Kalamuatik Txargainera
Elurra teilatuan…
…mantapean sofan!
Kokoteraino egongo zarete honezkero elur kontuekin. Agobiatu egiten gaituzte komunikabideetan betiko topiko tipikoak ikusten, entzuten eta irakurtzen: Kontxa elurtuta eta jendea bainatzen, esatariak mendiko portuetan hotzak akabatzen eskularru eta txanopean, edozein bazterretako argazki elurtuak, eguraldi iragarpenak noiznahi, psikosia eta istripua errepideetan,…
Bai, albistegiak arrunkeriaz beteta daude, eta orriak eta denbora luzea ematen dute elurraren aitzakiarekin benetan gertatzen dena tapatzeko; elurrak lurra ezkutatzen duen moduan, eguraldia erabiltzen dute errealitatea lanbrotu eta estaltzeko. Horrela difuminatuta geratzen zaigu, eta benetakoa ez dela ematen du.
Hala ere, ikaragarri maite dut elurra. Txikitatik. Gurean ez da hain arrunta; urtero ere ez zaigu agertzen; egin arren, beti ez du zuritzen. Gainera, gomutara oso momentu ederrak dakarzkit: Egindako elur-bola gerrak, begia handitu zidatenekoa, trenbidetik egindako txangoak klaseko mutilengandik babesteko, eskolan erdi jai (berandu iritsi, gela erdi falta, irakasle batzuk ere bai…). Jolasa eta olgeta, disfrutatzea, berba baten!
Honetaz gain, nire bizitzako pasarte ederrekin ere lotzen dut. Aitarekin, adibidez. Iñuxente egunean beti etortzen zitzaigun logelara esnatzera "edurra da" esanez, eta beti jausten ginen, ez dakit nola egiten zuen.
Elurrarekin lotura ere badago nire bizitzako egunik berezienetakoa, Somporten, hain zuzen. Ederra, elurtua, gozoa, eguzkipean… ahaztu ezinekoa. Eta aurreko bi horiekin batera pasa den astean ilobarekin bizi izandakoa, laburra baina ona. Elurrarekin haluzinatuta, galdera mordo bat egiten, flipatzen zerutik jausten ari zenarekin. Polita, oso polita…
Baina nire historia sentimentalarekin elurra oso lotuta egoteaz gain, niri neuri sekulako bakea ematen dit. Malutak jaustean duten kadentzia hori, mara-mara ari duenean. Dena zuri, kanpoan hotz, barruan epel. Oso txokolatezalea ez naizen arren, txokolate beroa hartzeko gogoa sartzen zait, mantapean kiribilduta. Non hobeto?
Horri guztiorri gaineratzen badiogu kalean dagoen bakea, ia zarata bakoa, trafikoa ere gutxitzen dela, zer gehiago eska liteke? Elurra egiten duen egunetan, dena da bereziago, dena doa astiroago, soseguz. Gehiago: txanoa, txapela eta ginbaila janzteko aitzakia perfektua da, baita modaz pasatako abrigu bero hori hainbeste gustatzen zaigun; izan ere, janzteko orduan elur-egunetan dena libre dela dirudi, moda alde batera lagata, barruko filiak erakusteko.
Nik gehiago ezin nezake eska. Egin beza elurra bota ahalean!
Aurrea hartzearen gizartea
Gure gizarteak antizipazioa du helburu.
Zapatu goiz-eguerdi askotan bezala, errekaduak egitera joan naiz auzoko supermerkatura. Bueltaka nenbilela hara non topatzen dudan sanblas opilak saltzen. Sanblasak orain? pentsatu dut, otsailaren 5ean da, barren! Baina segituan konturatu naiz Gabonetako turroiak-eta urriaren erdi aldean jarri zituztela, jaiak baino hilabete luze bi baino gehiago! Buruan iltzatuta geratu zait, eta bertatik irtetean, ondoko "dena ehunean" dendan Aratusteetako jantziak ikusi ditut erakuts-leihoan. Hilabete eta erdi falta da!
