e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Donostiako V. Komiki Jardunaldiak
Aurten ere, urriaren 31tik azaroaren 8ra Donostian izango den Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XIX. Astearen barruan Donostiako V. Komiki Jardunaldiak antolatu dituzte, urriaren 31tik urtarrilaren 7ra izango direnak. Aurtengoan lau erakusketa egongo dira, bost egileri dedikatuak: For your pleasure (Miguel Ángel Martín), Allá: Ciudades y gentes (Isabel Mancebo), Euskadi fantastikoa IV (Angel Unzueta eta Sanvi) eta Mundo macanudo (Liniers). Horiez gain, Komikitik pantailara DVD sailarekin jarraitzen dute Alderdi Ederreko Udal Liburutegi Nagusian. Jardunaldiak aurkezteko prentsaurrekoa bihar, ostirala 31, izango da, 12:30ean Victoria Eugeniako Club Aretoan.
Iaz, duela bi urte eta duela hiru urte ere hitz egin genizuen hemen jardunaldioi buruz.
Jarraian duzue erakusketei eta egileei buruzko informazio gehiago.
For your pleasure - Miguel Ángel Martín
Aurten, Asteak Miguel Ángel Martín (León, 1960) marrazkigile, gidoilari, ilustratzaile eta kartelgileari erakusketa eskainiko dio.
Lehen komikiak Zona 84 edo El Víbora bezalako aldizkarietan argitaratu zituen, eta ordudanik, bere lana Totem, Makoki, El País, Rolling Stone, RockdeLux, Diario 16 eta abar luze bateko goiburuetan agertu izan da. Zinema eta antzerkira ere salto egin izan dute bere lanek eta merchandising ugari sortu du.
Sari ugari jaso ditu; horien artean, Europako Marrazkigile Onenari Yellow Kid saria (1999) edo Napoliko Comicon-ek emandako Attilio Micheluzzi Sari Nagusia (2003) aurki ditzakegu.
Egile gutxik lortu dute hain grafiko-estilo ezaguna, irakurketa hain gardena eta gaien mundu hain polemikoa eta berezia. Musika elektronikoaren agerraldi erradikal eta lurpekoenaren eragina duela aitortzen du eta bere lanak teknologia, zientzia eta pornografia gisako joerak adierazten ditu.
Bere bibliografia luzean, honako lan hauek nabarmentzen dira: Psychopatia Sexualis, Anal Core, Brian the Brain, The Space Between, Rubber Flesh, Snuff 2000, Kyrie, nuevo europeo edo Playlove, argitaratu berri duen eleberri grafikoa.
Urriaren 31tik abenduaren 5era
- Astelehenetik ostiralera 10:00 - 14:00 eta 16:30 - 20:00
- Larunbatetan 10:00 - 14:00 eta 16:30 - 20:00
- Azaroaren 2an (igandea) 10:00 - 14:00
Vito 021 galeria
- Astelehenetik ostegunera 10:00 - 18:00
- Ostiraletan 10:00 - 15:00
Allá: Ciudades y gentes - Isabel Mancebo
Iruñean jaio nintzen 1971an. Nire bizitza beti izan da Artea. Pintura, argazkilaritza, zaharberritzea, zinema, ordenagailuak, baina, batez ere, marrazketa. Horiek eraman ninduten zuzenean Arte Ederrak ikastera. Ez nuen zalantzarik izan. Lizentziatura lortu ostean, munduan barna ibili nintzen, hiri eder honetara iritsi nintzen arte, Donostiara alegia.
Nire borroka pertsonala da: marrazketaren papera aldarrikatzea, gaurko plastikan bere garrantzia indartzea, merezi duen bezala aintzat har dadin. Ez artista ororen oinarri gisa, artelan gisa baizik.
Margolan bat erradiografia bat da. Barru-barrukoa den zerbait. Horren aurka egiten baduzu ere, beti amaituko duzu zure burua irudikatzen, zure nortasuna eta zure ikuspuntua, azken finean, bizitza irudikatzen.
