Hemen zaude: Hasiera Blogak e-gorblog e-gorblog

e-gorblog

e-gorblog

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan

Elkarrizketa egin didate teknologia berriak eta Internet gai dituen ETBko saioan


Irudia: Nick dut nik

Informatika eta Internet gai dituen ETBko Nick dut nik telebista programaren aurreko asteko saioan niri egindako elkarrizketa eman zuten, hemen ondoan ere ikus dezakezuena.

Elkarrizketa, blog honetan materializatzen den e-gor informatikari eta komikizaleaz gain, Igor Leturia Elhuyar Fundazioko I+G saileko ikertzaileaz da batez ere. Hala, e-gorblog, AnHitz, Elebila eta beste hainbat gauzari buruz aritu ginen Haritz Rodriguez Xuriken eta biok. Kamera eta foko baten aurrean galdekatzen nauten guztietan bezala, ez nintzen gustura gelditu esandakoekin, urduritasunagatik eta inprobisatu beharragatik. Baina beti bezala, telebistakoek euren magia egiten dute, mozketak, off-eko ahotsak, irudiak eta abar sartu, eta emaitza ongi gelditu dela iruditzen zait. Ea gustuko duzuen!

e-gor 2010/05/20

5 urte 5!

2004ko abenduaren hasieran iragarri nuen Sustatun e-gorblog

Patxitraperoren urtebetetze oparia, ni "Watchmen"-eko Dr. Manhattan bihurtuta
Irudia: Patxitrapero

Tira, konturatu orduko 5 urte egin ditut blogintzan! 2004ko urriaren amaieran-edo hartu nuen asmoa komikiei (ez baitzen gunerik euskaraz Interneten komikiei buruz aritzeko) eta informatikari (zerbait aportatu nezakeelakoan edo) buruzko euskarazko blog bat egiteko. Luistxori galdetu nion ea Eibar.org-ek ostatatuko zidan, euskarazko blog komunitate bakarra hor baitzegoen, eta onartu zidaten. Hasteko, azaroan zehar artikulu sorta bi idatzi nituen probatarako, bata Pololoak komiki-sailaren lehen liburuari buruz eta bestea PVR-ei eta MythTV-ri buruz, eta abenduaren 2an iragarri nuen Sustatun e-gorblog sortu zela (orduan oraindik notizia zen euskarazko blog berri baten sorrera). Eta gaur arte...

Bidean, 247 artikulu! Nire buruari jarritako astean artikulu bateko helburua bete dudala esan dezaket, beraz (beno, egia esan denak ez dira nireak, horietako batzuk kolaboratzaileek idatzi dituzte: Iban Zaldua, Willy Roa, Aitzol Astigarraga, Patxi Lurra, Oihane Zabaleta, DabilenHarria...). Horietako makinatxo bat Sustatura edo Berriara ere eraman izan dituzte, edo beste toki batzuetan aipatu. Gainera, blogaren bidez nire burua ezagutarazi izanari esker, beste hainbat komunikabide edo mobidatan parte hartzen dut edo hartu izan dut, bai komikien ingurukoetan (Xabiroi komiki-aldizkarian Albisteen txokoa eramaten dut, Sautrela literaturari buruzko telebista programan Tintin-i buruz hitz egin nuen, Elkar aldizkarirako idatzi izan dut...) bai informatikaren ingurukoetan (Elhuyar aldizkarian Mundu digitala atala eramaten dut, 7K aldizkarian elkarrizketatu naute...). Baina denetan onena, blogaren bidez ezagutu dudan jende guztia eta egin ditudan lagun guztiak, jende mordoa, benetan. Balorazio erabat positiboa, beraz.

Hau dena Eibar.org elkarteari, kolaboratzaileei eta batez ere zuei, irakurleei, zor dizuet. Zuen erantzunak irakurtzeak eta hor zaudetela jakiteak ematen du honetan jarraitzeko animoa. Eta nik behintzat badut beste urte mordoxka baterako! Mila esker, zinez!

e-gor 2009/12/15

Elkarrizketa egin didate 7K-n

Internet sortu zenetik 20 urte bete direla eta

Joan den igandean, Gara egunkariarekin batera banatzen den 7K gehigarrian, Pello Argiñarenak Interneten inguruan egin zidan elkarrizketa agertu zen. 7K bera Interneten ez egotea apur bat kontraesankorra da, beraz elkarrizketa hori hemen jartzea pentsatu dut, extended bertsioan (paperezkorako mozketatxoren bat egin behar izan zuten luzerarengatik).