Askotan sentitzen dut gure gizartean momentua bizi beharrean etorkizuna bizi dugula, orainean egon beharrean geroan gaudela. Adibidez, euskaltegiko klaseetan ikusten dut sarritan, ikasle batzuk amaitu baino 15 minutu lehenago hasten dira urduri jartzen, jasotzen ia-ia, aulkian erdizka jesarrita, hanka bat luzatuta eta jaikitzeko prest. Ikasle horiek gorputza gelan dute, baina burua dagoeneko, ez. Alferrik da ezer esatea, ez dute ezer barneratuko; izan ere, euren burua hurrengo aktibitatean daukate.
Tristea dela esango nuke, tarte horietan pertsona horiek ez daudelako inon, eta ezin dute egoera bataz ez besteaz disfrutatu (ez aprobetxatu, euren bizitzetan berba nagusia: aprobetxatu!). Gure amamaren (eta bere belaunaldiko andreen) tiraderaz gogoratu naiz, eta barruan gordetzen zituen kamisoi eta barruko arropa dotore eta berriaz, sekula erabiltzen ez zuena, ospitalera eroateko zelako, badaezpada ere gordeta. Edota pasta-kaxa hura beti egoten zena etxean, inoiz inor bisitan baletor, ateratzeko. Inoiz ez zena erabiltzen, eta zabalduz gero, iraungita zegoena…
Halako zenbat? Udako oporren planifikazioa Gabonetan, ezkontzen datak urte bi lehenago, kontzertu sarrerak sei hilabete aurretik salgai, haurtzaindegian umea apuntatu jaio baino lehen… zelako azelerazioa, aurreikuspena, planifikazioa,… Bizitza erdi planak egiten, aurrea hartzen, jakin barik etorkizunak zer ekarriko digun.
Ez dut esango ezer ez denik aurreikusi behar, planifikatu eta antolatu. Aurrea hartu behar zaio denari, baina hainbeste? Esango nuke "Txitxarra eta txindurria" fabula oso sartuta daukagula buruan, ez dakit zeren edo noren interesetan. Dena den, pentsaera hori zabaltzeaz arduratu direnak, esango nuke, etorkizunik ez balego bezala jokatu dutela. Nortzuek? Gobernatzen gaituztenek, gu etorkizunaren pean uztartu, zamatu eta kateatu gaituzte; eta eurek biharko egunik existituko ez balitz legez, xahutu dituzte denon diru eta ondasunak.
Arrazoiak arrazoi, nire iritziz, askoz zoriontsuago biziko ginateke gutxiago planifikatu eta gutxiago arduratuko bagina datorren urteaz, eta gehiago ahaleginduko bagina momentua, orain aldia bizitzen eta disfrutatzen. Beraz, erlaxa gaitezen eta carpe diem!
Jaialdirik jaialdi, alfertuta
Ez dakit zer dudan azken aldia honetan…
Uf! Zein alfer nabilen blogarekin! Neure burua zuritze aldera twitterren aitzakia jarriko nuke, baina barruak diost gezurretan nabilela. Egia esatera, askotan nahiko nuke ahoan mikrofono bat izan burutik pasatzen zaizkidan post guztiak grabatzeko, gero etxean edota ordenagailu aurrean jartzen naizenean ahazten zaizkidanak idatzi ahal izateko. Pelikula estatubatuarretako poliziek alkandoraren besagainean daramaten irratia bezalakoa: rrrr… liburu ugari, euskarazko gutxi rrrrr, …rrrr euskal janzkera tradizionala reloaded rrrrr…, …rrrr liburu digitalak rrrr…
Halako baten, animatu nintzen zerbait idaztera #sesisesi ebentoa pasatu ostean, eta argitaratzerakoan ez zitzaidan, bada, interneteko konexioa bat-batean eten? dena galdua! Baita gogoa ere. Atzera idaztea! Uffff!
Baina egoera apatiko eta anemiko honetan egonda, ez dut lan hori atzera ere hartu. Beste batzuek ondo egin zuten kontaketa; beraz, nireak egunetara ez zeukan garrantzi handirik.
