Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Tim Berners-Leek WWW2012 kongresuko irekiera-hitzaldian eta "Web as a human right?" mahai-inguruan esandakoak

e-gor 2012/04/20 01:20
Biziki gauza interesgarriak esan ditu, ohi bezala, webaren asmatzaileak
Tim Berners-Leek WWW2012 kongresuko irekiera-hitzaldian eta "Web as a human right?" mahai-inguruan esandakoak

Argazkia: Igor Leturia

Sir Tim Berners-Lee webaren asmatzailea da. Berari bururatu zitzaion, 90eko hamarkadaren hasieran, elkarri estekatutako dokumentuen sare deszentralizatuaren ideia; berak sortu zituen webaren oinarri diren HTTP protokoloa eta HTML formatua; eta berak eraiki zuen lehen web zerbitzaria. Horrez gain, 1994an World Wide Web Consortium edo W3C erakundea sortu zuen, webaren estandar, kontzeptu, formatu eta gauza berrientzako gidalerroak zehazten dituen erakundea, eta beronen zuzendaria da geroztik. Bera da, halaber, web semantikoa eta linked data kontzeptuen sortzailea eta berauen bultzatzaile nagusia.

Ikusten denez, pertsona oso garrantzitsua da eta bere eragina itzela izan da eta da gaur egungo gizartean. Eta hala ere, informatikarien mundutik kanpo, jende oso gutxik ezagutzen du. Pentsa dezakegu normala dela, azken finean bera ingeniaria da eta bere asmakizunak eta egiten dituenak kontu teknikoak dira, eta jende normalari ez zaizkio horiek axola. Baina gaur egun weba gauza tekniko bat baino askoz gehiago da, gure gizartean eta eguneroko bizitzan barruraino sartuta dagoena. Horregatik, webaren eboluzioak garrantzi handia dauka gure bizitzetan, eta horretan zeresan handia du Berners-Leek. Eta bere ideiak eta esaten dituenak maila tekniko soiletik askoz haratago doaz, eta edonorentzako gauza benetan interesgarriak esan eta bultzatzen ditu.

Laneko kontuengatik Lyonen nago, W3C-k berak antolatzen duen WWW2012 kongresuan, eta atzo Sir Tim Berners-Leek emandako irekiera-hitzaldia edo keynotea eta gaur "Web as a human right?" berak parte hartu duen mahai-ingurua entzuteko aukera izan dut. Blog honetan edo Elhuyar aldizkarian idazten ditudanak irakurri ohi badituzu, konturatuta egongo zara lehendik ere bere jarraitzaile naizela eta bere egin-esanak askotan erabili izan ditudala gaitzat, baina lehenengo aldia izan da zuzenean ikusteko aukera izan dudana. Eta zinez inspiragarria izan da.

Atzoko hitzaldiaren hasieran, Webak eta Internetek hasieratik beraien diseinu teknikoan izan dituzten ezaugarriak aipatu zituen: askatasuna, dezentralizazioa eta irekitasuna. Eta orain weba gizarte-fenonemo bat delarik, azpimarratu zuen ezaugarri horiek ere mantendu behar direla bere erabileran. Hango audientziari, nagusiki informatikari, programatzaile, geek eta hackerrez osatua, eskatzen zigun horretan busti behar dugula. Ni guztiz ados nago; baina gizarte osoari dagokion kontua ere bada.

Askatasunari dagokionez, mehatxu handia ikusten du gailu mugikorretan. Ordenagailu arrunt batean, nahi duzuna instalatu dezakezu, zuk programatu dezakezu... Gailu mugikorretan, hala nola smartphone eta tabletetan (batzuetan beste batzuetan baino gehiago), askatasun hori mugatuta dago: instalatu dezakezuna fabrikatzaileak ematen dizun repertorio batek mugatuta dago. Bere ustez, ez genuke hori onartu behar.

Horrekin lotuta, ez du egokia ikusten komunikabide, argitaratzaile edo bestelako eduki sortzaileek gailu mugikorretarako aplikazioak egitea. Web interkonektatu bakarra hausten da horrekin eta "lorategi hesituen" mundura itzuli (horri buruz idatzi dut hemen); gainera, gailu minoritarioago batzuk horrako atzipenik gabe gelditu daitezke. Web garatzaileoi esan zigun, enpresa batek gailu baterako app bat egiteko eskatzen digunean, konbentzitu behar dugula web aplikazio bat egiteko horren ordez, HTML 5 teknologiarekin nahi adina interakzio izan dezakeela eta edozein gailurentzat eskuragarri egongo dela ikusaraziz.

Dezentralizazioari buruz, bere kezka azaldu zuen interneten eta webaren osagarri funtsezkoenetako bat, DNS edo domeinu-izenen sistema, oraindik ere zentralizatuta dagoelako. ICANN AEBetako erakundeak soilik kontrolatzen ditu eta erabaki ditzake domeinu-izenak, eta bere ustez horrek nazioartean banatuta egon beharko luke.

Honen haritik, galderen txandan esan zioten ea ez dagoen kezkatuta webeko jarduera gero eta handiagoa Facebook-en zentralizatuta dagoelako: jendea horren bidez komunikatzen da lagunekin posta edo beste txaten ordez, enpresa eta marka asko ere bertara pasatzen ari dira beraien webguneak eta bertako helbidea da partekatzen dutena... Berners-Leek adostasuna agertu zuen horrekin, baina espero du jendea konturatuko dela kanpoan dagoen aberastasun handiagoaz eta aterako dela beste "lorategi hesitu" horretatik ere.

Irekitasunaz, uste du gobernu eta erakunde publikoek datuak (datu demografikoak, estatistikoak...) ireki behar dituztela eta herriaren esku jarri, horrekin gauza ikaragarriak egiteko potentziala baitago. Halaber, dei egin zigun enpresa handiei (Google, Facebook...) norberari buruz dituzten datuak eska diezaiegun: guri buruz duten informazio horrekin guztiarekin (non nabigatzen dugun, zein bilaketa egiten ditugun, zein gauza atsegin ditugun...), gure ordenagailuetarako aplikazio oso potenteak egin ahal izango lirateke, zerbitzu hobeagoak eskainiko lizkiguketenak publizitate pertsonalizatua baino (horretarako besterik ez baitute erabiltzen guri buruzko informazio hori enpresa horiek).

