Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

TMEOren 25 urteen erakusketa

e-gor 2012/08/23 23:05
Gasteizko Zuloan dago ikusgai irailaren 10a bitartean
TMEOren 25 urteen erakusketa

Irudia: TMEO

TMEO komiki-aldizkari gasteiztarrak 25 urte egiten ditu aurten, eta hainbat ekitaldiren bidez ari dira hori ospatzen. Aldizkariaren 100 orriko zenbaki berezia atera zuten, festa bat egin zuten ekainean eta erakusketa bat ere paratu dute.

Hori erakusketori Gasteizko Zuloa Gunean dago ikusgai uztailaren 27tik, eta irailaren 10era bitartean egongo da irekita. Izenburua, aldizkariaren betiko tonuarekin bat, ironia finezko probokazioarekin: 25 anos del TMEO (bai, ANOS ;-). Aukera ederra komiki-aldizkari beterano honen ibilbideari errepasoa emateko!

Rekalde-Ortzadar komiki-lehiaketaren II. edizioa

e-gor 2012/08/19 19:55
Irailaren 14ra arte bidal daitezke lanak euskarazko komikientzat da Deia egunkariak eta Rekalde aretoak antolatutako lehiaketa honetara

Deia egunkariak eta Rekalde aretoak iaz lehenbizikoz antolatutako Rekalde-Ortzadar komiki-lehiaketak bigarren edizioa izango du aurten. Bertara euskarazko 4 orritako komikiak aurkeztu ahal izango dira, irailaren 3tik 14ra bitartean. 1.500 euroko saria izango du irabazleak, eta lan irabazlea eta epaimahaiak aukeratutako beste lan batzuekin erakusketa egingo da Rekalde aretoan; gainera, antolatzaileek berauek argitaratzea izan daiteke. Oinarri osoak helbide honetan aurkitu ditzakezue: http://www.deia.com/2012/06/11/ocio-y-cultura/cultura/deia-egunkariak-eta-rekalde-aretoak-ii-rekalde-ortzadar-komiki-lehiaketa-deitu-dute.

Ea ba, komikigintzan aritzen bazara, parte hartu!

Xabiroiren 26. zenbakia atera da

e-gor 2012/07/26 23:30
Berrikuntza ugarirekin datorkigu Ikastolen Elkartearen komiki-aldizkaria
Xabiroiren 26. zenbakia atera da

Irudia: Xabiroi

Xabiroi komiki-aldizkaria, Ikastolen Elkarteak argitaratzen duena, 26. zenbakira iritsi da. Berritasun anitz dakarzkigu gainera zenbaki honetan. Museo bilduma Harkaitz Cano eta Iñaki G. Holgadoren sail berria, bi komiki-zinta berri (Adur Larrearen Xabiroienea eta Exprairen Pertza ustelaren gogoeta antzuak) eta Irati Jimenez eta Bruno Hidalgoren Aingeru negarra istorio laburra.

Hau da zenbaki honen edukia:

  • Nik neuk egiten dudan Albisteen txokoa
  • Adur Larrearen Xabiroienea umorezko banda
  • Manu Ortegaren Haizea banda
  • Exprairen Pertza ustelaren gogoeta antzuak zinta
  • Kortsarioen ostatua sailaren beste 8 orri, Dani Fanoren gidoia eta Guillermo Gonzalezen irudiekin
  • Loperen Behien Tarzanen 3 orri

Gogoratu iaztik Xabiroi aldizkaria eta bertatik ateratako albumak (Saiak, Piztia Otzanak, TeleAtoi eta Azken garaipena) Euskal Herriko hainbat komikidendetan eskuratu ahal direla (Bilboko Joker (Urkijo zumardia, 27), Donostiako Armagedon (Marzelino Soroa plaza, 2), Gasteizko Zuloa (Correria kalea, 21), Irungo Tinta Comics (Jose Egino kalea, 10) eta Iruñeko TBO (Merced kalea, 28)).

