e-gorblog
Persepolis
Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
- (Elkar aldizkariko 2009ko neguko alean argitaratutako artikulua)
Komikiaren munduan azken aldian azpigenero bat indarra hartzen ari bada, hori nobela grafikoa da. Termino fetitxea komiki-argitaletxeen promozio liburuxka eta karteletan, edo egunkari zein aldizkarietako kultura orriek komikiei buruz hitz egiten dutenean. Baina zer da zehazki nobela grafikoa?
Nobela edo eleberri grafikoak, ohiko beste komikien aldean, publiko helduagoari zuzenduta egon ohi dira, inprimatze luxuzkoagoa izaten dute, luzera handiagokoak dira normalean eta pretentsio artistikoak izan ohi dituzte. Beste ezaugarri nagusietako bat da hasiera eta amaiera duten istorioak kontatzen dituztela, beste formatu gehienak (umorezko komiki-bandak, comic book-a, komiki-aldizkariak, albumak...) seriatuak diren bitartean. Will Eisner maisuaren A contract with God jotzen da bere burua nobela grafiko gisa definitu zuen lehen komikitzat.
Superheroien komikiekin, mangarekin edo beste komiki genero batzuekin alderatuta, eleberri grafikoen gaiak serioak eta errealistak izaten dira. Kronika politiko eta sozialak ohikoak dira horrelakoetan; Marjane Satrapik bikain erretratatzen du haur eta emakume baten ikuspegitik Irango iraultza islamista Persepolisen, edo Guy Delislek Asiako hegoekialdeko egoera Pyongiang eta Crónicas Birmanasen, edo Alfonso Zapico asturiarrak judutar eta palestinarren arteko gatazka Café Budapesten. Gerrak eta gatazka politikoak ere bai; ezagunenetako batzuk Joe Saccoren Palestina: en la franja de Gaza edo Gorazde: Zona Protegida, Art Spiegelmanen Maus (Pulitzer kazetaritza saria irabazitakoa) edo Pierre Christin eta Enki Bilalen Las falanges del orden negro dira. Eta eguneroko bizitzako arazoak ere, askotan autobiografikoak, izaten dira nobela grafikoen gai; adibidez, Craig Thompsonek bere haurtzaroa eta nerabezaroa kontatzen ditu Blanketsen, Andi Watsonek langabezian egotea zer den Desayuno por la tarden eta Frederik Peetersek neskalagun seropositiboarekiko erlazioa Píldoras azulesen.
Fikzioa ere, noski, erabiltzen da nobela grafikoetako argumentuetan, genero beltza edo fikzio historikoa bezala, eta are fikzio superheroikoa ere. Frank Miller eta Alan Moore fikziozko eleberri grafiko askoren egile izan dira, eta euren lan ugarik zinemarako bidea egin dute. Genero beltzean eta fikzio historikoan, lehenengoaren Sin City eta 300 aipa ditzakegu. Eta superheroienetan, Frank Millerrek El regreso del señor de la noche egin du adibidez, eta Alan Moorek Top 10, La liga de los hombres extraordinarios eta, batez ere, Watchmen, jende askorentzat (artikulu honen egilearentzat barne) inoiz egin den komikirik onena dena; Time aldizkariak XX. mendeko 100 nobela onenen artean sartu zuen komiki bakarra da Watchmen. Manga japoniarreko Osamu Tezukaren Adolf eta Katsuhiro Otomoren Akira ere nobela grafikotzat har daitezke.
Euskal Herrian eta are euskaraz egin dira nobela grafikoak azken urteetan: Patxi Gallegoren Pololoak trilogia, Josean Muñoz eta Juan Luis Landaren El ciclo de Irati eta Saiak bere jarraipena, Asisko, Marko eta Jokinen Gartxot, Unai Busturia eta Julen Ribasen Numenak trilogia edota Hedoi Etxarte eta Alain Urrutiaren Ihes ederra.