Hiru gai horiez gain, tarte zabala eskaini zion pribatutasunaren aferari. Enpresek guri buruzko informazioaren pribatutasunari dagokionez, neurri bateraino kezkatzen du: enpresek guri buruz duten informazioa beste batzuei saltzeko erabiltzea oker dago eta ez litzateke egin beharko, baina ez du uste hori hain praktika ohikoa denik, ze azken finean ez da hori izaten enpresa gehienen negozioaren muina, eta hori egiten dutenak luzera merkatuak zigortzen ditu. Baina ez du konpartitzen batzuek enpresek guri buruzko informazioa erabiltzearekin duten kezka, hori guri zerbitzu hobeago bat emateko erabiltzera mugatzen bada. Arropa denda baten adibidea jarri zuen: frakak erosten dituen dendako saltzaileak bere fraken neurria aurreko alditik gogoratzea ondo dago, beti probatzen ibili beharrik gabe (zerbitzu ona ematearen betiko maxima bat izan da "ezagutu zure bezeroa"). Edonola ere, enpresek beraien informazioa ezertarako ere ez gorde eta erabiltzea nahi dutenek ere horretarako eskubidea dutela deritzo eta enpresek hori errespetatu behar dutela; horretarako, W3C-k HTTP protokoloan aukerako "do not track" goiburu bat sartzea proposatu du: webgune batek hori duen eskaera bat jasotzen duenean, ez luke gorde beharko bezeroaren inongo daturik, ezta zerbitzu hobea emateko ere. Nabigatzaile ia guztiek inplementatu dute jada aukera hori, baina ikusi behar ea enpresek errespetatuko duten... Horretarako, erabiltzaileok egin beharko presioa.

Aldiz, oso kritiko agertu zen segurtasunaren izenean herrialde askotan gobernuek Interneteko komunikazio guztiak rastreatu ahal izateko bultzatzen ari diren legeekin: ACTA, SOPA, PIPA, CISPA... Susmo nahikoak dauden kasuetan edo epaileen agindupean agian, baina ez du uste indiskriminatuki eta prebentiboki egin behar denik. Ez da soilik jendearen pribatutasuna babesteagatik (hori ere bai), baina demokrazia bera arriskuan legokeela uste du. Eta datu horiek crackeatuta lapurtzen badituzte? Eta politikarien datuak ere badaude eta hauei xantaia egiteko erabiltzen badira? Eta gobernu ustel batek oposizio edo disidentziaren aurka erabiltzen baditu? Edo funtzionario ustel batek bere probetxurako? Edo...? Dei publiko sutsua egin zuen, kalera atera eta lege horien aurka protestatzeko.

Era berean, Frantzian ginenez, mahai-inguruan oso gogor ekin zion HADOPI legearen aurka, egile-eskubideez babestutako edukia deskargatzeagatik Internet konexioa moztea ahalbidetzen duena. Erokeria eta erridikulua dela deritzo. Lehen ardiak lapurtzeagatik eskuak mozten zituzten herrialde batzuetan, baina orain gauzak ez dira horrela egiten. Bai eskuak eta bai Internet konexioa beste gauza batzuetarako erabiltzen direlako eta behar direlako... Nerabe batek abesti batzuk jaitsi dituelako gelditu behar dira bere anai-arrebak etxeko lanak egin ezinik eta bere gurasoak lanik egin ezinik? Ez du zentzurik...

Amaitzeko, ez dago ziur Weba giza-eskubide izendatzearen egokitasunaz. Baina bera lanean ari da mundu guztiko jendeak Weberako atzipena izan dezan, beste batzuen artean helburu hori duen World Wide Web Foundation erakundearen sortzailea ere baibaita.

Ikusten duzue, kontu tekniko hutsetatik harago gizarte osoarentzat gauza garrantzitsuak diren kontuez hitz egiten duela; ikuspegi ikaragarria du eta gauzak ederto azaltzen ditu, mezu bat du eta oinak lokatzetan sartzeko ez du beldurrik. Eta hala ere, jende askorentzat ezezaguna da eta egun hauetako hitzaldiek ez dute oihartzun mediatiko handirik izan eta oso jende gutxik jarraitu ditu... Konparatzen dudanean bere gailu moñoño garestien berrikuntzak aurkeztu besterik egiten ez zituen beste ingeniari haren hitzaldiek zuten jarraipenarekin, bere gailuetan zer egin genezakeen kontrolatu eta mugatzen zigun harenekin, negargura sartzen zait...

(Oharra: Hitzaldia eta mahai-ingurua ez ditut online aurkitu. Goiko esteketan Euronews-en beraiei buruz eman duten informazioa dago. Baina atzo goizean, irekiera-hitzaldiarekin kointzidituz, The Guardian-ek Berners-Leeri eginiko elkarrizketa bat argitaratu zuen, audioak online jarriz; hitzaldiko gauza batzuk bertan ere esaten ditu)

Komiki-solasaldiak Arrasateko Kulturaten, Antonio Altarribak gidatuta

e-gor 2012/04/18 22:57
Komiki bana gai izango duten hiru solasaldi izango dira

Arrasateko Kulturate udal kultur zentroan komiki solasaldiak antolatu dituzte. Apirila, maiatza eta ekainean solasaldi bana izango da, bakoitzean komiki bat gaitzat hartuta. Apirilaren 21ean Art Spiegelmanen Maus izango dute hizpide, holokaustoaren inguruko komiki-ezaguna, Pulitzer kazetaritza saria irabazi duen komiki bakarra; maiatzaren 24ean David Mazzuchelliren Asterios Polyp, 2010ean Eisner eta Harvey sari ugari jasotakoa; eta ekainaren 14ean Jiro Taniguchiren Barrio Lejano, 2003an Anguleman gidoi onenaren saria irabazitakoa.

Solasaldiak Antonio Altarribak gidatuko ditu. Frantses literaturako katedraduna EHUn, komikien inguruko hainbat liburu idatzi ditu, eta baita El arte de volar komikiaren gidoia ere, Espainiako Komiki Sari Nazionala irabazi zuena 2010ean.

Solasaldi guztiak, hori bai, gaztelaniaz izango dira...

