Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan

Besarkada apurtuak

Elena Laka 2009/03/22 20:20
Bi ordu libre, Callao zine-aretoa parean, eta bost minututan hasten zen pelikula bakarra. Patuak Almodovarren azkena ikus nezala nahi zuen, "Los abrazos rotos".

Onartzen dut ez naizela bereziki Almodovar zalea. Berandu deskubritu nuen, “Mujeres al borde de un ataque de nervios” Donostiako Astorian estrenatu zutenean, eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Ondoren, intermitente: “Atame” ez, “Tacones lejanos” bai. “Kika” ez, “La flor de mi secreto” bai. “Carne trémula” bai, “Todo sobre mi madre” inondik inora. Eta hortik aurrera zinera joatea luxu txikia bihurtu zenez, ez nuen denbora gehiago galdu Almodovarrekin.

 

Baina bi ordu libre, Callao zine-aretoa parean, eta bost minututan hasten zen pelikula bakarra. Patuak Almodovarren azkena ikus nezala nahi zuen.

 

Sartu zinera, hasi pelikula eta itxaron zerbait gertatu arte. Gertatuko da, gertatuko da… ezer ez. Filmea aurrera doa, Almodovarrek berezko duen estetika guztia zabaltzen du: pareta urdindun etxeak, titi ederreko neskak, istorio bat beste baten gainean geruzaka eta katramilatuta, beltzezko fundidoak, flashback-ak, detaileetan geratzen den kamara. Ikustekoa, baina funtsik ez. Penelope zuzendariari gustatzen zaion estetikarekin, soineko gorriak, takoidun zapatak, 90 hamarkadako belarritako horiak, eta iragan latza eta bizitza bikoitza. Baina gatzik ez.

 

Bukaerarte itxaron behar da sekretu gordinaren berri jakiteko, nahiz eta ikusleak sekretuaren erdia Blanca Portillo handia eszenan sartzen denetik igarri duen, eta ordurako asper samar eginda dagoen.

 

Salbatzeko bakarra, azkenerako uzten dutena, Penelope eta Carmen Machi aktore direla pelikularen barruan errodatutako beste pelikula baten sekuentzia. “Mujeres al borde de un ataque de nervios”i omenaldia. Hortik laburmetrai bat atera omen du Almodovarrek, “La concejala antropófaga”. Behar bada hari horrek bilbe hobea eman dezake. Besarkadekin behintzat, ohial eskasa.

 

Kanpaina

Elena Laka 2009/02/15 22:17
Asteleheneko Goienkaria

 

“Ibarretxek ohartematen du herritarren borondatea kontutan ez daukaten proiektuek porrot egingo dutela. Lopez: “Non egon behar dute egoitzak erasotzen dituztenak, Legebiltzarrean ala atxilotuta?. ”Basagoitik lau urtetan 100.000 lanpostu sortzeko konpromisoa hartzen du. Ziarretak dio EAJri botua emateak Legebiltzarrean bandera espainola ipintzeko balio duela. Madrazo bankuak nazionalitzaren aldeko agertzen da. Ezenarrok herritarrek politikan modu zuzenean parte hartzearen alde egin du”. Diario Vasco 09-2-15.

 

Hauteskunde-kanpainan belarrietaraino sartuta, jo-ta-sua dihardute alderdi eta politikariak bere onena ematen, geure botua bere egiteko. Ez daukate lan makala, egia bada, CIS-eko inkestak adierazi moduan, herritarren ehuneko 23ak oraindik ez daukala garbi botua zeini eman.

 

Izan ere hauteskundeetarako bi aste eskas faltata ia herritarren laurdenak  botua erabakita ez izateak, zer pentsa eman beharko lieke botu-onuradun izatea helburu dutenei. Frogatzen duelako, besteak beste, jendeak oro har politikarekin daukan atxekimendua gero eta txikiagoa dela, eta ostera, jendearen iritzirako, pisu handiagoa duela unean uneko pragmatismoak eta egunero lur-mailan gertatzen diren arazoekiko loturak.

 

Esate baterako, bazterretan bolo-bolo dabil krisiaren ondorioz bakoitzak egunerokoan errenuntziak egin behar izan dituela. Txikiak ala handiagoak, lan-egoeraren arabera. Jendeak utzi egin dio ardo hobexea edateari, arraina jateari, oporrei, denboraldiko erropa erosteari, gauetan irteteari Hori plano errealean gertatzen ari den gauza da. Politikarien publizitate-plano fantastiko horretan ostera, inori ez diot entzun krisia dela eta kanpainak gastuak murriztu dituenik edota politikariren batek errenuntziaren bat, txikiena ere, egin duenik. Ez da aipatzen kanpainak ze kostu duen eta nola ordaintzen den. Eta bitartean, gero eta ahalegin handiagoa eskatzen zaion gizarteak jasan behar du politikoek propagandan beren koloretako mundu hori erakuts diezaiotela, diru freskoz ordaindutako gehiegikeria publizitario guzti hori bere muturren aurrean igurtz diezaiotela.

