Izan eta Esan
emakume
Munduaren erdigunea
Asteleheneko Goiena
Irakurri nion zutabegile bati masturbatzea osasungarria dela, baina ez zela gomendagarri taberna batean masturbatzea, haziak hankartetik salto eta besteentzako gogaitkarria izan zitekeelako. Irakurri nion idazle bati, ume batzuk txiza egiten hasi zirela, hankak zabaldu, zakila atera eta parrastada egin zutela. Hirugarrenari entzun nion EAJk PSOEkoak barrabiletatik helduta zeuzkala Madriden. Laugarrenari abertzale euskaldunak bere jakin-minari pijama janzten ziola.
Baina abertzale euskaldunen ia erdiak bere jakin-minari zerbait janztekotan kamisoia ipiniko lioke. PSOEko ordezkari askok ez dauka barrabilik nondik heldu, obatzekotan, titi parea. Umeen erdia baino gehiago txiza egiteko hankak ireki aurretik jarri edo makurtu egiten da, eta parrastada ezpain arteko zulotik ateratzen zaio. Munduko populazioaren erdiari, masturbatzerakoan ez dio haziak pol-pol jauzi egiten, baizik eta orgasmoarekin likido baten jarioa irristatzen zaio izterretatik behera.
Sarritan gizonek munduaren erdigunea balira bezala jarduten dute. Periferiatzat gaituzte. Bihar, martxoaren 8a. Etzitik aurrera, erdigunea guztiona.
Andereño ala andere
Asteleheneko Goienkaria
“Sareinak. Feminismo literarioak” blogak hiru urte bete ditu (…).- Euskal literatura teoria feministaren bidez sortu, kritikatu, irakatsi eta hedatu nahi dute. Euskarazko literaturan “zulo handiak” daudela ohartarazi zuten, baita zulo horietatik emakumeen liburuak amiltzen diela ere (…). Euskararen unibertsoa, feminismoa eta literatura uztartu dituzte; hiru bide horien arteko bidegurutzean lan egin dute hiru urte hauetan”. Berria, 20-2-20.
Inguruan begiratuz gero, gaur egunean teoria feministaz berba egitea agian gehiegitxo irudituko zaio herritar arruntari. Ez dituzte, bada, gizon eta emakumeek aukera berberak idazten hasterakoan? Matxismoa baztertuta, gaur egungo idazleek ez al dituzte emakume eta gizonak berdin agertzen euren idazkietan? Alegia, ze premia dago garai honetan teoria feministaz hitz egiteko?
Halaxe pentsatzeko burutazioa inoiz izan baduzu, adi azken hamabost egunetan bi gizon idazle modernori irakurritakoari: “andereño” hitza emakumea izendatzeko. Ez irakaslea aipatzeko, emakumearen titulo moduan baizik.
Lehena, Zuzeu.com interneteko albistari horizontaleko berri batean, emakume batek bidalitako eskutitz bati buruz: “Ez dugu uste pertsonalki ezagutzen dugunik Ibar andere edo andereñoa, baina segur ez dela halako gauza bat sinesteko bezain inuxentea”. Bigarrena, Berriako zutabe batean, kazetari baten lana kritikatzen: “Tolosako inauterietako espirituarekin bat egin du editore andereñoak”.
Hauta lanerako Euskal Hiztegiaren arabera, “andereño” emakume ezkongabea da. Batez ere titulu gisa erabiltzen da, deituraren ondoren. “Andereño” hitzak euskaraz ezkondubariko emakumea adierazten du. Garai batean emakumeak sailkatzeko modua hori baitzen, ezkonduta zeudenak eta ez zeudenak, horrek eskubideetan ere desberdin egiten zituelako. Ezkondu arte, andereño. Ezkondutakoan, andere.