Badatoz elkarrizketa-agenteak

e-gor 2012/03/13 21:42
Applek iazko urrian aurkeztutako iPhonearen 4S modeloaren berrikuntza nagusietako (eta bakarretako) bat elkarrizketa-agentea da, Siri izenekoa. Telefonoaren aplikazio eta aukeretarako atzipena ukipen-pantailaren eta teklatuaren bidez egin ordez, ahotsaren eta lengoaia naturalaren bidez eskaintzen du iPhone 4S modeloak aurreinstalatuta dakarren aplikazio honek. Eta Applek egiten duen ororekin gertatzen den moduan, seguruenik horrelako elkarrizketa-agenteak zabalduz joango dira smartphone eta tabletetan.
(Elhuyar aldizkariko 2012ko urtarrileko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Askorentzat gauzak Applek egin arte existitzen ez diren arren, elkarrizketa-agenteak ez dira atzo goizekoak. Aurrendari ezagunenetako bat ELIZA da, 1966an MITen garatutakoa; ez zebilen ahots bidez, teklatu eta pantaila bidez baizik; baina lengoaia naturalean elkarrizketa bat izateko gai zen, nolabait.

Appleren Siri baino lehen ere, 2010etik bazegoen Android mugikorretan Google Voice Actions aplikazioa. Horrekin ere ahots bidez sortzen da interakzioa, baina ez da Sirirena bezalakoa: Googleren aplikazioak komando jakin batzuk ulertzen ditu ("listen to [taldea, albuma, abestia]", "call [agendako norbait, enpresaren bat]", "send e-mail to [agendako norbait] [mezua]", "map of [hiria]", "navigate to [helbidea, enpresa]", "search [bilatzekoa]"...); Sirirekin erabil dezakegun hizkuntza, berriz, ez dago mugatua, hau da, lengoaia natural bidezko interfazea du. Egia da azken finean ia gauza berdinak egin daitezkeela biekin; baina Sirirekin elkarrizketak naturalagoak dira, eta erantzuna ere "irakurri" egiten digu, soilik pantailan erakutsi beharrean. Bestalde, gauzak nola esaten dizkiogun, ez ulertzeko edo gaizki ulertzeko arriskua handiagoa da Sirirekin; baina ulertu ez duen kasuetan edo ziur ez dagoenetan, berriz galdegiten du, edo gehiago zehazteko eskatzen, edo berresteko esaten.

Iraultza ez, baina berrikuntza nabarmena

Alabaina, ez zaio meriturik kendu behar Siriri. Lehenengo aldia da lengoaia naturaleko eta ahots bidezko agente bat zabalkunde handiko gailu batean sartzen dena. Eta perfektua ez bada ere eta batzuetan huts egiten badu ere, onartu behar da, oro har, emaitza onak lortzen dituela. Izan ere, Siriren teknologiaren atzean osoki horretara dedikatzen den enpresa bat dago, Siri izenekoa hori ere, Applek 2010eko apirilean erosi zuena.

Sirik hainbat teknologia erabiltzen ditu egiten duena egiteko: ahotsaren ezagutza, hizkuntzaren prozesamendua, ontologiak... Horien guztien konbinazioak ematen dio ahalmena agindu ezberdinak ulertzeko, baina, aldi berean, sentiberago egiten du akatsekiko. Izan ere, teknologia horietako bakoitzaren zehaztasuna ez da %100ekoa, eta bakoitzean gerta daitezkeen erroreak metatu egiten dira emaitza globalean.

Hala ere, horrelako sistemek emaitza hobeak lortzen dituzte domeinu jakin edota mugatuetan, eta hori da Siriren kasua: normalean mugikor batek egin ditzakeen gauzetara mugatuko dira elkarrizketak, eta horrek asko errazten dio esaten zaiona ulertzea. Bestalde, testuingurua ezagutzeak ere asko laguntzen die horrelako agenteei, eta smartphone batean badugu testuinguruaren informazio ugari: posizioa (GPS edo telefono-antenen bidez jakin daiteke), agendako kontaktuak, aurreko bilaketak, aurretik nabigatutako webguneak, aurreko deiak...

Euskarazko agenteak?

Gauza jakina da Applek joera markatzen duela sarri, eta ziur asko etorkizun hurbilean lehiakideen smartphoneetan —edo, zergatik ez, bestelako gailuetan (tabletak, e-bookak, ordenagailuak...)— ere elkarrizketa-agente gehiago ikusten hasiko gara. Adibidez, Android sistema eragilea duten telefonoentzat badaude jada Siriren antzeko aplikazio ugari (Jeannie, Andy, Cloe, Iris, Vlingo, Speaktoit Assistant, Risi...). Horietako batzuk Siriren aurretik existitzen ziren, eta ikusgaitasuna irabazi dute hari esker; baina beste batzuk ondoren etorri dira. Android mugikorretan elkarrizketa-agenteek behin betiko zabalkundea izan dezaten behar den gauza bakarra da sistema eragileak horietako bat aurreinstalatuta eta lehenespenez aukeratuta ekartzea, iPhoneetan gertatu den bezala. Eta badirudi Google horretan ari dela: Androiden hurrengo bertsioan berak garatutako elkarrizketa-agente bat defektuz instalatuta ekarriko omen du, Majel izenekoa.

Lengoaia natural bidezko agente horiek, baina, hizkuntza batekin edo batzuekin funtzionatzen dute. Siri, esaterako, ingelesez, frantsesez eta alemanez dago; Androiderako aplikazio batzuk gaztelaniaz ere badabiltza. Baina euskaraz dakien elkarrizketa-agenterik ez dago oraindik mugikorretarako. Eta etorkizunean eguneroko erabilerakoak bihurtzen badira, beharrezkoa dugu horrelakoak euskaraz ere izatea.