Igor Leturia: "Internetek hamar urtean bizitzeko modua aldatu digu, eta hau hasiera besterik ez da"

Nire argazkia
Irudia: Conny Beyreuther

Arrasate, 1971. Informatikaria. Blogaria. Hizkuntza teknologietan ikertzailea, Elhuyar Fundazioan. Internetek hogei urte bete ditu. Sareen sareaz hausnarketa eskatu diogu.

Pello Argiñarena

Konturatzen al gara mundua klik bakar batera daukagula?

Batzuk bai eta beste batzuk ez. Gazteen artean gehienak bai, oso naturala zaie Internet. Hala ere, mundu mailan, jende askok ez du konturatzeko aukerarik ere.

Telefonoak eta autoak mundua aldatu zuten aurreko mendean. Zenbaterainoko aldaketa ekarriko du Internetek?

Horiek baino are handiagoa. Pentsa nola aldatu duen hamar urte eskasetan gu guztion lan egiteko eta bizitzeko modua, eta hau hasiera besterik ez da.

Oinez edo sagua erabiltzen. Zer ikasten dute haurrek lehenago?

Momentuz oinez, baina laster, nork daki.

Aitonak galdetu du zer den softwarea...

Ez dauka hori jakin beharrik. Erakutsi behar dioguna da nola atera probetxua ordenagailuari eta Interneti bere eguneroko beharretarako: erosketak egin eta etxera ekartzeko, Imsersoko bidaiak hartzeko, Erasmus dagoen bilobarekin bideokonferentziak dohainik izateko...

Urrutiko ezezagun batekin hitz egin dezakegu. Sarritan ez dugu ondoko auzokidea ezagutzen...

Agian auzokideak merezi ez duelako izango da, eta sareak behintzat jende interesgarriagoa ezagutzeko parada ematen digu.

16 urteko hacker batek Pentagonoko sistema informatiko osoan sartzea lortu zuen...

Ni ez nintzen izan, benetan! Internetek zaharrago harrapatu ninduen... ;-)

AEBetan jarraituz, bertako Epaitegi Goreneko erabaki batek honakoa dio: "Interneteko sarean herritarrek kaoserako eskubide osoa dute"

Gauzek esku artetik ihes egiten dietenean eta gizartea berez antolatzen hasten denean, boteretsuek beti kaosaren beldurra zabaltzen dute.

Askatasunaren edo kaosaren aberria. Zer da internet?

Askatasunarena. Baina gobernu eta botere-talde askok nahi dutena lortzen badute, ez da luzarorako izango...

Zenbat zabor dago sarean?

Hedabide eta argitaratzaile tradizionalek beti azpimarratzen dute beraien edukien kalitatea sareko kuxidadearen aldean, telebistan edo egunkarietan edo liburuetan dena ona balitz bezala... Sarean zaborra egon badago, baina beste hedabideen proportzio berean, eta asko enpresek eta interes ekonomikoek sartutakoa da, spam delakoa kasu.

Badago internet on bat eta txar bat?

Internet komunikatzeko bitarteko bat besterik ez da. Ona edo txarra ematen zaion erabilera da. Gauza txarrak egiteko ere erabiliko da noski, baina lapurretak edo bahiketak egiteko erabiltzen direla-eta ez ditugu kotxeak satanizatzen. Gainera, hedabideek erabilera gaizto horien artean sartu nahi dute kultura elkarbanatzea besterik ez dena. Erabilera gaiztoak baditu sareak, baina pirateoa deitzen dutena ez da horietako bat.

Zenbat bakardade dago sarean?

Beste topiko bat. Izango da sarean kontsumitu besterik egiten ez duenik ere, baina, telebistak, irratiak eta liburuek ez bezala, Internetek parte hartzea eta bi norabideko komunikazioa ahalbidetzen ditu. Sareak lagunak egiten laguntzen die bestela bakarrik legokeen jende askori.

Zertan aldatu digu eguneroko bizitza?

Gutako askori, erabat. Beste batzuei, batez ere urteetan aurrerago doazenekin, ezer gutxi, baina horrela izan da beste edozein aurrerapen teknologiko gehienekin.

Zein muga ditu sareak?