"Ezinezko" espazioak sortzen ditut, "ezinezko" jendea, umorea, ironia eta xamurtasuna gehituz. Nire izakiak desitxuratuak, bitxiak dira, nire ustez interesgarriagoa izaten baita beren istorioa, beren begi eta forma "ez perfektuek" helarazten dutena, beren muina, arima islatzeko, horiek denak nonbait existitzen direlako. Nire osaketak barru-barruko espazioetara eramango zaituzte, irudimenari esker existituko diren espazioetara, duela denbora asko txikitu genuen NI horretara. Nire hiriak bizirik daude.
Teknika jakin bat erabiltzen dut, aditzera emateko nire modua (arkatza, tinta, batzuetan baita koloreekin ere, collagea, etab.).
Nik istorioak kontatzen ditut. Margolan batek istorioa islatzen badu margolana izateari utzi gabe, inongo laguntzarik behar ez duela adierazi nahi du. Artelan bat bere osotasunean.
Marraztea gustuko dut oso. Erabateko plazera da. Menpekotasun bat. Orduan askatasuna bete-betea da.
Han, mundu hartan, norberak nahi duena egin dezake, nahi duena izan liteke. NI beraren sistema sinbolikoa da.
Margolanak bihotza eta bizitza poz diezaguke, itxaropena eman eta zerbait berezia bizi dezakegula sinestarazi, poztasunean igeri egin eta atsegin handiz negar eta barre egin dezakegu.
Guztiok ezagutzen ditugun mugetatik haratago badago aukera asko, eta ez daude uste bezain urrun.
Pozik bizitzeko nire era da.
Urriaren 31tik azaroaren 22ra
- Astelehenetik ostiralera 10:00 - 14:00 eta 16:30 - 20:00
- Larunbatetan 10:00 - 14:00 eta 16:30 - 20:00
- Azaroaren 2an (igandea) 10:00 - 14:00
Euskadi fantastikoa IV
Super-heroiak? Gure lurretan? Tira! Izan zitekeen, baina ez dugu uste existitzen direnik eta hala balitz ere, zaila litzateke aurkitzea. Hain zaila izango ez litzatekeena horiek marrazten dituzten pertsonak aurkitzea da, nola bere alde errealistan, hala parodia egiteko marrazten dituztenak.
Lehen marrazkilari-motan Angel Unzueta dugu. 1993tik ari da super-heroiak hainbat argitaletxerentzat marrazten, generoko bi garrantzitsuenak, Marvel eta DC, barne.
Umorez marrazten dituena, berriz, Sanvi (Álex Sanvicente) da. Trama edo Mister K bezalako aldizkarientzat tirak eta istorio motzak sortzen ditu, super-heroien unibertsoko pertsonaia serioenei ere umorez beteriko zertzeladak eskainiz.
Hala ere, esan behar da, super-heroien marrazki-lanetan aritzen badira ere, hori bi marrazkigile handi hauen lanaren zati bat besterik ez dela. Horrela, Unzueta publizitate-estudio batean lanean aritzeaz gain, merkatu europarrarentzat album-proiektu bat egiten aurki dezakegu eta Álex, berriz, Europa mailan garrantzitsuak diren zenbait komiki-aldizkarirekin, adibidez Spirou, kolaboratzen edo Xabiroi aldizkarian sail bat lantzen.
Angel Unzueta
Angel Unzueta, 1969an jaio zen Ordizian eta 1993an hasi zuen bere jarduera super-heroien generoko komiki-marrazkilari gisa.
Forum argitaletxearentzat ilustrazio eta pin-up asko egin ondoren, argitaletxe berean eta Laberinto etxean, Cels Piñol gidoilariarekin batera, Neck y Cold saila sortzeko aukera iritsi zitzaion.
Handik aurrera, argitaletxe handietara saltoa egin zuen, hala nola, 2000 AD eta DC Comics, Marvel Comics eta Wildstorm iparramerikarretara.
Batman, Wolverine, X-Force, Wonder Woman, Kid Flash, Young Justice, Legion of Super Heroes, Green Lantern Corps, Countdown… bere arkatzekin marraztu dituen izenetako batzuk dira.
Gaur egun, urte batzuk geldi egon ondoren, komiki-marrazkilari lanari ekin dio berriz, diseinu eta marketingean dituen lanekin txandakatuz.