2008an, hizkuntza-teknologien AnHitz ikerketa-proiektuaren barruan, hizketa bidezko agente baten demo bat, AnHitz izenekoa, egin zuten Elhuyar Fundazioak, EHUko IXA eta Aholab ikerketa-taldeek eta Vicomtech eta Robotiker-Tecnalia ikerketa-zentroek. Zientzia eta teknologiako aditu birtual bat zen, alor horietako galderak erantzuten zituena eta bilaketa eleaniztunak egitea ahalbidetzen zuena. Eta 2011n erakunde ber horiek beste elkarrizketa-agente baten demoa garatu dute BerbaTek proiektuaren barruan; oraingo honetan, hizkuntzen irakaskuntzarako tutore pertsonal bat. Bi kasuetan, ahotsa eta lengoaia naturala dira interakzioa sortzeko modua, eta teknologia hori berdin aplika daiteke mugikor batean egin daitezkeen ekintzetara. Beraz, mugikorren ekoizleek euskararekiko interesa agertzea besterik ez da behar mugikorretan euskaraz dakiten elkarrizketa-agenteak izateko.

Xabiroiren 25. zenbakia kalean da jada

e-gor 2012/03/01 22:35
Xabiroiren 25. zenbakia kalean da jada

Irudia: Guillermo Gonzalez

Ikastolen Elkarteak Xabiroi komiki-aldizkariaren 25. zenbakia, 2012ko otsailari dagokiona, atera du, ondoko edukiekin:

  • Guillermo Gonzalezen azala
  • Nik neuk egiten dudan Albisteen txokoa
  • Manu Ortegaren Haizea banda
  • Auzomorro umorezko orri bikoitza, Guaikaipuroren gidoia eta Sanviren irudiekin
  • Haur besoetakoa sailaren 6 orri, Unai Iturriagaren gidoia, Sanviren irudiak eta Sedyasen koloreekin
  • Pako Aristiren gidoia eta Joseba Larratxe Joseviskyren irudiak dituen Requiem gauaren erdian 6 orriko istorioa
  • Adur Larrearen Ezkurdi umorezko orria
  • Asiskoren Hor Konpost banda
  • KomikITAUN elkarrizketen orri bikoitza, oraingoan Unai Iturriaga eta Sanvirekin
  • ZaldiEroaren Arranotxuren beste bi orri
  • 8 orriko Maruxa! istorioa, Eider Rodriguezen gidoia eta Alex Orberen irudiekin
  • Loperen Behien Tarzanen 3 orri

Gogoratu iaztik Xabiroi aldizkaria eta bertatik ateratako albumak (Saiak, Piztia Otzanak, TeleAtoi eta Azken garaipena) Euskal Herriko hainbat komikidendetan eskuratu ahal direla (Bilboko Joker (Urkijo zumardia, 27), Donostiako Armagedon (Marzelino Soroa plaza, 2), Gasteizko Zuloa (Correria kalea, 21), Irungo Tinta Comics (Jose Egino kalea, 10) eta Iruñeko TBO (Merced kalea, 28)).

Steve Jobs desmitifikatuz

e-gor 2012/02/19 12:04
Urrian, Steve Jobs Appleren sortzaile eta burua hil zen. Orduan komunikabideek esan zutenari kasu eginez gero, Steve Jobs teknologiaren jenio bat zen, IKTen liberatzaile eta popularizatzailea, informatikaren historian izandako gizonik handiena, eta beste gauza asko gehiago. Baina benetan hainbesteraino al zen? Artikulu hau sinatzen duenaren ustez, Jobsi hainbat merezimendu onartu behar bazaizkio ere, teknologikoki duen meritua, askatzaile-izaera edo informatika bere osotasunean hartuta izan duen eragina ez dira egotzi dizkiotenak bezainbatekoak, ezta gutxiago ere.
(Elhuyar aldizkariko 2011ko abenduko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Meritu teknologikoa?

Steve Jobs eta Appleri ezin zaie ukatu kontsumoko informatikan eta informatika profesionaleko arlo batzuetan izan duten eragina. Leihodun interfazeak, sagua, MP3 erreproduzigailuak, smartphoneak, tabletak, eta abar. Applek popularizatu ditu gailu horiek guztiak, Mac ordenagailu, iPod, iPhone eta iPadekin, eta lehiakideak ere bide horretara eraman ditu, eta jendearen ohiturak eta mundua aldatu. Baina horietako bat ere ez da izan Jobs edo Appleren asmakizuna, nahiz eta komunikabideek hala dela saldu diguten. Gailu-mota horiek denak existitzen ziren aurretik; wikipediara jo besterik ez dago horretaz jabetzeko (goiko estekei jarraitu diezaiekezu).

Izan ere, Applek inoiz ez du garatu teknologia berri bakar bat ere. Haren jarduna besteen ideiak hartu eta kopiatu, diseinu erakargarria eman eta marketin ona egitean datza (eta azken urteetan ezta azken hori ere, marketina doan egiten baitiote jainko bat balitz bezala mirespenez begiratzen dioten komunikabideek). Eta arrakasta onartu behar zaie horretan. Enpresa-ikuspegitik meritua onartu behar zaio zalantzarik gabe, baina ikuspegi teknologikotik...

Informatika askoz gehiago da

Seguruenik, Steve Jobsi komunikabideek esleitutako rol ene iduriz gehiegizkoak ez dio gutxi zor kazetariek informatikaz duten ezezagutza eta ikuspegi murritzari. Eta baita, segur aski, kazetaritzan aspaldidanik Apple ordenagailuak asko erabili izanari (Quark XPress bezalako programengatik). Baina informatikari baten ikuspegitik gauzak beste modu batean ikusten dira.

Askok eta askok jo dute Jobs informatikaren historian eraginik handiena izan duen pertsonatzat. Beharbada (eta soilik beharbada) hori egia izan liteke kontsumoko informatika bakarrik hartzen badugu aintzat, baina informatika hori baino askoz ere gehiago da. Superkonputaziorako ordenagailuak eta ordenagailu-klusterrak daude (guztiz beharrezkoak gaur egun, zientziak aurrera egiteko), Interneteko zerbitzariak, makina eta gailuak kontrolatzen dituzten sistema eragileak eta programak... Eta horietan guztietan Appleren presentzia edo eragina hutsa da, zero.

Askatzaile-izaera?

Askorentzat, informatikaren askatzailea izan da Jobs, teknologia benetan jendearen eskuetan jarri duena. Nire ustez, nekez har daiteke askatzailetzat teknologia bere produktu hipergarestiak eros ditzaketenen eskuetan soilik jartzen duen enpresa bat, are gehiago kontuan izanda gero antzeko produktuak merkeago egiten dituzten enpresak auzitara eramaten dituztela kopiatzeagatik (ironikoa ere bada Applek hori egitea, berek ere besteen ideiak hartu izan baitituzte beti); askatu baino gehiago, kontsumitzaileak beren gailuen menpeko egin nahi dituzte...

