Hemen zaude: Hasiera Blogak e-gorblog DRM

e-gorblog

DRM

Sauré euskal komiki-argitaletxea digitalean soilik argitaratzera pasatu da, papera albo batera utziz

7 album berri atera ditu euskaraz, digital hutsean, eta webgune berria ere badu; honen guztiaren aurkezpen jardunaldia antolatu du hilaren 24rako Gasteizen

Sauré argitaletxearen euskarakzo komikien katalogo digitala AveComics webgunean

Legutioko Sauré euskal komiki argitaletxea digitalean soilik argitaratzen hasi da. Ez dut horren albisterik inon ikusi, baina beraien webgune berrian 7 nobedade berri aurkitu ditut duela hilabete batzuk azkenekoz sartu nintzenetik, eta komiki horiek ez ditut aurkitzen paperezko inongo liburu dendatan, beraz...

Apustu handia, aurrera ongi eramana (DRMa izan ezik)

Egin duten apustua handia da. Egokia iruditzen zait komikietan euskarri digitalaren alde egitea; hala ere, papera erabat uzteko goizegi ez ote da izango agian... Bestela, prezio aldetik bikain egin dute: 5 eta 3 euro artean daude orokorrean, eta laburren batzuk 0,80 euro, paperezko edozein album 15 eurotik gora daudenean. Ongiegi beharbada, errentagarritasuna ateratzeko (egileak, Sauré argitaletxea, AveComics denda... tartean izanda)? Baina, digitalaren eta Interneten abantailak, mundu mailako merkatu globalean sal dezakete, eta euskaraz gain, ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez ere jarri dituzte komiki guztiak. Bestalde, beraien katalogo propio ia guztia jarri dute bertan salgai lau hizkuntzatan. Beraz, prezio, hizkuntza-aniztasun eta katalogoaren aldetik, chapeau!

Gustatzen ez zaidana komikiak irakurtzeko modua eta komikien formatua da, DRM sistemarekin baitatoz. Hala, komikiak edozein ordenagailutako nabigatzailetik irakur ditzakegu, baina Internetera konektatuta egon behar gara. Eta gailu mugikorretan (iOS nahiz Android) irakurri nahi baditugu, aplikazio bat instalatu behar da, kopien kontrola egingo duena; honekin konexiorik ez dugunean ere irakur ditzakegu komikiak, baina desabantaila nabaria da: komiki-denda ezberdinetan erosten badugu, bakoitzak bere aplikazioa izaten du, eta denak instalatu behar ditugu, liburutegiak aplikazio ezberdinetan banatuta daude... Hobe litzateke erositako komikiak PDF edo CBR formatuan jaisten utziko balute, guk denda ezberdinetako komiki guztiak liburutegi bakarrean antolatu ditzagun eta aplikazio estandarretatik irakur ditzagun nahi dugunean, Interneteko konexiorik ez dugunean ere bai.

Bestela, egia da edozein gailutan irakur daitezkeela (plataforma nagusientzat aplikazioak dituzte eta bestela nabigatzailetik irakur daitezke), erosketa erraza da eta irakurketa erosoa. Nire Android telefono mugikorrean bineta handi batzuen letrak apur bat txiki ikusten dira agian, baina 9 urteko semeak gustura irakurri zuen ordenagailu eramangarrian.

Aurkezpen-jardunaldiaren kartela

Euskarazko 7 komiki berri

Esan bezala, AveComics webgunean Sauréren ia katalogo guztia eros daiteke formatu digitalean, baina horiez gain azken hilabeteetan euskarazko 7 komiki berri atera ditu Saurék formatu digital hutsean eta bertan salgai jarri. Hauek dira atera dituzten album berriak:

Webgune berria eta aurkezpen jardunaldia

Honi guztiari buruzko informazio guztia beraien webgune berrian aurki dezakegu: http://www.ecomic-experience.com/. Gainera, ibilbide berriaren berri emateko eta komiki berriak aurkezteko, aurkezpen jardunaldi bat antolatu dute hil honen 24rako, Gasteizko Ibaiondoko Gizarte Etxean, 17:00etatik 20:45etara. Bertan parte hartuko dute Joseba Gomez, Josema Carrasco, Edorta Corpas, Txani Rodriguez, Nacho Fernandez, Mikel eta Juan Luis de Corcuera, Amaia Ballesteros, Inge Egiluz eta Morathak. Hori bai, gaztelania hutsean...