Alabaina, eleberri grafikoa terminoa ez da komikigileen edo zaleen gustukoa, argitaletxeen marketing aparatuen asmakuntza besterik ez baita finean. Eta argitaletxeek eurek komiki mota jakin bati literatur mailako prestigioa emateko asmatu izanak edo egunkariek kultura orrietan horrelakoak batez ere aipatzeak, berarekin inplizituki dakar beste komiki mota edo generoekiko destaina, beste guztia haurrentzat edo kalitate gutxikoa balitz bezala. Eta ez da hala inondik inora. Aldizkarietan edo egunkarietan nahiz album formatuan argitaratu izan dira jatorriz Corto Maltés, Little Nemo, Thorgal eta beste arte lan ugari. Gainera, sarritan lehenengo horrelako formaturen baten ateratako lanen bildumak ondoren eleberri grafiko gisa saldu izan dizkigute; Watchmen bera, nobela grafikoetan nobela grafikoena, jatorrian hamabi aleko grapadun comic-book gisa atera zen...
Marketing termino soila izanik ere, ongi etorria bedi nobela grafiko izendapena, literaturzale handiuste garbizaleren batzuk komikien mundura hurbiltzeko balio badu. Literatura eta pinturaren konbinazioz osatutakoa baina bien batura baino askoz gehiago den arte zoragarri bat deskubrituko dute.
Pololoak 3, Atxeritoko balada
Pololoak sorta arrakastatsuaren hirugarren eta azken liburua dakarkigu Patxi Gallegok udazken honetan. Xabinaitor superheroi euskalduna agertuko da berriz ere, protagonismo gehiago hartuta oraingoan, bera izango baita istorioaren kontatzaile eta gidari; eta besteak beste, egileari buruz hitz egingo du (Patxi Gallego jaunaz, alegia); komikilari honen obsesioetan sakontzeko, haren txikitako traumez ikertuko du Aldanondo inspektoreak, eta halaber jakingo dugu ikastolako neskatxa eta andereñoekin izandako harremanei buruz. Horrez gain, ez dira faltako guardia zibilekiko behaztopa eta liskarrak, Xabinaitorren guraso atsekabetuak edo Kariñe maitagarriaren agerpenak, edo aurreko liburuetako jarraipeneko hainbat kontu. Guzti-guztia koloretan oraingoan.
I'm back!
Bruselako Komikiaren Museoa, Watchmen katalanez eta Persepolis Oscar sarietarako hautagai
Badira bi hilabete baino gehiago azken artikulua idatzi nuenetik (bloga hasi nuenetik inoiz ez nuen hainbeste denbora pasatu idatzi gabe), eta aurretiko azken hilabeteetan ere ez nuen gehiegi idatzi... Uztaila eta abuztuan lan kontuak izan ziren: hiru kongresutan lau aurkezpen egin nituen (Amsterdameko SIGIRen EusBila aurkeztu nuen, Birminghameko Corpus Linguisticsen ZT Corpusa aurkeztu nuen eta Louvain-la-Neuveko WAC3n Kimatu eta CorpEus aurkeztu nituen) eta UEUren udako ikastaroetan AJAX ikastaroa eman nuen. Irailean aldiz, hilabeteko oporrak izan ditut Korsika eta Flandrian (hain opor luzeak hartu barik nengoen azken urteetan).
Orain oporretatik bueltan nago eta lanean ere lasaixeago, beraz berriz lehengo maiztasunarekin (astean post bat) idazten hasiko naiz (edo saiatuko naiz behintzat). Eta bi hilabete hauetako lehortearen ordainetan, post honetan hiru gai: Bruselako Komikiaren Museoa, Watchmen katalanez eta Persepolis Oscar sarietarako hautagai.
