Izan eta Esan
banaketa
Zaintza partekatua
Gurasoak dibortziatu ostean edo, ezkonduta ez badaude, banatu ostean, erabaki egin behar da seme-alabak norekin biziko diren.
Esan behar da gurasoak euren artean banatu egiten direla, baina seme-alabekiko, euren obligazioak eta eskubideak berdin-berdinak izaten jarraitzen dutela. Banaketak edo dibortzioak ez du guraso izaera aldatzen. Aldatzen dena eguneroko bizimodua da, umeen zaintza, eta hori da dibortzio edo banaketa ostean erabaki behar dena.
Oro har, bi modu daude umeen zaintza antolatzeko: bata, umeak guraso batekin bizitzea, eta beste gurasoarentzat umeekin egoteko orduak eta egunak finkatzea. Kasu honetan guraso bakar batek dauka zaintza (zaintza esklusiboa) eta besteak umeekin egoteko eskubidea eta betebeharra. Zaintza esklusiboa bi gurasoek modu adostuan ezar dezakete, edo, adostasunik ezean, epaileak ezarriko du. Zaintza esklusiboa amak zein aitak eskura dezake, legearen aurrean batak ez baitauka, a priori, besteak baino aukera gehiago zaintzaren titular izateko.
Umeen zaintza antolatzeko bigarren modua da zaintza partekatua, zeinetan zaintza bi gurasoen artean banatuko baituten beraiek finkatutako eran. Kasu honetan umeak gurasoekin txandaka bizi dira, txandak modu anitzetan antola daitezkeela: etxez eta gurasoz hiru egunero aldatu, astero aldatu, hilero aldatu, etab., edota umeak etxe bakar batean bizi direla, etxez aldatu gabe, gurasoak izan txandaka etxe horretan biziko direnak.
Zaintza partekatua duela bost urte pasatxo ezarritako lege-neurria da. Epaile batek onarpena eman diezaion zaintza partekatuari, Kode Zibilak eskatzen du guraso bien arteko adostasuna egon dadila eta umeentzako ona izan dadila, eta praktikan eskatzen da gurasoen arteko harremana ona izan dadila eta guraso biak gertu bizi daitezela, baldin eta umeak badira etxe bietan txandaka ibiliko direnak.
Esan bezala, gurasoen adostasuna ezinbestekoa da. Salbuespen moduan, Kode Zibilak ezartzen du aukera guraso bakar batek eskatuta, Ministeritza Fiskalaren aldeko txostenarekin, ezar dadila zaintza partekatua, ulertu delako umeentzako ona dela. Baina nahiz eta legeak aukera hau eman, praktikan oraindik ez dugu ikusi guraso bat ados ez dagoen zaintza partekatu bat ezarri duen epairik.
Zaintza partekatuak ekartzen du umeak bi gurasoekin biziko direla, gutxi gorabehera denbora berdintsua, eta bi gurasoek izango dutela umeen gaineko eguneroko ardura: umeekin bizi, zaindu, eskolako gorabeherak eraman, medikuarengana eraman, umeen gastuei aurre egin etab.
Sarritan zaintza partekatua guraso batzuk aldarrikatzen duten bandera da familiaren etxebizitza erabiltzen segitu ahal izateko banaketaren ondoren. Horretarako, eskatzen dute legez, gurasoen arteko adostasunik gabe, zaintza partekatua ezar dadila lehen aukera moduan, eta ondorioz, umeak etxean bizi direla, izan daitezela gurasoak txandaka biziko direnak etxe horretan umeekin batera.
Umeek ere badaukate zer esanik zaintzaren eztabaidan: gurasoen adostasunik ezean, epaileak entzun egin beharko ditu 12 urtetik gora baldin badaukate, eta baita ere gazteago izanda, nahikoa zentzu baldin badaukate. Umeen zaintza seme-alabek 18 urte betetzen dituztenean bukatzen da, adinez nagusi izatera iristen direnean.
Umeen zaintza partekatua
Joan zen astean Kalakan gurasoen banaketaren ondorengo umeen zaintzari buruz zihardutela ikusi nuen.
Asko ez, telebista bidezko debateak nekez jarrai ditzakedalako, irratikoetan ez bezala, ezin da gidatu, sukaldeko lanak egin edo dutxatu entzuten duzun bitartean, eta hortaz aspertu egiten naiz.
Entzun nuen Amaia Zabaleta abokatua eta laguna, epaitegien errealitateari buruz berbetan. Eta Markos Zapiain umeak klonatzeko posibilitateaz berbetan.
Amaiak esandakoarekin ados nago: epaileek ez diete gizonei umeen zaintza ematen, batipat, oso gutxik eskatzen dutelako. Ehuneko oso handi batean gizonek ez dute eztabaidatzen umeen zaintza amarentzako izango denik.
Eta zaintza partekatuari buruz, horren beste ganoragabekeria entzuten da kalean, guztiak eskubide eta sasi-erreibindikazioz zipriztinduta, komeni dela noizean behin lurra ikutzea. Hona hemen aste honetan jaso dugun epai batean, ondo eta zehatz, azalduta Espainiako Kode Zibilak gaur egun seme-alaben zaintza partekatua ezartzeko eskatzen dituen bete-beharrak (itzulpena eta puntuen banaketa nireak da: Espainiako Justizia gazteleraz eta parrafo luzeetan mintzatzen da):
-
Zaintza partekatuak lege indarra hartu zuen uztailaren 8ko 15/2005 Legearen ondoren.
-
Epaileak zaintza partekatua ebatziko du guraso biek hala eskatzen badute, bai Hitzarmen Arautzailean, bai prozedura judizialaren barruan.
-
Epaileak zaintza partekatua erabaki ahal izateko, beharrezko neurriak ezarriko ditu zaintza erregimen hori bete ahal izateko, eta saiatuko da neba-ahizpak ez banatzen.
-
Zaintza zein modutakoa izango den erabaki baino lehen, epaileak honako hauek izan beharko ditu kontutan:
-
Ministeritza Fiskalaren txostena
-
Adin txikikoen iritzia, hauek nahikoa juzku badute
-
Epaitegiko Talde Psikosozialaren txostena
-
Epaiketan dauden bi alderdien ailegazioak
-
Salbuespen moduan, legeak uzten dio epaileari zaintza partekatua ebazten, nahiz eta guraso biak ados ez egon, baldin eta gurasoetariko batek eskatzen badu eta Ministeritza Fisakalak aldeko txostena ematen badu, beti ere zaintza modu hau adin txikikoentzat onuragarri baldin bada.
-
Ezin da zaintza partekaturik ezarri gurasoetako bat famili barruko indarkeriagatiko delitu batengaitik auzibideratua dagoenean.
Alegia, baldintza horretxek errespetatzen ez dituzten erreibindikazioak, momentu honetako praktikotasunean, kea dira, eta beraz, epaitegiek ez dituzte onartzen.