Arraroa da nigan, baina San Andres egunetik dauzkat gauzak kontatzeko! Bitartean, Eibarko mintzodromoa, Durangoko azokako bisitak eta kontuak, esandako moduan #sesisesi jaialdia, Ruper Ordorikaren kontzertua Victoria Eugenian, Gabonetako kontuak, kultura-bonoa, kindlea, manifestazio kolosala,… Ahaztu barik hainbat heriotza, eta gertakari.
Hala ere, nagikeria hau urrunagokoa ere badela esango nuke, izan dugun negu bero honetan ez baitut apenaz idatzi, eta kilometroak neuzkan betetzeko letraz eta paragrafoz. Dena den, espero dut neberan laga ditudan horiek (kultur-bol¡noa, kindlea, liburu digitalak, liburu-dendetako esperientzia…) berreskuratzeko moduan nagoela, eta hamabostean behin gertatzen zaidan legez, biziberrituta nago, energiaz beteta, eta asmoa daukat berriro ere ekiteko, indartsu eta bizi.
Ea zenbat irauten didan! :-)
C'est fini 2011!
Amaitu da!
Bukatu da, bukatu da, bukatu da, akabo! zioen kantuak. Amaitu da 2011. urtea, gauza onak eta txarrak ekarri dizkigu. Mundu globalerako txarrak ziurrenik, nire mundu pertsonalerako onak, edo behintzat urte gozoa izan dut, ezin ninteke kexa!
Badakit pertsona askok momentu gogorrak bizi dituztena, baina kontu onak ezin bazterrean laga. Beharbada, krisi madarikatu honek zerbaitetarako ere balioko digu, benetako gauzak zeintzuk diren gogoratzeko, alegia. Mundu materialistegian egon gara (gaude) sartuak, hori ongizatea eta zoriona delakoan. Eta ezetz deskubritu dugu, edo gomutarazi digu. Alde onak nonahi daude.
ETAren adierazpena ere aurten etorri da. Ona, nahiz eta oraindik gatazka ez den konpondu. Baina bidean gabiltza eta abiatu ezik, ez dago konponbiderik.
Alde pertsonalean, ez nuke esango aldaketa handirik izan dudanik. Dena den, bolada ona eta orekatua bizi dut, eta aurten estabilitate hori egonkortu egin da (posible balitz horrelakorik, behintzat!). Gainera, beste iloba bat ere jaio zaigunez, esango nuke momentu batzuk zoriontasunetik ere izan ditudala, sarritan ume bi horiei esker! Inork ez baitaki eurek ematen duten legez, gozotasun eta samurtasuna ematen, baita maitasuna ere.
Beraz, denoi desio dizuet nik aurten disfrutatu dudana. Neure buruari ere bai, jakina! Horregatik 2012ak oreka emozional, ekonomiko eta pertsonala ekar diezazuela opa dizuet, bihotz-bihotzez! Jendarteari ere oreka eta samurtasuna opa diot. Txarto daudenak egoera hobean egon daitezela, eta baztertuta daudenak ikus dagitzagula, beraien alde egin dezagun lan. Hala ere, ez serioegi ez hartzea desio dizuet; izan ere, 2012ko abenduren 21ean mundua amaituko da :-)
Horregatik, nik baino askoz hobeto Zaldieroak adierazten duenez, bere gaurko marrazkia jarriko dizuet!
Urte berri on, ederrok!
Durangoko Udal euskaltegiak 25 urte
Gaur iluntzean ospatuko dute urteurrena, eta joan ezin naizenez, letratxo batzuk idatzi ditut.
Pena daukat, pena handia gaur zuekin guztiekin ezin naizelako egon. Baina badakizue zer den gure lana eta gure kabaretera ordutegia, iluntzeko sarao eta jai guztiei uko egin behar izaten zaie, zoritxarrez
Pena dut lagun asko ikusteko aukera galdu dudalako, eta gaitza izango zaidalako, atzera ere, zuek denok elkarrekin ikustea! Lastima! Gainera, jakinda niri zenbat gustatzen zaidan jaia eta saltsa. Ai!