Berez, batere ez, eta oraindik izugarri garatuko da utziz gero. Baina izan ditzake mugak, gobernuek eta boteretsuek berea lortzen badute.

e-gor 2009/06/03

Hiru sari Zazpi@2007-n!

Partaide naizen Elebila, Euskalbar eta Eibar.org, irabazleen artean

zazpi@2007 lehiaketaren logoa
Irudia: Joxe Rojas

Joxe Rojas Teknopatak antolatutako Zazpi@2007 lehiaketa, 2007ko euskal interneteko 7 berrikuntza, ekarpen edo gertaera nagusiak aukeratzea helburu duena, amaitu berri da. Blog hau hautagaien artean zegoen eta ez da zazpi irabazleen artean geratu (eta nahiago dut horrela, ez zuen ezer pintatzen hor, ez baita 2007koa). Baina partaide naizen hiru proiektu bai gelditu dira sarituen artean. Ezin kexatu, beraz!

Lehenengoa Elebila euskarazko bilatzailea gelditu da. Elekak komertzializatutako bilatzaile honen proiektua nik zuzendu eta garatu nuen lan egiten dudan Elhuyar Fundazioko I+G sailean.

Bigarren gelditu denean ere, Euskalbar Firefoxerako barran alegia, parte hartzen dut. Baina oso parte hartze txikia, lanean egin ditudan web guneak (ZT Corpusa, CorpEus eta Elebila) kontsultatzeko botoiak jarri besterik ez dut egin. Euskalbar zoragarriaren benetako errudunak Juanan Pereyra, Julen Ruiz eta Asier Sarasua dira. Eskerrik asko eta zorionak beraiei!

Bukatzeko, laugarren gelditu den Eibar.org-en partaide ere banaiz. Hemen ere oso parte hartze txikia dut, bloga dut bertan eta ezer gutxi gehiago (beno, bai, pelmada ematen diet, beti eskaera eta arazoekin). Elkarte aitzindari hau osatzen duten guztiei ere zorionak eta mila esker!

Eta nola ez, zorionak beste irabazle eta hautagai guztiei ere!

e-gor 2008/02/04

Blog honek XHTML eta CSS estandarrak betetzen ditu

Irisgarritasuneranzko lehen pausua?

XHTML eta CSS-ren logoak

Duela aste pare bat UEUk antolatutako Web orrien irisgarritasuna: teoria eta praktika ikastaro interesgarrianizan nintzen, Elhuyar nire lantokikoek bidalita. Han ikasitakoak praktikara eraman nahi izan ditut blog honetan, eta irisgarritasuna erdiesteko lehen pausua den XHTML eta CSS estandarrak betetzeko beharrezko aldaketak egin ditut.

Ikastaroan ikusi dugun legez, bloga irisgarria egitea (hau da, edozein erabiltzailek ezintasunen bat izanik ere, edozein nabigatzailek eta edozein egoeratan atzitu eta ulertu ahal izatea) eta WAI estandarrak betetzea nahikoa lan zaila eta konplikatua izan daiteke. Blog edo web gune bat egiten hasten garenean hasieratik gauza gutxi batzuk kontuan izanik nahiko erraz lor daiteke irisgarria izatea, baina horiek kontuan izan gabe eginda dagoen bat irisgarria egitea... Ez dakit oraindik horretan hasiko naizen.

Hala ere, web gune bat irisgarria izan dadin bete beharreko lehen baldintza (bete beharrekoa baina ez nahikoa), W3C-ren XHTML eta CSS estandarrak betetzea da, eta hauek bai inplementatzea erabaki nuen, gehiena eginda nuelakoan eta hain zaila izango ez zelakoan... Tira, uste baino lan askoz handiagoa eman dit, baina azkenean lortu dut. W3C-k bere webgunean dituen egiaztatzaileak (XHTML egiaztatzailea eta CSS egiaztatzailea) erabili ditut eta horien arabera estandarrak betetzen ditut, beraz blogaren menuaren bukaeran hori ziurtatzen duten W3C-ren logoak jarri ditut.

Uste dut blogaren orri, atal, aukera eta estilo-orri guztiei pasatu dizkiedala egiaztatzaileak, baina ezin inoiz ziur egon... Beraz, zuek ere lagun diezadakezue konprobazioak egiten: blogeko edozein orri edo artikulutan zaudetela eta edozein estilo-orri aukeratuta daukazuela, menuaren bukaerara joan eta nahikoa da W3C-ren logoetan klik egitea automatikoki egiaztatzaileetara joateko. Zuzena ez den orriren bat aurkituko bazenute, abisatu mesedez.

