Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

"Hona bostekoa!", Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren bost komikien bilduma

e-gor 2023/12/06 09:06
Mattin, Eñaut Aiartzaguena, Unai Gaztelumendi, Aritz Ibarra eta Kotetok Usurbil, Amasa-Billabona, Leitza-Berastegi, Bera-Lesaka-Sara-Urruña eta Bergaran egindako egonaldietan tokiotan kokatutako istorio bana ondu dute, eta Axpik azala jarri die
"Hona bostekoa!", Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren bost komikien bilduma

Irudia: Ainara Azpiazu Aduriz "Axpi"

Geuretik Sortuak Udalbiltzaren egitasmo bat da, zeinean zenbait diziplinatako sortzaile batzuek Euskal Herriko zenbait udaletan egonaldiak egiten dituzten eta ondoren bertan girotutako euskarazko lanak sortzen dituzten. Lehen edizioan zinema, antzerkia eta literatura izan ziren diziplinok, baina literatura modalitatean komiki bat ere egin zen, Mattinen Aska hain zuzen ere.

Bada, bigarren edizioan modalitate bat egon da berariaz komikientzat, eta bost komikigilek egin dute egonaldia eta komikia. Bost lanak Hona bostekoa! liburuan batera atera dituzte.

Aritz Ibarra Bera, Lesaka, Sara eta Urruñan izan da, eta Aldaxka pozoituak izenburudun istorioa ondu du, Lehen Mundu Gerran Frantziagatik hil zirenen edota hegoaldera desertatutakoen zorigaitzen ingurukoa. Eñaut Aiartzaguenak Amasa-Billabona inguruko basoetan girotutako komikia egin du, Gure basoak, ingurumena, tradizioa eta mitologia nahastuz. Kote Camacho Kotetok Txillardegi Bergaran istorioan euskalari handiak Telesforo Monzonekin bizitakoak kontatzen ditu. Iñaki Martiarena Mattin Usurbilgo ondare kulturalaz ari zaigu Handantza istorioan. Eta Unai Gaztelumendik Leitza eta Berastegiko herritarrek probintziako muga dela-eta daukaten buruko Harresia dakarkigu. Liburuak Ainara Azpiazu Axpiren azala du. Proiektu eder baten emaitza ederra, istorio jakingarri eta ederrekin.

Euskal kulturaren transmisioan aitzindari izan diren emakumeak, "Gora euskal herrientsak!" komikian

e-gor 2023/12/05 19:19
Asisko Urmenetaren komiki berria Begiraleak EKE, Erroa, Herrima eta Gureberriak etxeek atera dute lankidetzan
Euskal kulturaren transmisioan aitzindari izan diren emakumeak, "Gora euskal herrientsak!" komikian

Irudia: Asisko Urmeneta

Asisko Urmenetak ez du hutsik egiten Euskal Herriaren historiaren atal ezkutatu eta deuseztatuak ezagutarazteko urteroko komikiaren zitari dagokionez. Oraingoan are ezezagunagoak (hori posible bada) diren kontuak dakarzkigu: XIX. eta XX. mendeetan euskal kulturaren transmisioan aitzindari izan diren emakumeen historia, hain zuzen. Gora euskal herrientsak! du izenburua Begiraleak EKE, Erroa, Herrima eta Gureberriak elkarteek eta etxeek lankidetzan atera duten lan honek.

Kapitolina Buztintze Larrondo uxuetarra (Nafarroaren historiaren Konpendioa eta irakaskuntza material zenbaiten egilea), Jule Fernandez Zabaleta iruindarra (irakaslea, pedagogia berritzaileen eta euskararen bultzatzailea, Emakume Abertzale Batzako kide, Lehenbiziko Eusko Jaurlaritzan Euskal Unibertsitatea sortzeko batzordeko kide...), Malena Jauregiberri Erbin aloztarra (irakaslea, euskaltzalea, idazlea, nazien kontrako erresistentea, Begiraleak iparraldeko emakume abertzaleen elkarteko lehendakaria, euskaltzain urgazlea...), Katalina Alastuei Garaikoetxea iruindarra (irakaslea, Emakume Abertzaleen Batzako lehendakaria, Eusko Ikaskuntzako eta Euskeraren Adiskideak-eko kide...) edota Elbira Zipitria Irastortza donostiarra (irakaslea, pedagogia berritzaileen sustatzailea, ikastolen sortzaileetarikoa, Emakume Abertzale Batzako kidea...) dira komikian ezagutuko ditugun emakumeetako batzuk, beraien arteko egiazko zein alegiazko topaketen kontaketaren bitartez.

