Izan eta Esan
eibar
Sanblasak Eibarren
San Blas eguna gertu dagoela, Eibarren hasi dira sanblas opilak egiten. Ezin falta gai honi buruzko postik eibartarren komunitatean.
Ama Bañaresen jaiotako eibartarra da. Ez esan berari gero eibartarra ez denik! Nik gogoan dudanetik, sanblasask egiten ditu otsailaren 3a gerturatzean. Munduko gozoenak, duda barik eta ikuspuntu erabat objetibotik.
Oier Bergarakoa da, peto-petoa. Ama du eibartarra, baina hiru belaunaldi hauetan eibartar bakarrak ez daki sanblasik egiten.
Geure etxean Bañareskoak eta Bergarakoak egiten dituzte sanblasak. Eibartarra, argazkiak atera eta inerneten ipini.
Nabarmena denez, ez dago Eibarren jaio beharrik sanblasik onenak egiteko. Ondorioztatzen denez, ez dago toki batean jaio beharrik bertakoa izateko. Nahikoa da bertakotzeko borondatea.
Goienatik Eibarra
Blog koskor hau Goienan jaio eta abiatu zen. Hemendik aurrera, Eibarko sarearen altzoan haziko da.
Blog hitza Eibarren entzun nuen lehen aldiz, Luistxori Eibar.org-eko afariren batean. Ez nion esplikatutakoari erabilera handirik ikusi, baina hura zer zen jakitea erabaki nuen. Eibar.org-ek horretarako ikastaroa antolatu zuen egunean, ordea, lankidea ezkondu zitzaidan, eta ni ikastera joan ezin. Nik bakarrik ezin izan nuen prestatu zidaten bloga abiarazi.
Goienako ahaideek adopzioa eskaini zidaten, ikastaro bat eman eta bloga prestatu. Guztia irribartsu eta lagunkiro. Milaka esker, Goiena, guztiarengaitik. Zuek bai jakin ematen.
Baina altzora bueltatzeko garaia iritxi da. Eibar.org berritua, hamargarren urtehurrena, blog berria... Erralek migrazioko tramiteak egin dizkit, eta sustraietara bueltatzen naiz.
Goiena, maite zaituztet, baina ...my heart belongs to daddy.
Burka bat Eibarren

Atzo ilunabarrean burka bat ikusi nuen Eibarren. Burka bat zeraman emakume bat, ume karrotxo bati bultzaka, gaztea beraz. Eibarren, Kalbetoi kalean, kalea erosketak egiten diharduen eta txikiteoan dabilen jendez josita zegoen ordu horretan.
Burka begiak bistan lagatzen dituen horietakoa zen, argazkikoa bezalakoa. Zapi beltz handi bat, azpian zegoen emakumea ia erabat estaltzen. Eibarren ikusten dudan lehena.
Lehen ere burua estalita daramaten emakumeak badabiltza herrian. Neska gazte asko ikusten da ilea estalita, beste apaingarri bat ematen du. Jatorria arabiarra daukate, euretariko asko herrian jaio edo hazitakoak dira. Iruditzen zait zapi hori ondo txertatuta dago kaleko arropatan. Atzoko burka, ez.
Laurogei euroko orrazkeradun buruak, modako ileapaindegi guztietan ipini dizkiguten flekillo zuzenak, kapelak modernoenentzako, txurroak, buruko zapiak lepoaren aurrekaldean lotuta, buruko zapiak lepoan buelta eta atzekaldean lotuta, denetik ikusten da Eibarren. Orain gainera, burka.
Zer pentsatuko ote du begiak bistan baino ez dituen zapi beltz horren azpian doan emakume gazteak Eibarko Kalbetoi kalean?
Eibar ez dago inon
"Eibar" aldizkariko Arrateetako alerako.
Bernardo Atxaga izan zen “euskal hiria” kontzeptua sortu zuena, eta seguru asko kontzeptua nola erabili den ikusita, joan zen uztailean hitzaldi bat eman zuen “Euskal hiria ez dago inon” izenburu esanguratsuarekin. Euskal hiria, nolabait Euskal Herriko herrien arteko mugarik eza, kontzeptu fisikoa izan daiteke egungo garapenaren ondorioz (garapena jasangarria den ala ez, beste kontu bat da). Baina baita ere, eta hortik ziurrenik Atxagaren azalpena, Euskal hiria kontzeptu sinbolikoa izan daiteke, “polis” grekoarekin zerikusi gehiago duena, euskal kosmopolitismoaren erakusgarri.