Social networks killed the RSS star?

e-gor 2012/06/10 18:55
Web 2.0 delakoaren arrakastaren gakoetako bat RSSak izan ziren: komunikabide, blog eta webgune ugariren jarraipena errazten duen teknologia, norberaren gustuko gaien informazio-iturri pertsonalizatua osatzeko aukera ematen duena. Hala ere, erabiltzaile-kopuru urria igo zen olatu horretara, sare sozialetan dabilen jendearekin konparatzen badugu. Horregatik, askok aspaldi jo dituzte RSSen hil-kanpaiak, baina bizi-bizirik jarraitzen dute. Eta ikusteko dago sare sozialek iraungo ote luketen RSSak existituko ez balira.
(Elhuyar aldizkariko 2012ko apirileko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Hasieran, Tim Berners-Leek weba egin zuen. Web hura ez zen hain baliagarria: webgune bat edukitzea enpresa edo erakundeen eta informatika-ezagutzak zituztenen esku baino ez zegoen. Informazioa oso estatikoa zen. Eta teknologiak esan zuen: "izan bedi interaktibotasuna". Eta hala izan zen. Eta ikusi zuen jendeak interaktibotasuna ona zela, eta bereizi egin zuen hasierako webetik: berriari Web 2.0 eman zion izena eta aurrekoari Web 1.0. (Genesia, 1:1)

Bibliarekiko paralelismoen txantxa gorabehera, ezin ukatuzkoa da Web 2.0 delakoak aldaketa handia ekarri zuela aurrekoarekiko: webguneak askoz interaktiboagoak ziren, informatikarik jakin gabe egin zitezkeen, jende arrunt asko hasi zen webguneak eta blogak izaten... Baina aldaketa garrantzitsuenetakoa, zalantzarik gabe, RSSak izan ziren.

Webgune eta blog ugari askotan eguneratzen hasi ziren arren, ez zen erraza gustuko zenituenen jarraipena egitea: denetan banan-banan sartu beharra, sarritan aldaketarik ez aurkitzeko, edo irakurri genuen azkena zein izan zen ez gogoratzeko. Baina, orduan, webgune horiek RSS bertsio bat ere argitaratzen hasi ziren: albiste edo artikulu berriak argitaratzeko formatu bat, egitura ongi definitu baten bidez adierazten zuena albistearen eremu bakoitza (izenburua, egilea, data, edukia, esteka...). Horri esker, programa eta zerbitzuak sortu ziren gure gogoko webgune eta blogen RSSak irakurtzen zituztenak eta zerbait berria zegoenean abisatzen zigutenak. Hala, informazio-iturri askoren jarraipena gune zentral bakar batetik egiteko aukera sortu zen. RSSei buruz hitz egin genizuen web semantikoaz aritu ginenean Mundu digitala atalaren bigarren artikuluan.

Askorentzat, neu barne, iraultza handia izan zen hura, bizitza erabat aldatzeraino. Nik ez dakit zer egingo nukeen RSSak edo RSS-irakurgailuak desagertuko balira. Haiei esker, nire gustuko gaiak, pertsonalak zein profesionalak, argitaratzen dituzten ehunka guneren jarraipena egiten dut modu errazean. Nolabait, nire komunikabide pertsonalizatua dut nire RSS-irakurgailuan. Eta pentsatzen nuen jende guztia pasatuko zela horretara lehenago edo beranduago. Baina denborak aurrera egin du, eta hori ez da gertatu. Jende geek edo teknozale samarrak soilik erabiltzen du.

Sare sozialen oldarra

Aldiz, duela bizpahiru urtetik hona, jende guztia sare sozialetan sartzen ari da. Twitter, Facebook eta enparauen erabilera bai izan dela masiboa. Ez dago ukatzerik erabiltzaile-kopuruan RSSak askogatik gainditu dituztela.

Eta RSSen jarraitzaile leial askori ulertezina gertatzen zaie. Begira zer dioen Marshall Kirkpatrick ReadWriteWeb teknologiari buruzko blogaren koeditoreak horri buruz: "RSSak irakurtzeko softwarea ez erabiltzea azken aldiko teknologiaren historian gizateriaz okerren hitz egiten duen gertaeretako bat da. Etsigarri da mundu osoan demokratikoki argitaratzen diren iturri fidagarri eta askeen informazio-kanal dinamikoak eguneratzeko biltegi pertsonalizatu eta zentralizatu bat teknologikoki baztertuta Facebook-eko Flash joko buru-usteltzaileek ordezkatu izana, telebistaren promesa den errealitatea bihurtu eta hezkuntza publikoaren ametsak puskatan hautsi zirenean bezain etsigarria. (...) Ikaragarria da. Dena jaso eta etxera joateko modukoa da."

Tira, ni berak dioen gauza askorekin ados nago, baina ez dut hain gaizki ere hartzen (agian hainbeste desengainurekin jada ez dudalako gizadiarengandik hainbeste espero?)... Azken finean, zibermundua mundu errealaren isla besterik ez da. Eta askoz jende gehiago dago tabernetan ibiltzen dena egunkariak irakurtzen baino; hori baitira sare sozialak nagusiki, jendearekin egoteko tokia. Bestalde, sare sozialak ez dira flash jokoak soilik: informatuta egoteko modu bat ere badira, baina gustuko komunikabideen bitartez izan beharrean, lagunen bidez; eta sare sozialetako lagun horiek komunikabideak ere izan daitezke, gaur egun denak baitaude haietan.