Bruselako komikiaren museoa
Oporretan Belgikan egonik, derrigorrezkoa nuen Bruselako komikiaren museotik (Centre Belge de la Bande Dessinée) pasatzea, urtarrilean Angulemako Centre National de la Bande Dessinée et de l'imagerekin hasitako erromesaldia jarraitzeko. Haurrekin joanik, beraiek segituan aspertu eta ni ia ezer ikusi gabe gelditzearen beldur nintzen, baina keba! Beraiek ere, etxean irakurrita, jada pertsonaia piloa ezagutzen dituzte (Asterix, Tintin, Pitufoak, Johan eta Pirluit, Lucky Luke, Spirou eta Fantasio, Marsupilami...) eta museoa horien gauzez beteta egonik (erakusketak, dekoratuak, estatuak...), hiru ordu eman genituen bertan! Nik askoz denbora gehiago pasatuko nuen, baina tira, ezin kexatuko naiz.
Aipatutako pertsonaia horiez gain, helduagoentzako beste pertsonaia eta autore asko ere badaude: Moebius, Blueberry, Valérian, Pratt, Tardi, Satrapi, Giardino... Sekzio bat marrazki bizidunei dedikatuta dago, eta komikietako pertsonaietan oinarritutako marrazki bizidunen proiekzioak ere badaude. Liburutegi ikaragarri bat dago, bi atal dituena: bat komikiak bertan irakurtzeko (gehienbat haur/gaztetxoentzako komikiekin), eta beste bat ikerketarako (ordainpekoa eta helduentzako soilik, benetako joiekin). Eta amaitzeko, noski, denda, edozein komikizale arruinatzeko modukoa.
Museo benetan gomendagarria komikiak gustuko dituen edozeinentzat.
Watchmen katalanez
Watchmen, hemen hainbestetan aipatu dugun Alan Moore jeinuaren gidoia eta Dave Gibbons-en irudiak dituen komiki bikaina, euren hizkuntzan gozatu ahal izango dute katalanek, Absolute edizioan gainera. Normalean ez naiz inbidiosoa, baina komiki kontuetan katalanekin... Honi buruzko gehiago La cárcel de papel blogean duzu.
Portzierto, Watchmen filmarena badirudi jada geldiezina dela... 300 filma zuzendu zuen Zack Snyder izango omen da zuzendaria, eta kasting-a ere nahiko aurreratua dago.
Persepolis, Oscar sarietarako hautagai
Hemen sarritan agertu den beste komiki bat Marjane Satrapiren Persepolis da, egileak berak zuzendutako filma inspiratu duena. Ba berriki jakin da film hau izan dela Frantziako Zine Akademiak Oscar sarietan herri hori ordezkatzeko aukeratu duena. DDT-n dioten moduan, ez zen askotan gertatuko herrialde batek Oscar sarietarako bere hautagaitzat animazioko film bat aukeratzea...
Berri pozgarria, komiki ederra baita zinez. Eta ea filma noiz estreinatzen duten hemen...
"Persepolis" filma, Cannes-go Zinemaldian saritua
Marjane Satrapi-k berak eta Vincent Paronnaud-ek zuzendutako filmak Epaimahaiaren Saria eraman du
Blog hau irakurtzen duzuenok ongi jakingo duzuenez, Marjane Satrapi-ren Persepolis da nire komikirik gogokoenetako bat. Cannes-go Zinemaldiaren aurtengo edizioan aurkeztu dute komiki horretan oinarritutako filma, Satrapi-k berak eta Vincent Paronnaud-ek zuzenduta eta, dirudienez, komikiarekiko oso fidela dena. Ba aipatu zinemaldiko Epaimahaiaren Saria eraman du, beste batekin ex aequo. Beste sari bat gehiago komiki eder honentzat!
Sariaz gain, aipatzekoa da aurkezpeneko lehen emanaldiaren ondoren publikoak ordu laurdeneko txalo zaparrada eskaini ziola. Irango gobernuak ez du berdin hartu, ordea. Ez zaio gustatu bere herriari buruz bertan egiten den erretratua, eta kexu ofiziala bidali dio Zinemaldiari. Aurrez gobernu horrek Persepolis komikia debekatua zuen, eta duela gutxi 300 filmarengatik ere protesta egina zuen.