e-gor 2011/09/21

Edukiak on line kontsumitzen: erabiltzaileon kontrolaren galera

Mende honen hasieran, Internetek eta P2P sareek ahalbidetutako hartu-emanari esker, erabiltzaileok ikus-entzunezko edukiaren kontrola hartu genuen, eta eskaintza ikaragarria izan dugu guztiok eskura (P2P sareen funtzionamenduak erabiltzaileok beraien ordenagailuetan duten edukia beste erabiltzaileekin partekatzean datza). Azkenaldian, ordea, internauta asko musika, bideoak eta abar streaming bidez kontsumitzen hasi dira, edo on line zerbitzuen bidez partekatzen. Eduki hori norbere ordenagailuan ez gordetzeko joera horrek, luzera, erabiltzaileok berriz ere ikus-entzunezko edukiaren gaineko kontrola galtzea ekar dezake.

(Elhuyar aldizkariko 2011ko martxoko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

P2P sareek (peer-to-peer edo parekotik parekora) aldaketa ikaragarria ekarri dute ikus-entzunezkoak kontsumitzeko ohituretan. Musika, bideoak, literatura eta abar argitaratu eta banatzea produkzio-etxeen eta argitaletxeen esku zegoen lehen, eta haiek eskaintzen zutenarekin moldatu behar genuen kontsumitzaileok. Eskaintza hori mugatua zen, enpresa horien marketin-estrategien edo kontu ekonomikoen arabera erabakitakoa. Hala, azken nobedadeak eta beti ongi saltzen diren klasikoak izaten zituzten, baina beste gauza asko eskuraezinak ziren, "katalogotik kanpo" zeudelako.

Digitalizazioaren eta Interneten aroan egoteak banaketa eta salmenta asko errazten eta merkatzen duen arren, produkzio-etxeek eta argitaletxeek ez zuten garaietara egokitzen jakin, ez eta eskaintza handiago, merkeago eta erosoago bat asmatzen ere. Orduan, erabiltzaileak matxinatu egin ziren, eta mendearen hasieran P2P sareak sortu ziren.

P2P sareetan, software baten bidez erabiltzaileak bere ordenagailuan duen ikus-entzunezko eduki digitala beste erabiltzaileekin partekatzen du, eta, aldi berean, besteek duten edukia eskuratu dezake. Sare hauen adibideak dira eDonkey eta BitTorrent. Azken hau batez ere uneko film, serie eta abesti edo musika-talde arrakastatsuenak partekatzeko erabiltzen bada ere, eDonkey sarean (eMule programak erabiltzen duena) ia edozer aurki daiteke: herrialde eta hizkuntza bitxietako abestiak, komiki zaharrak, aspaldiko film eta telesailak... P2P sareei esker, edukien gaineko kontrola eta eskaintza erabiltzaileon eskuetara pasatu ziren. Oparotasun-garaia ekarri zuten, eta hala izan da geroztik.

On line kontsumitzeko joera

Azkenaldian, baina, ikus-entzunezkoen kontsumorako joera aldatzen ari da. Batetik, musika eta bideoak streaming bidez kontsumitzen dira maiz; hau da, zuzenean entzun edo ikusten da, nork bere ordenagailura jaitsi eta gorde gabe. Honen adibide arrakastatsuak dira Spotify (musika ugari -publizitatearekin, doan, edo ordainduta, publizitate gabe- eskaintzen duen zerbitzua), Netflix (bideoak alokatu eta on line ikusteko zerbitzua) eta Megavideo (jendeak Megaupload-era igotako film eta serie komertzialak streaming bidez ikusten uzten duen zerbitzua). Eta zentzu hertsian streaming ez bada ere, antzeko fenomenoa da liburu bat erosten dugunean soilik on line zerbitzuaren webgunean irakurri ahal izatea, Googleren e-bookstore dendan bezala.

Bestetik, jendeak elkarrekin musika eta bideoak konpartitzeko P2P sareek baino arrakasta handiagoa dute, gaur egun, zuzeneko deskargako zerbitzuek, hala nola Megaupload edo Rapidshare. Jendeak zerbitzari horietara igotzen ditu edukiak, eta, beste batzuek, berauetatik jaitsi.

Hirugarrenik, DRM (Digital Rights Management izen ponposo horren atzean kopiak eragozteko sistema dago) daukan edukia on line erosteko joera dago. Hauetan, jaisten dugu edukia gure disko gogorrera, baina kopiak eragozteko sistema duenez, ez dio beste inori balio. Tira, ezta guri ere etorkizunean izango ditugun aparailuetan! (Liburu elektronikoen DRMari buruz hitz egin genizuen iazko martxoko zenbakian). Hau gertatzen da hainbat on line musika-dendatan eta e-book denda gehienetan.