Urriaren 31tik azaroaren 22ra
- Astelehenetik ostiralera 10:00 - 14:00 eta 16:30 - 20:00
- Larunbatetan 10:00 - 14:00 eta 16:30 - 20:00
- Azaroaren 2an (igandea) 10:00 - 14:00
Euskadi fantastikoa IV: Sanvi
Alex San Vicentek (Portugalete, 1970) eskuarki Sanvi gisa sinatzen du eta Arte Ederrak ikasi zuen.
Publizitatean eta ilustrazioan lan egin du, bai eta animaziorako ekoizpen aurreko lanetan, filmetan eta telesailetan ere.
Komikien alorrean, bere lanak aldizkari askotan ikusi ahal izan dira; horien artean, azpimarratu behar dira Trama (istoriotxoen zaleen munduari buruzko Studio Titanic saila sortu zuen bertan), Mister K (umorezko haur-aldizkarian Bernardo Vergararekin batera Multiman sailean eta hainbat gag-etan parte hartu du), Buenafuente, L’Inedit, Spirou, El Balanzín eta Xabiroi.
Komiki-marrazkilari gisa egin duen lanarekin batera, hainbat argitaletxe eta publizitate-estudiorentzat lan egiten du freelance ilustratzaile gisa.
Urriaren 31tik azaroaren 30era
Príncipe zinemak
- Astelehenetik igandera 16:30 - 22:30
- Larunbatetan 10:00 - 14:00 eta 16:30 - 20:00
- Azaroaren 2an (igandea) 10:00 - 14:00
Mundo macanudo - Liniers
"Liniers-ek mundu gogorra marrazten du leuntasunez. Poz malenkoniatsua zoriontasun inozoaren antipodetan. Bere lana polit eta dibertigarria da eta bera tipo bikaina". Modu honetan hitz egiten du Maitenak Liniers autore grafikoaren inguruan, Mundo macanudo erakusketaren protagonistaz, alegia.
Pinguino, robot, untxi, Madariaga izeneko peluxezko hartza edo Fellini deituriko katua dira argentinar honen tira komikoen ohizko protagonistak. Umore azkarra eta teazu nahastezinak dira gizon-emakumeen ergelkeriaz, maitasunaz eta denboraren iraganaz hausnarketa kezkagarria egiten duen egile honen lanaren ezaugarri nagusiak.
Azaroaren 2tik urtarrilaren 7ra
FNAC
- Astelehenetik larunbatera 10:00 - 22:00
Jardunaldien aurkezpen prentsaurrekoa
Victoria Eugeniako Club aretoa
- Urriaren 31n 12:30ean
Emakumeen komikiari buruzko mintegia
Bilboko Anti- liburudendak emakumeen komikiari buruzko mintegia antolatu du. Azaroan hasita, asteazkenero 20:00etatik 22:00etara emakumeen komikigintzari buruz arituko dira Skolastikako Josune Muñozen eskutik. Hau da zabaldutako oharrean diotena:
"Mintegi honetan, Skolatikako Josune Muñozek emakumeek sortutako komikien historian zeharreko ibilbide historiko eta geografikoa eskainiko digu, eta baita emakumezkoen komikigintzaren analisirako proposamen bat ere, hiru ikuspuntutatik: ikuspegia, istorioa eta marrazkia.
Edozein kultur fenomenotan bezala, emakumeak komikien munduan egon dira horiek sortu zirenetik, baina ikuspegiak, gaiek, pertsonaiek eta trazuak are periferikoago bihurtu ditu eta ekarpen hau ikustezin egin.
Tailer honetan emakumeen komikiaren historia aztertuko da: XX. mendearen hasieratik hasita, Bigarren Mundu Gerraren ondoko booma, emakumeen askapenerako mugimenduak komikian izandako isla eta Satrapi fenomenotik pasatuta eta egungo errealitate interesgarrian amaituta. Azken honetan egungo munduko panoramaren errepasoa egingo da: Asia bere manga, shojo, anime, manhua eta abarrekin, Satrapiren eraginea Ekialde Ertainean eta emakumezkoen komikia Afrikan, Karibean, AEBetan, Hegoamerikan eta Europan".