Uste nuen egun emakume guztien titulu formala “andere” zela: epaile anderea, ministro anderea. Emakumeak andere izateko ez baitu ezkontzaren beharrik. Bikotekide barik, bikotekidearekin ezkontzeke, emakume batekin ezkonduta edo dibortziatutako emakumeak daudenean, andereño eta andereren arteko desberdintasuna ezabatuta zegoelakoan nengoen. Uste okerra. Euskaraz idazten duten bi gizon moderno hauentzako, inportantea da, antza, emakume bat ezkonduta egotea ala ez. Baina ikus dezagun apur bat haruntzatxoago: kasu bietan andereño hitza erabiltzen dute diharduten emakume horri kritika egiteko, andereño esaten badiote, profesionaltasuna, itzala eta ganora murrizten diotelako. Andere ez esatea kritikarako beste alderdi bat da, emakumetasunari lotutakoa, gizon baten kasuan sekula erabiliko ez luketena.
“Desautorizazioa da gure aurka erabiltzen duten baliabiderik eraginkorrena” zioen Josune Muñoz Sareinak blogetako arduradunetako batek. Pentsatu orain feminismoaz aritzea larregitxo ote den XXI mendearen hasieran.
Emakumeen aurkako indarkeria. Eibar.
Eibarko epaitegiko datuak.
Abenduaren 28ko 1/2004ko Lege Organikoa indarrean jarri zenetik, eta Epaitegi bereziek emakumeen aurkako indarkeria kasuak ikusten dituenetik 2008a bukatu arte, 226 epai prozedura abiarazi dira Eibarren (kontutan izan Eibarko epaitegiak Debabarrenako eskualdea duela eremutzat). Urtez urte horrela banatuta:
|
2005 urtea |
37 prozedura |
|
2006 urtea |
39 prozedura |
|
2007 urtea |
55 prozedura |
|
2008 urtea |
95 prozedura |
Prozedura guztietan biktimek ez zuten urruntze agindurik eskatu:
|
Urtea |
Eskatutako urruntze aginduak |
Eskatu baina epaileak ukatutako urruntze aginduak |
|
2005 |
- |
- |
|
2006 |
22 |
15 |
|
2007 |
28 |
21 |
|
2008 |
28 |
16 |
Emakume baten aurkako indarkeria gertatzen denean, salatzea ez da arazo guztien bukaera, bide baten hasiera baizik. Jasaten duen emakumeak bakarrik daki zein nekosoa den ertzaintzan edo epaitegian bere istorioa kontatzea, bikotekideak bere defentsan erabiltzen dituen argudioen berri jakitea, medikuarengana joatea, epaitegiko tramite guztiak egitea, erasotzailearekin epaiketa baten aurrez-aurre jardutea. Hala ere, onartuta indarkeria salatzeak ekartzen dituen endredoak, gizarte honen eraketaren barruan, salatzea da erasotzailea zigortzeko modu bakarra. Eta are inportanteagoa dena: biktimak babesik jasoko badu, babes hori salaketatik baino ez da etorriko. Jarriko ditugu zalantzan salaketak, babesteko moduak, jarriko dugu zalantzan epai sistema. Baina gaur egun, orain dela urte batzuk baino biktima gehiagok babesa lortu badute, salaketa, legedi eta sistemari esker izan da.
Emakumeen aurkako indarkeria. Legedia.
Zenbait gauzatara ohitzen garenean, badirudi betidanik daudela hor, ez dakigu zehatz-mehatz noiz hasi ziren gure bizitzaren parte izaten, baina begitatzen zaigu horretxek barik bizitza arraroa dela. Eibar aldizkarian argitaratzeko.
Hori gertatzen da gaur egun emakumeeren aurkako indarkeria arautzen duten legeekin. Indarkeria mota hau bai dela benetan betidanikoa, behintzat bai guretzat, beti ezagutu izan baitugu. Baina etxe barruetan ikusi dugu edo, kasurik larrienak, “El Caso” egunkarian, Maria Ospittal denda zaharreko ateko kristaletan eskegita oroitzen ditugu.