Horrez gain, Konpendioa eta besteren aitzakian Euskal Herriaren historiako zenbait atalen berri ere emango zaigu bide batez: XVII. mendea, Arturo Kanpion eta Sabin Aranaren arteko eztabaidak... Jule Fernandezek 1924an, Primo de Riveraren diktadura garaian, egindako hitzaldi feminista abertzale baten zati bat ere erreproduzitzen da, Dom Campistronek ilustratuta. Herri bezala iraun nahi badugu ezagutu behar ditugun kontuak denak, Asiskoren estilo pertsonal bereizgarri imitaezinean kontatuta.

"Persepolis" ere euskaraz! Irene Arraratsek itzuli du eta Elkar-ek atera

e-gor 2023/12/04 10:20
Irango historia hurbila haur baten ikuspegitik kontatzen duen Marjane Satrapiren komiki bikaina, euskaraz ateratzen ari diren klasikoen azkena
"Persepolis" ere euskaraz! Irene Arraratsek itzuli du eta Elkar-ek atera

Irudia: Marjane Satrapi

Euskarazko komikigintza zorioneko dago azken urteotan, lan ugari eta onak ateratzen ari baitira, eta itzulpenak ere gero eta gehiago eta hobeak. Iaz, gainera, mugarri diren zenbait kontu gertatu ziren, hala nola lehenbizikoz manga euskaraz izatea edota Julen Gabiriak "komikiaren zortzimilakoak" deritzenak euskaraz ikusten hastea, Mausekin. Bada, bi joerek aurrera jarraitu dute aurten ere, 10 mangatik gora baititugu jada euskaraz, eta zortzimilakoetatik beste bi atera baitira aurten: Joe Saccoren Palestina eta Marjane Satrapiren Persepolis. Izan ere, "eleberri grafiko" deritzen motako komiki hauetan gailur eta ezagunen diren hiru komikiak izango baitira hiru horiek ziurrenik. Astiberrik atera zituen iaz Maus eta aurten Palestina, soilik euskaraz ateratzeko eskubideak lortuta gainera, eta orain Elkar argitaletxeak dakarkigu Persepolis, Irene Arraratsek itzulita.

Marjane Satrapiren komiki honek haur baten ikuspegi autobiografikotik kontatzen du Irango historia hurbila, 1980 eta 1990ko hamarkadak zehazki: diktadura, iraultza, erregimen integrista, Irakekiko gerra... Jatorrian lau tomotan atera zen 2000 eta 2003 bitartean, eta geroztik tomo bakarrean atera izan da osorik, euskarazko edizio honetan bezala.

Blog honetan eta bestelakoetan sarritan izan dut hizpide Persepolis: artikulu oso bat eskaini genion 2005ean (bloga ia hasi berritan), Intxaurrondoko komiki-solasaldietara eraman nuen 2017an, Arrasateko Udal Bibliotekaren komiki-gidako 10 gomendioen artean sartu nuen... Argi dago oso gogoko dudala, oso ona baita. Berri ikaragarri pozgarria da, beraz, klasiko hau gure hizkuntzan gozatu ahal izatea. Eta jarrai dezala boladak eta horrelako gehiago ikus ditzagula!

Beste bost manga Kabe-ren eskutik

e-gor 2023/12/03 20:48
Heroines game 3, Dinosaurs sanctuary 2 eta 3 eta Girls' last tour 1 eta 2
Beste bost manga Kabe-ren eskutik

Irudia: Tsukumizu / Tabasa Iori / Itaru Kinoshita

Harriet argitaletxeak manga argitaratzeko sortutako Kabe zigiluak bere lan aparta egiten jarraitzen du. 2022an lehen manga atera zuen, eta 2023an hamar argitaratu ditu. Aurreko batean eman genizuen lehenengo bosten berri, eta hemen dakarzkizuegu hurrengo bostak.

Batetik, ipuinetako emakumezko pertsonaietan (Txanogorritxo, Alice...) oinarritutako beldurrezko Tabasa Ioriren Heroines game sailaren hirugarrena eta azkena atera da. Bestetik, Itaru Kinoshitaren Dinosaurs sanctuary sailaren bigarren eta hirugarren zenbakiak atera dira, Suzume zaintzailearen dinosauroz betetako irla eta parke bateko bizipenak dakarzkiguna eta dinosauroei buruzko jakingarri gehiago erakutsiko dizkiguna.