Isaac Newtonek esan zuen: "Urrunago ikusi badut, erraldoien bizkar gainean nagoelako da (If I have seen further it is by standing on the shoulders of giants)". Zientziaren aurrerapenaren eredua adierazten du, non edozein aitzinamenduk aurretik beste batzuek egindako lanari asko zor dion. Eta horrela funtzionatzen du mundu akademiko-zientifikoak, aurkikuntzak publiko eginez, beste batzuek baliatu ditzaten, eta hori da benetako askatasuna. Zuk eragindako aurrerapausoa patentatu, garesti saldu eta beste batzuei erabiltzen ez uztea, ez. Enpresa-eredua da Jobs eta Applerena, askatzailetik ezer ez duena.

Informatikaren hasierako garaietan, aurrerapenak mundu zientifikoan eta bide horretatik eman ziren. Gero, erabiltzaile nahikoa egon zenean, enpresa handiak sartu ziren informatikaren munduan (Microsoft, Apple...), eta eredua erabat aldatu zuten. Azken urteetan, software librearen mugimendua da benetan bide horretara itzultzea bilatzen duena. Informazioa zabaltzearen eredu horri jarraitzen diotenei esker eman dira azken urteetako aurrerapenik handienak, ez enpresei esker. Pentsa dezagun une batez zer gertatuko litzatekeen Berners-Lee webaren asmatzaileak bere asmakizuna patentatu balu, eta Linus Torvaldsek Linux sistema eragilea eta Richard Stallmanek sortutako software guztia (horiekin funtzionatzen dute web-zerbitzari gehien-gehienek) liberatu ez balute: webean ibiltzeagatik kristoren lizentziak ordaindu beharko lirateke, web-zerbitzariak eta web hostingak askoz garestiagoak lirateke eta ez leudeke edonoren eskura. Weba ez litzateke gaur egun ezagutzen dugun modukoa izango.

Puztutako mitoa?

Artikulu honetan Apple eta Jobsen figura desmitifikatzeko azaldutako guztiak ikuspegi teknologikoari dagozkio, baina haien alde ilunak baditu beste alderdi batzuk ere: beren produktuen bidez ezarri nahi duten kontrola eta gizarte-ikuspegiaren inposizioa (berek nahi dituzten aplikazioak soilik instala daitezke, haien dendetan soilik eros daitezke kultura-produktuak, horiei zentsura aplikatzen diete...), Jobsek erakusten zuen harrokeria lehiakideei buruzko deklarazioetan...

Hala ere, zalantzazkoa da Steve Jobsei buruz esan diren gauza guztiak zenbateraino diren haren kontu hutsa, eta zenbateraino Applerena. Niri zaila egiten zait pentsatzea asmatutako produktu guztiak, hartutako erabaki guztiak -zuzen nahiz oker-, pertsona bakar baten gauza direnik; enpresa handi bat dago hor atzean, besteek ere izango zuten parterik. Badaude ahotsak diotenak Jobs irudi publikoa besterik ez zela, beste batzuek diseinatu zituztela produktu guztiak (batez ere, azken aldikoak), eta bera saltzaile hutsa zela; finean, marketinean oso ona den enpresa baten marketin-eragiketa handiena zela Jobs. Hala bada, Jobs ez zen izango artikulu honetan marraztu dugun bezain zitala; baina ezta komunikabideek irudikatu diguten santua ere, bestalde.

Komiki-lehiaketak

e-gor 2012/02/14 22:25
Ganorabako eta Portugaleteko lehiaketa berriak eta Barakaldoko Teknologia berriak umore grafikoari buruzko lehiaketaren saridunak
Komiki-lehiaketak

Irudia: Rubén del Rincón Cruz / Portugaleteko komiki-lehiaketa / José Rubio Majagón

Urtero legez, martxan da aurten ere Basauriko Kultur Etxeak antolatzen duen Ganorabako 2012 komiki-lehiaketa, sari hauekin: 900€ lehenengoarentzat, 450€ bigarrenarentzat eta 300€ hirugarrenarentzat. Horrez gain, 300 euroko akzesit bana dago euskarazko lanik onenarentzat eta Basauriko lanik onenarentzat. Martxoaren 30era arteko epea dago lanak bidaltzeko. Oinarriak, beraien webgunean.

Eta Portugaleteko Udalak 26. aldiz antolatu du bere komiki lehiaketa. Guztira 6.860 euro daude saritan, hainbat kategoriatan banatuta: komikia, zinta eta online komikia. Lanak martxoaren 2ra arte aurkez daitezke. Hemen ikus daitezke oinarriak. Animatu zaitez eta bidali zure komikiak!

Bestalde, Barakaldoko Udalak eta Sauré argitaletxeak antolatzen duten Teknologia berriak umore grafikoko lehiaketako 2011ko edizioko irabazleak ezagutarazi dituzte, eta hauek dira:

  • 1. saria, 1500 euroz hornitua, José Rubio Majagón alacantarrarentzat
  • 2. saria, 1000 euroz hornitua, Doddy Iswahyudi indonesiarrarentzat
  • 3. saria, 800 euroz hornitua, Chrifa Gihén Ben Mahmoud tunisiarrarentzat
  • 4. saria, 700 euroz hornitua, Ricardo César de Araújo brasildarrarentzat
  • 5. saria, 500 euroz hornitua, Manuel José Delgado Riquelme murtziarrarentzat

Lan irabazleak lehiaketaren webgunean ikus daitezke, aurreko urteetakoekin batera. Zorionak denei!

Euskal komikigileen album berriak

e-gor 2012/02/05 23:55
Guillermo Zubiagaren "Joanes" sailaren bigarren albuma eta Iñaki G. Holgadoren "Retine" sailaren lehenengoa
Euskal komikigileen album berriak

Irudia: Guillermo Zubiaga / Iñaki G. Holgado

Euskal komikigileek ateratako bi albumen berri dakarzkizuegu oraingoan. Batetik, Guillermo Zubiagak (http://www.guillermozubiaga.com) Joanes or the Basque whaler sailaren 2. albuma, Whale Island izenburukoa, argitaratu du, Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-en eskutik (lehenengoaren berri eman genizuen duela 2 urte eta piko). Albuma bere webgunean bertan eska daiteke.