Edukiaren kontrola galtzen

Joera honi esker, erabiltzaileok edukia gure ordenagailuetan ez edukitzera ohitzen ari gara. Izan ere, ikus-entzunezkoak kontsumitzera bideratutako gailu asko, hala nola smartphoneak edo tabletak, biltegiratze-ahalmen txikiarekin datoz. Zertarako, dena on line badago eta handik zuzenean kontsumi badezaket?

Baina horrek badu bere puntu ahula: berriz ere, kontrola galtzen ari gara, eta enpresen esku uzten. Eta egia bada ere kasu gehienetan beste enpresa batzuk direla -hauek sarera egokitu dira eta eskaintza geroz eta handiagoa dute-, beti egongo gara beraiek nahi dutenaren menpe: beraiek jarriko dituzte prezioak, beraiek erabakiko dute eskaintza zein den eta beraiek inposatuko dizkigute baldintzak (DRM-a bezala).

Bestalde, internautok edukia P2P sareak erabiliz egin beharrean Megaupload eta Rapidshare moduko zerbitzuen bidez egiten badugu, nahikoa dute horiek ixtea truke oro eteteko. P2P sareen aurretik, denbora batez Napster moduko zerbitzuen bidez trukatzen zen musika; nodo zentral bakar batekiko dependentzia zuten, eta, hura itxi zutenean, akabo. Badirudi ez dugula ikasi...

Norbaitek esango du hori egiten dutenean beti daukagula lehengora bueltatzea eta berriz ere P2P sareak erabiltzea. Baina, bitartean, musika, telesail eta filmen inguruko webgune eta foro askotan zuzeneko deskargako webguneen estekak soilik jartzen ari dira, eta haiek alferrikakoak izango dira zerbitzu horiek ixten badituzte... Euskaraz, adibidez, badaude telesailak eta filmak (marrazki bizidunak euskaraz, Euskal Encodings...) nahiz musika (Ekaitzaldi) jaisteko estekak dituzten webguneak, baina esteketako asko zuzeneko deskargako webguneetarakoak dira. Zuzeneko deskargako webgune horiek itxiz gero, euskarazko edukia jendearen esku jartzeko esfortzu eskerga hori guztia pikutara joango da.

Ikus-entzunezko edukia on line zerbitzuetan zuzenean kontsumitzeko joera nagusitzen bada eta edukia gure ordenagailuetan gorde gabe erabiltzera ohitzen bagara, enpresek berriz ere erabaki eta mugatuko dute erabiltzaileok ia mugagabea bihurtu dugun eskaintza.

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean

Panorama berriak ezin du okerragotu egoera; aitzitik, aukeren mundu berri bat irekitzen zaio euskal komikiari

" Saiak" albuma Adam tablet dual batean irudikatua
Irudia: Juan Luis Landa

Euskarazko komikigintza gaur

Norbaitek euskarazko komikigintzaren mundua ongi ezagutzen badu, hori Dani Fano da, Ikastolen Elkarteak ateratzen duen Xabiroi komiki-aldizkariaren koordinatzailea; eta dioenez, "euskaraz egiten den komikia ez da existitzen".

Esaldi hori apur bat larregikoa da eta tonu sarkastiko ohartarazlean ulertu behar da, baina ongi islatzen du euskarazko komikigintzaren egoera kaskarra: ateratzen dira noizbehinka komiki solteak, aldizkariren bat eta argitaletxeren bat badago, baina oso gutxi da; eta azken urteetan okerragotzen joan da, nire ustez. Azter dezagun panorama zehatzago.

Haurrentzako komikiei dagokionez, gaur egun daukagun gauza bakarra Sauré argitaletxe arabarra da, bere komiki guztiak (gehienak bertan egindakoak baina baita kanpokoen itzulpen batzuk ere) gaztelaniaz eta euskaraz ateratzen dituena. Duela 10 bat urtetik hona urtero ateratzen ditu bizpahiru titulu gutxienez eta benetan eskertzekoa da. Baina hortik kanpo, ezer gutxi. Eta txanponaren beste aldean dugu Ipurbeltz haurrentzako komiki-aldizkari historikoa, komikigile ugariren harrobia izandakoa, duela bi urte eta erdi itxi zena. Bestalde, atzera begiratuz gero, lehen Kili-Kili ere bagenuen, nagusiki Bizkaian saltzen zen komiki-aldizkaria, batez ere kanpoko umore-komiki ezagunen itzulpenez osatua, batuerazko eta bizkaierazko edizioak zituena. Edo Kriselu argitaletxearen ipuin klasikoen komiki-bertsioak (Aladino, Munchhausengo Baroia, Hiru mosketariak eta abar)...