Mintegi txit interesgarri hau Anti- liburudendan izango da, Bilboko Maiatzaren 2a kaleko 2.ean, asteazkenero 20:00etatik 22:00etara, azaroarekin hasi eta urtarrilaren amaieraraino. Prezioa hilean 30 eurokoa izango da, baina taldea handia izanez gero merketu daiteke. Izena emateko, Anti- liburudendako web gunean dituzue telefonoa, helbidea edo e-maila.
Pottokiek 50 urte!
El coleccionista de tebeos blogari esker jakin dut pottokiek, izaki txiki urdin maitagarri horiek, urrezko ezteiak ospatzen dituztela bihar. 1958ko urriaren 23an hasi zuen Pierre Cullifford Peyok Johan et Pirlouit serieko La flûte à six trous abentura Spirou aldizkarian, eta hor agertu ziren lehenbiziko aldiz pottokiak bigarren mailako pertsonaia gisa. Baina nonbait jendeari gustatu, eta serie propioa eduki zuten laster. Eta gainontzekoa historia da: albumak, arrakasta, filmak, merchandising-a... Gaur egun, adin guztietako jendeak ezagutzen ditu pottokiak!
Niri dagokidanez, Johan eta Pirlouit beti gehiago gustatu izan arren, oso maite ditut pottokiak. Lehenbiziko 10 albumak-edo jenialak dira, nahiz eta ondorengoetan asko jaisten den kalitatea... Hemen ETB1en euskaraz ikusi ahal izan genuen pottokien animazio seriea, baina onartu behar da ez dela komikiak bezain ona...
Aurtengo urte guztian zehar hainbat ekintza egiten ari dira urteurren hau ospatzeko. Eta biharko egunean Unicef-en aldeko enkantea egingo dute pottokien hainbat estatua handirekin. Estatua hauek pertsonaia famatuek edo pertsonaia famatuen omenez egindakoak dira, adibidez Uderzok Asterixez mozorrotutako pottokia egin du. Baina deigarriena egin zait Joane Somarriba dela aukeratutako pertsonaietako bat! Bere pottokiak maillot horia eta urrezko domina daramatza, eta Helmuga-Meta jartzen duen pankarta dauka atzean!
Zorionak pottokiak, eta zorte on enkantearekin!
"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
Aurrekoan, Arturo erregeaz ari ginela, esaten genuen apenas dagoela marrazki bizidunetako gaztetxoentzako serierik euskaraz DVDn, eta ETB1en ere oso gutxi ematen dituztela. Ba irudi errealeko helduentzako serieetan panorama are okerragoa da. Urteak dira ETBk erosten dituen kanpoko serie guztiak ETB2n eta gazteleraz ematen dituela, ETB1 bertako produkziora mugatuz (honen salbuespen bakarra Heroes seriea izan da, eta hala ere gauza oso arraroa egin zuten: euskarara doblatu bai baina gero ETB2n eman, dualean emitituko zutela esan eta gero bete ez, euskarazko doblajea DVDrako soilik utzi...). Noiz izango ditugu kanpoko serieak euskaraz berriz?
Lehen bai, lehen ematen zituzten irudi errealeko atzerriko serieak euskaraz, eta onak gainera: Cagney eta Lacey, Ederra eta piztia, Emakume bionikoa, Magnum, Quantum jauzia, Simon eta Simon, Ilunabar aldea, Epailea eta pilotua, Dallas, Eskugorri taldea, Gazte bizkorrak... Eta onenetakoa, zalantzarik gabe, Gazteak (The young ones), britaniar komedia surrealista eroa. Garai haiek bizitako nor ez da gogoratzen Neil hippyaz, Rick anarkistaz, Vyvyan punkyaz, Mike rockabillyaz edo Jerzei Balowsky maizterraz?
Ba Euskal Encodings-ekoei esker, berriz ere gozatu ahal izango dugu serie honekin, eta euskaraz! Bertan jarri dituzte seriearen 12 kapituluak, gu guztion gozamenerako. On egin!