Eta horiez gain, sail berri bat ere hasi du azken hilabeteotan, zeinaren bi zenbaki atera dituen jada: Tsukumizuren Girls' last tour. Animea ere baduen serie honetan, mundu postapokaliptiko batean Chito eta Juri neska gazteak, janari bila, tankez eta armez betetako baina arimarik ere ez dagoen hiri batera iristen dira beraien moto-traktorean...

Xabiroiren album berria: "Surflaria"

e-gor 2023/12/02 15:01
Uxue Alberdik egin du gidoia eta Susanna Martínek irudiak, bizitza eta heriotzaren inguruan dabilen misteriozko thriller honetan
Xabiroiren album berria: "Surflaria"

Irudia: Susanna Martín

Xabiroiko urteroko albumen artean berezia dugu 17. hau, gizonezko egilerik ez duen lehenengoa baita. Izan ere, Surflariaren gidoia Uxue Alberdik egin du eta Susanna Martínek irudiak. Sol-Ekiren desagerpenaren 10 urte betetzeak bere lagun eta maitale Amaiari garai haiek gogoraraziko dizkio eta laguna benetan nor zen eta zer gertatu zitzaion argitzen saiatzen hasiko da... Bizitza, jaiotza eta heriotzarekin etengabe jolasten duen misteriozko thriller zirraragarria dugu Surflaria.

"Lirio zuria", Asterixen abentura berria

e-gor 2023/12/01 09:19
Conrad marrazkilariarekin eta Fabcaro gidoigile berriarekin egin da, jatorrizko egileetako batek ere inongo parte-hartzerik ez duen lehena
"Lirio zuria", Asterixen abentura berria

Irudia: Didier Conrad

Asterixek aurrera darrai bere jatorrizko egilerik gabe ere. René Goscinny eta Albert Uderzok 24 album egin zituzten, Goscinny gidoilaria 1977an hil ondoren Uderzo marrazkilariak bakarka beste 8 egin zituen, eta 2013az geroztik 5 istorio atera dira Jean-Yves Ferriren gidoiarekin eta Didier Conraden marrazkiekin, zeintzuetan Uderzok ere parte hartu duen aholkulari gisa. Eta orain berri bat iritsi zaigu, jatorrizko egileetako batek ere parte hartu ez duen lehena (2020an hil zen Uderzo), Fabcaro gidoilari berriarekin eta irudietan Conradek jarraitzen duela: Lirio zuria. Bruño/Salvat-ek atera du euskaraz, Maddalen Arzallusek itzulita. Psikologia berri bat ari da zabaltzen Erroman, “lirio zuria”, pentsamendu positiboan oinarritua. Zesarrek bere asmatzaile Hitzedertsus bidaltzen du gure galiarren herrixkaren inguruko kanpamentuetako soldaduak motibatzera. Baina pentsamendu berria herrixkara ere iritsiko da...

"Lehoi ogroa" eta "Dortokaren promesa" sailen zenbaki berriak

e-gor 2023/11/30 09:10
Harrieten eskutik datozkigu berriz ere Bessadiren genero fantastikoko "Lehoi ogroa" sailaren bigarrena eta Piatzszek eta Tiekoren piraten generoko "Dortokaren promesa" hirugarrena eta azkena
"Lehoi ogroa" eta "Dortokaren promesa" sailen zenbaki berriak

Irudia: Bessadi / Tieko

Eta Harriet etxearen kontu gehiagorekin gatoz (euskaraz komiki gehien ateratzen dituena baita). Batetik, Bessadiren Lehoi ogroa sailaren bigarren zenbakia atera du, Hiru lehoiak izenburukoa. Hemen ere animaliez osatutako mundu fantastiko bat eta irudi polit-politak aurkituko ditugu. Ogro hiltzaile bihurtzen den eta memoria galdu duen Kgosi lehoia, Wilt antxumea, Othila sagu gerlaria eta Hind azeria Logrine xamanaren etxolara iritsiko dira, non Kgosik bere iragan izugarria ezagutuko duen...

Bestetik, euskal komikizaleon ezagunak diren Stéphane Piatzszek gidoilariak (Iñaki Holgadorekin Rétine saila eta Guillermo Gonzalezekin Le chevalier à la licorne egindakoa) eta Tieko marrazkilariak (Tomoë) egiten duten Dortokaren promesa sailaren hirugarrena ere argitaratu du. Hemen izango dute amaiera Frantziak Tortuga uhartera hango filibusteroekin ezkontzera preso bidalitako eta ihes egindako hiru emakumeen abenturek.