Haurrentzako kanpoko komikien itzulpenetan ere atzera egin dugu. Duela 20-30 urte Asterix eta Tintinen bilduma osoa eskura zitekeen euskaraz. Baina aspaldian deskatalogatuta daude (nahiz eta badirudien Asterix euskaraz berriz ere argitaratzen has daitezkeela). Eta Saurék itzulitako gutxi batzuez gain (Leonardo bezala) ez da beste ezer...

Oro har, argi dago haurrentzat oso komiki gutxi egiten dela gaur egun; ipuin eta liburu ilustratuak dira orain txikienen artean irakurzaletasuna bultzatzeko bideen artean errege, ez hain aspaldi komikiei zegokien tronua okupatuz. Izan ere, eta bestelako literaturarekin edota ikus-entzunezko produktuekin gertatzen denaren kontrara, komiki gehiago publikatzen da euskaraz gazte eta helduentzat haurrentzat baino (agian komikiekin hezi ginen haur orain helduak garelako komikiak erosten jarraitzen dutenak?). Edonola, gutxi izaten jarraitzen du eta honetan ere atzera egin den irudipena daukat.

Gazte eta helduentzako komikietan, Xabiroi da erreferentzia egun. Aldizkari bikaina da, idazleak eta komikigileak elkarlanean jartzen dituena kalitatezko komikia eginez, eta ondoren aldizkariko sail ezberdinak albumetan argitaratuz (Saiak, Piztia otzanak, TeleAtoi...). Sauré-k ere atera izan du gazte eta helduentzako komikirik, baina azkenaldian utzita du linea hori (Numenak bilduma aparta amaitu gabe utziz adibidez). Hauez gain, liburu-argitaletxeek edota komunikabideek noizbehinka ateratzen dituzte komikiak (Elkarrek Pololoak eta De rerum natura, Alberdaniak Ihes ederra, Argiak Gartxot eta Okatxu...). Esan bezala, haurrentzat baino gehiago, baina hala ere gutxi eta ziurrenik lehenago egiten zena baino gutxiago: lehen Habeko Mik aldizkaria eta albumak zeuden, Napartheid aldizkaria, Justin Hiriart bilduma...

Eta itzulpenetan ez da apenas ezer egin aspaldiko urteetan, ez bada mende hasieran Saurék egindako batzuk, Jeremiah bezala, edo lehenago oraindik aurreko mendearen amaieran Araberak ateratako Kondoi hiltzailea... Aldiz, duela 20-30 urte Ttarttalo argitaletxeak Nemo txikiaren album mordoa atera zuen, Baionako Antxeta argitaletxeak hainbat Corto Maltese eta beste batzuk (Jaunes adibidez) argitaratu zituen...

Komiki digitalaren etorrera

Eta gauzak nahikoa oker ez baleude bezala, errematea dator: digitalizazioa, argitaletxeen industriaren amesgaiztoa...

Badira hiru bat urte e-bookak (edo liburu elektronikoak) eta e-readerak (edo liburu irakurgailu elektronikoak) atera zirela, joko arauak erabat aldatuz. Argitaletxe, banatzaile eta saltzaileek argi ibili eta egokitu beharra dute, baina eginda ere ez da lan erraza izango askorentzat, batez ere txikientzat, jolas zelai berrian tokia hartzea. Eta gainera uste baino azkarrago ari da aldaketa etortzen, egokitzeko denborarik eman gabe... Bestalde, askok lehengo eskemekin jarraitzen dute eta erabaki ulertezinak hartzen dituzte, merkatu berrira egokitzen baino berau dinamitatzen saiatzen ari direla ematen du eta: prezio garestiegiak, kopiak ekiditeko DRMa bezalako neurri desesperatu, abusuzko, alferrikako eta kontraproduzenteak, bitartekari guztiak mantentzen jarraitzea...