Edonola ere, ikastaroan esan ziguten bezala, ez da nahikoa blogak orain estandarrak betetzearekin, egiten den edozein eguneraketa eta gero estandarra izaten jarraitu behar...

e-gor 2006/08/02

Blog honetara e-mail bidez harpidetzeko aukera

Feedburner-ek eskaintzen duen zerbitzu berriari esker

Blogek duten abantaila handienetako bat, zalantzarik gabe, RSS bidez harpidetu ahal izatea da, horrela Bloglines moduko zerbitzuei esker blog piloa jarraitzea ahalbidetzen delako. Halere, badago hainbat jende horrelako gauzak konplikatuak iruditzen zaizkienak, edo ez dutenak horrelako zerbitzu baten alta ematea blog bakarragatik edo pare bategatik, edo... Horregatik, eta nire RSS jarioa ostatatzen duen FeedBurner enpresak eskaintzen duen zerbitzu berriaz baliatuz, aurrerantzean blog honetara e-mail bidez harpidetzeko aukera egongo da. Horretarako, nahikoa da menuko "Harpidetza" atalera joatea, han nahi dugun atalean (blogeko artikulu guztietan, komikiei buruzkoetan, informatikari buruzkoetan, gogoetetan edo erantzunetan) gure e-posta helbidea sartzea eta "Ados" sakatzea, eta aurrerantzean, aukeratutako atalean zerbait berria publikatzen denean, e-mail bidez bidaliko da abisua. On egin!

e-gor 2006/07/22

Estilo-orririk gabeko web guneen egunarekin bat egiten du blog honek

Estilo-orriak desgaitu ditut

Gaurko eguna "estilo-orririk gabeko web guneen eguna" edo CSS naked day izendatu dute internauta batzuk. Bere helburua da estandarrak zein garrantzitsuak diren erakustea. Web gune batek CSS erabili eta estandarrak ongi betetzen baditu, estilo-orririk gabe ongi irakur daiteke, eta ezgaitasunak (itsutasuna, adibidez) dituen norbaitek ere ongi "irakurriko" du.

Blog honek (Teknosexua edo Minid bezala) bat egiten du ekimen honekin eta estilo-orri guztiak desgaitu ditu. Ez dut sinbolikoki soilik egiten, niri ere blogak estandarrak guztiz betetzen ote dituen egiaztatzeko eta, hala ez bada, konpontzeko balioko dit. Esaidazue zerbait oker ikusten baduzue, mesedez. Bihar dena lehen bezala utziko dut berriro.

e-gor 2006/04/05

Blogaren atal ezberdinetara harpidetzeko aukera e-gorblogen

Eta baita erantzun guztietara ere

Blog honetan aurrerantzean atal ezberdinetara (komikiak, informatika eta beste gogoetak) harpidetzeko aukera egongo da. Horrez gain, blogeko erantzunetara harpidetzeko aukera ere egongo da.

Orain artean blog honetan (blog gehienetan bezala) blogeko artikulu guztietara harpidetzeko aukera soilik zegoen. Baina gauza oso ezberdinei buruz idazten dudanez (komikiak, informatika eta bestelako gogoetak), pentsatu nuen ziurrenik egongo dela jendea soilik ataletako baten interesatuta dagoena. Ba horientzat, orain feed ezberdinak ditu atal bakoitzak (ikusi menuko "Harpidetu" atala). Orain nahi duena soilik komikietara, edo soilik informatikara, edo soilik beste gogoetetara harpidetu daiteke. Eta, noski, nahi duenak guztietara harpidetuta jarrai dezake.

Bestalde, lehendik ere bazegoen aukera azken artikuluetako bakoitzaren erantzunetara harpidetzeko (ikusi azken artikuluek daukaten "Erantzunetara harpidetu" esteka). Baina aurrerantzean blogeko erantzun guztietara harpidetzeko aukera ere jarri dut.

On egin dagizuela!

e-gor 2006/01/18

"Goienkaria"-n agertu naiz

"Goienka2a" kultura gehigarrian, "geek"-ei buruzko erreportaje baten

Joan den ostiraleko Goienkariako Goienka2a kultura gehigarrian geek-ei (edo teknologia berrien zaleei) buruzko erreportajea egin zuten, eta ni izan nintzen bertan agertu zirenetako bat.