Bestalde, Xabiroiko kolaboratzaile den Iñaki G. Holgado errenteriarrak (besteak beste, Harkaitz Canoren gidoiarekin Piztia otzanak albuma eta Zebra efektua saila eta Francis Laboutique-ren gidoiarekin merkatu frantziarrerako 2 albumeko Muraille saila egin dituena), beste album bat argitaratu du Frantziako merkatuan. Retine saileko lehenengo albuma da, Guerilla dans la ville basse du izenburua, Stéphane Piatzszek gidoilaria eta Soleil argitaletxea.

Zorte on bi albumei, eta ea noizbait euskaraz ikusteko aukerarik dugun!

 

 

 

 

 

 

 

Euskarazko komiki gehiago, oraingoan digitalak

e-gor 2012/01/20 22:10
KKLRD.com-en atal berri bat dago online eta Saurék beste lau komiki atera ditu formatu digitalean

2011ko hondarrean izandako euskarazko komikien olatua ez da amaitzen, eta beste lau komikiren berri ematera gatozkizu berriz ere, baina oraingoan digitalak.

Batetik, KKLRD webgunean atal berri bat jarri dute Joseba Larratxe Josevisky marrazkigileak eta Lazaro Yak Boldo gidoilariak, Izan eta ukan. Bigarren atala dute, ea beste asko ateratzen jarraitzen duten!

Bestetik, Sauré argitaletxeak digitalean argitaratzeko apustuarekin jarraitzen du eta beste 4 komiki atera ditu: Edorta Corpas eta Victor Araqueren Newton eta berdinen jatorria (Newtondarrak bildumako 3. zenbakia), Jose Manuel Carrasco eta Joseba Gomezen Lurrik gabeko loreak (Ziklozirkua saileko 4.a), Bittor Rodriguez, Jonatan Miranda eta Sara Calzadaren Giancarlok ez du etsiko! (Trattoria bildumako 1. zenbakia) eta Nacho Fernandez eta Txani Rodriguezen Tumbesera itzuli, (Txanoa bildumako 5.a). AveComics webgunean salgai daudenak 4 eta 5 euro arteko prezioan. Segi horrela!

Ordaintzeko modu berriak mundu digitalean

e-gor 2012/01/10 22:47
Diru fisikoaren (txanponak, billeteak...) erabilera marjinala da aspaldi honetan, baldin eta dagoen diru edo transakzioen kopuru osoarekin konparatzen badugu. Diru gehiena eta ordainketa gehienak digitalak, birtualak izan dira azken urteotan: bankuko datu-baseetan gordetako zenbakiak, kreditu-txartelez egindako ordainketak, Internet bidezko transferentziak... Eta, orain, gailu digital berriekin eta gure on line bizitza berriekin, ordaintzeko modu berriak ere ari dira agertzen, telefono mugikorren bidezko ordainketak edo Bitcoin, esate baterako.
(Elhuyar aldizkariko 2011ko azaroko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Telefono mugikorraren bidez ordaintzen

Smartphoneak gure ohiko erabilerako gero eta gauza gehiago ordezkatuz joan dira (agenda, koadernoa, liburuak...), baita erabilera espezializatuagoko gailu asko ere (GPSak, argazki-kamerak, ordenagailu eramangarriak...). Oraingoz, derrigor behar dugun gauza bakarretako bat diru-zorroa da, baina ez luzarorako, hasi baitira zabaltzen ordainketak telefono mugikorraren bidez egiteko moduak. Tira, txanponak eta billeteak beti beharko ditugu seguruenik; kreditu-txartelekin daramatzagun urte hauetan guztietan erabat desagertu ez badira, ez dago arrazoirik pentsatzeko mugikor bidezko ordainketek haien amaiera ekarriko dutenik. Baina kreditu-txartelek egunak kontatuta dituzte.

Japonian, nahiko zabalduta dago aspalditik mugikor bidezko ordainketa, Sonyren FeliCa teknologia erabilita; baina teknologia hori zaharkitu samarra dago, eta, gainera, ez du lortu hedatzea Japonia edo Asiako hego-ekialdeko beste herrialde batzuk gaindi. Etorkizun handiena duten mugikor bidez ordaintzeko sistemek NFC teknologia (Near Field Communication edo Eremu Hurbileko Komunikazioa) erabiltzen dute. Teknologia horri esker, bi gailuren arteko haririk gabeko komunikazio enkriptatua lortzen da, zentimetro gutxi batzuetako eremuan. NFC teknologiaz hornituta dauden gailuek zenbait aplikazio izan ditzakete, software egokiarekin hornituz gero: bisita-txartelak trukatzea, hoteleko ateak irekitzea... eta hemen hizpide duguna, ordainketak egitea, alegia. Oraingoz ez dago smartphone modelo askorik teknologia hau duenik, baina gero eta gehiago izango dira.

Ordainketak egin ahal izateko, NFC teknologia duen telefono mugikor batez gain, teknologia hori duen terminal bat behar da dendetan. Gure mugikorrean, gure banku edo kreditu-txartelen edo telefono-konpainiaren datuak izango ditugu gordeta aplikazio batean, eta, aplikazio hori ireki eta kautotu edo baimendu ondoren, dendako terminalera hurbilduko dugu. Mugikorrak gure datuak pasatuko dizkio terminalari; horrek egiaztatu egingo ditu, eta transakzioa amaitu egingo da. Beraz, ez dugu izango kreditu-txartel fisikoen beharrik, baina ez hori bakarrik: erosketa bat egin ondoren, hurrengoetarako lortzen diren deskontuak, kupoiak, fideltasun-programak eta horrelakoak ere aplikazioan gordeko dira, eta ez ditugu gainean eraman beharko (ez dugu gogoratu beharko horrelakorik badugunik!).

