Hemen zaude: Hasiera Blogak e-gorblog Hergé

e-gorblog

Hergé

Hainbat komiki-ekitaldi egunotan Gasteizen

Crash Pilulak eta Tintin ezagunari buruzko erakusketa

Crash Pilulen logoa eta Tintinen erakusketako argazki bat
Irudia: Crash / Diario Noticias de Álava

Urte bukaera eta hurrengoaren hasiera honetan komiki-ekitaldi aukera zabala dago Gasteizen.

Batetik, Crash Pilulak izeneko formatuaren barruan hainbat ekintza daude programatuta. 2003tik 2007ra Crash Comic deitutako festibal tematikoa antolatu izan du urte amaieraro TMEO aldizkariaren inguruan ibiltzen diren hainbat komikigilek osatutako Atiza komikigileen elkarteak; orain festibal formatua utzi eta Crash Pilulak deitu duten honetara pasatu dira, urtean zehar hainbat ekintza antolatzeko asmoz. Une honetan martxan dituztenak hauek dira:

  • Gazteentzako komiki-lehiaketa (2009ko urtarrilean): Gauekoak-ekin elkarlanean
  • Gazteentzako gaueko aisia-ekitaldiak (2009ko urtarrilean): film-emanaldiak, komikiak zuzenean, orijinalen erakusketa... Gauekoak-ekin elkarlanean
  • Komikiak irakurtzera bultzatzeko kanpaina (2008ko azaroa eta abenduan): Kinik diseinatutako kartel eta postalak banatuko dira Euskadi osoan.
  • Crash artxiboa handitzea (2008ko abenduan): Crash artxiboa, hainbat euskal komikigile, komiki-elkarte eta komiki-aldizkariri buruzko informazioa batzen duena, handitu eta hobetuko dute.
  • La factoría TMEO: 20 años de cómic vasco liburua (2008ko abenduan): aldizkariaren 100 azalak biltzen dituen liburua argitaratuko da.
  • La factoría TMEO: 100 números postu ibiltaria (2008ko azaroa eta abenduan): Getxoko eta Durangoko azoketan erakusketa eta salmenta-postua jarriko dute.

Bestetik, Vital Kutxa Fundazioaren Aretoan otsailaren 15a bitartean Tintini buruzko erakusketa dago, Tintin Hergé-ren munduan izenburukoa. Urtarrilaren 10ean 80 urte egingo dituela aitzaki hartuta, erakusketa ikusgarria paratu dute, Jordi Tardá tintinofiloaren bildumako 400 piezaz osatutakoa, batzuk oso garrantzitsuak. Adibidez, Casterman argitaletxeak Tintin gaztelaniaz atera zuen lehenbiziko aldian pertsonaiari Pepito deitzeko asmoa zuela erakusten duen lehenengo itzulpenaren orijinala. Edo Armstrong, Collins eta Aldrinek sinatutako Tintin ilargira bidean albumaren alea. Horrez gain, Tintinen abenturetan agertutako 5 kotxe modelo zahar benetako ere badaude, Araba Classic Club-ek utziak: Simca Aronde, Citröen 2CV, Willys MB Jeep, Citröen 15CV eta Ford T modeloak, hain zuzen ere.

Aukera ugari, beraz, komikiaz gozatzeko Gasteizen. Aprobetxatu!

e-gor 2008/12/24

Hergé-ren defentsan

"Tintín, el sueño y la realidad" liburuaren iruzkina, bere jaiotzaren mendeurrenean

Liburuaren azala
Irudia: Hergé

Izango da urte bat baino gehiago, Patxi Lurra adiskideak asaldatuta idatzi zidala. Tintin-en abentura zahar eta ezezagun bat deskubritu berria zen, Tintín en el país de los Soviets. Irudi "primitiboak" zituela esateaz gain, "propaganda anti-komunista lotsagabea" dela eta "errusiar guztiei Lenin-en traza" ematen diela eta "okerrena haurrentzako gehigarri baterako" zela ere ziostan.