Nobedade interesgarriak Bartzelonako Komiki-Azokarako
Alan Moore-ren obra piloarekin gainera!
Bihartik igandera bitartean izango da Bartzelonako Komiki-Azoka, Espainiako komiki-azokarik garrantzitsuena, eta urtero legez komiki-argitaletxeek nobedade mordoa aurkezteko aprobetxatuko dute. Hain zerrenda zabalean beti egoten dira gauza gutiziagarriak, baina aurtengoan, nire irudikoz behintzat, beste batzuetan baino gehiago. Alde batetik Alan Moore nire komikigile gogokoenaren lau lan berri edo berrargitalpen aurkeztuko dira, eta bestetik klasiko handi batzuen edizio osoak. Hona hemen nobedade interesgarrienen zerrenda, guztiz pertsonala noski.
- Absolute Watchmen , Alan Moore eta Dave Gibbons (Planeta): Inoizko komikirik onenaren 20. urteurrena ospatzeko iaz atera zuten edizio berezi hau azkenean iritsi da gurera! Tamaina handiagoa, kolore bermasterizatua eta 50 orri gehiago material gehigarriarekin! Eta hemen askoz merkeago (75 dolar USAn, 35 euro hemen)!
- The League of Extraordinary Gentlemen 2 , Alan Moore eta Kevin O'Neill (Planeta): Lan honen lehen bolumenaren bidez ezagutu nuen Alan Moore. XX. mendearen hasieran kokatutako super-heroi talde berezi baten abenturak dira (Mina Harker, Nemo kapitaina, Allan Quatermain, Jekyll eta Hyde, gizon ikustezina...), urte batzuetako atzerapenez bada ere azkenean iritsi dena.
- Top Ten, Alan Moore eta Gene Ha (Norma): Iban Zaldua idazle, komikizale eta blog honetako kolaboratzailearen bidez ezagutu nuen aspaldi Alan Mooreren lan hau, internetik jaitsita irakurri nuena. Jende guztiak super-botereren bat duen hiri bateko polizia-komisariako abenturak kontatzen dira, umore ukitu finarekin. Honek ere urte batzuk behar izan ditu hemen kaleratzeko, pentsa, bere prekuela iaz erosi nuen frantsesez!
- Todo Paracuellos, Carlos Giménez (Mondadori): http://www.lacarceldepapel.com blog apartaren Mis tebeos favoritos sailkapeneko lehen 20en artean dagoen Espainiako komiki bakarra, egilearen ustetan Espainiako inoizko komikirik onena. 6 albumak ale bakarrean erosteko aukera eta oso prezio onean. 17,95 eurotan saltzen da liburu- eta komiki-dendetan, eta hori berez oso ongi badago, inork ulertzen ez duen arrazoiren batengatik , zentro komertzial batzuetan 9,95 eurotan saltzen da, eta %5eko deskontua eginda 9,45 eurotan gelditzen da, ia prezio erdian! Nik hala erosi dut Carrefour-en, ezkerreko irudian ikus daitekeen bezala.
- Persepolis Integral, Marjane Satrapi (Norma): Nire komiki gogokoenetako baten lau albumak 25 eurotan lortzeko aukera, ez galdu!
- El fotógrafo 3, Emmanuel Guibert, Didier Lefèvre eta Frédéric Lemercier (Glènat): Didier Lefèvre argazkilariak MSF-ko talde batekin Afganistanen pasatako abenturak kontatzen dira serie eder honetan, benetako argazkiekin lagunduta. Ez dakit istorioa hirugarren ale honetan amaitzen den edo ez, baina ez dut uste besterik izango denik, Lefèvre berriki zendu baitzen bihotzeko batez, Angoulêmeko komiki-azokan Ezinbestekoei Saria jaso eta bi egunera.
- Lupus 4, Frederik Peeters (Astiberri): Beñat Irasuegi adiskide eta kolaboratzaileak ezagutarazi zidan azken aldian sari mordoa jasotzen ari den serie hau, tartean, aurrekoa bezala, Angoulêmeko Ezinbestekoei Saria.