Mugikorretarako NFC teknologia erabiltzen duen lehen ordainketa-sistema Googlek jarri du martxan irailean: Google Wallet. Hori Android sistema eragilea duten mugikorrentzako aplikazio bat da, oraingoz AEBan eta Sprint-en Nexus S mugikorrean soilik zabaldu dutena; baina, denborarekin, NFC duten terminal eta konpainia gehiagotara zabalduko dute, herrialde gehiagotara eta sistema eragile gehiagotara. Oraingoz, MasterCard Citi txartelekin eta Googleren beraren aurreordainketa-txartel birtualekin soilik dabil, baina, laster, Visarekin ere ibiliko omen da, eta telefono-fakturara kargatu ahal izatea ere aurreikusten dute. Eta, oraingoz, AEBn bakarrik badabil ere, hango 300.000 dendetan dago horrekin ordaintzeko aukera, New Yorkeko taxi gehienetan ere bai, eta azkar zabaltzea nahi dute.

Zenbat denbora beharko den mugikor bidezko ordainketa gure artean ohiko bihurtzeko? Ezin jakin; baina tartean zer agente dauden kontuan izanda, ez dirudi luze joko duenik.

Bitcoin, txanpon digitala

Kreditu-txartelak eta mugikor bidezko ordainketak, digitalak izanagatik ere, mundu fisikoko diru eta txanponetan dute oinarri, hau da, ordainketak dolarretan, eurotan edo dena delako txanponetan egiten dira. Baina badago txanpon bat mundu digitala duena berezko lurralde: Bitcoin.

Bitcoin txanpon elektronikoaren atzean izen bereko proiektua dago, eta kode-irekiko P2P sare deszentralizatu enkriptatu bat du oinarri. Txanpona jaulki eta kontrolatzen duen banku zentral bat egon ordez, nodo asko daude, produkzioa kontrolatzen dutenak (inflazioak eta iruzurrak saihesteko) eta egiten diren transakzio guzti-guztien erregistroa gordetzen dutenak (txanponaren fidagarritasuna bermatzeko). Erabiltzaileek programa bat instalatzen dute beren dirua eta transakzioak kudeatzeko; eta horrek ematen die sareko nodoei transakzioen berri, batean sartzen den diru guztia beste batetik irten dela eta tranparik ez dela egon egiaztatzeko, baina pribatutasuna bermatuz. Sareko nodoetan, bitcoinak eros ditzakegu txanpon errealen truke. Bitcoinak webeko zenbait zerbitzutan erabil daitezke gero, eta kode irekiko proiektu edo kolaborazio-proiektu askok onartzen dituzte ekarpenak bitcoinetan.

2009an sortu zen Bitcoin proiektua, eta geroztik handituz joan da, bai erabiltzaile kopuruari dagokionez, bai hori onartzen duten zerbitzuei dagokienez. Hala ere, ez du hazkunde ikusgarririk izan, eta geek-en mundura mugatuta jarraitzen du. Gainera, oraingoz, webeko zerbitzu eta erakundeak soilik onartzen dute txanpon horretan ordaintzea.

Horrez gain, proiektuak kale egin du berriki bere aldarrikapen nagusietako bitan. Ekonomia-sistema tradizionalek ez bezalako espekulazioaren aurkako babesa eskaintzen omen zuen sare deszentralizatuak, eta horrek txanpona egonkor bihurtzen omen zuen; hala, deszentralizazio horrek eta kriptografiak sistema segurua egiten omen zuten. Bada, ekainean, trukatze-nodo batzuek erasoak jasan zituzten, eta erabiltzaileen bitcoin-zorroetara bideratutako malware bat ere aritu zen erabiltzaileen datuak lapurtzen. Eta horrek guztiak sortutako mesfidantza dela medio, bitcoinaren balioa ikaragarri jaitsi zen.

Ikusi egin behar proiektuak zer eboluzio duen. Ez dirudi erraza txanpon erabat birtual batek hedapen masiboa izatea; baina kontuan izanik gure bizitzaren zati gero eta handiago bat on line eta birtuala dela, batek daki...

Gailu mugikorretako aplikazioak, webaren kalterako

e-gor 2011/12/13 22:14
Gaur egungo telefono mugikorrek eta tabletek Interneten ibiltzea ahalbidetzen dute; baina, horietan, normalean, ez da nabigatzaile bat erabiltzen, ordenagailuetan bezala. Ia webgune edo web-zerbitzu orok garatu ditu gailu mugikor horietarako aplikazioak, eta aplikazio horien bidez sartzen da jendea webgune horietako edukietara. Joera hori webaren estandarrei eta irekitasun- eta publikotasun-printzipioei kontrajartzen zaie, eta webaren kalterako dira.
(Elhuyar aldizkariko 2011ko urriko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Pentsa ezazu une batez zer egiten duzun normalean etxeko edo laneko ordenagailuan Interneten zabiltzanean: ziur asko, posta elektronikoa begiratuko duzu, Hotmail, Gmail edo horrelako beste web-zerbitzu batean; agian, Facebooken ere sartuko zara, eta Twitterren ere bai; RSS bidez blogak edo albiste-guneak jarraitzeko ohitura baduzu, Google Reader, Alesti edo horrelako webguneren batera ere sartuko zara; eta baliteke komunikabideren bat edo besteren webgunera joatea albisteak irakurtzera. Hori dena nabigatzailetik egingo duzu, Firefox, Google Chrome, Opera, Safari nahiz Internet Explorer-etik.

Aldiz, hori bera zure tableta edo smartphonetik egiten baduzu, seguruenik ez duzu nabigatzailea irekiko: web-zerbitzu horietako bakoitzarentzat aplikazio bat izango duzu instalatuta, eta horien bidez atzituko duzu webgune horietako edukia.

Gailu mugikorretan Interneten ibiltzeko nabigatzaileen ordez webgune bakoitzerako aplikazioak erabiltzeko joera hori ez da anekdotikoa: gailu mugikorretako aplikazioen audientzia-analisiak egiten dituen Flurry agentziaren esanean, AEBetan jada denbora gehiago ematen du jendeak mugikorretako aplikazioak erabiltzen nabigatzailearen bidez nabigatzen baino; eta gailu mugikorrak han bezainbeste zabaltzen direnean, espero izatekoa da hemen ere joera hori nagusitzea.