Emakumearen aurkako indarkeria arazoa zaharra izanik, kalera atera da, bozgorailua ipini zaio, eta legeek oraintsu eman diote babes berezia, Espainiako estatuan, 2003. urtetik aurrera. Lehen ere zigortzen ziren jarrera jakin batzuk, beste edozein partikularren artekoak zigortzen ziren bezala (jotzea eta lesioak eragitea edo heriotza eragitea...). Ostera, gehienetan salaketak ez ziren epaitegietara iristen (indarkeria etxe barruan, etxera ogia ekartzen zuenak eta ohekidea zenak egina), iristen zirenean nekeza zen frogatzea, indarkeria psikologikoa ez zen kontutan hartzen... Esan daiteke gizarteak neurri batean onartu egiten zuela emakumeen kontrako indarkeria hori: “egingo zuen zerbait”, “probokatuko zuen”, “sekula ez dio gustoko afaria ipintzen” moduko komentarioak hitzetik hortzera zebiltzan, sarritan irrifarretxo errukitsu batekin. Ondorioa zen indarkeria jasaten zuten emakumeek etxezuloan jarraitu beharra zutela, isilean, jazartzailearekin ohe berean. Ez ziren gutxi alkoholean eta botiketan babesa bilatzen zutenak, gizartearen aurrean oraindik errudunago bihurtuz.
Zerbait aldatu zen baina 90. hamarkadako bukaeran, emakumeen aurkako indarkeria gai zuten albisteak gero eta gehiago zabaltzen joan zirenean. Indarkeria jasaten zuten emakumeak, batipat, bikotekideari banatzeko edo dibortziatzeko erabakia hartu zutela adierazi ziotenak ziren. Askotan bikotekide ohia.
Lehen lege-erreforma garrantzitsua 2003an eman zen (11/2003 Lege Organikoa, irailaren 29koa), besteak beste Kode Penaleko bi artikuluetan erreforma garrantzitsu bat sartu zenean, eta ondorioz familia indarkeria tipo bereziak sartu zirenean Kode Penalean. Honek esan nahi du artkulu hauek modu berezian hartzen dituztela kontutan bikotekidearen edo bikotekide izandakoaren erabilitako indarkeriak, fisikoak zein psikologikoak, eta hortaz modu berezian zigortzen dituztela. Bikotekidea kasu honetan, gizona zein emakumea izan zitekeen.
Urte berean, 2003an, lege bitartez, orain horren ezaguna egiten zaigun biktimaren aldeko babes agindua sartu zen indarrean, kalean urruntze agindua izenez ezagutzen dugun hori. Urruntze agindua instrukzio epaileak eman dezake etxeko indarkeriren biktimak babesteko, ikusten duenean oinarritutako zantzuak daudela pentsatzeko pertsona horrek bere bizitzaren, gorputzaren ala sexu askatasunaren aurkako delitu edo falta bat jasan duela, eta biktima hori arrisku egoera objetiboan egon daitekela. Ohikoena izaten da ustezko erasotzaileari biktimaregandik tarte jakin batera gerturatzea debekatzea.
Genero indarkeriaren aurkako babes neurri orokorrak abenduaren 28ko 1/2004ko Lege Organikoaren eskutik etorri ziren. Lege honen helburua da erantzun orokor bat ematea emakumeen aurka egiten den indarkeriari, eta alor guztiak hartzen ditu bere baitan: prebentziozkoa, hezkuntzazkoa, gizarte zerbitzuetakoa, laguntzazkoa eta biktimaren arretazkoa. Baita ere Kode Penalaren aldaketa ekarri zuen, lehen aipatutako 153. artikuluan. Hemen lehen aldiz aurreikusten da tipo penala betetzen dela erasotua emakumea denean, eta erasotzaileentzako penak larriagotu egiten ditu. Era berean lege honek beste aldaketa esanguratsu bat ezarru zuen: emakumearen indarkeriaz arduratzen diren epaitegi bereziak. Hiriburuetan berariazko epaitegiak sortu zituzten. Herrietan berriz, Eibarren kasu, epaitegi jakin bati egokitzen zaio emakumearen indarkeriarekin zerikusia duen gai oro, 2 zenbakidun Instrukzio Epaitegiari.