- Alan Moore: The Complete Future Shocks, Alan Moore (Kraken): Bai, Moore-ren lan gehiago oraindik! Kasu honetan, bere hasierako lanen bilduma bat da, baina ziur interesgarria dela.
Goza dezazuela!
"Watchmen" eta "Persepolis", pantaila handirako bidean
Nire komiki gogokoenetako biren filmak egingo dituzte

Irudia: Dave Gibbons eta Marjane Satrapi
Kasualitatea, pare bat eguneko tartean izan dut Watchmen eta Persepolis komikietan oinarrituta film bana egingo duten berri. Watchmen inoiz egin den komikirik onena da nire ustez, eta Persepolis nire gogokoenetako bat. Bien inguruan behin baino gehiagotan hitz egin dugu blog honetan.
Watchmen
Watchmen Alan Moore jeinuaren gidoia eta Dave Gibbons-en irudiak dituen komikia da. Behin baino gehiagotan egin dugu berba nobela grafiko honi buruz blog honetan (ikus "Watchmen", inoizko komikirik onena, "Watchmen" 1923tik hona ingelesez idatzitako 100 nobela onenen artean, "Time" aldizkariaren arabera eta "Watchmen" 20 nobela geek-enen artean). Horietako lehenengoan, duela urtebete baino gehiago, jadanik aipatu genuen Watchmen-en zinemaratzea, eta hau genion horri buruz: "Watchmen bera ere zinemara eramateko bazeukan proiektu bat nahiko aurreratuta Paramount etxeak, Paul Greengrass-ek zuzentzeko. Interneteko komikizaleen foroetan iritzi orokorra zen hobe zela ezer ez egitea, obra horren xehetasunak, zorroztasuna eta kalitatea zinera ezin zirela eraman, eta are gutxiago Hollywood-ek! Zaleak pozik uzteko, foro bat eta guzti ireki zuten zuzendariarekin zuzenean filmari buruz berba egiteko. Baina azkenean uztailean bertan behera utzi dute proiektua eta beste estudio batzuei eskaini die. Eurek beste arrazoi batzuk argudiatzen dituzte, baina ez dakit... Interneten bidez batu eta antolatuta herriak duen botereaz konturatzen hasi al dira boteretsuak?". Inozoa ni, orain berriz ere martxan dago Watchmen filma egiteko proiektu bat.
Edonola ere, Watchmen filmaren proiektuak gorabehera asko izan ditu azken urteetan, bi arrazoirengatik pentsatzen dut: goian aipatu bezala, zaleen artean kultuko komikia delako eta bere adaptazio on bat egitea zaila ikusten delako, eta Alan Mooreri bere filmen adaptazioak egitea gustatzen ez zaiolako (aurrez egin diren From Hell eta The League of Extraordinary Gentlemen kaskarrak ikusi eta gero, ez du nahi bere komikietan oinarritutako filmerik egiterik, baina eskubideak argitaletxeek dituztelako eta ekidin ezin duelako, gutxienez bere izena kredituetan agertzea debekatzen du eta berari dagokion diruaren zatia marrazkigileari ematen dio). Proiektua Hollywood-eko estudio askotatik pasatu da (Universal, Paramount eta orain Warner), eta zuzendari posible asko izan ditu (Terry Gilliam Monty Python-eko kidea, Darren Aronofsky, Paul Greengrass United 93-ren zuzendaria), baina badirudi azkenean Warner eta Zack Snyder behin-betikoak izango direla.
Zack Snyder-ek 2004ean The dawn of the dead filma zuzendu zuen, 1978ko beldurrezko kultuko filmaren remake-a. Eta berriki 300 amaitu du, Frank Miller-en Termopiletako guduari buruzko 300 komikiaren adaptazioa. Honek zaleei filmarenganako konfidantza edo itxaropen pixka bat eman diela dirudi (hemen irakur daitekeenez), Frank Millerri ere ez baitzaio gustatzen bere obrak zinemaratzea (Sin City filma egitea ez zuen onartu Robert Rodríguez-en berarekin batera zuzentzeko eskaintza iritsi zitzaion arte), eta Snyder-ek 300 egitea onartu du.