Ni gehiago kezkatzen nau sare sozialen beste efektu batek: bertan sortzen den edukia, sarritan, arina da (luzeran mugatuta daude bertako edukiak, eta gaiak ere informalagoak izan ohi dira), oso efimeroa (ez dago eduki zaharra berreskuratu edo aurkitzerik) eta ez irekia (eduki asko lagunentzat soilik da); baina haietan aktiboki aritzeak denbora handia eskatzen du, eta blogetan edo webgune pertsonaletan kalitateko edukia sortzeko denbora gutxiago dago. Nik inpresioa dut sare sozialak daudenetik blogetan gutxiago idazten dela, eta hori kezkagarria izan daiteke euskara bezalako hizkuntza txikientzat. Gainera, berriz ere komunikabide profesionalen esku gelditzen bada mamidun edukia sortzea, pikutara Web 2.0-k ekarri zuen sorkuntzaren demokratizazioa...

Edonola ere, sare sozialek erabiltzaile askoz gehiago izateak ez du esan nahi RSSak hilda daudenik, toki askotatik aspalditik hori iragarri badute ere, bizi-bizirik darrai. Artikulu honen izenburua inspiratu duen eta MTV katea inauguratzeko erabili zuten The Buggles taldearen Video killed the radio star abestiak 1981ean iragarri zuen irratiaren heriotza, eta 30 urte geroago, begira.

Heriotzek titular deigarriagoak egiten dituztelako egiten dira horrelako sententziak, edo errege zaharra hil beharra dagoelako berria aldarrikatzeko. Baina ez du zertan beti garaile bat egon; elkarbizitza ere posible da, eta, kasu honetan, beharrezko ere bai, esango nuke. Izan ere, ni konbentzituta nago sare sozialak, lehen urratsean, neurri handi batean behintzat, RSSak erabiltzen dituzten jendearengandik elikatzen direla. Erabiltzaile horiek izaten dute informazioaren berri, eta sare sozialetan partekatzen dituzte. Hortik hasten da informazioa zabaltzen. Horiek gabe, agian, eduki askoz gutxiago legoke sare sozialetan eta ez lirateke hain interesgarriak izango.

Kutxa Kultur Komikia 2012

e-gor 2012/06/07 21:20
Lehiaketan izen emateko epea ekainaren 30a da, eta lanak aurkeztekoa uztailaren 15a
Kutxa Kultur Komikia 2012

Irudia: Kutxa Kultur Komikia

Kutxak antolatu eta iaz lehen edizioa izan zuen Kutxa Kultur Komikia lehiaketaren 2012ko edizioa martxan da, marrazkilari berriak ezagutarazteko helburuarekin.

Parte hartzeko izena ematen dutenei bi istorio ematen zaizkie aukeran, eta horietako baten inguruan gidoi bat landu eta bost orriko komikia osatu beharko dute. Lehen hiru sailkatuentzako sariak 900, 400 eta 200 eurokoak izango dira. Horrez gain, lan irabazleak eta hautatutako beste batzuk estatu mailako banaketa izango duen argitalpen batean agertuko dira.

Izena ekainaren 30a baino lehenago eman behar da, eta egindako komikia aurkezteko azken epea uztailaren 15a da.

Informazio gehiago, lehiaketaren web orrian.

"Juan Carlos Egillor eta Bilbo" erakusketa

e-gor 2012/05/21 19:55
Bilboko Foru Liburutegian dago, ekainaren 15a bitartean
"Juan Carlos Egillor eta Bilbo" erakusketa

Irudia: Juan Carlos Egillor

Iaz hildako Juan Carlos Egillor komikigile, margolari, ilustratzaile eta zinegilearen lanaren inguruko erakusketa dago ikusgai Bilboko Foru Liburutegian ekainaren 15a arte.

Berak egindako kartel ugari (Bilboko jaietakoak, esaterako) eta diskoen portada asko (Ruper Ordorika, Oskorri...), bere berezko estilo horrekin, oso ezagunak dira. Baina komikigintzaren munduan ere famatua zen oso, Euskal Herrian zein gure mugetatik kanpo. El Correo Español, Egin, El Pais eta beste egunkari askorentzat egin zituen komiki-bandak (Mari Aguirre, Miss Martiartu...), eta baita Euskadi Sioux aldizkarian hainbat lan ere.