Gai beraren gaineko bariazioak
Asteleheneko Goienkaria
"Obamak eta Clintonek bukaera adiskidetsu bat negoziatzen dute aurrez-aurreko historiko baterako. Bi senatariak isilpean elkartu dira Washingtonen etorkizunaz berba egiteko. Zalantza barik, bere bizitzako egunik ziragarri eta zoriontsuenetariko bat izan den horren ondoren, Barack Obamak asteburua libre hartzea erabaki du, bere emazte Michelle afaltzera eramateko, eta bere bi alabekin bizikletan ibiltzera joateko". El Pais, 08-6-7
Beltz bat eta emakume bat norgehiagokan demokraten hautagaitza lortu nahian, Amerikako Estatu Batuetako lehendakaritzarako.Tradizioz boteretik kanpoko bi presidente izateko lehian. Beltza, duela berrogei eta hamairu urte oraindik autobusean zuriei tokia laga behar ziena. Emakumea, duela hirurogeitazortzi urte arte botorik ere eman ezin zuena. Bi kasuetan, berritasun itxaropentsua guztiontzat, inperioak katarroa harrapatzen duenean, guztiok estulka hasten garelako.
Laburra baina zoriona behartsuaren etxean. Arraza eta generoaren arteko berdintasunean urratsa emanda zegoelakoan geundenean, Espainiako progresiaren egunkaririk serioenak diosku Obamak bere andrea afaltzera “eramateko” hartu duela asteburua libre. Txakurra bailitzan, “eraman”. Obama eta Michelle ez doaz elkarrekin afaltzera, ez, andreak senarra behar du afaltzera “eraman” dezan. Txatxarra aurrera pausoa.
Moskeoa oraindik pasatzeke, banoa zapatuko periodikoan aurrera, eta Cristina Garmendia Zapateroren ministro donostiarrari egindako elkarrizketarekin egiten dut topo. “Seme-alabek eta senarrak, nola hartu dute zu ministro izatea?” “Lortzen duzu familia eta lana bateratzea?”. Zergaitik ez dut irakurri sekula Moratinosen andreak zer irizten dion gizona ministro izateari? Noiz galdetu diote Felipe Borboiari nola uztartzen dituen alaben zaintza eta lana?
Arnasa hartu du irakurleak, eta pentsatu du, kontsolamenduz, beste mundu batean bizi dela. Behintzat afaltzera joateko ez daukala inork atera beharrik, eta lanean ere sekula ez diotela galdetu familia eta lanaren arteko bateratzeaz. Arnasak txikia baina, zere egunkaritik burua altxa, eta lagun neska batek kontatu dio joan zen egunean telefonozko inkesta batean galdetu ziotela ia gizonak etxeko lanetan laguntzen zion. Eta hori “vascas y vascos” esapideaz bandera egin duen agintariaren menpeko erakundearen inkestan. Inguratuta gaude.
Piraten epaiketa
Sei emakume kitxua zeuden deituta epaiketara. Leporatzen zitzaien delitua: Cden kopia piratak saltzea Donostiako kalean. Atzeman zituztenean, emakumeak ez zebiltzan salmentan, baizik eta furgoneta batean sartuta, aparkatu nahian. Poliziakoek, furgoneta gerarazi eta miatu zutenean, bostehunetik gora CD kopia topatu zituzten, motxila batean. Polizia azkarrek ondorioztatu zuten emakume haretxek zirela kalean salmentan zihardutenak, korrika alde egin zutenak polizia ikusi zutenean, eta ondorioz, salaketa ipini eta epaitu egin zituzten.
Emakumeak epaiketan ezetz, eurak furgonetan zeudela aparkaleku bila, furgoneta lagun batek utzi ziela, ez zekitela barruan zer zegoen, eta eurak ez zirela izan kalean salmentan zebiltzanak.