Nire aldetik, filma egiten denean, V for Vendetta-rekin izan nituen kontzientzia arazo berdinekin jarraituko dut: nire Moore mirestuarenganako errespetuagatik filma ikusi gabe agoantatuko al dut? Ez dakit, hura oraindik ez dut ikusi, baina Watchmen... Kritikatu ahal izateko ikustearen aitzakia erabiliko dut-edo...
Beste erreferentzia batzuk:
Persepolis
Persepolis Marjane Satrapi emakume irandar europartuaren komiki ezagunena da, lau liburukitan Irango errealitatea ikuspegi autobiografikotik kontatzen duena. Komiki hau ere blog honetan behin baino gehiagotan aipatu dugu (ikusi "Persepolis", xalotasunaren sakontasuna eta Marjane Satrapi, berriz irabazle Angoulêmen).
Con C de Arte blogaren bidez jakin dudanez, honen filma ere egiten ari dira. Animaziozko filma izango da, Satrapik berak zuzenduko du Vincent Paronnaud-en laguntzarekin eta Chiara Mastroianni eta Catherine Deneuve-ren ahotsak izango ditu. Hau bai, hau ez dut zalantzarik ikusi nahi dudala!
Beste erreferentzia batzuk:
"El País"-en komiki bilduma
Hurrengo igandetik aurrera
Hurrengo igandean hasita, El País egunkariak komiki-bilduma bat emango du. Lehenengo komikia maiatzaren 22an emango dute dohainik egunkaria erostean, eta hurrengo 34ak ostegun eta ostiraletan izango dira egunkaria erosteaz gain 2,50 euro ordainduta. Bilduma oso ona da, kalitate handiko komikiak ditu. Komikizaleontzat gure bilduman ez ditugun obra on asko merke lortzeko aukera ematen digu. Ez zaretenontzat, komikien mundu zoragarri hau ezagutzeko aukera paregabea.
Espainiako egunkari horri dirua emateko kontzientzia-arazoak dituzuenok, jakin prezio horretan ez diezuela dirurik ematen, ziur beraiek galtzen ateratzen direla! Eta kiosko askotan egunkaria erostea ere ez dizuete eskatzen...
Hau da bilduma eta komiki bakoitzaren data:
- Astérix - Astérix el Galo (Goscinny eta Uderzo): maiatzaren 22an, igandea, doan
- Mafalda (Quino): maiatzaren 26an, osteguna
- Mortadelo y Filemón - El sulfato atómico (F. Ibañez);maiatzaren 27an, ostirala
- Corto Maltés - Fábula de Venecia I (Hugo Pratt): ekainaren 2an, osteguna
- Corto Maltés - Fábula de Venecia II (Hugo Pratt): ekainaren 3an, ostirala
- Charlie Brown (Charles M. Schulz): ekainaren 9an, osteguna
- Blake y Mortimer - La marca amarilla (E. P. Jacobs): ekainaren 10ean, ostirala
- Blueberry - El hombre que valía $500,000 (Charlier y Giraud): ekainaren 16an, osteguna
- Blueberry - Balada por un ataúd (Charlier y Giraud): ekainaren 17an, ostirala
- El Capitán Trueno - Aventura en Groenlandia (Victor Mora): ekainaren 23an, osteguna
- El Príncipe Valiente I (Harold Foster):: ekainaren 24an, ostirala
- Max Fridman - Rapsodia Húngara I (Vittorio Giardino): ekainaren 30ean, osteguna
- Max Fridman - Rapsodia Húngara II (Vittorio Giardino): uztailaren 1ean, ostirala
- Mortadelo y Filemón - Contra el gang del chicharrón (F. Ibañez): uztailaren 7an, osteguna
- El Hombre Enmascarado - El país del hombre enmascarado (Ray Moore): uztailaren 8an, ostirala
