Izan eta Esan
heriotza
Aukeratzeko eskubideak
Zuzenbideak ematen dizkigun aukerak
Zuzenbideak gaur egun bizitzan aukera asko egiteko eskubidea ahalbideratzen digu, duela ehun urte pentsa ezinak. Aukera horietako asko zientziaren garapenaren eskutik etorri dira, zientziak bideak ipini eta zuzenbideak aitortu. Beste batzuk ostera, gizartearen eta zuzenbidearen beraren bilakaeraren ondorio dira.
Adibidez, egun emakume batek erabaki dezake haurdunaldia aurrera eraman ala ez, Kode Penalean abortua zenbait kasutan ez da zigortzen eta Espainiako Gobernuak aurreikusita dauka abortua ahalbideratzen duen epe eta kasuetako lege berri bat bultzatzea. Era berean, hiltzeko aukera ere jaso egingo da, segurasko, gutxi barru. Bernat Soria ministroak iragarrita dauka borondatezko heriotza zenbait kasutan arautu egingo dela, eta zenbait kasutan gaixoaren aukera kontutan izango dela duintasunez hiltzen utzi edo laguntzeko. Jaiotza eta heriotza aukeran.
Zailagoa zirudien beste honek, baina egun lortu da sexua aukeratu ahal izatea. Erregistro Zibilean gizon edo emakume moduan inskribatuta dagoenak eskubidea dauka bere sexu zibila aldatzeko, aurretik sexu fisikoa aldatu badu. Atsotitz zaharrak zioen zuzenbideak dena ahal zuela, gizona emakume bihurtu ez ezik. El imposible vencido, zuzenbidea eskuan, gizona emakume bihur daiteke.
Aukeratzeko gai gehiago aitortuta dauzkagu: ezkontideaz banatzeko ahalbidea, duela urte batzuk irudika ezina, eta baita ere erlijioa aukeratzeko edo ez aukeratzeko eskubidea. Are gehiago, elizatik ateratzea aukeratzea ere badago.
Besteak beste, ordea, aukera bat dugu debekatuta, alegia, nazionalitatea aukeratzea: Espainiako lurraldean jaiotakoak nazionalitate espainola daukate, bere gurasoetako bat behintzat espainola bada, eta ez daukate nazionalitate espainiarra gurasoetako bat behintzat espainola ez bada. Ez daukat ikusmen nahikorik ehun urte barru zer izango den iragartzeko, baina, zinez, gustora kilikatuko nuke aukera honen bilakaera.
Itsasoratzea
Atzi goizean Debako hondartzan Izaskunen errautsak itsarotu zituzten.
Gaueko isiltasuna, sehaska baten kulunkaren hotsa, eta ahots monotono bat behin eta berriro kantari: lotarataaaa, lotarataaaa, lotarataaaa, lotaraaaa. Nik bost bat urte izango nituen eta ondoko gelan egiten nuen lo aiton-amonen baserrian.Sehaskan Izaskun txikia zegoen, amak kantatzen zion. Hori da daukadan bere lehen oroimena.
Hogeitabost urte baino gehiago pasata, abestia berriro entzun nuen, txikitako gauzen ganbara horretatik aterata. Gure aitak kantatzen zion Paulori, sehaskari eragiten zion bitartean:
Paulo txikixa
lotara etaaaaaa,
uso, eperrak,
kortaraaaa.
Lotarataaaa,
lotarataaaa,
lotarataaaa,
lotarataaaa,
lotaraaaaa.
Heriotzak ez du eperik errespetatzen, badakigu, ezin zaio denboraren legerik ezarri. Gogorra da, horrela da. Hala ere, sekula ez litzateke gertatu behar pertsona beraren jaiotza eta heriotza ezagutu behar izatea. Biak ikusten dituzunean pertsona berarengan, naturaren legean zerbait hautsi dela iruditzen zaizu.