Izan eta Esan
Debagoiena
Donostia kultura
Astelehenko Goiena
Arrasate aldeko esaera herrikoi batek dio Arrasatetik Donostiara 70 km daudela, eta Donostiako Arrasatera berriz, 150 km. Donostiatik Debagoiena urrun dago zentzu askotan, nahiz autopista, nahiz Diputaziokide bailarakoak. Gure ortzemuga pareko mendiak ematen digu, jotaz eta ixaz jositako hizkera arraroan mintzatzen gara, debagoiendar seme-alabek ere donostiartutakoan galdu egiten dutena, eta lan-eta-lan baino egiten ez omen dakigu. Alegia, donostiyarrei egozten zaien arinkeria jator edo jatortasun arin hori ez daukagula, eta ondorioz DV otzantzaile arrakastatsuak probintzia deritzon multzo lauso horretan sartuta bukatzen dugula. Hau guztia modu orokorrean esanda. Modu zehatzagoan berbetan, aukera polita emango du ikusteak Donostia kultur hirigune izendatzeak zer eragin izango duen gurean. Kultur zipriztinak eroriko ote zaizkigun, ala beste behin ere, honez gero hasita daukagun kultur sirimiri horren sortzaile izan beharko dugun.
Beti bi
Asteleheneko Goiena
Debagoiena ez da Galdakao, hemen ez dabiltza bi erakunde zerbitzu bera emateagaitik lehian, gogoratu bestela zertan den bailararen hezurdura izan behar zuen tranbia hura. Debagoiena, baina, bada Euskadi, eta Madrideko tabakoari buruzko araua indarrean dagoen arren, Jaurlaritzak erabaki du bere legea ere aplikatuko dela. Bakarra gutxiegitxo izango ote zen. Itxura denez, baina, ez da lege-enpatxu kontua, ezta arau-destajua, ez, Sailburuak adierazi duenez, legea jendea konbentzitzeko egiten da, ez inposatzeko. Alegia, tabakoaren euskal legea aplikatzen bukatzen denean, erretzaileak erromes joango direla Lakuara, beren osasunak onera egin izanagaitik eskerrak emateko. Adi negozio-lerro berrien usaintzaileok, tabakoagatiko damutuei eskapularioak saltzen hasteko. Lakuak Lourdesen irudia hartuko du.
Konbentzitu ez inposatu, zergaitik tabakoarekin bakarrik? Zergaitik ez lelo bera, adibidez, manifestazioak arautzeko? Ah, beste errota bateko ura. Euskal legeak, dena den, gure tradizio txit ikutezinei mesede egiteko sortuko da: sozietate gastronomikoetan erretzea baimentzen da, erretzaileak eta tartekoak bertan itxi daitezen parrandarako, huelga eguna izango balitz bezalaxe.
Festa etxean
Astelehenek Goienkaria
"Mundumira: kulturen jaia asteburuan Eskoriatzan. Mundumira jaialdiaren bosgarren ekitaldia ospatuko da aste bukaeran Eskoriatzan. Aurten ere, natura, kultura eta bidaiak izango dira jaialdiaren ardatz nagusiak". Goienkaria 09-5-22
Asteburu osoan festa eta kultura izan ditugu Mundumirari esker. Azken bost urteetan, urtean behin, Debagoiena erreferente bihurtzen da festa bat dela-eta, eta lortzen dugu jendea geurera ondo pasatzeko erakartzea. Ez dira bestela ugariak Debagoiena festarekin lotzen duten ekimen ohiartzundunak, ez behintzat bailaratik kanpo. Izan ere geure ibarra lanagaitik, jendearen lanzaletasunagaitik da ezaguna bai Euskal Herrian bai kanpoan, ez aisiarako edo parrandarako gune izateagaitik. Gogoan daukat nola Iban Zalduaren ipuin batean, ez galdetu zeinetan, baina uste dut Itzalak liburuan agertzen dela, “debagoiendar kalbinistak” esaten den. Kalbinistentzako, badakizue, lana arazo moral bat zen, zalantza erlijiosoari aurre egiteko modu bat.
Hori esportatu du Debagoienak eta horrexegaitik da ezaguna: lanerako grina, kooperatibismoa eta Jose Mª Arizmendiarrietaren kanonizazioa. Merituzkoak denak, zalantza barik. Baina garaiak aldatu egiten dituk/n, konpai. Orain gizarte postindustrial batean bizi omen gara. Zerbitzuek duela mende bat baino indar handiagoa dute. Herritarrentzako lana ez da balore nagusia (nahiz eta garrantzi handia hartzen duen enplegua ondasun urri bihurtzen denean). Aisia, dibertsioa, plazerra baloreak dira gaurko gizartean, eta debagoiendarrok, lana bailaran egin ondoren, kanpora jotzen dugu geurean topatzen ez dugun dibertsio horren bila. Ibarra lan egiteko, autopista ondo pasatzeko.
Horregaitik begitantzen zaizkit interesgarriak Mundumira bezalako ekimenak, piskanaka-piskanaka herrietan garatzen diharduten beste kultur eta aisia iniziatiba batzurekin batera. Aukera eman diotelako bailaran lanean geratu den herritarrari bailaran bertan disfrutatzeko, aisiaren inguruan azpiegitura bat sortzeko. Eta kanpoan bizi denari, Debagoiena esistitzen dela frogatzeko.
Zeren horrelakoak mimatu ezean, inauguratu berri duten autopista, ekarri duen txikizioa eta guzti, norabide bakarrekoa izango da: bailaratik irtetekoa.