- The Spirit - El origen de Spirit (Will Eisner): uztailaren 14an, osteguna
- Blake y Mortimer - El caso del collar (E. P. Jacobs): uztailaren 15ean, ostirala
- Persépolis I (Marjane Satrapi): uztailaren 21ean, osteguna
- Persépolis II (Marjane Satrapi): uztailaren 22an, ostirala
- Flash Gordon I (Alex Raymond): uztailaren 28an, osteguna
- Hellboy - El cadáver (Mike Mignola): uztailaren 29an, ostirala
- Astérix - Asterix y Cleopatra (Goscinny y Uderzo): abuztuaren 4an, osteguna
- El Zorro (Joe Shuster): abuztuaren 5ean, ostirala
- El garaje hermético I (Moebius): abuztuaren 11n, osteguna
- El garaje hermético II (Moebius): abuztuaren 12an, ostirala
- The Spirit - Guerra de bandas (Will Eisner): abuztuaren 18an, osteguna
- Rip Kirby (Alex Raymond): abuztuaren 19an, ostirala
- El Príncipe Valiente II (Harold Foster): abuztuaren 25ean, osteguna
- Roco Vargas - La estrella lejana (Daniel Torres): abuztuaren 26an, osteguna
- Flash Gordon II (Alex Raymond): irailaren 1ean, osteguna
- Niebla en el puente de Tolbiac (Jacques Tardi): irailaren 2an, ostirala
- Mandrake (Lee Falk): irailaren 8an, osteguna
- Hellboy - Los lobos de San Augusto (Mike Mignola): irailaren 9an, ostirala
- Paracuellos - La carta (Carlos Giménez): irailaren 15ean, osteguna
- Garfield (Jim Davis): irailaren 16an, ostirala
Bildumari eta komiki bakoitzari buruzko informazio gehiago "El País"-ek horretarako jarri duen orrian .
"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
Iraneko azken hamarkadetako historia komiki autobiografiko ederrean
Duela gutxi eskuratu nuen Marjane Satrapiren "Persepolis" obraren 4. tomoa, eta serie osoa berrirakurtzeko aprobetxatu dut. Lan ederra eta sakona da oso, haur baten ikuspegi inozentetik Iraneko azken 30 urteotako historia, politika eta gizarte mailako kontu gogorrak ezin hobeto kontatzen dituena. 2002. urtean Angulemako komiki-azokan gidoi onenaren saria irabazi zuen.
"Persepolis" lana Marjane Satrapiren komiki autobiografikoa da. Iraneko kapitalean, Teheranen, jaio zen Marjane, eta bere bizitza ezin da ulertu bere herriaren testuinguru historiko eta politikoan ez bada. Honela, bere bizitza berak gogoratzen duen unetik (6 urte inguru zituenetik edo) kontatuz, Iraneko azken 30 urteen historia gogorra kontatzen du: diktadura, iraultza, errejimen integrista, Irakekiko gerra...
Istorioa, baina, haur baten (bera halaxe baitzen) ikuspegitik kontatzen du, haur batek soilik izan dezakeen ikuspuntu xalotik. Baina xalotasun horretatik gauza sakon eta gogorrak deskubritzen ditu, eta dizkigu. Asko pentsarazten digu eta hausnarketa sakonak eragin. Istorio arras hunkigarria da, une askotan negar eragiten duena.
Irudiak ere gidoia bezalakoxeak dira, sinpleak baina asko gordetzen dutenak. Sinpletasun ikaragarrizkoak, haur batek marraztuak balira bezala, txuri eta beltz hutsean. Ez baita gehiago behar benetako bizitzako istorio errealak kontatzeko, eta agian txuri-beltz hori delako kontakizun krudel horiek kontatzeko modurik onena.