Nahiz eta joan ezin, egun osoa buruan eta bihotzean izango zaituztet, zuekin oso momentu onak pasatu ditudalako.
Zenbatetan gogoratzen naizen gure tupperrekin egindako bazkariekin eta solasaldiekin. Baita 5Sak sortzen duen ordena ere, sinisten ez badidazue ere! Batzarrak eta prozesuen lanak ez ditut nostalgiaz gomutatzen, baina egia esatera, asko ikasi nuela aitortu behar dizuet, asko irakatsi zenidatela.
Izan ere, eskerrak eman beharrean nago Durangoko Udal euskaltegiari eskaini zidan guztiarengatik, nire bizitzako une ez oso onean nire lanbideaz berriro disfrutatzeko aukera izan nuelako, atzera ere deskubritu nuelako zein ederra diren irakastea eta gure egunerokotasuna lankide eta ikasleekin.
Eskerrak eman lagun asko egin ditudalako ikasle eta irakasleen artean. Barre mordoa, aitorpen nahikotxo eta negarren bat ere egin dugulako gure barrenak asaskatzen fianbrerako entsaladaren aurrean. Batzuetan familia izan zarete, lagun eta konplize, lankide hutsak baino gehiago: mila esker. Baita nire karakter hau ere jasan eta ondo eroan duzuelako ere, badakit ez dela batzuetan batere erraza.: eskerrik asko!
Ikasle izan zaituztedan guztioi nire esker ona adierazi gura dizuet, asko irakatsi didazuelako, eta zuekin ikasi dudalako irakasle hobea izaten eta pazientzia eskuratzen. Oraindik nabil nahikotasun maila lortu nahian, hala ere! Asko dibertitu nauzue, haserretu ere bai, baina bizitzaren zatia da jenioa ere, ezta? Esker mila!
Zer gehiago esan? A, bai, zorionak zuei, zorionak guri. Zuek, ni, gu Durangoko Udal euskaltegia garelako, eta gaur 25 urte betetzen ditugulako! Urte askotarako! Laztan bat!
Jai bako jai-egun bateko nostalgixia
Jaiki barrittako burutaziñuak
Atzokuan, Eibarren San andres eguna ospatu zan. Egun berezixa eta oso politta izaten da eibartarrondako, disfrutatzeko aukeria izaten badogu, behintzat. Nik Ermuan egitten dodanez bihar, goiz eta arratsaldez, gaiñera, ezin!
Horregaittik, jaiki nintzanian triste samar nenguan, pipartuta esatiak hobeto definuduko leuke zer sentitzen neban.
Betiko moduan, armosau eta goizeko harrikua egitten nenbillena, bentanatik begiratu eta hara nun ikusten dodan bikote bat despeditzen! Zelako inbidixia! Alkarreri lotuta, laztan luze batekin agur esaten. Begira geratu nintxakuen, pijamia eta albornoza jantzitta, katillua eskuetan. Ikusi izan banindue, andra bat kuxkuxian zeukela pentsauko zeben, auzoko autubatzaillia. Okertu egingo ziran!
Kuartora bidian, hasperen bat egin eta inbidixian arrazoiak aztertu nittuan: parrandarako aukeria izan zeben (nik izan ez nebana biharragaittik): Gaupasa eginda zeguazen (ondo pasau zeben seiñale). Eta ebidentia zana, "triunfau" egin zeben (musu luzia lekuko).
Ni, ostera, txiri-txiri goizeroko errutiniari jarraittuta, etxeko eskapiñak arrastaka, komunera ábixau nintzan, egunari ekitzeko, burua nostagixaz beteta, marmarrez!
Ez nekixan, baiña, egunak gauza polittak ekarriko zestazenik…
Zaharkitutako moldeak kanpainan
Ikusitako hainbat gauzek ikara eragin didate
Kasualitatea ote? Hauteskunde kanpaina honetan entzun eta irakurritako hainbat gauzak kezka handia sortu didate. Banekien Espainian pentsamendu Karpetobetonikoa (kontsultatu 2. adiera) existitzen zela, baina ez nuen uste hain agerian lagako zutenik, batez ere, politikoki oso zuzena ez delako, eta horrelako sasoietan "ondo geratzea" eta gauza ederrak agintzea araua izaten baita.
