Izan eta Esan
epaile
Webgune bateko administratzaileen erantzukizun legala
Galiziako Auzitegi batek wegune bateko administratzaileak bertan agertzen diren edukinengaitik erantzukizun zibilik ez dutela ebatzi du.
Irakurri dut Derecho de los blogs izeneko blogean (blogen gaineko arazo juridikoak berbagai dituena) Galiziako auzitegi batek interneteko foro batean emandako iritzi baten inguruko epaia.
Epai gutxi dago Espainiako auzitegietan interneten esandako edukinei buruz, eta horrexegaitik da aipagarri epai hau. Lugoko Probintzi Auzitegiak eman du, 2009ko uztailaren 9an, Mondoñedoko 1 zenbakidun Lehen Instantziako Epaitegiak ikusitako gai baten errekurtsoan.
Auziaren abiapuntua http://www.mindoniense.com/ webguneko foroan erabiltzaile anonimo bik egindako adierazpenak izan ziren, Mondoñedoko alkatearen ohorearen kontrakoak. Alkateak demanda jarri zuen foroa weborria sortu eta foroaren kudeatzaile ziren bi lagunen kontra, ohorearen kontrako eraso batengaitik erantzukizun zibil eske.
Probintzi Auzitegiak ebazten du foro horretan botatako adierazpenak alkatearen ohorearen kontrako eraso bat zirela, baina webgune eta foroaren kudeatzaileak ez direla horren erantzule. Erantzukizun falta hori oinarritzeko epaileek honako argudio hauek erabiltzen dituzte:
-
demandatuek, alegia, kudeatzaileek, ez zekitela anonimo horiek jaurtitako esakunak alkatearen ohorearen kontrakoak ziren ala ez (anonimoek eraikitzaile batek alkateari etxe bat oparitu ziola esaten zuten, eta kudeatzaileek ez zeukaten jakiterik hori egia zen ala ez).
-
frogatu egin behar dela interneteko edukinen zerbitzu emaile batek edo edukinei hostinga ematen dien batek, adierazpen horiekk ezlegezkoak zirela jakin behar zuela (paperezko prentsan gertatzen den ez bezala. Paperean argitaratzaileak edukinaren legezkotasunaren ikuskatzaile da).
-
foroak ezin du 24 orduz kontrolatua egon, beraz ezin da bertan argitaratzen den guztia modu automatikoan kontrolatu.
-
beraz, Informazioaren Gizartearen eta Merkataritza Elektronikoko Zerbitzuak arautzeko 34/2002Legearen 16.2 artikuluan jasotako salbuespena aplikatzen da, eta datuak gordetzen dituztenak ez ditu erantzule egiten.
Epai osoa hemen.
Umeen zaintza partekatua
Joan zen astean Kalakan gurasoen banaketaren ondorengo umeen zaintzari buruz zihardutela ikusi nuen.
Asko ez, telebista bidezko debateak nekez jarrai ditzakedalako, irratikoetan ez bezala, ezin da gidatu, sukaldeko lanak egin edo dutxatu entzuten duzun bitartean, eta hortaz aspertu egiten naiz.
Entzun nuen Amaia Zabaleta abokatua eta laguna, epaitegien errealitateari buruz berbetan. Eta Markos Zapiain umeak klonatzeko posibilitateaz berbetan.
Amaiak esandakoarekin ados nago: epaileek ez diete gizonei umeen zaintza ematen, batipat, oso gutxik eskatzen dutelako. Ehuneko oso handi batean gizonek ez dute eztabaidatzen umeen zaintza amarentzako izango denik.
Eta zaintza partekatuari buruz, horren beste ganoragabekeria entzuten da kalean, guztiak eskubide eta sasi-erreibindikazioz zipriztinduta, komeni dela noizean behin lurra ikutzea. Hona hemen aste honetan jaso dugun epai batean, ondo eta zehatz, azalduta Espainiako Kode Zibilak gaur egun seme-alaben zaintza partekatua ezartzeko eskatzen dituen bete-beharrak (itzulpena eta puntuen banaketa nireak da: Espainiako Justizia gazteleraz eta parrafo luzeetan mintzatzen da):
-
Zaintza partekatuak lege indarra hartu zuen uztailaren 8ko 15/2005 Legearen ondoren.
-
Epaileak zaintza partekatua ebatziko du guraso biek hala eskatzen badute, bai Hitzarmen Arautzailean, bai prozedura judizialaren barruan.
-
Epaileak zaintza partekatua erabaki ahal izateko, beharrezko neurriak ezarriko ditu zaintza erregimen hori bete ahal izateko, eta saiatuko da neba-ahizpak ez banatzen.
-
Zaintza zein modutakoa izango den erabaki baino lehen, epaileak honako hauek izan beharko ditu kontutan:
-
Ministeritza Fiskalaren txostena
-
Adin txikikoen iritzia, hauek nahikoa juzku badute
-
Epaitegiko Talde Psikosozialaren txostena
-
Epaiketan dauden bi alderdien ailegazioak
-
Salbuespen moduan, legeak uzten dio epaileari zaintza partekatua ebazten, nahiz eta guraso biak ados ez egon, baldin eta gurasoetariko batek eskatzen badu eta Ministeritza Fisakalak aldeko txostena ematen badu, beti ere zaintza modu hau adin txikikoentzat onuragarri baldin bada.
-
Ezin da zaintza partekaturik ezarri gurasoetako bat famili barruko indarkeriagatiko delitu batengaitik auzibideratua dagoenean.
Alegia, baldintza horretxek errespetatzen ez dituzten erreibindikazioak, momentu honetako praktikotasunean, kea dira, eta beraz, epaitegiek ez dituzte onartzen.