Lehen eta bigarren tomoetan Marjanek bere haurtzaroa kontatzen digu. Marjaneren familia diruduna, ikasia eta modernoa da. 70eko hamarkadako Sha-ren diktaduran errejimenaren aurka daude, ezkerrekoak izaki (horren kontraesan guztiak ere azalerarazten ditu Marjik). Euren ingurukoek jasandako krudelkeriak kontatzen ditu. Iraultzak irabaztean, euren esperantzak zapuztuta ikusten dituzte, errejimen berria erlijioaren integristek osatzen dutela ikustean. Orduan garai are gogorragoak hasten dira, errepresioa eta Irakekiko gerrarekin. Marjane txikiak ez du bere ingurua ulertzen eta bere aurka altxatzen da.
Hirugarren tomoan gurasoek Marji Europara bidaltzen dute, bizimodu duina eta arriskutik librea izan dezan. Austrian pasatuko du bere nerabezaroa, baina bertako bizimodua ere ez zaio erraza egiten. Gure gizartearen kontraesan ugari erakusten ditu. Bere haragitan bizitzen ditu kanpotarrekiko mespretxua batzutan, indiferentzia beste batzuetan eta exotikoarekiko miresmen/adeitasun faltsua bestetan.
Hirugarren tomoaren amaieran Marjane Iranera itzultzen da, eta badirudi hor bukatzen dela serie guztia, lehen tomoa hasi zuen irudi berarekin bukatzen baitu hirugarrena, zapiarekin. Baina laugarren tomo bat dago, non Iranen bere heldu bizitza kontatzen duen, azkenean, bertako egoerak asfixiatuta, betirako Europara bizitzera joatea erabakitzen duen arte.
Nik ez ditut atsegin gurea bezalakoa ez diren gizarteei maiz egiten zaizkien kritikak, euren kontestuan kokatu gabe edo euren egoera ulertu gabe, mundua guztia gure parametroen arabera egon beharko balitz bezala. Eta esan dudanagatik agian irudi luke Satrapik Irani egiten dion kritika gogorra jende okzidentalizatuaren ikuspuntu horretatik egiten duela. Ez da horrela. Berak maite du bere herria. Abertzalea da eta erlijiosa ere bada, integrismoa eta errepresioa da kritikatzen duena. Eta horren froga da Europako bizimodua ere asko kritikatzen duela.
Nik lehen bi tomoak izugarri atsegin ditut. Kalitate itzela dute. Haurraren ikuspegi horretatik erabiltzen duen ironia eta kritika oso orijinalak eta sakonak dira. Hirugarren eta batez ere laugarren tomoetan ikuspegi hori galtzen du (derrigorrez), baina hala ere oso ongi eginak egoten jarraitzen dute, eta seriea bere osotasunean ikusita oso ona da. Nire gusturako hirugarrena da agian eskastxoena, ziur aski niretzat ezaguna den gizarte bat deskribatzen duelako eta ez didalako besteek besteko gizarte baten "deskubrimendua" egiten. Edo agian ni ere, munduko pertsona izan nahi arren, sakonean okzidentalizatu dirudun bat besterik ez naizelako eta nire gizartearen kontraesan, miseria eta okerkeriak erakusten dizkidalako izango da?
Lan borobila Marjane Satrapiren lehen obra hau. Bere egilearen azterketa-gaitasun eta maisutasun sakonaz ohartzeko, bereziki gustatzen zaidan pasartetxo iragarle bat (kontuan izan 1999koa dela): 1979an Sha-ren errejimenaren aurkako iraultzak irabazi eta gero, Marji eta bere ama pozik daude eta aitak dio "Ekialde Ertainean petrolioa daukagun artean, ez dugu bakerik ezagutuko".
| Fitxa |
|---|
|
Izenburua: Persepolis Gidoia eta irudiak: Marjane Satrapi Argitaletxea: Norma Urtea: 2002 - 2003 - 2003 - 2004 ISBN: 84-8431-561-4 - 84-8431-562-2 - 84-8431-704-8 - 84-8431-936-9 |