Harritu ez nauena da beti alderdi berak egin dituela. Izan ere, oraingoan PPk hanka sarritxo sartu du, batzuetan gustu txarrera eta irainera ailegatu arte. Aurrerakoiak ez zirela banekien, baina horrelako adierazpena eta jarrerak izatea hauteskunde aurretik, ez nuen imajinatzen. Oso seguru daude irabaziko dutela, antza.
Argazki batek eman zidan (zigun/zuen) atentzioa. Portada batek, hain zuzen ere:
Ekintzaile eredugarriak Raxoirekin eta bosten artean emakume bakarra, eta gainera gozogintza arlokoa. Argazkiak berak ere pentsaera horren isla da, oso ondo erakusten du zer nahi duen adierazi.
Oraingoan, hauteskunde kanpaina bete-betean, eta Rubalcabarekin izan zuen debatean adierazi zuen Raxoik bere ekipoan kolaboratzaile emakume asko zituela, eta denak "euren etxeetako andreak zirela" (señoras de sus casas). Gizon kolaboratzaileak ez dira, itxura batean, "euren etxekoak". Pentsaeraren isla, atzera ere.
Baina benetan oilo ipurdia sortu zidana Valentzian ama batzuek kantatu zioten kanta izan zen, "Somos madres"(amak gara) izenekoa:
Ufff!!!! Ikaragarria! Nire eskolako mojak modernoagoak ziren. Zelako letra atzerakoia, zelako sinplifikazioa, zelao eredua ama horiek euren umeei ematen dietena! Batez ere, euren alabei! Txantxa ustean, azalkeria eta atzerakoikeria nahastu zituzten! Franco bizirik zegoen sasoira eroan ninduten, mundu zaharrunora.
Egun honetan bertan, Facebooken bideo hau ikusi nuen, eta goiko abestia eta bideo hau sasoi berekoa zirela begitandu zitzaidan:
Emakumeendako garai ilun, triste eta itogarri horiek berriro ere bueltan ote datozkigun pasatu zitzaidan burutik, aurrera pixka bat eginda geundenean.
Gehiago ezin zela bota pentsatzen nuenean, Cullerako alkateak (PPkoak) jarri zuen erramua, esan zuenean azaroaren 20an garaipena xanpainez eta emakumeekin ospatuko zutela!
Zalantza gutxi dut PPk irabaziko duela. Duda bakarra dut gehiengo absolutuarekin. Nahiko nuke ezetz, gauza askorengatik. Bata gizarte eredua da, emakumeoi ikaragarri eragiten diguna. Aurreko adibide jarraitzen badie, beltza datorkigu (bestela ere…). Beldurra eragiten dit, handia, gainera.
Beste motibo bat gehiago Espainiatik ospa egiteko! Goazen! Lehenbailehen! Ospa! Hanka! Alde!
Jai egunak
Estatutuaren egunean jairik egin duzue?
Nik bai. Jai egin dut. Tira, jai izan dut, desberdina da eta. Joan nintekeen lanera, baina ezin izango nuen errekuperatu. Horretarako etxean hobeto! Lau egun jai izan ditugu, gainera.
Urriaren 12tik urtero errepikatzen dena: jai espainolik ez! Ados nago. Baina jai katolikoei bai? Bizitza guztian hartu ditugun aitzakiaz, horien kontra ez du inork ezer esaten. Hala ere, ez dira bizitza guztikoak, hauek ere aldatu dituztelako; izan ere, hainbat kendu digute, Korpusa, esate baterako. Ez dugula ezer ospatzeko ere badiote. Egia esateko, ospatu, nik ez dut ia bat bera ere ospatzen. Ez naiz lanera joaten eta kitto! Igandeak jendeak ospatu egiten ditu, ala? Edo Aste Santua? tira, tira.