Komikien munduari honek ez zien eragiten, kolorerik eza eta irudien erreprodukzio-kalitate eskasa koska latza baitziren e-reader batean komikiak irakurri ahal izateko. Baina orduan, duela urtebete iPad-a iritsi zen eta geroxeago horrelako tablet pila, eta hauek bai dira egokiak komikiak irakurtzeko. Aditu askok hala diote behintzat. Eta argitaletxe eta denda pila batek egin du bertara jauzia jada. Horrez gain, smartphoneentzako (iPhone, Android eta horrelakoentzako) ere hasi dira ateratzen komikiak eta komiki-dendak (Saurék ere saltzen du horietako batean).

Hala ere, argitaletxe ugarik mesfidati eta beldurrez ikusten dute mundu berria. Asko ez dira oraindik egokitu, eta jauzia eman duten beste askok liburuen industriaren akatsak errepikatuz egin dute (prezio garestiak, DRMa...).

Euskarazko komikigintzarentzat, onerako

Bai, komikien industriak beldurra dio digitalizazioari. Panorama berrian gauzak ezberdinak izango dira, argitaletxe batzuk desagertu egingo dira agian... (hori bai, aukera gehiago dute lehengo eskemekin funtzionatzen jarraitzen dutenek)

Baina euskararen kasuan esan daiteke, eta oraingoan exageratu gabe, ez dagoela komikiaren industriarik. Goian irakurri dugu: Sauré argitaletxea besterik ez dago komikiei soilik dedikatuta; Xabiroi ere hor dago baina ez da argitaletxe bat, Ikastolen Elkartearen uneko jardueretako bat baizik, eta argitaratzen den beste guztia liburu argitaletxeek puntualki ateratzen dutena da, beraien produkzioan erabat anekdotikoa. Orduan, digitalizazioak ezin du euskarazko komikien industria hondorarazi, ez bada existitzen... Eta aldiz, nire ustez aukera berriak irekitzen zaizkio euskarazko komikigintzari digitalizazioarekin.

Batetik, industriarik ez badago ere, egileak badaude Euskal Herrian euskarazko komikiak egin ditzaketenak eta egin nahi dituztenak, eta on askoak gainera. Eta horiek aspalditik egiten dute beraien lana modu digitalean: marraztu ez bada behintzat koloreztatu, errotulatu eta maketatu gehienek egiten dute ordenagailuz. Beraz, jada formatu digitalean daukaten komiki bat beraiek sal dezakete zuzenean Internet bidez gailu elektronikoetarako.

Izan ere, paradigma berri honetan, egile batek ez du argitaletxe baten beharrik banatzeko edo saltzeko. Honen aurka beti esaten da argitaletxeek eskain ditzaketen erakusleiho komun bat eta promozio-lana beharrezkoak direla, bestela egileak beraien webguneetatik beste milakaren artean nabarmentzeko ahalegin hutsaletan arituko direla. Baina euskarazko komikigintzaren mundua txikia da: elkarte batek-edo erraz jar dezake martxan webgune bat denen lanak banatu eta saltzeko, eta promozioa ez da zaila nobedadeak hain gutxitan direnean (ziurrenik nahikoa izan daiteke webgunean bertan edo erreferentziazko tokiren batean iragartzea, komunikabideak berez etortzeko).

Ekonomikoki askoz errentagarriagoa zaio egileari horrela egitea, gainera. Gaur egun, komikigile batek normalean salmenta prezioaren %10 besterik ez du jasotzen, beste dena argitaletxe, banatzaile eta saltzailearentzat da. Kontuan izan behar da, gainera, batzuetan gidoilari eta marrazkilariaren artean banatu behar dela hori. Eta liburuen idazle batentzat zaila bada euskarazko salmentetatik bizitzea, euskarazko komiki batek izan ditzakeen salmentekin guztiz ezinezkoa da. Norberak salduta, ordea, kopuru erdia eta prezio erdian salduta ere, lehen baino 2'5 aldiz gehiago irabaziko luke egileak.

Agian oraingoz ez da egongo tabletdun euskarazko komiki digitalen irakurleen masa kritikorik, egile bat komiki bat modu horretan egin eta saltzera arriskatzeko adina. Baina gorago aipatutakoa moduko elkarte bat sortuko balitz euskal komikigileek euren lanak saltzeko online plataforma bat sortuko lukeena, komikigileek jada eginda dituzten lan txikiak, edo zinten rekopilazioak, edo deskatalogatuta dauden lan zaharrak hor jarri ahal izango lituzkete probatzeko, eta gutxien-gutxienik diru sarreratxo estra bat izan...