Poliziakoek baietz, kalean emakume kitxua batzuk ikusi zituztela disko piratak saltzen. Konturatu zirenean polizia gertu zebilela manta jaso, diskoak bertan sartu, eta ospa egin zutela. Beraiek atzetik, metro gutxira, beti euren begiradapean, furgonetan sartzen ikusi zituztela, eta bertan atzeman zituztela, Cden kopiekin.
Emakumeen abokatua, poliziakoei zalantza sortu nahian: ziur al zaude saltzen ziharduten eta furgoneta barruan zeuden emakumeak berberak zirela? Poliziakoak baietz, bistatik galdu gabe segika ibili zirela, ez zegoela inolako zalantzarik. Abokatuak berriro:baina ondo begiratu, badaiteke zuretzako emakume kitxua gehienak berdintsuak izatea. Poliziakoek ezetz, oso ziur zeudela
Saltzaileek manta jaso, ihesean joan, polizia segika metro gutxira, begibistatik galdu gabe, furgonetan sartu, segundu gutxira poliziakoak miatu, nola da posible orduan Cdak motxila batean topatu izana, eta ez manta batean? Zelan izan zuten emakume horiek aukera bostehunetik gorako CD horrek mantatik atera eta motxilan sartzeko segundu gutxi horietan?
Joan zen astean ospatu genuen absoluzioa. Ez Ministeritza Fiskalak, ez SGAEko defendatzaileak ez dute epaiaren aurkako errekurtsorik aurkeztu.
Zeure errua
"Ya le dije: no me provoques, que si te pego y te mato, y voy a la cárcel, será por tu culpa".
Jaietako barealdiaren ondoren, Errege-biharamona, epaitegian guardiako asistentziak egiten, eskua ukondorainoko lokatzetan sartzea bezala izan zen.
Goizean emakume bati esanda entzundako esaldi hori, burura etorri zitzaidan gaueko berrietan Igor Porturena entzun nuenean.
Burka bat Eibarren

Atzo ilunabarrean burka bat ikusi nuen Eibarren. Burka bat zeraman emakume bat, ume karrotxo bati bultzaka, gaztea beraz. Eibarren, Kalbetoi kalean, kalea erosketak egiten diharduen eta txikiteoan dabilen jendez josita zegoen ordu horretan.
Burka begiak bistan lagatzen dituen horietakoa zen, argazkikoa bezalakoa. Zapi beltz handi bat, azpian zegoen emakumea ia erabat estaltzen. Eibarren ikusten dudan lehena.
Lehen ere burua estalita daramaten emakumeak badabiltza herrian. Neska gazte asko ikusten da ilea estalita, beste apaingarri bat ematen du. Jatorria arabiarra daukate, euretariko asko herrian jaio edo hazitakoak dira. Iruditzen zait zapi hori ondo txertatuta dago kaleko arropatan. Atzoko burka, ez.
Laurogei euroko orrazkeradun buruak, modako ileapaindegi guztietan ipini dizkiguten flekillo zuzenak, kapelak modernoenentzako, txurroak, buruko zapiak lepoaren aurrekaldean lotuta, buruko zapiak lepoan buelta eta atzekaldean lotuta, denetik ikusten da Eibarren. Orain gainera, burka.
Zer pentsatuko ote du begiak bistan baino ez dituen zapi beltz horren azpian doan emakume gazteak Eibarko Kalbetoi kalean?
Gizasemea adibide
Badaukat lagun bat gazteleraz baino ez dakiena, nahiz eta euskararen alde dagoen. Sarritan, elkarrekin egonda, entzun dizkit honen moduko komentarioak: "jo, otro letrero que ponen sólo en castellano", "mira esa anuncio, la versión en euskara está mal"... Lagunak diozta begi hiperkritiko bat daukadala, beti nagoela euskararen kontrakoa noiz harrapatuko. Ez, erantzuten diot, gertatzen da euskara eta gaztelera gutxienez maila berean ikusi nahi ditudala, eta nabarmena dela hori, eguneroko paisaian, ez dela gertatzen. Uste dut edozein euskaldunek ikus dezakela bere burua islatuta egoera honetan.