Ezaguna baduzu bere lana, orain duzu aukera bere lanen atzera begirako honen bidez bere obraz gozatzeko; eta ez baduzu ezagutzen, bere lanak deskubritzeko! Hona hemen, aperitif gisa, Kartelartean blogeko erakusketaren argazki batzuk eta iruzkina.

Asterix-en beste bi album berrargitaratu dira euskaraz

e-gor 2012/05/16 23:05
"Galiako itzulian" eta "Asterix eta Kleopatra" atera berri ditu Salvatek
Asterix-en beste bi album berrargitaratu dira euskaraz

Irudia: Uderzo / Salvat

Salvat argitaletxeak jarraitzen du René Goscinny eta Albert Uderzoren Asterixen komikiak berrargitaratzen (duela urte batzuk ateratakoak aspalditik zeuden deskatalogatuta). Ordena kronologikoari jarraitzen diete eta binaka ateratzen dituzte, beraz oraingoan Galiako itzulian eta Asterix eta Kleopatrari tokatu zaie. Momentuz aurresalmentan ageri dira online liburudendetan, baina laster egongo direla suposatzen da...

Segi dezatela horrela, klasiko bikain hau euskaraz merkaturatzen!

Software librea, lau frikiren kontua baino askoz gehiago

e-gor 2012/05/13 22:55
"Software librea" terminoak Linux ekarriko dio gogora jende gehienari, informatikari batzuek Windows-en ordez erabiltzen omen duten sistema eragile arraro hori. Eta egia bada ere software librea Linuxekin hasi zela zabaltzen eta ezagun bihurtzen, gaur egun software librearen mugimendua askoz gehiago da. Hainbeste, non hura gabe mundua ez bailitzateke izango gaur ezagutzen dugun bezalakoa.
Software librea, lau frikiren kontua baino askoz gehiago

Irudia: Larry Ewing

(Elhuyar aldizkariko 2012ko martxoko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Ordenagailuek, beste teknologia askok bezala, historia luzea izan dute gizarte osora hedatu aurretik, uste duguna baino luzeagoa. Mundu akademiko-unibertsitarioan sortu ziren XX. mendearen hasieran lehen konputagailu analogikoak, teknologia elektro-mekanikoa zerabiltenak. 2. Mundu Gerraren aurretik eta bitartean bultzada handia izan zuten, etsaien komunikazioak deszifratzeko erabiltzeko, eta orduan sortu ziren ordenagailu elektroniko digitalak, rele, kondentsadore eta balbulekin funtzionatzen zutenak. 50eko hamarkadan hasi ziren berauetan transistoreak erabiltzen, eta 60koan zirkuitu integratu eta mikroprozesagailuak. Hauek poliki-poliki tamaina eta prezioz jaisten joan ziren eta 80ko hamarkadatik aurrera hasi ziren bihurtzen erabilera orokorreko.

Bitartean, 50-80ko hamarkaden arteko garai horretan, konputagailuak makina handi eta garestiak ziren, eta unibertsitateetan eta enpresa handietan soilik zeuden. Horientzat egiten zen softwareari dagokionez, ohikoa zen doan eta libreki zabaldu eta banatzea, beste batzuen softwareari ekarpenak egitea... Batetik, mundu akademikoan aurkikuntzak argitaratu eta partekatzea ohitura izan delako beti; bestetik, ordenagailu-ekoizleek ere begi onez ikusten zutelako beren makina garestiak erabilgarriago bihurtzen zituzten programak doan eta erraz eskuratu ahal izatea. Hacker filosofia eta garaia izan zen.

Alabaina, 1980an copyright legea softwarera hedatu zen. Eta konputagailuak izaten ari ziren zabalkundea zela eta, softwarea negozio-aukera bihurtu zen, eta software-enpresak sortu ziren, softwarearen kode bitarra edo konpilatua soilik saltzen zutenak, ez iturburu-kodea.

Panorama berri haren aurrean, MITeko (Massachusetts Institute of Technology) Adimen Artifizialeko Laborategiko Richard Stallman-ek erakunde hura utzi eta FSF (Free Software Foundation edo Software Librearen Fundazioa) sortu zuen, berak ezagutu zuen hacker filosofia berreskuratu eta software librea bultzatzeko helburuarekin. Haren ustez, softwareak libre izan behar du; uste duelako, batetik, ezagutza partekatzea ezinbestekoa dela gizarteak aurrera egiteko eta, bestetik, libre izateak kalitate hobeko programak egitea ahalbidetzen duela.