 

Ez da harritzekoa batek baino gehiagok hurrengo blog modernoa, enegarren telebista-spota edo ehungarren argazki-irrifartsu limurtzailea begi aurretik pasatzen diotenean, kale-izkin bat bilatu, eta zuzenean oka egiten badu. Nazka, askotan, sahiestezina baita.

 

Blogerako:

- Ezagutzen dut gezur borobilak kontatu dizkionik inkestatzaileei.

- Publizitate politikoarentzako dena da zilegi: kanpaina aurretik propaganda egitea, nahiz eta debekatuta egon; medio ezberdinetan propaganda ordaintzea, nahiz eta debekatua egon; spama, nahiz eta ezin den egin; dirua neurri barik gastatzea. Hesiak gainditzen dira, eta ez da ezer gertatzen.

- Ez bakarrik lanean, lagunarte guztietan dago presente krisia. Jende askok dauka lanpostua kolokan, honez gero galdu ez badu, eta eguneroko berbetan ohiko bihurtu da krisiak eragindako diru eskasia.

 

Nagusitako izena

Elena Laka 2009/02/12 13:37
Eibar.org aldean hain beste ume jaiotzen ari dela azken aldian, denak ongi etorriak, maitatuak eta zorionekoak, hain beste izen berri gure artean, hona piska bat pentsatzen hasterakoan, ume batek bere izenari buruz daukan iritzia.

Ikastolarako bidean Oierrek galdetu dit ia nagusitan ezin duen izena aldatu.

Aldatu?, esan diot. Oier izen politta da, zuretzako aukeratu genuen jaio zinenean. Zergaitik aldatu nahi dozu?

-          Bai ama, Oier politta da, baina ez da nagusixen izena, umien izena da. Nagusixa naizenean beste izen bat eduki nahi dot.

-          Zelan ez dala nagusixen izena? Ezagutzen doguz Oier izena daukaten nagusixak. Ia ...(ni pentsatzen. Egia esan, nire gertukoetatik inor ez da Oier, gazteagoa ez bada) badago Oier Zearra, pelotarixa. Eta, ez dakizu Izar, Maddiren Debako laguna? Ba bere aitta Oier da. Ikusi, bada nagusixen izena.

-          Ama, baina bi bakarrik esan doztazuz.

-          Bueno, eta ze izen eduki nahi dozu ba?

-          Ba ez dakit, Jose Mari, Iñaki... nagusixen izen horrek.

-          Bai maittia, nahi badozu, nagusixa zarenean, aldatu zeinke izena.

-          Bale.

Izenez aldatzeko, dio Erregistro Zibileko Erreglamenduak, behar da kausa zuzena eta hirugarren bati kalterik ez egitea. Ume batentzako, kausa zuzen-zuzena da izen batek nagusitako bizitzarako balio ez izateak.

 

Revolutionary road: iraultzarik ez

Elena Laka 2009/01/25 23:10
“Revolutionary road” kalean ez da iraultzarik gertatzen. Alderantziz, dena da goxoa eta iraunkorra. New York-eko aldirietako auzo atsegina, lorategiz inguratutako etxe zuri bakarrez osatua, hori da “Revolutionary road”, eta bertara doa bizitzera Frank eta April bikote gaztea
revolutionary road

Gazteak eta guapoak dira, eta beren burua berezitzat daukate, ingurukoen eguneroko bizitzaz gainetikoa. Euren bizitza baina, auzokoena bezain errutinario eta monotonoa da, lan errutinario eta gogoz kontrakoa egiten du Frank-ek, eta April-ek ez du nahikoa eguneroko etxekotasunarekin. 1955an gaude eta denetik daukan bikote estatubatuar eredugarriak aldaketa bat du amets. Bizitza oso eta erakargarri horretarako bidea nola egin ulertzeko modu ezberdinek hondamendira eramango du.