Bestetik, digitalizazioak Xabiroi bezalako proiektuak bideragarriagoak bihurtu ditzake. Ikastoletako ikasle denak eramangarri txiki bat edo bestelako irakur-idazgailu elektroniko bat izango duten etorkizuna ez dago hain urruti, eta orduan Xabiroi ikastoletako haur guztiei banatzea orain baino askoz merkeago egin liteke.

Azkenik, kanpoko komikien euskararako itzulpenen eskasia gutxitzen ere lagun dezake digitalizazioak. Bada fenomeno gero eta zabalduago bat, scanlation deritzona (scan+translation hitzen nahasketatik datorrena), komikiak beste hizkuntza batean eskaneatu edo P2P sareetan formatu digitalean lortu, itzuli eta elkarbanatzean datzana, gero ordenagailu batean Comix bezalako programa batekin edo iPad batean CloudReader moduko aplikazio baten bidez ikusi ahal izateko. Modu amateurrean egiten dute boluntarioek, serieentzako azpitituluekin edo ripeatzeekin egiten den antzera, eta batez ere manga edo komiki japoniarrekin asko egiten da. Euskarazko scanlationen mugimendu bat sortuz gero, agian lor daiteke bere burua normalizatutzat izan nahi duen hizkuntza orok derrigorrezkoa duen komiki klasikoen bilduma minimo bat euskaraz izatea. Kasu batzuetan itzuli beharrik ere ez litzateke egongo, nahikoa litzateke deskatalogatutako komiki klasikoak eskaneatzearekin. Eta hau ez da ameskeria hutsa, maila txikian bada ere egiten da zerbait: Euskal Encodings webgunean (egun batzuk daramatza erorita, espero dut ez dela desagertuko hor dagoen altxor guztia!), serieak ripeatzeaz gain, euskararako scanlation batzuk ere egiten dituzte (gutxi eta batez ere manga, baina bestelakorik ere bada; adibidez sari ugari irabazi dituen Blacksad serie frantziarraren lehenengo albuma bertan dago, kalitate oso onean bai grafikoki bai itzulpenari dagokionez). Jende gehiago hasiz gero...

Agian optimistegia naiz? Tira, amestea libre da... Eta okerragora joatea zaila denez, benetan iruditzen zait digitalizazioari esker euskarazko komikigintzaren panoramak hobera egin dezakeela. Denbora epaile.

Liburu elektronikoak eta DRM: musika- eta bideo-industrien akatsak errepikatzen

Iazko irailean, DRM (Digital Rights Management) sistemei buruz hitz egin genizuen; formatu digitaleko abesti eta filmen kopiak ekiditeko erabili izan diren sistemez, alegia. Orduan genioen euskarri horietan DRMa hilda zegoela, baina mundu digitalerako lehen pausoak ematen ari zen liburu-industrian agian berpiztuko zela. Geroztik pasatu den urte-erdi eskasean, agente asko (on line liburu-dendak, argitaletxeak edo hardware-fabrikatzaileak, Euskal Herrikoak nahiz kanpokoak) liburu digitalen negozioan sartu dira, eta panorama argitu egin da: liburu digitalen industriak DRMaren aldeko apustua egin du.

10 urte alferrik pasatu balira bezala, liburuen industria musikarenak eta bideoarenak DRM sistemekin egin zituzten akats berberak errepikatzen ari da. Izan ere, joan den irailean genioenez, bi arazo nagusi dituzte sistema horiek: batetik, erabiltzaileei arazo ugari sortzen diete, eta diskoak, pelikulak edo liburuak erostera bultzatu beharrean, P2P sareetatik eta horrelako beste bide batzuetatik lortzera bultzatzen dituzte; bestetik, sistema horiek alferrikakoak izaten dira, eta beti egongo da norbait babesa gainditzea lortuko duena.

Erabiltzaileentzako mugak eta arazoak

Liburu digitaletan jartzen diren DRM sistemak honetan dautza: hasteko, liburu digitalak irakurtzeko erabiliko diren gailuak (liburu elektronikoa, ordenagailua, telefono mugikorra...) erregistratu egin behar dira saltzailearenean, gehieneko kopuru batekin; gero, obrak irakurri ahal izateko, irakurgailu horietan software jakin bat instalatu behar da, liburuak legalki erosi direla ziurtatzen duena; eta liburu digital bat erosi eta deskargatzen denean, enkriptatuta dator eta erregistratutako gailu horietan eta programa horrekin soilik irakur daiteke. Azken finean, ez da liburua erosten, liburua baldintza jakin batzuetan irakurtzeko lizentzia baizik, softwarearekin bezala. Eta paperezko liburuekin genituen eta legeak bermatzen zizkigun eskubide asko murriztu egin zaizkigu: guk geuk gure gailuetan ikustea da egin dezakegun gauza bakarra, eta ezin diegu familiakoei edo lagunei liburuak utzi, edo liburutegietatik maileguan hartu... Kontrol erabat orwelldarra da.