Nik badut etxean album hori, duela urte gutxi berrargitaratu baitzen hemen (1930eko lehen ediziotik berriz atera gabea zen, horregatik da nahiko ezezaguna), eta Patxik arrazoi osoa du. Lan hori propaganda eta manipulazio hutsa da, ez du aitzakiarik.

Eta ez da hori Hergé-ri buruz entzun izan dudan akusazio bakarra, ezta grabeena ere: nazien okupazioan kolaborazionista izatea leporatu izan zaio! Horrez gain, kolonialista, antiekologista, matxista... eta beste ez dakit zenbat "ista" ere.

Nik inoiz ez ditut akusazio horiek sinistu. Tintin nire txikitako heroiaren sortzailea, beti ahulenak eta balore onak defendatzen dabilen horren egilea, ezin zen horrelakoa izan! Nire konbikzio hori frogatu edo errefusatzeko, Tintín, el sueño y la realidad: La historia de la creación de las aventuras de Tintín liburua irakurri nuen. Artikulu honetan daukazue liburu horren iruzkina eta, beragan oinarrituta, Hergéren gaineko akusazioen gezurtapen dokumentatua.

(Oharra: Egun egokia iruditu zait gaurkoa aspalditik pendiente nuen artikulu hau idazteko, gaur baita Georges Remi Hergé-ren jaiotzaren mendeurrena, azken aldian antolatu eta argitaratu diren gauza guztiengatik jakingo duzuenez; adibidez, Donostiako Zientziaren Kutxagunean Tintin eta zientziari buruzko erakusketa bat inauguratuko dute gaur bertan, uda amaiera bitartean egongo dena)

Lehen kargua: Manipulatzailea

Sobieten istorioa propaganda eta manipulazio hutsa da, eta ez dago horretarako aitzakiarik. Hergék berak ez du gustuko, gaztaroko bekatutzat dauka, eta horregatik da album bakarra gero 1945ean kolorezko bertsiorik izan ez zuena. Tintin-en abenturak Le Petit Vingtième aldizkari katolikoan (eta beraz antikomunistan) hasi ziren argitaratzen, eta Wallez apaiz zuzendariak agindu zion lana, ikuspuntu horretatik egiteko esanez. Gainera, erabili zuen informazio iturri bakarra liburu bat izan zen, Joseph Douillet-en Moscou sans voiles, horrela kontatzen zuena.

Bigarren kargua: Kolonialista

Tintin Congon albumean ikuspegi oso kolonialista erakusteaz akusatzen dute Hergé, eta onartu beharra dut hala dela. Berak ere onartzen du honetan topiko eta estereotipotan erori zela. Afrikar guztiak ezjakinak, sineskerizaleak eta abar bezala balira jartzen ditu. Honetan ere liburu bi soilik erabili zituen dokumentaziorako.

Hala ere, beste album batzuetan Tintinek indigenak kolonialisten gehiegikerietatik defendatzen ditu : Loto Urdina albumean rickshaw tiratzailea babesten du Gibbons-en jipoitik, eta Eguzkiaren Tenplua albumean berdin egiten du Zorrinoren adar jotzaileekin.

Horrez gain, Tintin beti ari da gutxiengoak eta zapalduak defendatzen: indioak Tintin Ameriketan albumean, indigenak Eguzkiaren Tenpluan, ijitoak Castafioreren bitxiak albumean, tibetarrak Tintin Tibeten albumean...

Hirugarren kargua: Topiko eta estereotipoz betea

Liburuko irudi batzuk
Irudiak: ? / Hergé

Egia da Tintinen hasierako albumak estereotipoz beteta daudela (boltxebike denak gaiztoak dira, afrikarrak atzeratu eta superstiziosoak, amerikarrak kapitalista desenfrenatuak edo gangsterrak...). Baina Loto Urdina istorioan kontrakoa egin zuen: europarren txinatarrenganako estereotipoak apurtzen saiatu zen.

