakook zituzten helburu ereduak berritzerakoan:
1. Eskubideak lagatzeko epea mugatzea
2. Eskubideak uzten diren lurraldea, lanaren ustiapen lurralde eremua, mugatzea.
3. Eskubideen lagapena ez zedila modu esklusiboan egin.
4. Ordainsari handiagoa eskuratzea.
5. Argitaratzaileak ez zezala beregana beste hirugarren batzuei eskubideak uzteko aukera.
Idazle Elkarteen helburua zen, funtsean, lanaren ustiapen jarraia bermatzea, horretarako liburua argitaratzeko beharrezko ziren eskubideak utziz, ez gehiago. Hau da, alde batetik euskarri analogikoan argitaratu ahal izateko eskubideen lagapen zabal bat egitea, une honetan hori baita idazleen helburua. Eta beste aldetik, lana teknologia berrien bitartez erabiltzeko behar diren eskubideen lagapena mugatzea. Horren ondorioz, eskubide digitalak utzi egiten dira kontratu eredu berrian, baina argitaratzaileak epe jakin batean erabiltzen ez baditu, idazleak atzera eskubide ditigal horiek berreskura ditzake.
III. KONTRATU EREDU BERRIAREN GABEZIA
Kataluniako idazle eta argitaratzaileek ezin izan dituzte ordainsariak adostu. Kontratu eredua elkarrekin finkatu dutela, kasuan kasu kontratu bakoitzerako negoziatuko dituzte idazle bakoitzaren ordainsariak.
IV. KONTRATU EREDU BERRIEN EZAUGARRIAK
1. Kontratu ereduak ez dira arau juridiko, ezingo dira epaitegi baten aurrean arau juridikotzat alegatu. Era berean ez daukate lotesletasunik ez argitaletxeentzako ez idazleentzako.
2. Hala ere, Kataluniako argitaratzaileek eta idazleek eredu hauek indarrean jartzeko erabateko borondatea agertu dute. Elkarte batek zein besteak euren webguneetan ipini dituzte, aplikatzeko borondate honen seinale.
3. Kontratu eredua bezain garrantzitsuagoa, edo are garrantzitsuagoa da bi alderdiek adostu duten bitariko batzorde parekide bat eratzea kontratuen betetzearen jarraipena egiteko. Batzorde honen egitekoa dira:
- ereduen interpretazioa
- bi alderdi sinatzaileen artean sor daitezken arazoen arbitraia egitea, bi alderdiek horrela eskatzen dutenean.
- bi alderdien artean bitartekari lanak egitea sor daitezken arazoetan
- kontratu ereduak eguneratzea.