Astelehenean Goienkariako Leire Kortabarriak idatzi zidan blogeko kontaktu orritik, ea geek-ei buruz egin nahi zuen erreportaje batean agertzeko elkarrizketa bat egin ziezadakeen telefonoz. Astelehen arratsaldean bertan egin zidan elkarrizketa. Ongi joan zen dena, oso eroso sentitu nintzen eta gauza piloa kontatu nizkion. Halere, gero kezka gelditu zitzaidan, hori guztiori nola geldituko zen erreportajean, edo azalpen teknikoak-eta ongi ulertuko ote zizkidan. Baina Leirek oso lan ona egin du: nik esandako guztitik garrantzitsuena zena ateratzen jakin du eta ongi azaldu du guztia. Horrez gain, informatikari eta teknologiazaleen gaineko aurreiritziak gezurtatzen saiatu da artikuluan, normalean medio orokorretan alderantziz egiten dutenean. Aupa Leire!

Artikulurako hurrengo egunean argazki bat bidaltzeko ere eskatu zidan Leirek, posible balitz telebista ikusi eta grabatzeko erabiltzen dudan ordenagailuarekin (ikusi hau, hau, hau, hau, hau edo hau) edo horrelako zerbaitetan. Ez nuen hori egin, ez nuelako uste ongi geldituko zenik: biak (ordenagailua eta ni) argazki bakarrean ongi ateratzea ez da erraza, eta gainera ez da erraza ordenagailu txiki hori DVD erreproduzigailu arrunt batetik ezberdintzea. Beraz, etxeko beste ordenagailuarekin, hau da, nire gauza eta lanetarako erabiltzen dudan beste ordenagailuarekin, atera zidan argazkia Alaitz neskalagunak. Bere gurasoek utzi behar izan ziguten argazki-kamera digitala, nik ez baitut (mesedez, ez nazazue geek-en klubetik bota!). Ordenagailuko pantailan niri buruzko gauza esanguratsu batzuk erakutsi nahi izan nituen, baina ez dakit azkenean aldizkarian zer diren nabaritzen den: nire bi seme Ximun eta Hur Hendaiako hondartzan jolasten agertzen diren argazki bat (kamera digitalik ez badut ere, argazki guztiak ordenagailura pasatzen ditut), nire blogaren irudi bat nire komikirik gogokoena den Watchmen-i buruz idatzi nuen artikulua erakusten duena, eta internetetik jaitsitako Mazinger Z seriearen irudi bat.

Erreportajean nitaz gain Mutilmedia-ko neska-mutilak ere agertzen dira. Erreportajeari buruzko artikulua idatzi dute euren blogetan mutilmediakoek eurek eta Klik bikoitzako Imamonek (Goienkariako langilea dena). Gainera, Imamonek PDF formatuan jarri du erreportajea bere blogean.

A, eta azken gauzatxo bat: artikuluko izenburuko esaldia nik esandakotik hartu du Leirek!

e-gor 2005/12/08

Nola hobetu zure COREBlog bloga V: Erantzun eta trackback-etako spam-a nola ekidin

eibar.org eta goiena.net-eko blogetan aplikatzeko

Spam-a, gaur egungo informazioaren gizartearen gaitz handi hori, blogetara ere iristen da aurtengo otsailaz geroztik. Blogetako erantzunetan eta, batez ere, trackback-etan sartzen dizkigute propaganda mezu zikin horiek, gure blogak erabat kakaztuz, eta horiek garbitzeak ematen duten lana oso nekagarria da. Nik nire blogean spam-a automatikoki inoiz publikatzera ailegatu gabe ezabatzeko modua inplementatu dut, e-mail bidezko jakinarazpen eta guzti, eta artikulu honetan azalduko dut nola egin dudan Zope eta CoreBlog produktuak erabiltzen dituzten beste blogek (gutxienez Eibar.org eta Goiena.net-ekoak) erabili nahi badute.

Azken aldian blogariok (edo nik bai behintzat) erantzunetan eta trackback-etan spam asko jasotzen ari gara. Gure blogak ia egunero publizitate-mezuz betetzen dira. Horrek lan gehigarria eskatzen digu blogarioi, mezuok ezabatzen ibili behar baitugu.