 

Leonardo Di Caprio eta Kate Winstel aktoreen arteko filma da hau. Bien arteko elkarrizketa eta begiraden artean egiten dute pelikula osoa, nahiz eta oso garrantzitsuak diren, baita ere, oso bigarren planoan agertzen diren aktoreak. Kathy Bates, auzoko astunaren papera eginez; honen semea, eroa, egiak esateko bula daukan pertsonai bakarra; Frank-en lankideak; protagonisten auzoko bikotea. Guztiak oso inportateak ezkontide protagonisten bidegurutzearen bilakaera aurkezterakoan.

 

Ezkontideen bidegurutzea mundua bezain zaharra da: ametsari jarraitu ala errealitateari atxeki. Ilusioa aldaketan ala egunerokoan topatzea. Ia esan daiteke askatasuna eta segurtasunaren arteko dikotomia zaharra dela planteatzen zaiena, dikotomia zaharra bikotearen mundura eramanda.

 

Eta azaltzen dena da bidegurutze horren aurrean, ilusioari jarraitzeko moduaren aurrean, bakoitzak zein bide hartzen duen, eta bikoitekideetako batek zelan kentzen dion besteari askatasuna eta legitimotasuna ilusio horri jarraitzeko.

 

Keinu eta begirada bakoitza inportantea da pelikulan. Oinarrizkoa, elkarrizketak. Elkarrizketak, borobilak, agian gehiegi. Gaia gogorra, zaharra eta berria, betikoa. Kate, Oscar-a jasotzeko modukoa.

 

 

Sanblasak Eibarren

Elena Laka 2009/01/25 21:56
San Blas eguna gertu dagoela, Eibarren hasi dira sanblas opilak egiten. Ezin falta gai honi buruzko postik eibartarren komunitatean.
Sanblasgintza

Ama Bañaresen jaiotako eibartarra da. Ez esan berari gero eibartarra ez denik! Nik gogoan dudanetik, sanblasask egiten ditu otsailaren 3a gerturatzean. Munduko gozoenak, duda barik eta ikuspuntu erabat objetibotik.

Oier Bergarakoa da, peto-petoa. Ama du eibartarra, baina hiru belaunaldi hauetan eibartar bakarrak ez daki sanblasik egiten.

Geure etxean Bañareskoak eta Bergarakoak egiten dituzte sanblasak. Eibartarra, argazkiak atera eta inerneten ipini.

Nabarmena denez, ez dago Eibarren jaio beharrik sanblasik onenak egiteko. Ondorioztatzen denez, ez dago toki batean jaio beharrik bertakoa izateko. Nahikoa da bertakotzeko borondatea.

Sanblasgintza2

Haizetearen hondarrak

Elena Laka 2009/01/25 20:58
Asteleheneko Goienkaria

“Zikloiak eragozpen handiak sortu ditu, baina kalte pertsonal larririk ez. Haizeak gehienez 167 kilometro orduko abiada hartu du, baina denboralea bukatzen ari da. Milaka euskal herritar argindarrik gabe daude. Eibarren Ipurua kiroldegiko teilatuareako  zati bat jausi da, eta gaur Nastic-Eibar futbol partida ez dute jokatuko”. Berria, 09-1-25

Etorri zen haizetea, joan zen argi-indarra, eta gure mundua zartatu egin zen. Zapatu goizean egunerokoa kataklismo txikia zen geurean: dutxa bero eta kaferik barik. Eta ondorengo guztiak: ez irratirik, telebistarik, internetik, garbigailurik, sukalderik, berogailurik. Gaitz erdi artean ez zela gaua, eta urtarrileko argitasun apurra behintzat bageneukala. Elektrizitate-ezak isiltasuna ekarri zuen etxeetara. Beranduago, eguerdi-partean, bazkariaren galdera handia: ez geunden egun bateakoagaitik bezperako ogian sartutako gaztai zatia jateko. Elektrizitate-ezak isiltasuna ekarri zuen etxeetara eta aldi berean bizitzak ez zuen bizitza ematen, gabezi-zerrenda bat baizik.

Gogoan dut Bosniako gerrak zelako eraginak sortu zidan orain dela hamasei urte, telebistaz ikusitako gerren artean behar bada orduarteko eraginik handiena. Hain zuzen medioetan ikusten genituen pertsona haiek gure igual-igualak zirelako. Eraso militarra hasi baino minutu bat lehenago gure bizimodu berdin-berdina zutelako. Gureak bezalako etxeetan bizi zirelako, gureak bezalako lanetan zihardutelako, geureak bezalako komoditateak zeuzkatelako. Egun batetik bestera euren bizimodua ezaugarririk barik geratu ziren, eta horrek egin zituen ezinduago. Justu gure moduan. Pentsatu nuen orduan zelako bizi-iraupena eduki nezakeen nik gerra batean, berbetan eta zerbait idazten baino ez badakit, eskuekin ezer egiten jakiteke. Hutsa, argi-indarra joan zaidanean moduan.