Euskal Hiriaren kontzeptu sinboliko hori aitzakiatzat hartuta, ez parekatze aldera, bai hausnarketarako oinarri moduan, Eibarko herriaren kontzeptu berri batez ere egin dezakegu berba. Kontzeptu berri honek, XXI mendeari lotua, eibartar izateko modu ezberdinekin zerikusia dauka.
Lehena: begira itzazu aldizkari honetan bertan “galería de eibarrereses” argazkien saila. Pedro Zabala, Pepita Etxeberria, José Mari Gabilondo, Mª Pilar Sarasketa … izan daitezke bertan ageri diren batzuetariko izenak. Begira orain, aldizkari honetan baita ere, azken hiruhileko jaioberriak: Oscar Díaz Arias, Ane Sarasketa Etxeberria, Ramah Jebari Benslaiman, Hodei Carrillo Urizar, Alazne Tuquerres Quinchuqui moduko izenak izan daitezke. Aintzinako argazkietakoak eta oraingo jaioberriak, guztiak dira eibartarrak. Lehenago etorri zirenak, betiko eibartarrak, eta etorri berriak. Guztiak hazi dira Eibarren, guztiek izango dute, nola edo hala, herri honekin zerikusia.
Bigarrena: eibartar izatea ez da izateko modu bat, ez behintzat gaur egun. Garai batean eibartartasuna lotu zen lanerako jarrera batekin, ekintzaile izateko modu batekin, eskuzabaltasunarekin eta harrokeria sano puntu batekin. Zorionez, kosmopolitasunetik behar bada gertuago, denetarik aurki daiteke. Eibartar ezagunen artean daude, besteak beste, ikerkuntzako sariak, eskaladako txapeldunak, euskaltzain urgazleak, mozkorrillo kaletarrak, gimnastak, poetak, goi mendiko gidariak, enpresari ekintzaileak, emakumeen kontra indarkeria erabiltzeagaitik kondenatuak, eraikitzaile espekulatzaileak, mediku ospetsuak, musikariak, mendi puntako anakoretak…
Hirugarrena: noski, eibartar izan daiteke Eibarren bizi gabe, jaiotze edo urte batzuetan bizitze hutsagaitik. Ez dakit zenbat, baina asko gara herri honetatik kanpo bizi garenok, herritik hogei zein lau mila kilometrora. Eibartar ugarik, XXI mende honetan batez ere, herritik kanpo bizi izanda ere, nahi izanez gero, herriarekin modu batera ala bestera, loturari eusten dio. Egungo teknologiek eta bidaiatzeko aukerak, erraz egiten dute herriarekin harremana gorde nahi duen eibartarrak herriaren berri eta parte izatea. Herrian urte askotan bizi izan ez zen eibartarra dauka herri honek seme kuttuntzat.
Laugarrena: are gehiago, Eibarren jaio, hazi eta bizi ez dena ere izan daiteke, neurri batean, eibartar. Alegia, eibartar izaten ere ikas daitekela. Horrela, Eibar football taldeko jokalari eta batzordekide guztiak eibartartzat dauzkagu, eta “eibar.org” elkarteko eta interneteko posta zerrendako guztiak, bertakoak izan ala ez, Eibarrekin lotura izaten ikasi dute, nahiz eta Untzaga plaza non dagoen esplikatu behar zaien.
Guztiak dira eibartar izateko modu desberdinak: Eibar XXI mendean zerbait fisikoa baino haratago, kontzeptu sinbolikoa izateko bidean.