Album hori idazten hasi aurretik, Hergék Tchang Tchong-Jen ezagutu zuen, Bruselan ikasten ari zen txinatar gazte bat. Bere lagun handia egin zen, eta honek ireki zizkion begiak, Txinako errealitatea ezagutaraziz. Beraien laguntasuna omenduz, Hergék Chang Chong-Jen izeneko pertsonaia bat sartuko du albumean, eta eszena oso eder bat dago bertan non Chang-ek eta Tintinek elkarrez dituzten aurreiritziez barre egiten duten, Hergék eta Tchang-ek egingo zuten gisan. Album honetatik aurrera Hergé ederto dokumentatuko zen beti, komikietako dokumentazio lanaren eredu bihurtu arte, ia obsesioraino informatzen hasi baitzen.

Laugarren kargua: Naziekin kolaborazionista

Akusazio grabea benetan. Beronen oinarria hau da: naziek Belgika okupatu zuten garaian Tintin Le Soir egunkarian argitaratzen zen, Belgikako egunkari frankofono nagusian; okupazioa gertatzean Hergé ez zen erbesteratu, Erregearen deiari kasu egin zion eta herria altxatzen gelditu zen; Le Soir izan zen, ohikoa zenez, naziek bahitutako medioetako bat, eta euren propagandarako erabiltzen zuten; eta Tintinen abenturak eta Hergéren sinadura nazien goraipemenezko artikuluekin nahastuta agertzen ziren...

Baina Hergé-ren lana pixka bat aztertzen duen edozeinek argi ikus dezake beti nazien eta faxismoaren aurka egon dela: Loto urdina albumean Japonek Txina konkistatzea kritikatzen da, Irla beltza albumean alemanek gerra aurretik ezegonkortasun ekonomikoa sortzeko egiten zituzten diru faltsifikazioak salatzen ditu), Ottokar-en zetroa albumean alemanen anexionismorako azpijokoak irudikatzen ditu (azpilan guztiaren burua, Müsstler, Mussolini eta Hitler izenen nahasketa da)... Okupazio garaian arazoak izateko moduko lanak dira, baina zorionez naziak ez ziren konturatu (egiten den kritika askoz fin eta sotilagoa da, ez Sobiet-en albumean bezala).

Inbasioaren garaian Hergé Tintin urre beltzaren lurraldean albuma idazten ari zen, nazien petrolioa eskuratzeko trikimailuei buruzko abentura. Baina, noski, alde batera utzi behar izan zuen. Okupazio garaian inplikazio politikorik gabeko abenturak egin zituen (Urrezko hagindun karramarroa, Izar misteriotsua, Adarbakarraren sekretua, Rackham Gorriaren altxorra, Kristalezko zazpi bolak eta Eguzkiaren tenplua). Gero berriz heldu zion Tintin urre beltzaren lurraldean istorioari, baina oraingoan Gerra Hotzean kokatu zuen.

Beste karguak: Antiekologista, matxista...

Tintin Congon istorioan Tintin zoroen pare ehizan agertzen delako eta animali piloa akabatzen dituelako aurpegiratzen diote lehenengoa. Eta bigarrena bere albumetan emakumeek ez dutelako rol garrantzitsurik (Castafiorek izan ezik, baina a ze rola gainera...).

Tira, baina orduan gauzak horrela ziren! Kontzientzia ekologikoa ez zen existitzen, eta berdintasunarena apenas...