Kontrol hain hertsia egin nahi izateak, gainera, eragozpen-mordoa eragiten du. Adibidez, DRM sistema batzuk irakurri ahal izateko softwareek gailu edo sistema eragile jakin batzuetarako bakarrik balio dute. Bestetik, ordenagailu, telefono edo liburu elektroniko bat aldatzean, aldaketa hori erregistratu egin behar da liburuak erosi ditugun dendetan, eta gailu berri horretan irakurri ahal izango diren liburuak berriz deskargatu behar dira, baina gailu-aldaketa onartua izateko denbora bat pasatu behar da, eta, kasu batzuetan, deskarga-kopuru maximoa gainditu egin daiteke gailua askotan aldatzen badugu.

Horrez gain, hainbat DRM sistema ezberdin daude, beraien artean bateraezinak. Amazon on-line liburudendak eta Kindle bere irakurgailuak sistema bat erabiltzen dute, Barnes & Noble dendak eta Nook bere irakurgailuak beste bat, beste argitaletxe gehienek (oraingoz liburu digitalen negozioan sartutako euskal argitaletxe bakarrak diren Elkar eta Alberdania barne) Adoberena... Gainera, inork ez du argi esaten DRMa erabiltzen duen edo ez eta hala bada, zein sistema erabiltzen duen, zeinekin den bateragarria eta zeinekin ez. Beraz, horietakoren baten aldeko aukera eginez gero, beti bertan jarraitu behar dugu, erositako guztia ezertarako ez izatea nahi ez badugu. Eta guztiek katalogo hain ezberdinak izaki, aukeratu behar hori arazo handia da, mundu analogikoan gertatzen ez dena.

Azkenean, sortzen dituzten arazo guztiekin, erabiltzaileak liburuak sarean dohainik bilatzera bultzatzen dituzte, eta, hala, lortu nahi zenaren, hau da, pirateria ekiditearen, kontrako efektua lortzen da.

Dena alferrik

Gainera, lehenago edo beranduago, erabiltzaileek DRM sistema guztiak krakeatzea edo deuseztatzea lortzen dute. Horrela gertatu zen musikaren eta filmen kopiak ekiditeko sistemekin, eta horrela gertatzen ari da liburuenekin. Amazonen eta Barnes & Nobleren DRM sistemak deuseztatuta daude jada. Bestalde, liburuek ere badute zulo analogikoa, ezerk ezin du ekidin liburu bat orriz orri eskaneatu eta OCRratzea (karaktere-ezagutzaile bat pasatzea, irudia testu bihurtzeko). Hala, eMule eta halako P2P sareak liburu digital komertzialez josita daude.

Duela gutxi Apple ere agertu da liburu elektronikoen eszenatokian bere iPad-arekin: funtsean liburu-irakurgailu elektronikoen antzeko gailua da; bereizgarririk nabarmenena koloretako ukipen-pantaila du, eta, horregatik, argazkidun egunkariak eta aldizkariak irakurtzeko egokiagotzat aurkeztu dute. Egunkarien esperantza da paperean gainbehera doan negozioa altxatzea iPad-ak, lehen iPod-iTunes binomioak musikarena jaso zuen bezala; testuinguru honetan soilik uler daiteke medioek batere berritzailea ez den gailu honi egin dioten neurriz kanpoko harrera ona. Eta jakina da Apple-k ez duela inongo eragozpenik edukien industrien nahietara makurtu eta bere gailuak DRMz betetzeko.

Hala ere, argitaletxeek, dendek eta hardware-fabrikatzaileek planteatzen duten eredu horrek ez du etorkizunik. Musika- eta bideo-industrian huts egin zuen, eta hala egingo du liburuarenean ere. Nahiz eta oraindik hori guztia hasi berri den, eta oraingoz DRMaren aldeko apustua den nagusi, hasi dira jadanik bestelako mugimenduak agertzen. Adibidez, Sony Reader irakurgailuek eta haren on line dendek, hasieran Adoberen DRMa erabiltzen bazuten ere, kendu egin dute jada. Gainera, denda eta argitaletxe txiki askok DRMrik gabeko liburuak saltzen dituzte. Besteak saiatuko dira oraindik egoerari eusten, baina DRMa desagertzea denbora-kontua besterik ez da.