Eibar bizigune
![]()
(Eibarko ...eta kitto! aldizkarirako)
Nik ezagutzen dudanetik behintzat (eta badira urte mordoskatxo bat) Eibar sekula ez da izan bizileku atsegina, bizileku atsegintzat hartzen badugu herri polit bat, ondo urbanizatua, zuhaitz eta parkez betea, umeak eta zaharrak herri barruan lasai ibiltzeko moduko herri bat. Eibarren kotxeak, tailerrak eta etxeak, guztiak batera, pilatuta daude, eta kanpoko lagun bati iruditzen zaionez, umeak parkeetan hesituta daude. Kotxe pilaketak zarata eta zikinkeria handia sortzen ditu erdialdean,. Lasaitasun piska bat izateko erdialdetik irten egin behar da, eta beraz, aldaparen bat igo. Eraikitzen diharduten erdialdeko etxeak lehengoak baino gorago jasotzen dituzte, eta gero eta gaitzagoa da erdiko kaleetan eguzkia ikustea, nahiz eta Arrate aldea zerua urdin-urdin egon.
Hala ere ez nuke esango Eibar toki txarra denik bizi izateko. Herri bizia da, kanpoko jendea txunditu egiten da kale-giroarekin, badauzka zerbitzuak, ezagun du jendea ekimentsua dela, eta herrigunetik bertatik irtenda, paraje politak daude. Zalantza daukat, hala ere, etorkizunean herri dinamiko industrial bat, zerbitzuen hastapenetan dagoena, nahikoa izango ote den biztanle berriei erakargarri gertatzeko, eta azkeneko urteetako etengabeko biztanle galerari bukaera emateko.
Hauteskundeetara aurkezten direnen meritua edo profesionaltasun modukoa baino zerbait gehiago beharko da ostera herriari garaiak eskatzen duen beste itxura bat emateko. Jai daukagu bestela.
Volvone
Atzo Eibar-Ermua tranbian, eguerdiko hamabietan. Hiru emakume etxera bueltan trenean berriketan. Elkarrizketa gaia: euren lana. Etxe banatan garbiketa-lanak egiten dituzte, Eibarren. Batak San Juan kalean, besteak Toribio Etxeberria kalean, hirugarrenari ez diot ulertu.
“Zenbat gehiago zikintzen den garbitzen dudan etxea neurea baino! Hautsa astean bi aldiz kenduta ere, beti dago zikin. Eta ohe azpiak? Pasa dezakezu aspiradorea astean bi aldiz, eta hala ere, beti hauts pelotak ohepean, hile osoan garbitu ez bazenu bezala!. Eta telebistako pantaila, eta leihoetako kristalak, dena askoz gehiago zikintzen da, oso sarri garbitu beharra dago. Jo, eta persianak? Hori bai zikinkeria! Jakina, Eibarren trafikoak, kontaminazioak, asko zikintzen dute, bat ere zerikusirik ez Ermuarekin, nire etxea ez da horren beste zikintzen, tira, balkoia bai, baina hautsa? Hautsa ez da horren beste aldiz pasa beharrik. Askoz zikinagoa da Eibar Ermua baino. Eskerrak Volvoneri. Nik gauza guztietarako erabiltzen dut: persianak, leihoak, lurra… Kristalak ez, kristalak Glassekin garbitzen ditut. Baina beste guztia? Volvonekin. Urarekin nahastu, piska bat igurtzi eta oso, oso garbi lagatzen du, segituan gainera. Telebistako pantaila ere, Volvonekin. Ez dago Volvone modukorik. Eta oraindik ez dut probatu, baina aldizkari batean irakurri nuen Volvone erretzeko alkoholarekin nahastuz gero, oraindik hobea zela. Hori ere probatu behar dut ba, ea zelan garbitzen duen”.
Hori dena entzuten nindoala akordatu nintzen Leirek bidalitako mezuarekin eta Eibarko PSEk hauteskundeak direla eta etxeetara bidali duen aldizkariarekin, Eibar herri marabillosoaren argazki mordoa zeukana. Erretratoetan Eibar eguzkitsu, moderno, trankil eta garbi bat ageri da, itsaso gabeko Marina D’oreko maketa bat izango balitz moduan. Gogoan daukat aldizkaria ikusi nuenean bururatu zitzaidala zenbat montaje eta photoshop erabili zutela argazki horrek ateratzeko. Baina Ermuko hiru garbitzaileen berbeta entzun ondoren badakit ez dela photoshop, ez dela George Lucas: hauteskundeetarako herria Volvonekin garbitu digute.