Ba omen dut beste begi hiperkritiko bat, beste lagun batzuren ustetan. Konturatzen naiz testu asko idatzita daudela gizona, gizasemea, gizartearen zentroa bezala izango balitz. Hau da, munduko biztanleak gizasemeak baino ez balira bezala, emakumeak gizarte honetan salbuespen bat izango balira bezala.
Beraz kontu honekin ere ematen die matraka nire ingurukoei, askotan besteek ezer ikusten ez duten arren.
Denbora gutxian bi testuk eman didate atentzioa esandako horrexengaitik: bata Anjel Lertxundik Berrian eta blogean idatzitako bat: "Erregeak eta bilauak, nobleak eta morroiak, aita-santuak eta fraide baratzainak, den-denak berdintzen ditu Heriok". Joño, pentsatu neban, erreginak, neskameak, monjak, hilezkaitzak dittun!.
Bigarren argia Quim Monzók Franckforteko liburu azokaren irekieran irakurri zuen diskurtsoa irakurtzerakoan piztu zitzaidan. Dio Monzok: "De fet, si tot discurs és part d’un ritual i, com en tots els rituals, el que importa realment és la forma, el protocol, l’americana, la corbata (o l’absència de corbata)". Korbata batzurendako, besteendako soineko luzea, bururatu zitzaidan momentuan
Ez da nire asmoa, inondik inora, hain gustora irakurtzen ditudan idazle handi hauen zuzentzaile lanak egitea, ez da nire atrebentzia.
Era berean ziur naiz oso zaila dela bereizketarik gabe idaztea, ezin dela, eta seguru idazleak ez duela helburutzat, uneoro genero biak aipatzea, nekagarri eta astun izango litzateke oso.
Kontua da testu bi horretxek irakurriz, irakurlea segituan ohartzen dela, bi kasuetan, adibide moduan gizasemeak baino ez aipatuta, pertsona guztiez ari dela. Ostera, bi testuotan egiten diren aipamenak emakumeak baino izendatuko ez balituzte ("erregina", "neskamea" batean, "soineko luzea" bestean), idazlea emakumeez baino ari ez dela ulertuko genukela gehienok.
Politikaren aldirietan
"Iruditzen zait politikaren tentazioa, gezurra esatea baino, asperdura sortzea dela, interesa galdu arterainoko asperdura sortzea". Amelia Varcarcel, filosofoa eta feminista. El País Semanal 06-11-26.
Politikari guztiak ez dira gezurtiak, pertsona lodi guztiak zoriontsuak ez diren bezala, euskaldun guztiak kantari onak ez diren bezala. Politika, nork definitzen duen arabera, "posiblearen artea" edo "gauzak aldatzeko tresna" izan daiteke. Ostera, guztiok egon gaitezke ados honetan: politikak gero eta interes txikiagoa sortzen du bazterretan. Dela talde batzuren hitz jokoen jario bihurtu
delako, dela politikariak kaleko nahietatik urruti daudelako, dela arazo nagusienak konpontzen ez dizkigutelako. Interes txiki honen adibide: hautesleen ehuneko berrogeiak baino ez du botorik ematen, herritar arrunta eguneroko jardunean arazo politikotik at bizi da, baita gurea bezalako ustezko gizarte politizatu batean. Zenbat eta boterearen ingurutik urrunago egon, gero eta urriago politikak sortzen duen interesa. Boterearengandik urruti egon diren neurrian, emakumeek tradizioz interes txikia izan dute politikan.
Hain zuzen, boterearen ingurutik aldenduta egoteagaitik, pentsatzen du Ahotsak elkarteak emakumeek bake eta normalizazio prozesuan zeresana izan dezaketela, emakumeak oro har erabaki-guneetatik urruti daudelako, jarduteko eta ekiteko askatasun handiagoa daukatela. Eta beraz horrexegaitik adostasunetara iristeko ahalmen handiagoa daukatela.