Epaia: Errugabea

Tintinen komikiak abentura, suspensea eta komedia baino askoz gehiago dira. Benetako gizarte- eta toki-erretratuak izateaz gain, kritika sozial zorrotza ere badute. Tintinen abenturetan indioen defentsa ausarta egiten da (Tintin Ameriketan), droga trafikoa salatzen da (Faraoiaren zigarroak), Txinaren okupazioa kritikatzen da (Loto urdina), lehen munduak hirugarren munduan eragindako petrolioagatiko gerrak eta arma trafikoa gaitzesten dira (Belarri hautsia abenturan Bolivia eta Paraguayren arteko Chaco-ko gerra dago atzean, multinazionalek bertako petrolioagatik eragindakoa, eta Tintin urre beltzaren lurraldean abenturan ere gauza bera denuntziatzen da; Irak-ekoa ez da hain berria ere...), aipatutako nazien manipulazioak erakusten dira, Gerra Hotzaren garaiko espioi istorioak daude Tournesolen auzia istorioaren azpian, esklaboen trafikoa kritikatzen du Ikatz stock-a albumak, txabolismoa eta multinazionalen manipulazioak salatzen dira Tintin eta Pikaroak istorioan...

Liburuaren iruzkina

Liburuaren izenburu osoa Tintín, el sueño y la realidad: La historia de la creación de las aventuras de Tintín da, eta kapitulu bakoitza Tintinen 24 albumetako bati buruzkoa da. Bakoitza nola sortu zen kontatzen du, bertsioen arteko ezberdintasunak, dokumentazioa zertan oinarrituta dagoen...

Sarritan parez pare agertzen dira dokumentatzeko Hergé-k erabilitako benetako argazkiak eta komikiko binetak, eta askotan harrigarriki antzekoak dira. Hori da niretzat liburuaren gauzarik politenetako bat. Hor ikusten da zenbateraino saiatzen zen Hergé dokumentatzen eta paisaia, pertsonaia, dekoratu eta abarrak ahalik eta errealenak egiten. Aparteko aipamena merezi dute ibilgailuek (hegazkin, kotxe, itsasontzi, tren eta abarrek). Hain dira errealak, non liburuak baitaude horiei dedikatuta (ikusi hau adibidez).

Baina paraleloan Hergéren bizitza ere kontatzen da, eta hori ere oso interesgarria da. Hergéren unean uneko egoera profesional eta pertsonala islatzen dira Tintinen albumetan:

  • Garai bakoitzean interesatzen zitzaizkion gauzez idazten zuen: indioak (Tintin Ameriketan), Txina (Loto urdina), Ilargirako bidaiak (Ilargira bidean eta Ilargian oinez) , estralurtarrak (Sidneyrako 714 hegaldia), budismoa (Tintin Tibeten), artea (Tintin eta alfa-artea)...
  • Loto Urdina istoriotik aurrera ongi dokumentatzeko obsesioa hasi zitzaion, Tchang Tchong-Jen ezagutu zuelako eta Txinarekiko aurreiritzien okerraz jabetu zelako. Ardura moduko zerbaiten kontzientzia hartu zuen.
  • Izar misteriotsua albumaren hasierako giro itogarriak eta munduaren amaieraren iradokizunak, 2. Mundu Gerrak sortzen zion desesperazio sentsazioa islatzen dute.
  • Gerra garaian, ezinbestean, konnotazio politikorik gabeko abenturak egin zituen.

