e-gorblog
Heroiak
"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
Euskarazko bideoak denon eskura jartzen dituen webgune honek bere lan bikainarekin jarraitzen du.
Euskal Encodings webgunean euskarazko bideoak denon eskura jartzeko egiten duten lan bikainarekin jarraitzen dute. Bertan film eta serie mordoa aurki badaiteke ere, azkenaldian igo dituzten biri buruz hitz egin nahi dizuet gaurkoan, niretzat azken urteetan ETBk emandako onenetakoak baitira.
Batetik, Heroiak (Heroes) telesaila. Hau izan da, Vrekin batera, Euskal Telebistaren azken urteetako apustu nagusietakoa kanpoko fikziozko serieei dagokionez. Baina hala ere ez zuen batere egoki jokatu berarekin: urte bat baino gehiagoko atzerapenarekin bota zituzten lehenengo bi denboraldiak, ordurako DVDak aterata zeudenean euskarazko audio eta guzti, eta ETB2n eman zuten, gaztelaniaz! Behintzat 2. denboraldia Euskal Encodings-en jarri zuten euskaraz ETBk eman aurretik... Lehenengo denboraldiko atalen erdia edo lehendik jarrita bazeuden ere, oraintsu amaitu dute 23 atalak jartzen.
Bestetik, Avatar, azken aire maisua (Avatar, the last airbender) marrazki bizidunetako seriea. Nickelodeon etxearen serie hau bihurtu da nire inoizko marrazki bizidunetako sailik gustukoena, Gargoyles-i tokia kenduz. Duela hiru bat hilabete semeak ikusten hasi zirenean, nik ere pare bat ikusita guztiz engantxatu nintzen, eta ezagutzen ditut beste hainbat aita berdin gertatu zaiena. Haurrentzako serie egokia da, baina helduentzat ere oso ongi dago, irakurketa sakonago bat ere eskaintzen baitu. Umorea eta abentura ederto konbinatzen dira bertan. Ekialdearen itxurako mundu imajinario baten, non jendeak arte martzialak eta elementuak menderatzen dituen, haur koadrila batek mundua salbatu beharko du. Animaliak, tokiak, trajeak eta abar irudikatzeko kristoren imajinazioa daukate, eta irudi oso eder eta kalitatezkoekin gauzatu dituzte gainera. Pertsonaiak oso interesgarriak dira, batez ere Katara, neska gogor eta zentzudun baina aldi berean goxoa (ahots bikaina du euskarazko bikoizketan), edo Zuko, errege gaiztoaren seme tormentatua. Eta ez da dena borroka, laguntasuna, ohorea, zintzotasuna edo maitasuna bezalako sentimenduak asko lantzen dira, eta haurrek sarri erakusten dituzte. Sari ugari irabazi ditu gainera. Beno, nabari da asko gustatzen zaidala, ezta? Tira, harira. Kontua da Euskal Encodings-ekoek denok jaisteko moduan jarri dutela serie osoa (1. denboraldia, 2. denboraldia eta 3. denboraldia). Jaitsi ezazue sin falta zuentzat edo zuen haurrentzat, ez zaizue damutuko!
Bide batez, ni bezala, M. Night Shyamalan ere seme-alabekin ikusita engantxatu zen seriera (alabak Halloween-en Kataraz mozorrotu nahi zuela esan zionean ezagutu omen zuen), eta filma egiteko eskubideak erosi zituen (aurreratu egin zait, kasuen! ;-). AEBetan uztaila hasieran estreinatu zen lehen denboraldian oinarritzen den lehen filma, The last airbender ("Avatar" hitza ezin du izenburuan jarri James Cameronen beste film haren erruz), eta Espainian abuztuaren 6an estreinatuko da Airbender: el último guerrero izenburuarekin. Ez du kritika onegia ere jaso, besteren artean 3D faltsuan ematen dutelako, baina hala eta guztiz ere han izango nauzue semeekin estreinatzen denean...
"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
Berandu eta gaztelaniaz emango du berriz ere ETBk; zorionez, euskaraz dago jada Euskal Encodings-en!
Aurreko artikulu baten kexatzen ginen ETBk ez duelako aspaldian kanpoko helduentzako serierik euskaraz eman, eta Heroes seriearen adibidea aipatzen genuen, zeinaren 1. denboraldia telebistan bota zutenerako, DVDa kalean zegoen salgai euskarazko audioarekin, baina ETB2n eman zuten gaztelaniaz. Ba 2. denboraldiarekin zentzugabekeria bera egitera doaz...
Hasteko, oso berandu eman behar dute. 2. denboraldia AEBetan 2007ko irailean hasi ziren ematen eta abenduan bukatu. Hemen urte eta piku beranduago emango dute, eta hori tarte ikaragarria da Internet eta BitTorrent aroan. Seriearen zale gehienek aspaldi ikusi genuen saretik jaitsita, ETBri itxoiteaz aspertuta. Baina ez hori soilik, berriz ere DVDa aurreratu zaie. Zenbat ikusle ez ote dituzte galdu, beraien serie izarrarentzat...
Tira, behintzat DVDan euskarazko audioa ere badago, eta ETBk oso erraz eman zezakeen 2. denboraldia euskaraz... Baina ez, berriz ere kale. Euskaldunak ez gara existitzen ETBrentzat, ETB2n emango dute, gaztelaniaz beraz.
Orain zalantza bakarra da ea, egindakoa apurtxo bat zuzentzeko, emisio digitalean audio dualarekin botako duten, baina esperantza gutxi: iaz iragarri zuten 1. denboraldiarekin hori egingo zutela, eta gero bete ez... Gainera, oso jende gutxik du oraindik LTD hartzailea, beraz konponbide kaxkarra litzateke...
Zorionez, Euskal-Encodings badaude jada 2. denboraldiko atal guztiak euskarazko audioarekin. Eskerrik asko berriz, Euskal-Encodings! Orain ETBk merezi du euskaldun guztiok, berak aintzat hartzen ez gaituenez, Euskal Encodings-etik jaistea Heroiak-en 2. denboraldia euskaraz eta ETB2n ez ikustea, audientzia jaits dakien eta espabilatu daitezen...
Oin-ohar txiki bat, artikuluaren hasieran genionarekin lotuta. Egia esateko, ETB hasi da kanpoko serieak euskaraz ematen. ETB3n bi ematen dituzte orain, Doctor Who eta Heroiak-en 1. denboraldia. Baina ezin da konparatu ETBk horiei ematen dien tratamendua edo ETB2ko beste serieei ematen diena. Doctor Who gutxi eta gaizki iragarri zuten, eta Heroiak-en 1. denboraldiaren hasiera ez zuten iragarri. Heroesen ETB2ko emanaldiari, aldiz, kristoren propaganda, maratoia... Eta gainera, ETB3 telebista digitala dutenek soilik ikus dezakete...
Eta amaitzeko, gomendiotxo bat: ez galdu Irudi txokoa bloga (jarri ditudan azken bi estekak bertako artikuluetara dira); blog guztiz ezinbestekoa, euskarazko film eta serieei dedikatutakoa, horien inguruan jakintza izugarria du eta artikulu benetan interesgarriak argitaratzen ditu.