Zeren geure bizimoduaren baloreen artean lehenetsi dezakegu segurtasuna, Bushek bezala, ala askatasuna eta eskubideak, Obamak legez. Baina Europako bazter honetan bizi garen oasi honetan, munduko biztanleen heren batek gutxienez amesten  duen honetan, ongizatea dugu ikur, biztanleon bizi-maila ona. Segurtasunari, askatasunari, aberastasunari, ongizateari esker gure bizitzak erosotasun handia du. Eskasiarako ohituak ez gauden señoritoak gara, seguru asko eboluzio eta mutazioen ondorioz irauterik izango ez dugunak.

 

Zine-ilunabarra: Il Divo eta Australia

Elena Laka 2009/01/09 11:03
Errege-opari moduan zine-ilunabarra jaso nuen. Bi pelikula benetako zine-areto batean. Il Divo eta Australia. Gustoarengaitik, hurbiltasunarengaitik eta ordutegiarengaitik aukeratuak.

Il Divo-k Gulio Andreottiren bizitzaren azken zatia kontatzen du. Pertsonai bitxia itxuraz, siniestroa eta beldurgarria izakeraz. Errealizazio ausarta, plano ezohikoak eta elipsi ugari, istorioa batez ere pertsonaien keinuz eta elkarrizketa bidez kontatzen du, pantailan noizean behin agertzen diren testuen laguntzaz.

 

Italian joan zen mendeko 90. hamarkadan politika, ekonomia eta finantza, eta eliza mundua harrapatu zuen ustelkeria kontatzen du, “tangentopolis” deituriko egoera eskandalagarria. Ni, egia esan, ez nintzen gertakizun haiekin gehiegi akordatzen, eta apur bat galdu egin nintzen kontakizunean. Zinelagunak ostera suizidatutako eta hildako gizon boteretsuen ia izen guztiak gordetzen zituen oroimenean. Deigarria nola pertsonai gehienak gizonak izanda, gizon boteretsuak, filmeko esaldirik inteligenteena emakume batek esaten duen, Andreottiren andreak, gizona, esaldi labur batez, ondo baino hobeto deskribitzen duenean. Filme ona ikusi izanaren sentsazioarekin zinetik.

 

Ondoren Australia. Erregeek kabalgatan erakusten dituzten opariak bezain hutsa. Pakete handia, opari-paperez eta begizta dotorez apainduta, baina barruan ezer ere ez. Memorias de Africa izan nahi zuen, baina Nikole espresiobako-musu ez da Meryl, eta Hugh Jackman, aspaldi ikusi dudan gizon puskena eta guapoena baina postizoena, ez da Robert. Ez dute sentimendurik trasmititzen. Lo que el viento se llevó izan nahi zuen, eta eszenak kopiatu zizkion, dantzaldiko enkantearena, kapataz gaiztoaren rolarena eta bonbardaketa ondorengo zaurituen paisaiarena kasu, baina handitasuna izan arren, arima falta zitzaion.

 

Sekulako baliabideak, egundoko paisaiak, izugarrizko produkzioa, baina emozio bariko istorioa. Nahiz eta saitu zen, pelikulak irauten duen ia hiru ordu horietan, malko ziztrin bat ere ez nuen bota.

 

Nikole saltorik gabe pasatzen da lady ingeles tente bat izatetik, konbentzio sozialak bost axola zaizkion emakume abenturazale izatera. Hugh ultraguapoak edozer gauzatarako balio du arpegiko espresioa aldatzeke: edozein abenturatarako, edozein argumentutarako, iragan triste eta sentimenduz betea erakusteko, borrokarako. Umea nabarmenegia da, gehiegietan errepikatzen du iradoki baino egin behar ez lukena. Kapataz gaiztoa edozein ipuinean agertzen den pertsonai maltzur huts baino okerragoa da. Mutil protagonistaren lagun aborigen beltzak Hollywoodeko gionista erromantiko baten pareko hitzak botatzen ditu. Tribuko azti babesleak dokumental bateko panpina  ematen du.

 

Eszena bat da ikusgarria: mutiko kafesneak amildegiaren ertzean ganadu-taldea geratzen duenekoa. Behintzat horrek lagatzen du zaporerik, westernen zapore zaharra.

 

Asteburu honetan, Australia Eibarko zinean.

 

Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.