Hergé-ren bi autokarikatura
Irudia: Hergé

  • Gerra amaitutakoan, kolaborazionista izateaz akusatu zuten eta bi urtez debekatuta izan zuen lana egitea, eta pot eginda egon zen horregatik. Kristalezko zazpi bolak albumaren erdian izan zen hori, justu Tournesol desagertu zen unean, eta horregatik erakusten du Haddock deprimituta lagunaren alde ezer egin ezin duelako, bera zegoen gisara. Berriz lanean hasteko aukerarekin animatu zen, Haddock bezala.
  • Ikatz stock-a eta gero deprimituta egon zen berriz, lanaren presioagatik eta 26 urteko ezkon-bizitzaren porrotagatik. Amets itogarriak izan zituen, dena zuri ikusten zuela. Psikologoak eta lagunek Tintin uztea aholkatzen zioten, baina berak ez zien kasu egin eta jarraitu egin zuen, Tintin Tibeten abenturari ekinez. Honetan, Tintin Chang-en bila ari da, etsitzeko esaten dioten guztiei muzin eginez, Hergé-k bezala. Eta amets zuriak ere agertzen dira albumean, Tintinek Chang-ekin egiten dituenak. Hergé-k lagunen beharra zuen, Tchang aspaldiko bere lagun handia botatzen zuen faltan, eta abentura honetan berriz Tchang agertzen da. Horregatik istorio hau laguntasunari egindako omenaldia da, bai Tintin eta Chang, Haddock eta Tintin edo Chang eta Yetiaren arteko laguntasuna. Gainera lana amaitzeak on egin zion, bizitza bideratzen joan zen, Germaine emazteaz banatzeko eta Fanny-rekin hasteko ausardia eman baitzion, bere aurreiritzi katolikoak gaindituz.
  • Tintin eta Pikaroak egin zuen garairako oso nekatuta zegoen, eta Tintinek ere hala erakusten du albumean, etxean gelditu nahi du eta ez du abentura berri baten hasi nahi.
  • Bere bizitzaren azken urteetan arte modernoaz interesatzen hasi zen, eta horrek badu isla azken albumetan, Sidney-rako 714 hegaldian eta Tintin eta Pikaroaken, baina batez ere Tintin eta alfa-arteaan.

Oso liburu gomendagarria, benetan. Ondo dokumentatua, argazki eta irudiekin majo hornitua, eta gauza benetan interesgarriak kontatzen dituena. Egun aproposa duzu gaur erosteko! ;-)

Fitxa

Izenburua: Tintín, el sueño y la realidad: La historia de la creación de las aventuras de Tintín

Egilea: Michael Farr

Argitaletxea: Zendrera Zariquiey

Urtea: 2002

ISBN: 84-8418-126-X

e-gor 2007/05/22

Dalai Lamak Tintin saritu du

"Egiaren Argia" saria eman dio Hergé Fundazioari

"Tintin Tibet-en" komikiaren azala
Irudia: Hergé

Hilabete hasieran jakin nuen La cárcel de papel-en bidez (nahiz eta hainbat arrazoi medio gaur arte argitaratu ez) Dalai Lamak Hergé Fundazioari eta Desmond Tuturi emango ziela aurtengo Egiaren Argia saria.

Sari hau munduan Tibet ezagutarazten eta ulertarazten laguntzen duten pertsona eta erakundeei eman ohi diete. Kasu honetan Hergé-ren Tintin pertsonaiaren Tintin Tibeten komiki-albuma da saria ematearen arrazoia, "irakurle askorentzat, Hergé-ren Tibet-en deskribapena gure kultura eta ohituren benetako errebelazioa eta bere paisaien ikusgarritasunaren sarrera aparta" izan baitzen, sariaren arduradunen esanetan.

e-gor 2006/06/19
Egunkaria libre!
Bidegabekeria salatzeko. Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko. Hemen torturatu egiten dela esateko. Auzipetuei elkartasuna adierazteko. Epaiketarik ez genuela nahi gogorarazteko. Epaiketa egingo dutenez, Egunkaria eta auzipetuak libre nahi ditugula erakusteko.
Egunkaria.info
Sustatu - Egunkaria libre