Jai katolikoek gure bizitza gobernatzeari ez deritzot ondo. Gabonak dauzkagu, gero Aste Santua. Gabonak beti egun bertsuetan dira, baina Aste Santua? Ilargiaren araberako jaia da! Iaz oso berandu izan zen eta bigarren hiruhilekoa amaiezina egin zitzaigun; eta hirugarrena, ostera, bat-batean pasatu.
Aurrekoaz gain, txarto ikusten dut jai guztiak udazkenean pilatuta agertzea (gutxienez EAEn): urriaren 12 eta 25 jai, azaroaren 1ean jai eta abenduaren 6 eta 8 jai. Ostean, Gabonak. Erritmoa hartu ezinda. Gabonak pasa eta gero, ez dago jairik Aste Santura arte. Gero maiatzaren 1a. Ondorik, udako oporrak. Nongo buruan sartzen da banaketa hau?
Hala eta guztiz ere, euskaldunak edo gureak jartzekotan ez nuke jakingo noiz eta zeintzuk jarri. Laiko eta euskaldun, zaila delako. Argi daukat maiatzaren 1a salbatuko nukeela, baina bestela… Solstizioak, beharbada, Sanjuan eta Gabonak, birbataiatutako jai zaharrak direlako? Agian! Baina bestela, zeintzuk?
Hau argitu bitartean, egutegia gorri dagoenean egingo dut jai, begiratu barik zer etiketa daroan. Bestela egin ezean ez dit-eta inork eskertuko; ezta neure buruak ere.
Gorbataren lokarria
Sustatuko Zer erantzi atalerako idatzitako artikulua.
Atal honetako artikuluak irakurri dituenak jakingo du ez ditudala larregi maite gizonezkoen trajeak eta hedaduraz, edo pieza honengatik beronengatik, gorbata. Zentzugabeko zintzilikarioa, berorik eman ez, sama laburtu, kokospea bikoiztu eta bilur itogarri bihurtzen dena, zentzunbako apaingarri zatar eta alferra. Hala ere, batzuendako uniforme bilakatuta, seriotasun eta formaltasun ikurra izan da duela 40 urte arte, baztertzen hasi zelako, eta gizonezkoendako janzteko beste modu batzuk ere zabaldu zirelako, zorionez. Gaur egun, ordea, bakoitzak ikusiko du zer jantzi, nola joan behar den saraoetara. Baina gehiegizkoa deritzot Iñaki Anasagastik (moda-joera sortzaile horrek) Paul Riosi esatea gorbata jantzi behar duela, hori izango delako esku artean duen eginkizuna serio hartu duen seinale!
Gauza asko konta niezazkizkioke Anasagasti jaunari bere itxuraz, baina ez dut txiste errazean jausi nahi. Dena dela, esan nahiko nioke, beharbada, Riosek zeraman alkandora ez zela politena, edo egokiena, baina inoren begiko zamarra ikusi, eta norberarena ez, huts larria dela; eta seriotasuna ez diola ematen eginkizunari janzkerak, baizik eta eginkizun hori burutzeko erak eta moduak. Esango nuke Anasagastik eskaparatismoaz diharduela, itxurakeriaz; kanpokoak barrukoak baino gehiago balio duela bere pentsaeran, alegia: “nola jantzi, halakoa izan”. Eta hori aspaldi amaitu zen, zorionez.
Creative Commons Aitortu © cc-by: Paul Rios
Iruzkin horrekin ez du Riosen janzteko modua soilik kritikatzen; inplizituki gorbatarik janzten ez dutenena ere kritikatzen du, eta makinatxo bat dira! Har dezagun Martin Garitano. Sekula ez du gorbatarik janzten. Horregatik, bere jardunari seriotasuna kendu dio? Beharbada, Anasagastiren iritzirako bai. Orduan, Markel Olanok esan nahi du oposizioa ez dela hain serioa? Zeren, ez dakit konturatu zareten, baina Garitano ahaldun nagusi denetik, Olanok ez baitu janzten gorbatarik! (askoz hobeto dago, esan beharra dut). Gaztelaniaz den bideo honetan, Olano eta Garitanoz gain, Basagoiti ere agertzen da gorbata barik. Azken honek ere ez dio Eusko Lege Biltzarrari seriotasunik ematen, antza.