Bloga ostatatuta dagoen plataforma batzuk spam-aren aurkako neurri edo produktuak dituzte. Eibar.org eta Goiena.net-eko blogek CoreBlog produktua erabiltzen dute eta honek, librea eta pertsona bakarrak garatutakoa izanik, ez du spam-aren aurkako ezer inplementatuta, eta norbera moldatu behar!

Batzuek blogean spam-a agertu eta gero ezabatzen ibiliko dira, lan haundia eskatzen duena. Beste batzuk erantzunak eta trackback-ak moderaziopean jarriko zituzten; hau txukunagoa da, bloga inoiz ez baita "zikin" agertuko, baina moderatze-lana ia ezabatzearena bestekoa da. Beste batzuk zuzenean trackback edo/eta erantzun aukerak kenduko zituzten, baina pena da spam-aren erruagatik bloga mugatzen ibili beharra...

Nik inplementatu dudan soluzioa oso garbia eta erosoa iruditzen zait:

  • Erantzun edo trackback bat publikatu ahala, automatikoki begiratzen da spam-a den ala ez.
  • Horretarako, izenburua hutsik dagoen edo bertan hitz jakin batzuk ote dauden begiratzen da (hitz zerrenda hau orain arte jaso dudan spam-arekin osatu dut, baina kontuan izanda ez dela komeni positibo faltsurik ematea). Metodoa oso efektiboa dela iruditzen zait: orain arte inoiz ez dit positibo faltsurik eman, eta mezu mota berri bat agertzen delako ez detektatzea hilean behin-edo gertatzen zait soilik (eta orduan, hitz berriren bat gehitzen dut zerrendan eta kitto).
  • Erantzun edo trackback-a spam dela uste bada, automatikoki ezabatzen da.
  • E-mailez abisua iristen zait norbait erantzun edo trackback bat bidaltzen saiatu dela, spam-tzat hartu dela eta ezabatu egin dela, mezuaren datu guztiak erantsiz. Horrela, positibo faltsua izan bada, beti dago aukera berriz publikatzeko. Norbaitek pentsa lezake spam horiek gure postontzian jasotzea "rollo" bat dela, horrela bada aukera hori ken daiteke; niri ez zait hain gogorra egiten, Google-n GMail posta dudalako eta spam mezu horiek guztiak konbertsazio bakarrean pilatzen dizkidalako (norbaitek GMail posta kontu bat eduki nahi badu, niri idaztea besterik ez du, gonbidapenak ditut emateko).
  • Egia esan, e-maila bidaltzearena spam-a izan nahiz ez egiten du, horrela bide batez norbaitek erantzunen bat publikatzen duenean segituan enteratzen naiz postaren bidez, blogean sartzen ibili beharrik gabe.

Jarraian erakutsiko dizuet nola egin daitekeen hau. Hasteko, "spamstrings" izeneko Script (Python) bat sortu behar dugu gure blogean, eduki honekin:

spam_strings=[
"adipex",
"alprazolam",
"ambien",
"bankruptcy",
"betting",
"biaxin",
"black",
"blackjack",
"care",
"cash",
"carisoprodol",
"casino",
"casinos",
"celebrex",
"cialis",
"cipro",
"construction",
"craps",
"credit",
"crestor",
"debt",
"diet",
"diets",
"gambling",
"health",
"hold",
"holdem",
"hydrocodone",
"jack",
"keno",
"levitra",
"loan",
"loans",
"lose",
"mortgage",
"mortgages",
"naproxen",
"omaha",
"partypoker",
"paxil",
"pharmacy",
"pharmacies",
"phentermine",
"pill",
"pills",
"plavix",
"poker",
"pokers",
"prescription",
"prescriptions",
"prilosec",
"refinance",
"roulette",
"rules",
"skin",
"slot",
"slots",
"strip",
"stud",
"texas",
"tournaments",
"training",
"tramadol",
"viagra",
"weight",
"wellbutrin",
"wsop",
"xenical",
"zithromax"]
return spam_strings

Nabarituko zenutenez, hemen gordetzen dira spam mezuek normalean izaten dituzten hitzak.