"Hiru etxe Santa Monikan", Hollywood-en urrezko aroan kokatutako komiki beltza

e-gor 2023/11/29 08:38
Harriet argitaletxeak atera du Mikel Begoña eta Iñaket-en komiki berria
"Hiru etxe Santa Monikan", Hollywood-en urrezko aroan kokatutako komiki beltza

Irudia: Iñaket

Mikel Begoña gidoilariak eta Iñaket marrazkilariak ibilbide luzea dute komikigintzan elkarrekin, gaztelaniaz gehienbat (Tristísima ceniza, El pico de los cuervos, eta Ötziri eskainitako trilogia Norma etxearekin) baina baita euskaraz ere (Helize Harriet etxearekin). Oraingoan Hiru etxe Santa Monikan komikia atera dute, Harrietekin berriz ere. Hollywood-en urrezko garaian (1946an zehazki) Santa Monikan kokatutako istorio bat dakarkigute, gidoilari gazte bat, tiroa jasota ihesean dabilen lapur bat, Robert Capa, Ingrid Bergman, errealitatea eta fikzioa genero beltzeko koktel batean nahasiz. Interesgarria, ezta?

Joe Saccoren "Palestina" komikia, euskaraz!

e-gor 2023/11/28 12:05
Kazetaritza-komikiaren aitzindaria den klasiko bikain hau euskarara ekarri du Bilboko Astiberri argitaletxeak, Julen Gabiriak itzulita
Joe Saccoren "Palestina" komikia, euskaraz!

Irudia: Joe Sacco

Joe Sacco kazetari eta komikigile maltar-estatubatuarra Palestinan izan zen bi hilabetez 1991 eta 1992 urteen artean, Lehenengo Intifadaren garaian, Zisjordanian eta Gazako zerrendan, eta han ikusitakoekin, palestinarren egoera latza kontatzen duen 9 komikiko saila egin zuen 1993 eta 1995 bitartean, gero 2001ean edizio oso batean argitaratu zena, Palestine izenarekin. Komiki hau klasikoa da gaur egun, kazetaritza-komikiaren aitzindaria, American Book Award saria irabazitakoa, eta ezinbestekoa palestinarrek Israelen partetik jasaten duten zapalkuntza gogorraren berri izateko. Bada, azken hilabeteotan gatazka larriagotu den honetan, Astiberri etxeak euskaraz atera berri du Palestina, Julen Gabiriak itzulita. Pozgarria da horrelako komiki garrantzitsu bat euskaraz izatea eta gure hizkuntzan ezagutu ahal izatea Palestinan jazotzen dena, baina aldi berean tristea ikustea 30 urteren ondoren arazoa ez dela konpondu eta errepresioak bere horretan darraiela edo, egia esan, askoz okerragoa bihurtu dela...

Gaur aurkeztu dugu komikia online prentsaurrekoan Julen Gabiria itzultzaileak eta biok. Eta Durangoko Azokan ere aurkezpen solasaldia egingo dugu, igandean, abenduak 10, 14:00etan Ahotsenean.

"Artxipelagoa", podcast-etik komikira eta app-era

e-gor 2023/11/27 08:07
Xabier eta Martin Etxeberria anaiek idatzi dute, Alex Sanvik marraztu eta Sedyasek koloreztatu
"Artxipelagoa", podcast-etik komikira eta app-era

Irudia: Alex Sanvi

Artxipelagoa EiTBk eta Ulu Mediak ekoitzitako podcast bat da, jada 2 denboraldi eta ordu erdi inguruko 16 atal dituena. Podcast-aren lehenengo denboraldian oinarrituta, Artxipelagoa komikia atera du orain Elkar argitaletxeak. Gidoia podcast-aren gidoilariek eurek egin dute, Xabier eta Martin Etxeberria anaiek, irudiak Alex Sanvik eta koloreak Sedyasek. Paperaz gain, Komiki App mugikorrerako aplikazioan ere atera dute. Bertako istorio post-apokaliptikoan, itsasoko uraren maila 500 metro igo ondoren, mundu guztian atzerakada teknologiko handia gertatu da eta lurrazalean geratu diren herrialdeen arteko botere-gerra etengabea da, horien artean Euskal Artxipelagoa dagoela... Intriga politikoa, abenturak, piratak eta gehiago aurkituko duzu bertan.

e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
Erantzunen harpidetza
Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10