Izan eta Esan
jubilatu
Igande goizean
Domeka, goizeko hamaikak inguruan. 74 urteko senar-emazteak Eibartik Bergarara doaz ilobaren jaunartze nagusira. Okasiorako jantzita, kotxe apal dizdiratsua, abiadura eta gidatzeko modu zuhurra. Maleteroan bi kazuela bakailao pil-pil erara.
Soraluze eta Bergara arteko punturen batean (gerora zehaztu ezingo dutena, urduritasunaren urduritasunaz) Ertzaintzak alkoholemia kontrola kokatu du. Autoa gerarazten dute eta paperak eskatzen dizkiote gidariari.
Gidariak audifono bat darama eta berriki katarata operazio bat izan du. Hala ere pozik dago karneta berritu ahal izan duelako duela oso gutxi. Hain denbora gutxi, ezen karnet berria ez daukan oraindik, eta berriaren frogagiriarekin dabil. Hala ere, urduri ipini da, gizon urduria delako eta poliziak, botereak, beti sortu diolako ezinegona. Karnetaren erresguardoa nahikoa izango ote den zalantza sortu zaio.
Hasi zaizkio paperak eskatzen: NANa, aseguru-agiria, gidatzeko karneta, zirkulazio-baimena. Gidariak badaki dena guanterako karpetatxoan daukala, sekula ez litzaioke bururatuko beharrezko diren agiririk barik errepideratzea. Hala ere, banan-banan eskatu dizkiotenean, nahastu egin da, eta, esan dugu urduri dagoela, ez du ezer ikusten. Ertzainari esaten dio berak ez duela zirkulazio-baimena topatzen, eta ertzainak berak bila dezala. Karpeta osoa luzatu dio ertzainari.
Poliziakoa baina, itxura denez, irainduta sentitu da gidariaren jarrerarekin, karpeta emateko moduak mindu egin du antza, eta autotik ateratzeko agintzen dio gidariari, alkohol froga egiteko. Andreak esaten dio gizonak ez duela alkoholik probatzen, eta ilobaren jaunartzera doazela Bergarara. Ertzainak andrearei isiltzeko agintzen dio, “cállese señora”, eta esaten hasten zaio, andreari modu txarra iruditzen zaion era batean, ertzainak grisak moduan tratatzetik hasten direla arazo guztiak, eta horregaitik doazela gauzak hain gaizki. Andrea urduri dago, kotxean bakarrik, ertzain bana lehiatilatik burua sartuta, pentsatzen gizona urduri egongo dela alkohol froga egiten. Ertzainak modu zakarrean segitzen du, gehituz nola ibili daitezken zirkulazio-baimenik gabe, eta horrelako jarrerarekin, gazteagoak izan balira, honez gero komisaldegira eraman zituztela. Andreak ezin du gehiago, erasotua sentitzen da, eta negarrari ekin dio. Ertzainak hori ikusita, isiltzeko agintzen dio, ez diola penarik emango.
Bueltatu da gidaria alkoholimetroan goizeko kafesnearen hondarra baino ez lagatzetik, eta ikusi du andrea negarrez, eta ertzainek bere paper guztiak topatu dituztela. Izan ere, berak badaki karpetan araututako agiri guztiak dauzkala beti.
Utzi diete joaten. Biak urduri, kilometro gutxi barru iritxi dira Bergarara. Alabaren etxean, eseri eta lehenengo gauza baso bat ur hartu behar izan du amak.
Zorionez ertzaintzaren tratuak ez die iloba nagusiaren ospakizuna zapuztu. Gertaerak baina, eurengan beste hazi bat landatu du: gu horrela tratatu bagaituzte, zer ez ote dute egingo beste batzurekin.
Domeka goizetan nire gurasoak moduko jubilatuak kikiltzen diharduen ertzaina, harro etxeratuko ote zen lana bukatzean, beharra ondo burutu izanak ematen duen lasaitasun horrekin.
Derrigortutako aurrejubilatuak
Oraingoa baino lehen ezagutu genuen beste krisi bat, joan zen mendeko 80. hamarkadaren bukaera eta 90. hamarkadaren hasierakoa, birmoldaketa industriala ekarri zuena.
Euskal Herrian ehundaka industria itxi ziren, langile mordoa geratu zen lanik gabe. Nagusienak, lan merkatuan epe labur edo ertainean txertatzeko bat ere aukerarik gabe, aurrejubilatzera derrigortu zituzten.
56-60 urte bitarteko langileak ziren, ia denak gizonak. Lanetik botata, bi urteko langabezi-saria jaso, eta lanik ezin topatatu, jubilatu beste erremediorik ez zutenak. Zorte piska bat izan zutenak, euren enpresan ERE bat egin zuten (orduan erregulazioa esaten zitzaion) eta konpentsazioren bat jaso zuten kalera egoera horretan joateagaitik. Beste batzuk hori ere ez, enpresak itxi zizkieten eta espedientearen zortea ere ez zuten gozatu.
Kontua da Espainian 65 urte dela jubilatzeko adin ofiziala, nahiz eta aukera badagoen 60 urtetik aurrera jubilatzeko. Kontua da jubilazioa aurreratzen den urte bakoitzeko pentsioaren %8a galtzen zela. 2007an lege-erreforma baten ondorioz, urte bakoitzeko galera hori kotizatutako urteen araberakoa jarri zuten, %6 eta % 7,5aren bitartean.
Derrigorrezko aurrejubilatuek hirurogei urterekin jubilatuta, pentsioaren %40 galdu zuten, betiko, erretiro osorako. Nahiz eta horietako askok 40 urte kotizatu zuten Gizarte Segurantzan.
Lan mundutik adinagaitik modu horretan kanporatuak izateak lotsa eragin zien askori, frustrazioa, euren lan bizitzak ezertarako balio izan ez zuela sentiarazi. Hala ere izan zuten gaitasuna sentimendu indibidualaren gainetik taldearen babesa topatzeko, konturatu ziren asko zirela egoera injustu hartan zeudenak 35 urte, 40 urte kotizatu arren, pentsio murritza kobratzen zutenak.
Antolatu ziren, egin zuten elkartea, eta urteetan pentsio duin bat erreibindikatzen dihardute. Gobernu eta sindikatuen aldetik ez dute erantzun handirik jaso, ez Gizarte Segurantzak afiliazio errekorrak gainditzen zituen urteetan, are gutxiago bonbonkeriak bukatu diren hauetan. Lortu zuten legearen erreforma txiki bat, 2007koa, 30 eta 40 urte kotizatuta zutenentzako, baina bestela euren arazoak konpontzeke jarraitzen du.
Atzo manifestazioa egin zuten Bilbon. Gaurko langileen zaratarekin, lausotuta geratuko da euren protesta.