Gero, "methods" karpetan "addCommentHook" izeneko Script (Python) bat sortuko dugu (hau erantzun bat publikatzen denero exekutatzen da automatikoki, CoreBlog-en FAQ-ean azaltzen den bezala), "d" parametroa jasoko duena, eta hau idatziko dugu barruan:

spam_strings=context.spamstrings()
found=0
if d["title"]=="":
    found=1
words=d["title"].split()
for word in words:
    if word.lower() in spam_strings:
        found=1
if found==1:
    context.get_entry(int(d["parent_id"])).deleteComment(int(d["id"]))
    spammezua="Spam-tzat hartu eta ezabatu egin da\n"
else:
    spammezua=""
try:
    mailhost=getattr(context, context.superValues("Mail Host")[0].id)
except:
    raise AttributeError, "Mail Host object cant be found."
to_addr="gureposta@guredomeinua.com"
from_addr="gurebloga@guredomeinua.com"
mMsg="""To: %s
From: %s
Mime-Version: 1.0
Content-Type: text/plain;
Egilea %s
E-posta %s
URLa %s
Izenburua %s
IDa %s
Mamia
%s
%s
Kudeatzeko %s/%s/manage_comments
""" % (to_addr , from_addr , d["author"] , d["email"] , d["url"] , d["title"] , str(d["parent_id"]) , d["body"] , spammezua , context.blogurl() , str(d["parent_id"]))
mTo=to_addr
mFrom=from_addr
mSubj="Erantzuna gehitu da zure blogean!"
mailhost.send(mMsg, mTo, mFrom, mSubj)

Ondoren, berriz ere "methods" karpetan "addTrackbackHook" izeneko Script (Python) bat sortuko dugu (hau trackback bat publikatzen den bakoitzean automatikoki exekutatuko da), "d" parametroa jasoko duena, eta hau idatziko dugu bertan:

spam_strings=context.spamstrings()
found=0
if d["title"]=="":
    found=1
words=d["title"].split()
for word in words:
    if word.lower() in spam_strings:
        found=1
if found==1:
    context.get_entry(int(d["parent_id"])).deleteTrackback(int(d["id"]))
    spammezua="Spam-tzat hartu eta ezabatu egin da\n"
else:
    spammezua=""
try:
    mailhost=getattr(context, context.superValues("Mail Host")[0].id)
except:
    raise AttributeError, "Mail Host object cant be found."
to_addr="gureposta@guredomeinua.com"
from_addr="gurebloga@guredomeinua.com"
mMsg="""To: %s
From: %s
Mime-Version: 1.0
Content-Type: text/plain;
Egilea %s
URLa %s
Izenburua %s
IDa %s
Mamia
%s
%s
Kudeatzeko %s/%s/manage_trackbacks
""" % (to_addr , from_addr , d["blog_name"] , d["url"] , d["title"] , str(d["parent_id"]) , d["excerpt"] , spammezua , context.blogurl() , str(d["parent_id"]))
mTo=to_addr
mFrom=from_addr
mSubj="Trackback-a gehitu da zure blogean!"
mailhost.send(mMsg, mTo, mFrom, mSubj)

Eta kitto! Honekin nahikoa da. Aurrerantzean, norbaitek erantzun edo trackback bat bidaltzean, spam-a bada automatikoki ezabatuko da, inoiz publikatuta agertu gabe, eta spam-a izan nahiz ez, e-postaz abisatuko zaigu; horrela, positibo faltsua bada, berriz publikatuko ahal izango dugu; eta negatibo faltsua bada, mezuan bertan doan estekan klik eginda ezabatu ahal izango dugu eta hurrengorako spam kateen zerrenda eguneratu ahal izango dugu.

Aurreko artikuluak:

e-gor 2005/08/22
Egunkaria libre!
Bidegabekeria salatzeko. Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko. Hemen torturatu egiten dela esateko. Auzipetuei elkartasuna adierazteko. Epaiketarik ez genuela nahi gogorarazteko. Epaiketa egingo dutenez, Egunkaria eta auzipetuak libre nahi ditugula erakusteko.
Egunkaria.info
Sustatu - Egunkaria libre

