Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan

Apatrida eta polisemia

Elena Laka 2010/05/31 22:32

Joan zen astean, lan kontuak direla-eta, eztabaida gogorra izan nuen gazte batekin, unibertsitaria bera. Bere aitaren arazoetan muturra sartzea leporatzen zidan, eta tira, nolabait adieraztearren, gure elkarrizketa ez zen gozoa izan.

Halako batean bota zidan:

- Te crees una salvapatrias.

Nik: salvapatrias? No, además tu padre es un apátrida.

Isiltasuna beste aldean.

- Qué has dicho?

- Que tu padre es un apátrida (egia esan, gizona sustrai barik dabil azken urteotan)

- Tú a mi padre no le insultas!

Ez zekien zer zen apatrida bat.

Ez neukan gaiaz idazteko asmorik, baina kontua da duela egun batzuk, berriro lan kontuak baina erabat bestelakoak, beste gazte unibertsitari batekin berba egitea egokitu zitzaidala. Gaia zeharo desberdina, elkarrizketaren tonua ere guztiz bestelakoa. Arazo juridiko bat argitze aldera, esaldi baten interpretazioaz ari ginen.

- Esaldi hori polisemikoa denez, bi modutara interpretatu daiteke gutxienez, esan nion.

Isiltasuna beste aldean.

- Polisemikoa dela esaten duzunean, zer esan nahi duzu?

Zaharrei gertatzen zaien legez, nire berbeta antigoaleko bihurtu da. Ala zenbat urte izan behar ditu pertsona batek gutxienez apatrida eta polisemiko hitzen esanahia jakiteko.

Bergara, jaietan jai

Elena Laka 2010/05/23 23:08
Asteleheneko Goienkaria

Herriko jaietan murgiltzeak, krisiaren albisteengandik, argitaratzen diren tontokeriengandik edo gatazka guztiengandik urrundu gaitu. Festaren izpirituak oasi (edo ispilukeria) bat sortu du, jai giroak zutabegilearen bihotza bigundu, eta behingoz bada ere, eztena gorde, eta zorroztailea limurtzaile bilakatu da. Jaietan dabilen herriaren omenez, hona hemen Bergaratik gustatzen zaizkidan hamar gauzen zerrenda:

 

1. Euskaraz bizi den herria izatea. Eskertzen dut kalean, lagunartean, dendetan eta erakundeetan euskaraz normal berba egitea, estimatzen dut gure semeak arlo guztietan modu naturalean euskaraz haztea.

 

2. Zazpi-zortzi urteko ume bat herri osoan zehar patinete gainean bakarrik ibili ahal izatea, umearen autonomiaren eta gurasoen lasaitasunaren mesedetan.

 

3. Kalean, azokan, dendetan  jendeak nire izenez agurtzea eta zer moduz nagoen galdetzea. Eta nik gauza berbera egitea, despistatzen ez banaiz behintzat. Atsegin dut  gertutasun hori.

 

4. Herrian bizi den musika zaletasuna, zenbat herritarrek hartzen duten parte musikarekin zerikusia duten ekitaldietan, eta mota askotako jendea izatea kantuan egin edo instrumentu bat jotzen duena. Musikak nola duen presentzia herriko bizitzan.

 

5. Elizkizunetako eta bereziki hileta-mezetako musika, koroa eta organua. Santuseko “ossana” aurretik organuak jotzen duen akordea lehen aldiz entzun nuenetik, erabaki nuen  soinu bakar hori entzuteak ondo merezita daukala meza bat.

 

6. Nire ezkon familia osoak eskaini didan maitasun baldintzagabea, gutxienez azken hirurehun urteotan Bergaran edo Antzuolan jaio ez den lehen famili kidea izanda ere. Bihotz bihotzez, eskerrik asko.

 

7. Santa Ana parkea. Maite dut txoko hori edozein urtarotan, espazioa, uraren soinua, zuhaitzak eta erakinak. Agintariren bati bertako elizan kristaldegi handiko kafetegik bat ipintzea otuko balitzaio, nire hilarteko botua eskuratuko luke.

 

8. Zerbait urrun dagoela adierazteko erabiltzen den esamoldea: Pikunittan egon. “Noraino joan zara, Pikunittaraino ala?”. Pikunitta Bergaran baina ia Aizpurutxon dagoen baserria da, herri barruan baina azken mugetan. Bereziki apreziatzen dut umeren bati entzuten diodanean.

 

9. San Martzial eguneko jaia, Bergarako festarik onena zalantza barik.  Dena gustatzen zait: idi parea, dultzaineroak, ardo-barrikotea, dantza, giroa, erromeria, lagunartea... Festaren alaitasuna eta alkohola lagun, bergararren alderik dibertigarriena eta atseginena ateratzen da egun horretan.

 

10. Bergara herriaren kokapena. “Bergaritis herrititis” eraso zorrotz bat eman, eta halako batean hiri haizea arnasteko premia sentituz gero, hiru ordu laurdenean Bilboko, Donostiako zein Gasteizko erdigunean egon zaitezkelako, hartu ufada, birikak bete, eta buelta.

 

Bergarar bizikideok, debagoiendarrok, pasaiuez ondo jaixak!

Ama inperfektua

Elena Laka 2010/05/02 22:47
Giro onean afaldu ostean, oheratu aurrekoak egitera joan naiz Oierrekin bainugelara

Zorriketako orratzia pasa (aste hau ehiza nagusiko sasoia izan da, baina menderatu ditugu), hortzak garbitu eta begiko tantak bota. Bukatutakoan, halako batean, besarkada bat emanez bota zait gainera, halako indarrez, komuneko tapa gainean jarri behar izan dudala ez jausteko. Altzoan estu besarkatuta neukala, hasperen egin du, eta esan dit:

- Ama, ze falta jatzu zuri?

Nik erantzuteko astirik gabe, besarkada askatu eta arpegira begiratu dit.

- Falta jatzu gauza gehixago lagatzia. Lagatzia guri gauza gehixago egitten.

Eta berriro besarkatu nau. Arpegia nire lepoaren kontra zuela, bukatu du:

- Bestela ez jatzu falta ezebe.

Piska bat gehiago egon gara estu besarkatuta, eta gero ezer esateke askatu, eta oheruntz joan da.

Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.