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 15etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Honi buruz
Kontaktua
Lizentzia: Creative Commons License Attribution-ShareAlike
Artxiboa
Informatika atalaren aurkezpena
Komikien atalaren aurkezpena
Harpidetza
Harpidedunak:
RSS jarioa
E-mail harpidetza
Azken erantzunak
Giancarlorena patxi lurra, 2012/01/22
Ñooooo txu, 2012/01/22
Squareup haritz, 2012/01/14
Re: Gartxot e-gor, 2011/12/05
Gartxot darko, 2011/12/04
Erantzunen harpidetza
Harpidedunak:
RSS jarioa
E-mail harpidetza
Etiketa lainoa
1512 Nafarroa - Amets urratua 300 30x30 3D 3D inprimagailuak 7K APIE-EIEP Adèle Blanc-Sec Agence barbare Aitor Arana Aitor I. Eraña Alan Moore Alfonso Azpiri Alfonso Zapico Alhóndiga Bilbao Aljebra Alokairuan American Splendor AnHitz Android Angoulême Anti- liburudenda Apple Arturo Erregea Asisko Asterix Astiberri Asus EEE PC Atiza Atzipen multimodala Avatar, azken aire maisua Azken garaipena Azken mohikanoak hemen gaude Barakaldoko lehiaketa Bartzelonako komiki-azoka Basaurikomik Batman Bego Montorio Bideo-jokoak Bilboko barrea Bill Watterson Bitcoin Blogs & beers Bordados Bruselako komikiaren museoa Bécassine CSS Café Budapest Calvin & Hobbes Clara-Tanit Arqué Cloud computing Crash comic DRM DTMLCalendar Dani Fano De rerum natura Disney Donostiako komiki-jardunaldiak Dublinés E-book ETB Egunkaria El País El invierno del dibujante El jueves Elhuyar aldizkaria Elkar Emakumeak Errealitate areagotua Escrivá de Balaguer Euskal Encodings Euskal rock Euskaltel Euskomik Facebook Fanxinoteka Firefox Fontanarrosa Francisco Ibáñez Frank Miller Franquin Fructuoso Gaizka Barandiaran Galtzakomik Ganorabako Gartxot Gaston Gauzen Internet Gazteak Geokokapena Getxoko komiki-azoka Giza eskubideak Giza eskubideen lehiaketa Goienkaria Gon Google Google Chrome Google TV Google Wallet Google Wave Gorka Velasco Guillermo Zubiaga HTML 5 Habeko Mik Harriet Hartos de arte Hergé Heroiak Hizkuntza-teknologiak Homosexualitatea IEB IP Ihes ederra In the shadow of no towers Inodoro Pereyra Interneteko bilatzaileak Ipurbeltz Irati Irungo komiki-azoka Iñaki G. Holgado Jacques Tardi Joanes Josep Domingo Nadar Josevisky Joyas literarias juveniles Juan Carlos Egillor Juan Luis Landa Justin Hiriart KKLRD Kinect Komik 10 Krea Kristalezko hiria La fiesta dibujada Le crochet à nuages Les Godillots Linux Literaktum Little Nemo Luis Durán Luis Gasca bilduma Mangamore Mantxi Marjane Satrapi Marko Marrazkirri Martín Romero Marvel María y yo Max Medikuntza alternatiboa Microsoft Miguel Gallardo Mikel Valverde Mikroformatuak Mis tebeos favoritos Moblogging Motsukora Mundu digitala Muraille MythTV Métal Hurlant NFC Nabarra Nafarroako komiki azoka Napartheid Nick dut nik Numenak OLPC Okatxu Otsobeltz Ovni Paco Roca Patxi Gallego Patxi Lurra Paul Auster Pernan Goñi Persepolis Peyo Piztia otzanak Plaza elíptica Poker Face Pololoak Portugaleteko lehiaketa Pottokiak Preso nago RSS Ralf König Raquel Alzate Rekalde-Ortzadar komiki lehiaketa Retine Rober Garay Ruben Arozena Santiago Valenzuela Sare sozialak Sarearen neutraltasuna Sasizientziak Sauré Sautrela Scanlation Scott McCloud Sendabide ala iruzurbide Senez Sherlock Holmes Shin-Chan Sin City Snoopy Star Wars Steve Jobs Supergrupo Tabary Tablet Tanaka Thorgal Tintin Tokitan.tv Torrentocracy UEU Ubuntu Udaberririk ankerrena V for vendetta Watchmen Watson Web semantikoa Willy Roa X-Men XHTML XO Xabiroi ZX Spectrum Zaragozako komiki-azoka Ziberkomikiak Zope bestelakoak e-gorblog gogoetak informatika komikiak
Artikulu aipagarriak
"Pololoak" sorta 2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03
Monoblogoa 2005/01/11
"Watchmen" sorta 2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07
OLPC sorta 2007/12 - 2008/01
5 urte 5! 2009/12/15