Webaren kalterako

Baina webaren asmatzaile eta webaren gidalerroak markatzen dituen W3C erakundearen zuzendari Sir Tim Berners-Lee jaunak Scientific American aldizkarian adierazi duenez, joera hori webaren kalterako da, arrazoi askorengatik. Horietako bat da aplikazioek maiz komunikazio-protokolo jabedunak eta ezkutuak erabiltzen dituztela, irekiak eta estandarrak diren HTTP, REST, SOAP eta antzekoen ordez (Berners-Leek adibide gisa Apple-ren iTunes aplikazioak erabiltzen duen protokoloa aipatzen du: hango abesti edo bideoen URLek itunes:// dute hasieran, http:// ohikoaren ordez, protokolo propietarioaren adierazgarri). Horren kalteak ugariak dira: batetik, nabigatzailea ez da gai baliabide horiek atzitzeko, protokoloa ezezaguna baitzaio; bestetik, protokoloa agian ez dago behar bezainbeste optimizatuta (ikusi dute Twitter atzitzeko aplikazio ofizialak hirugarrenek egindako beste batzuek baino datu-trafiko bikoitza eragiten duela); azkenik, komunikazio horretan gertatzen dena ezin da jakin.

Beste arrazoi bat da aplikazioen bidez atzitzen diren baliabideak ez direla estekagarriak, ez baitaude webean. Ezingo lirateke estekatu, bilatzaileek ere ezingo lituzkete indexatu... Horrek "lorategi hesituen" mundura garamatza berriro, irla isolatuetara, webak ekarritako abantaila nagusietako bat pikutara bidaliz (elkarri erreferentzia egiten dioten eta lotuta dauden orri mordoaren sare unibertsal bakarra, alegia). Egia da oraingoz behintzat aplikazio bidez atzitzen diren zerbitzu horiek web bertsioa ere badutela; baina, aplikazioak besterik erabiliko ez liratekeen etorkizun batean, web bertsio horiek desagertuko balira...

Azkenik, aplikazio bakoitza plataforma batean soilik dabil (Applerenean, Androiden, Nokiarenean, Blackberryrenean...), eta webgune baten egileak aplikazioak ez baditu plataforma guztietarako garatzen, erabiltzaile batzuk webgunea ezin atziturik geratuko dira, web bertsiorik ez badago.

Badaude kasuak non aplikazioek zentzua duten. Adibidez, gailuaren hardwarea erabili beharra dagoenean (kamera, GPSa...), webaren bidez egitea ez da erraza, edo, kasu batzuetan, ezinezkoa da; edo kontsultatu nahi diren datuak oso aldakorrak ez direnean (hiztegiak, esaterako), aplikazioek Interneterako konexiorik gabe aritzea ahalbidetzen dute. Baina aplikazioek datu eguneratuak online kontsultatu beharra dutenean...

Eta, orokorrean kalterako izanik, zergatik dago joera hori? Tira, erabiltzaileei dagokienez, logikoa da aplikazioak erabiltzea, gailu mugikorrak berariaz prestatuta baitatoz aplikazioak erraz deskargatu eta instalatzeko. Gainera, webgune asko ez daude prestatuta gailu mugikorretan ongi ikusteko. Eta esaten da web-zerbitzu batzuk azkarrago dabiltzala aplikazioetatik nabigatzailetik baino, zerbitzuaren jabeak hala eginda nahita.

Web-zerbitzuen egileei dagokienez, ez da erraza arrazoia ulertzea, ez bada lehen ez zela hain erraza interakzio handiko webguneak egitea. Baina, gaur egun, HTML5 eta AJAX moduko teknologia estandarrei esker, webgune oso interaktiboak egin daitezke, gailu mugikorretara egokituta gainera. Eta behin eginda, edozein gailutatik atzi daiteke, plataforma bakoitzarentzat aplikazio bat egiten ibili beharrik gabe. Hori guztia ikusita, bururatzen zaizkigun arrazoi posible bakarrak izan daitezke ezjakintasuna (sinesten zaila) edo enpresen betiko nagusitasun- eta kontrol-nahia, errazago lortzen dena aplikazioetatik eta irla isolatuz osatutako Internet batean.

Joera aldatzen hasi ote?

Azken aldian, baina, mugimendu garrantzitsuak egon dira joera horren kontrako norabidean, eta gutxien espero zitekeen tokitik etorri dira mugimendu horiek: kontrol eta itxitasunaren defendatzaile den Appleri esker (ez berak hala nahita, baina).

Appleren iPadak izan zuen arrakasta zela medio, paperezko salmentak etengabe behera zihoazela ikusten ari ziren komunikabide eta aldizkari askoren itxaropen handia bilakatu zen iPada. iPadeko aplikazioen bidezko edizio digitalerako harpidetzekin sarrerak berpizteko aukera ikusten zuten, beren azken aukera. Baina Applek, horren jakitun, oso baldintza gogorrak ezarri zizkien beren edukietarako harpidetza eskaintzeko iPaderako aplikazio bat egin nahi zuten komunikabideei: harpidetza-sarreren %30ek Applerentzat izan behar du; harpidedunen datuak Applek kudeatzen ditu, eta komunikabideak ezin ditu eskuratu; komunikabideak harpidetza bere webgunearen edo beste plataformetarako aplikazioen bidez ere eskaintzen badu, hango prezioa ezin da merkeagoa izan; eta aplikazioak ezin du estekarik izan webgunearen harpidetza-tokira.

Bada, kontua da Financial Times-ek ez diela men egin baldintza horiei, eta ez duela iPaderako aplikaziorik garatu: horren ordez, harpidetzak eta edukiak eskaintzeko, HTML5en webgune interaktiboa garatu du. Geroago, Amazon-ek ere garatu du bere HTML5 webgunea, liburu eta aldizkariak bertan erosi eta bertatik irakurtzeko, gauden gailuan gaudela eta aplikazio beharrik gabe, nabigatzailetik.

Bi agente garrantzitsu horien mugimenduak ikusita, Applek bere baldintzak bigundu ditu. Baina, ziurrenik, afera horrek webeko enpresa askori ikusaraziko zien aplikazioek plataformaren ekoizleekiko mendekotasuna dakartela. Ea horri esker HTML5 eta estandar irekiak gailenduz joaten diren eta webaren irekitasun- eta unibertsaltasun-printzipioak nagusitzen diren.

e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
Erantzunen harpidetza
Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10