Momentuz adostasuna lortu duten bakarrak erabaki guneetatik urrun, jendearengan asperdura ez sortzea helburu, politikaren aldirietan kokatutakoak izan dira. Ea zer egiten duten politikariek.
Ahotsak Eibarren
Astelehen arratsaldean Ahotsak elkartearen aurkezpenean izan nintzen Portalean, Eibarren. Aurkezleen artean Gemma Zabaleta (PSE-EE), Elisabete Piñol (EAJ-PNV), Nekane Alzelai (EA) eta Izasun Guarrotxena (Bilgune feminista). Entzuleen artean gehienak emakumeak, ni gazteena ez banintzen, gazteenetakoa, alde haundiz.
Azaldu zuten Ahotsak elkartekoek nola iritxi ziren dokumentu bateratua sinatzera, nola eta zergaitik eman ziren lehen kontaktuak, zein premiei erantzuteko. Gatazkak konpontzeko elkarrizketaren ezinbesteko balioa azpimarratu zuten, (buruz nabil) elkarrizketa malgutasunaz eta konfiantzaz, bakoitzak esaten duena beteko duela pentsatuz.
Erabateko konbentzimenduaz hitz egin zuten, pasioz ere esango nuke. Politikarien artean ohikoa ez dena, sentimendu hitza sarri samar erabili zuten. Nabarmentzen zuten zein inportantea zen bata bestearengana hurbiltzea, hortik zerbait bateratua atera ahal izatea, batak eta besteak amore emanez, eta nolako garrantzia izan zezaketen honen moduko ekimenek alderdiei presioa egiteko.
Ni erabat sinistu nahian joan nintzen. Ahotsak ekimenari ondo irizten diot, aurrera pausoa iruditzen zait elkarrizketa aldarrikatzeko, gatazka gainditzeko beharraz jabetzeko, baina entzun ahala, baieztapen baino galdera gehiago sortzen zitzaizkidan, bai generoari lotuak, bai elkartearen egitekoari lotuak, bertan planteatzeko aukerarik izan ez nituenak:
- Zergaitik agiria sinatu dutenak emakumeak baino ez dira? Ezinezkoa zen elkarrenganako pausu hori gizon eta emakumeen artekoa egitea? Eta posible bazen, ez al zen eraginkorragoa izango?
- Behin elkarrenganako lehen pauso hori emanda, Ahotsak elkarrizketarako giroa sustatzera mugatuko da, ala alderdien arteko elkarrizketan segituko du? Alderdi bakoitzaren barruan presio-talde bihurtuko da, eta beraz alderdien mahaian zeresana izango du, ala aparteko talde bat izango da, kanpotik presioa egingo duena?
- Emakumeek bakarrik sinatua izateak ez dio, nolabait, agiriari garrantzia kentzen, jakin baitakigu politikan emakumeek ez daukatela lehen mailako botererik? Ez dauka arriskua “emakumeen zer hori” bihurtzeko?
- Bestalde, zein oztopo zeuden horrelako ekimen bat alderdi ezberdinetako gizonengandik etortzeko?
- Agiriaren sinatzaileak emakumeak eta alderdikideak dira. Nola eragiten dute emakume hauek beraien alderdietan bake prozesua bultzatu ahal izateko? Ez dut pentsatu nahi bertan ezin eraginda, agiri paralelo bat antolatu behar izan dutela beraien ahotsa entzun ahal izateko.
- Eta nola eragin dezake Ahotsak edo beste mugimenduren batek prozesuaren ustezko katramilatze hori askatzeko?
Galderak erabat fede onez planteatuta daude, eta seguru asko ezjakintasunetik, zeren benetan sinistu nahi nuke emakumeen mugimenduak edo beste herritarren mugimenduren batek eragina izan dezakela bake eta normalizazio prozesuan, presioa egiten edo beste moduren batean. Baina une honetan ez dut ikusten zelan.