Baina zehazki zer da software librea? Definizioa FSFk argitaratu zuen 1986an, Stallmanek idatzia. Software bat librea da berorren erabiltzaileak lau askatasun baditu (informatikan ohikoa den 0-tik hasitako numerazioa erabiliz):

  • 0. askatasuna: helburua edozein dela ere, programa exekutatzeko askatasuna.
  • 1. askatasuna: programa aztertu eta norberaren beharretara egokitzeko askatasuna.
  • 2. askatasuna: programa kopiatzeko eta kopiak banatzeko askatasuna.
  • 3. askatasuna: programa hobetzeko askatasuna eta hobetutako bertsioa zabaltzeko askatasuna, edonork etekina atera diezaion.

Askatasun horiek bermatzeko, nahitaezkoa da programen iturburu-kodea irekia izatea. Bestalde, software librearen definizioaz gainera, FSFk eta Stallmanek copyleft kontzeptua ere ezagutarazi zuten (libre banatzen den softwarea aldatu edo hobetuz gero libre izaten jarraitzea; software libre askok baldintza hau betetzen du, baina ez da derrigorrezkoa eta ez dute denek betetzen), eta software librea copyleft bidez banatzeko lehenengo lizentzia asmatu (GPL edo General Public License).

Stallman
Richard Stallman, FSF Software Librearen Fundazioaren sortzailea.
Argazkia: Gisle Hannemyr/Creative Commons/Aitortu eta partekatu baimen beraren arabera

Stallmanek MIT utzi eta FSF abiarazi aurretik GNU proiektua ere jarri zuen martxan, zeinaren helburua baitzen ordenagailu batean behar den sistema osoa eta programa ohikoenak software libre moduan izatea. 1991rako eginak zituzten oinarrizko sistema batek behar dituen programa gehienak (Richard Stallmanek berak egin zituen softwarea garatzeko beharrezko diren tresna asko, oraindik ere asko erabiltzen direnak, hala nola Emacs testu-editorea eta GCC C konpilatzailea), eta Linus Torvalds izeneko ikasle finlandiar batek osatu zuen eskema, falta zen sistema eragilearen nukleoa garatuz. Sistema eragilea UNIX sistemen berdina zen, eta Linux izena jarri zion.

Linux baino askoz gehiago

Orduan hasi zen zabaltzen poliki-poliki software librea, Linuxen bidez, Windowsen monopolioa hautsi nahian. Eta geroztik, Linuxekin lotzen du jende askok software librea, eta horregatik dago hain zabaldua lau informatikari frikiren gauza delako ustea. Eta egia da Linuxek ez duela hedapen handiegia erabiltzaile arruntak ezagutzen duen alorrean, etxe eta enpresetako mahaigaineko ordenagailuetan eta eramangarrietan alegia: %1 ingurukoa besterik ez da Linuxen erabilera.

Baina software librea ez da Linux soilik. Bestelako programa asko dira software librea: Mozilla Firefox eta Google Chrome web-nabigatzaileak (bien artean merkatuaren erdia baino gehiago hartzen dute), LibreOffice ofimatika programa-sorta, GIMP marrazketa-programa, Blender 3Dko diseinurako softwarea...

Eta erabiltzaile arrunten ordenagailuak ez diren alor askotan, software librea nagusi da. Zientziaren aurrerabidea ahalbidetzen duten superordenagailuetatik, adibidez, % 90etik gora Linuxekin dabil.

Halaber, web-zerbitzarien % 60k baino gehiagok ere Linux du sistema eragiletzat. Eta hauetan erabiltzen den software gehiena ere librea da: Apache, nginx edo lighttpd web zerbitzariak (%75eko merkatu-kuota, Apachek soilik %65), MySQL datu-basea, Python, Perl eta PHP programazio-lengoaiak, MediaWiki (Wikipediak erabiltzen duen softwarea), Drupal, Joomla!, Plone edo WordPress CMS (Content Management System) softwareak, eta beste ugari. Horiek guztiak egon ez balira, ziurrenik ez litzateke existituko ezagutzen dugun Internet: webguneak, blogak eta abar ostatatzeko zerbitzuak askoz garestiagoak izango ziren software-lizentziengatik, eta gizabanako edo enpresa txiki askok ezingo lituzkete kontratatu.