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 15etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Honi buruz
Kontaktua
Lizentzia: Creative Commons License Attribution-ShareAlike
Artxiboa
Informatika atalaren aurkezpena
Komikien atalaren aurkezpena
Harpidetza
Harpidedunak:
RSS jarioa
E-mail harpidetza
Azken erantzunak
Giancarlorena patxi lurra, 2012/01/22
Ñooooo txu, 2012/01/22
Squareup haritz, 2012/01/14
Re: Gartxot e-gor, 2011/12/05
Gartxot darko, 2011/12/04
Erantzunen harpidetza
Harpidedunak:
RSS jarioa
E-mail harpidetza
Etiketa lainoa
1512 Nafarroa - Amets urratua 300 30x30 3D 3D inprimagailuak 7K APIE-EIEP Adèle Blanc-Sec Agence barbare Aitor Arana Aitor I. Eraña Alan Moore Alfonso Azpiri Alfonso Zapico Alhóndiga Bilbao Aljebra Alokairuan American Splendor AnHitz Android Angoulême Anti- liburudenda Apple Arturo Erregea Asisko Asterix Astiberri Asus EEE PC Atiza Atzipen multimodala Avatar, azken aire maisua Azken garaipena Azken mohikanoak hemen gaude Barakaldoko lehiaketa Bartzelonako komiki-azoka Basaurikomik Batman Bego Montorio Bideo-jokoak Bilboko barrea Bill Watterson Bitcoin Blogs & beers Bordados Bruselako komikiaren museoa Bécassine CSS Café Budapest Calvin & Hobbes Clara-Tanit Arqué Cloud computing Crash comic DRM DTMLCalendar Dani Fano De rerum natura Disney Donostiako komiki-jardunaldiak Dublinés E-book ETB Egunkaria El País El invierno del dibujante El jueves Elhuyar aldizkaria Elkar Emakumeak Errealitate areagotua Escrivá de Balaguer Euskal Encodings Euskal rock Euskaltel Euskomik Facebook Fanxinoteka Firefox Fontanarrosa Francisco Ibáñez Frank Miller Franquin Fructuoso Gaizka Barandiaran Galtzakomik Ganorabako Gartxot Gaston Gauzen Internet Gazteak Geokokapena Getxoko komiki-azoka Giza eskubideak Giza eskubideen lehiaketa Goienkaria Gon Google Google Chrome Google TV Google Wallet Google Wave Gorka Velasco Guillermo Zubiaga HTML 5 Habeko Mik Harriet Hartos de arte Hergé Heroiak Hizkuntza-teknologiak Homosexualitatea IEB IP Ihes ederra In the shadow of no towers Inodoro Pereyra Interneteko bilatzaileak Ipurbeltz Irati Irungo komiki-azoka Iñaki G. Holgado Jacques Tardi Joanes Josep Domingo Nadar Josevisky Joyas literarias juveniles Juan Carlos Egillor Juan Luis Landa Justin Hiriart KKLRD Kinect Komik 10 Krea Kristalezko hiria La fiesta dibujada Le crochet à nuages Les Godillots Linux Literaktum Little Nemo Luis Durán Luis Gasca bilduma Mangamore Mantxi Marjane Satrapi Marko Marrazkirri Martín Romero Marvel María y yo Max Medikuntza alternatiboa Microsoft Miguel Gallardo Mikel Valverde Mikroformatuak Mis tebeos favoritos Moblogging Motsukora Mundu digitala Muraille MythTV Métal Hurlant NFC Nabarra Nafarroako komiki azoka Napartheid Nick dut nik Numenak OLPC Okatxu Otsobeltz Ovni Paco Roca Patxi Gallego Patxi Lurra Paul Auster Pernan Goñi Persepolis Peyo Piztia otzanak Plaza elíptica Poker Face Pololoak Portugaleteko lehiaketa Pottokiak Preso nago RSS Ralf König Raquel Alzate Rekalde-Ortzadar komiki lehiaketa Retine Rober Garay Ruben Arozena Santiago Valenzuela Sare sozialak Sarearen neutraltasuna Sasizientziak Sauré Sautrela Scanlation Scott McCloud Sendabide ala iruzurbide Senez Sherlock Holmes Shin-Chan Sin City Snoopy Star Wars Steve Jobs Supergrupo Tabary Tablet Tanaka Thorgal Tintin Tokitan.tv Torrentocracy UEU Ubuntu Udaberririk ankerrena V for vendetta Watchmen Watson Web semantikoa Willy Roa X-Men XHTML XO Xabiroi ZX Spectrum Zaragozako komiki-azoka Ziberkomikiak Zope bestelakoak e-gorblog gogoetak informatika komikiak
Artikulu aipagarriak
"Pololoak" sorta 2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03
Monoblogoa 2005/01/11
"Watchmen" sorta 2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07
OLPC sorta 2007/12 - 2008/01
5 urte 5! 2009/12/15