Baina goiko hirurez gain, hainbat aipa ditzakegu. Odon Elorza, esate baterako. Elorzak gorbata jantzi izan du, baina beste estilo bat ere badarabil, eta argazkiotan ikusten den moduan, zapi-moment nahiago izaten du. Honek ere Donostiako alkate izateari 20 urtean seriotasuna kendu ote dio?
Aitatutakoez gain, beste hainbat ere badaude: Pello Urizar, Juan Karlos Izagirre, Dani Maeztu, Mikel Arana... Ia beti gorbatarik gabe, baina gauzak serioski egin nahian. Gainera, emakumeok gorbatarik gabe janzten garenez, ez ote diegu merezi duen seriotasuna ematen gure aktibitateei?
Hauetaz gain, era berezi batean hiru politikari ekarri nahi nituzke hona euren dotoretasun gorbata gabekoagatik; izan ere, pertsona batzuek berezkoa den elegantzia badutela esango nuke, eta elegante izaten ikas litekeela, baina zaila da oso. Horregatik, hemen nire aukeraketa:
Batetik, Mikel Basabe aipatu nahiko nuke, nire ustez politikari goapoena, trajerik jantzi barik ere, normaltxo, egoki joaten dena. Tira, genetikak ere laguntzen dio, baita esateko moduak ere. Anasagasti jauna, ez da serioa Basabe parlamentaria?
Bestetik, Denis Itxaso, beste estilo bat zeharo desberdina. Ez dut gogoratzen gorbatarik jantzi duen. Hala ere, nik oso serio ikusten dut bere lanean. Eta ondo jantzita beti, oso ondo, Anasagasti senataria. Bera izango da ondoen janzten den politiko gizona.
Eta azkenik, Oskar Matute. Serioa gizona, irribarre gutxikoa, gorbata barik, alabaina. Beti txukun jantzita, fisikoak ere lagundu egiten dio. Nolanahi ere, Anasagasti, ez duzu uste serio ari denik?
Gorbatarena aitzakia da, argi dago. Bakoitza gusturen sentitzen den moduan jantzi behar da-eta. Ez litzateke barregarriagoa Paul Riosek gorbata jantzi janzteagatik egingo balu, jotzen ez dion alkandorarekin, edota ganorarik gabe? Ez ote daki senatari jeltzaleak askotan gorbata janzten dela barre eragiteko, Beranduegi saioko aurkezleek kasu?
Azken batean, Paul Rios gorbataduna edo kantinera jantzita joanda, garrantzitsuena egunotan egingo den lana eta emaitza izango dira. Eta espero dut hain positiboa izatea, non parranda itzel horren ostean gorbatak bekokian jantzita irtengo garen! Hala bedi!
Amantalen ahotsa
Victoria Eugenian taularatutako ikuskizuna
Ostiralean taularatu zuten "Amantalen ahotsa" ikuskizuna. Ederra bezain hunkigarria; gure aurreko andreek gerra eta gerra-ondoa zelan bizi izan zuten dantzaz eta kantuz azaldu ziguten, euren testigantzaz lagunduta.
Niri neuri ikaragarri gustatu zitzaidan. Ikuskizun ona zela iritzi nion. Ondo josita egon zen testigantza, musika, deklamazioa (edo aurkezpena), dantza, kantua, bertsoak. Hainbeste andrazko taula gainean: ume zein gazte. Zaharrak, bideoz. Hori bai, nire belaunaldia falta zen, eta gure amarena, Amaia Zubiriak ordezkatu zuen.
Amaia Zubiria aitatuta esan behar, kantariak zoragarriak direla: Zubiria bera, Zaloa Urain, Ain-1, Maialen Lujanbio, eta onena, Aranne Unamuno! Umea bizkarrean zuela, oso polita eta adierazgarria. Dantzariek umeei amantala jartzea bezain esanguratsua. Dena xehetasun eta detailez betea. Txikitasunean, handitasuna.