Smartphone eta tableten arloan ere garrantzitsua da software librearen presentzia, 2010eko urriko zenbakian esan genizuenez. Googlek gailu horietarako garatutako eta Linuxen oinarritutako Android sistema eragileagatik ez balitz, sistema eragile propioa garatzeko kostua eta sistema eragile horren inguruan aplikazio-kopuru erakargarri bat lortzeko zailtasuna direla medio, beste ekoizleentzat lan nekeza litzateke Applek lortutako de facto monopolioa haustea, eta ez litzateke egongo alternatiba egokirik haren produktu garesti eta itxientzat. Aldiz, horri esker, gaur egungo smartphoneen erdiak baino gehiagok sistema eragile librea du, eta tabletetan ere gora doa poliki-poliki Android dutenen kopurua. Eta berdina gertatzen da aurten zabaltzen hasiko omen diren Internetdun telebisten arloan ere, 2010eko azaroan kontatu genizuen Google TV eta Appleren telbistaren gaiarekin.

Gainera, programa libre asko, edozeinek aldatzea posible denez, luzapen edo pluginen bidez funtzionalitate berriak erraz gehitzeko prestatuta daude. Eta benetan harrigarria da jendearen ekarpenei esker software libre batzuen inguruan sortu den pluginen ekosistema, mila gauza egitea ahalbidetzen digutenak. Hauen adibideak dira Firefox, GIMP, MediaWiki, WordPress...

Azkenik, ezin aipatu gabe utzi software libreak izan duen eragina beste esparru batzuetan, hala nola argazkigintzan, literaturan, musikan, entziklopediagintzan eta ikus-entzunezkoetan, kultura librearen ideia sortzen...

Software librea jada ez da hacker idealista gutxi batzuen utopia zoroa: ez da hacker idealista gutxi batzuen kontua, enpresa asko eta oso garrantzitsuak (Google esate baterako) ari direlako software librea bultzatzen eta finantzatzen (nahiz eta interes ekonomiko propioak izan: enpresa horientzat merkeagoa da tresna libreak erabili, hobetu eta beren beharretara egokitzea, zerotik hasita garatzea baino); eta ez da utopia zoro bat, jada gure mundua aldatu duen errealitate bat delako.

AlhondigaKomik 2012ko programa

e-gor 2012/04/29 23:45
Komikien inguruko ekitaldi ugari antolatu ditu, beste behin, Bilboko Alhondegiak
AlhondigaKomik 2012ko programa

Irudia: AlhondigaKomik

Bilboko Alhondegiak, AlhondigaKomik programaren barruan, urtero antolatzen ditu komikiaren inguruko hainbat ekitaldi, eta aurten ere hala egin du. Hauek dira antolatu dituen ekintzak:

Tailerrak

Mahai-ingurua

Ikastaroa

Beste batzuk

Tim Berners-Leek WWW2012 kongresuko irekiera-hitzaldian eta "Web as a human right?" mahai-inguruan esandakoak

e-gor 2012/04/20 01:20
Biziki gauza interesgarriak esan ditu, ohi bezala, webaren asmatzaileak
Tim Berners-Leek WWW2012 kongresuko irekiera-hitzaldian eta "Web as a human right?" mahai-inguruan esandakoak

Argazkia: Igor Leturia

Sir Tim Berners-Lee webaren asmatzailea da. Berari bururatu zitzaion, 90eko hamarkadaren hasieran, elkarri estekatutako dokumentuen sare deszentralizatuaren ideia; berak sortu zituen webaren oinarri diren HTTP protokoloa eta HTML formatua; eta berak eraiki zuen lehen web zerbitzaria. Horrez gain, 1994an World Wide Web Consortium edo W3C erakundea sortu zuen, webaren estandar, kontzeptu, formatu eta gauza berrientzako gidalerroak zehazten dituen erakundea, eta beronen zuzendaria da geroztik. Bera da, halaber, web semantikoa eta linked data kontzeptuen sortzailea eta berauen bultzatzaile nagusia.

Ikusten denez, pertsona oso garrantzitsua da eta bere eragina itzela izan da eta da gaur egungo gizartean. Eta hala ere, informatikarien mundutik kanpo, jende oso gutxik ezagutzen du. Pentsa dezakegu normala dela, azken finean bera ingeniaria da eta bere asmakizunak eta egiten dituenak kontu teknikoak dira, eta jende normalari ez zaizkio horiek axola. Baina gaur egun weba gauza tekniko bat baino askoz gehiago da, gure gizartean eta eguneroko bizitzan barruraino sartuta dagoena. Horregatik, webaren eboluzioak garrantzi handia dauka gure bizitzetan, eta horretan zeresan handia du Berners-Leek. Eta bere ideiak eta esaten dituenak maila tekniko soiletik askoz haratago doaz, eta edonorentzako gauza benetan interesgarriak esan eta bultzatzen ditu.

Laneko kontuengatik Lyonen nago, W3C-k berak antolatzen duen WWW2012 kongresuan, eta atzo Sir Tim Berners-Leek emandako irekiera-hitzaldia edo keynotea eta gaur "Web as a human right?" berak parte hartu duen mahai-ingurua entzuteko aukera izan dut. Blog honetan edo Elhuyar aldizkarian idazten ditudanak irakurri ohi badituzu, konturatuta egongo zara lehendik ere bere jarraitzaile naizela eta bere egin-esanak askotan erabili izan ditudala gaitzat, baina lehenengo aldia izan da zuzenean ikusteko aukera izan dudana. Eta zinez inspiragarria izan da.

Atzoko hitzaldiaren hasieran, Webak eta Internetek hasieratik beraien diseinu teknikoan izan dituzten ezaugarriak aipatu zituen: askatasuna, dezentralizazioa eta irekitasuna. Eta orain weba gizarte-fenonemo bat delarik, azpimarratu zuen ezaugarri horiek ere mantendu behar direla bere erabileran. Hango audientziari, nagusiki informatikari, programatzaile, geek eta hackerrez osatua, eskatzen zigun horretan busti behar dugula. Ni guztiz ados nago; baina gizarte osoari dagokion kontua ere bada.

Askatasunari dagokionez, mehatxu handia ikusten du gailu mugikorretan. Ordenagailu arrunt batean, nahi duzuna instalatu dezakezu, zuk programatu dezakezu... Gailu mugikorretan, hala nola smartphone eta tabletetan (batzuetan beste batzuetan baino gehiago), askatasun hori mugatuta dago: instalatu dezakezuna fabrikatzaileak ematen dizun repertorio batek mugatuta dago. Bere ustez, ez genuke hori onartu behar.

Horrekin lotuta, ez du egokia ikusten komunikabide, argitaratzaile edo bestelako eduki sortzaileek gailu mugikorretarako aplikazioak egitea. Web interkonektatu bakarra hausten da horrekin eta "lorategi hesituen" mundura itzuli (horri buruz idatzi dut hemen); gainera, gailu minoritarioago batzuk horrako atzipenik gabe gelditu daitezke. Web garatzaileoi esan zigun, enpresa batek gailu baterako app bat egiteko eskatzen digunean, konbentzitu behar dugula web aplikazio bat egiteko horren ordez, HTML 5 teknologiarekin nahi adina interakzio izan dezakeela eta edozein gailurentzat eskuragarri egongo dela ikusaraziz.

Dezentralizazioari buruz, bere kezka azaldu zuen interneten eta webaren osagarri funtsezkoenetako bat, DNS edo domeinu-izenen sistema, oraindik ere zentralizatuta dagoelako. ICANN AEBetako erakundeak soilik kontrolatzen ditu eta erabaki ditzake domeinu-izenak, eta bere ustez horrek nazioartean banatuta egon beharko luke.

Honen haritik, galderen txandan esan zioten ea ez dagoen kezkatuta webeko jarduera gero eta handiagoa Facebook-en zentralizatuta dagoelako: jendea horren bidez komunikatzen da lagunekin posta edo beste txaten ordez, enpresa eta marka asko ere bertara pasatzen ari dira beraien webguneak eta bertako helbidea da partekatzen dutena... Berners-Leek adostasuna agertu zuen horrekin, baina espero du jendea konturatuko dela kanpoan dagoen aberastasun handiagoaz eta aterako dela beste "lorategi hesitu" horretatik ere.

Irekitasunaz, uste du gobernu eta erakunde publikoek datuak (datu demografikoak, estatistikoak...) ireki behar dituztela eta herriaren esku jarri, horrekin gauza ikaragarriak egiteko potentziala baitago. Halaber, dei egin zigun enpresa handiei (Google, Facebook...) norberari buruz dituzten datuak eska diezaiegun: guri buruz duten informazio horrekin guztiarekin (non nabigatzen dugun, zein bilaketa egiten ditugun, zein gauza atsegin ditugun...), gure ordenagailuetarako aplikazio oso potenteak egin ahal izango lirateke, zerbitzu hobeagoak eskainiko lizkiguketenak publizitate pertsonalizatua baino (horretarako besterik ez baitute erabiltzen guri buruzko informazio hori enpresa horiek).