Esandako moduan, hunkigarria. Nik ez nion negar egiteari laga ia saio osoan; izan ere, ikaragarri gogoratu nintzen gure amamez, aitaz ere bai. Emozioa hain zen handia, malkoei eutsi ezinda ibili nintzela, amama Maria Angelesi hamaikatxotan entzundakoa, beste emakume batzuen ahotik entzun nuelako. Amama Virginiaren bizipenak imajinatu nituelako, aitxaren lehengo ume denbora "ikusi" nuelako… Gogorra, baina ahaztu behar ez duguna.
Arlo guztiak ukituz zituzten, historiak, letra handiz idazten denak, inoiz jasotzen ez dituenak: egunerokotasuna, zelakoa zen egun bakoitza, nola egiten zuten jateko, eskolara joateko, jolasean egiteko,… niri hainbeste kostatzen zaidana imajinatzea.
Hala ere gauza batzuk ez zitzaizkidan gustatu, hainbat arlotan, gainera. Lehendabizi sarreren salmentarena. Badakit antolakuntzakoen errua ez dela, baina esan beharrean nago, eta toki ona dela uste dut. Lehengo aldia zen kutxasarrerak.net-en bidez erosten nuela. Ai, ama! Alde batetik gaztelania da hobetsitako hizkuntza (norberak aldatu behar du euskarara). Bestetik, pantaila bakoitzaren informazioa eskasa da, eta gero ez du atzera egiten lagatzen. Hori dela eta, gura ez nuen moduan erosi behar izan nituen, eta sarrerak, kanpoan jaso: Irun, Donostian edota Tolosan. Hori da Gipuzkoa Kutxarentzat!!! Ikaragarria!!!
Bigarrena, ufalean sartu ginela Victoria Eugeniara! Kontzertu punki batera bezala! Euria ari zuela, atea zabaldu, eta raust denok trumilka! Gero gaztetxeez esango dute! Kukutzan lasaitasun handiagoz sartuko ziren kontzertuetara, seguru nago!
Hirugarren kritika anitza izango da, espektakuluaz jardungo dut eta. Nire ustez, oso ondo aukeratuta egon ziren testigantzak, baina bazterketa bat sumatu nuen: ia guztiak gipuzkeraz, gerra Gipuzkoaren zati baten baino bizi izan ez balute bezala. Jakin badakigu, Deba ibarrean grabazio ugari daudela, baita beste probintzia batzuetan ere! Ez dakit zein zen buruan zerabilten esparrua lana egiterakoan, baina Hego Euskal Herria izanda larria da, Gipuzkoa balitz, tristea!
Espektakuluan kontu bakarra ez zitzaidan batere gustatu, antzerkia, hain zuzen. Ez umorea sartzen ahalegin zirelako, ez. Ondo ikusten dut umorearena, giroa lasaitzeko eta negarra uzteko. Hala ere, modua ez zitzaidan ez egokia, ez benetakoa begitandu. Histrionikoegia, larjokatua, afanosokeriatik gehiago zeukan umoretik baino. Hainbeste imintzio, errealitatetik hain urrun. Gauza txar bakarra, nire iritziz.
Barre kontu honekin lotuta, jendearen barreak harritu ninduten. Haluzinatu egin nuen: oso pasarte latza kontatu, eta ikusle askok barre! Eta ni negarrez! Nola ezin zezakeen barre publikoak, eskolan maistrak euskaraz egitea debekatzen zienean kontatutakoan? Horrek sortzen zien inpotentzia eta sentimenduak adieraztean? Oso gogora egin zitzaidan! Beharbada, ohituta ez gaudelako hain hizkera espresiboa entzuten, baina barre… Denetarako gaude eta…
Hala ere, orokorrean zoragarria, beharrezkoak ditugu horrelako ikuskizunak, memoriaz gain, errealitatearen zati bat erakusten digutelako. Benetan merezi duena!