Hiru gai horiez gain, tarte zabala eskaini zion pribatutasunaren aferari. Enpresek guri buruzko informazioaren pribatutasunari dagokionez, neurri bateraino kezkatzen du: enpresek guri buruz duten informazioa beste batzuei saltzeko erabiltzea oker dago eta ez litzateke egin beharko, baina ez du uste hori hain praktika ohikoa denik, ze azken finean ez da hori izaten enpresa gehienen negozioaren muina, eta hori egiten dutenak luzera merkatuak zigortzen ditu. Baina ez du konpartitzen batzuek enpresek guri buruzko informazioa erabiltzearekin duten kezka, hori guri zerbitzu hobeago bat emateko erabiltzera mugatzen bada. Arropa denda baten adibidea jarri zuen: frakak erosten dituen dendako saltzaileak bere fraken neurria aurreko alditik gogoratzea ondo dago, beti probatzen ibili beharrik gabe (zerbitzu ona ematearen betiko maxima bat izan da "ezagutu zure bezeroa"). Edonola ere, enpresek beraien informazioa ezertarako ere ez gorde eta erabiltzea nahi dutenek ere horretarako eskubidea dutela deritzo eta enpresek hori errespetatu behar dutela; horretarako, W3C-k HTTP protokoloan aukerako "do not track" goiburu bat sartzea proposatu du: webgune batek hori duen eskaera bat jasotzen duenean, ez luke gorde beharko bezeroaren inongo daturik, ezta zerbitzu hobea emateko ere. Nabigatzaile ia guztiek inplementatu dute jada aukera hori, baina ikusi behar ea enpresek errespetatuko duten... Horretarako, erabiltzaileok egin beharko presioa.

Aldiz, oso kritiko agertu zen segurtasunaren izenean herrialde askotan gobernuek Interneteko komunikazio guztiak rastreatu ahal izateko bultzatzen ari diren legeekin: ACTA, SOPA, PIPA, CISPA... Susmo nahikoak dauden kasuetan edo epaileen agindupean agian, baina ez du uste indiskriminatuki eta prebentiboki egin behar denik. Ez da soilik jendearen pribatutasuna babesteagatik (hori ere bai), baina demokrazia bera arriskuan legokeela uste du. Eta datu horiek crackeatuta lapurtzen badituzte? Eta politikarien datuak ere badaude eta hauei xantaia egiteko erabiltzen badira? Eta gobernu ustel batek oposizio edo disidentziaren aurka erabiltzen baditu? Edo funtzionario ustel batek bere probetxurako? Edo...? Dei publiko sutsua egin zuen, kalera atera eta lege horien aurka protestatzeko.

Era berean, Frantzian ginenez, mahai-inguruan oso gogor ekin zion HADOPI legearen aurka, egile-eskubideez babestutako edukia deskargatzeagatik Internet konexioa moztea ahalbidetzen duena. Erokeria eta erridikulua dela deritzo. Lehen ardiak lapurtzeagatik eskuak mozten zituzten herrialde batzuetan, baina orain gauzak ez dira horrela egiten. Bai eskuak eta bai Internet konexioa beste gauza batzuetarako erabiltzen direlako eta behar direlako... Nerabe batek abesti batzuk jaitsi dituelako gelditu behar dira bere anai-arrebak etxeko lanak egin ezinik eta bere gurasoak lanik egin ezinik? Ez du zentzurik...

Amaitzeko, ez dago ziur Weba giza-eskubide izendatzearen egokitasunaz. Baina bera lanean ari da mundu guztiko jendeak Weberako atzipena izan dezan, beste batzuen artean helburu hori duen World Wide Web Foundation erakundearen sortzailea ere baibaita.

Ikusten duzue, kontu tekniko hutsetatik harago gizarte osoarentzat gauza garrantzitsuak diren kontuez hitz egiten duela; ikuspegi ikaragarria du eta gauzak ederto azaltzen ditu, mezu bat du eta oinak lokatzetan sartzeko ez du beldurrik. Eta hala ere, jende askorentzat ezezaguna da eta egun hauetako hitzaldiek ez dute oihartzun mediatiko handirik izan eta oso jende gutxik jarraitu ditu... Konparatzen dudanean bere gailu moñoño garestien berrikuntzak aurkeztu besterik egiten ez zituen beste ingeniari haren hitzaldiek zuten jarraipenarekin, bere gailuetan zer egin genezakeen kontrolatu eta mugatzen zigun harenekin, negargura sartzen zait...

(Oharra: Hitzaldia eta mahai-ingurua ez ditut online aurkitu. Goiko esteketan Euronews-en beraiei buruz eman duten informazioa dago. Baina atzo goizean, irekiera-hitzaldiarekin kointzidituz, The Guardian-ek Berners-Leeri eginiko elkarrizketa bat argitaratu zuen, audioak online jarriz; hitzaldiko gauza batzuk bertan ere esaten ditu)

e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
Erantzunen harpidetza
Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10