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)

DRM sistemek egoera orwelldar eta absurdua ekarri dute, prezio eta eskaintza tristeez gain

Liburu elektronikoaren ideia asko gustatzen zait. Ez dut uste esan beharrik dagoenik teknozalea naizela, eta oso pisu gutxirekin irakurgai piloa gainean eraman ahal izatea aparta iruditzen zait. Baina horren atzean dauden enpresek (e-book irakurgailuen ekoizleak, liburudenda digitalak, argitaletxeak...) gaur egun eskaintzen dutena ez da batere erakargarria; alderantziz, ni guztiz atzera botatzen nau.

Elhuyar aldizkariaren iraileko alean idatzitako artikuluan DRM edo Digital Rights Management sistemei buruz hitz egin nuen, finean kopiak eta pirateria ekiditeko sistemak direnak. Han nioen bideo eta musikaren arloan DRM-a hilda dagoela, denborak alferrikakoa dela eta bilatzen duen helburuaren kontrakoa lortzen duela frogatu duelako. Eta esaten nuen liburu elektronikoen etorrerarekin agian berpiztuko zela DRM-aren gaia. Orduan agente gutxi zeuden merkatuan (Amazon denda erraldoia eta euren Kindle irakurgailua ziren bakarretakoak), baina orain askoz gehiago daude, gurean ere bai. Panorama argitu da eta, kontraesana badirudi ere, ezin ilunagoa da. Argitaletxe eta liburu digitalen denda gehienek DRM-aren aldeko apustua egin dute, eta DRM mota oso itxia gainera, egoera absurdutara eramaten duena. Egile eskubideak defendatzeko sistema gisa saltzen digute DRM-a, baina erabiltzaileen eskubideen aurka doaz larriki.

Begira zertan datzan kopiak eragozteko sistema horrek. Hasteko, liburu digitalak irakurtzeko erabiliko dituzun gailuak (liburu elektronikoa, ordenagailua, telefono mugikorra...) erregistratu egin behar dituzu saltzailearenean (gehieneko kopuru bat duzu); gero, obrak irakurri ahal izateko irakurgailu horietan software jakin bat instalatu behar duzu, liburuak erosi dituzula ziurtatzen duena; eta liburu bat erosi eta jaisten duzunean, erregistratutako gailu horietan eta programa horrekin soilik irakur dezakezu. Azkenean, softwarearekin bezala, ez duzu liburua erosten, liburua irakurtzeko lizentzia baizik. Ematen dizuten liburu digitalak, hau da, fitxategiak, ez dizu ezertarako balio, enkriptatuta dator, eta zure gailu erregistratuak desenkriptatzen du eta erakusten dizu, baldin eta erabilera egokia egiten ari zarela irizten badio. Paperezko liburuekin konparazio bat egite aldera, etxean Anaia Handia bat izango bagenu bezala da, gure etxeko liburutegitik liburu bat hartu dezakegun edo ez kontrolatuko diguna, inori utziko ez diogula ziurtatuz. Edo okerrago, etxeko liburuak ulertzen ez dugun hizkuntzaren baten izango genituzke, eta Anaia Handi horrek itzuli eta irakurriko lizkiguke. Onartuko al genuke?

Bestalde, "erabilera egoki" hori ez da legeak markatzen duena, ez, saltzaileek erabaki dutena baizik: zuk zeuk zure gailuetan ikustea da egin dezakezun gauza bakarra. Baina noiztik da ez legezkoa familiakoei edo lagunei liburuak uztea? Oso larria deritzot legezkoa zer den eta zer ez beren gain hartze hori. Mundu "analogikoko" similarekin jarraituz, liburutegiek ezingo lituzkete liburuak utzi. Non gelditu da kulturarako atzipen unibertsala argitaletxeen helburuetan?

Eta kontrol hain hertsia egin nahi izateak, gainera, eragozpen mordoa eragiten ditu. Adibidez, DRM sistema batzuk irakurri ahal izateko hainbat software gailu edo sistema eragile jakin batzuentzat soilik dago (eta Linux da kaltetuena, beti bezala). Edo ordenagailu edo gailu bat aldatzean aldaketa hori erregistratu egin behar da liburuak erosi ditugun dendetan, eta gailu berri horretan irakurri ahal izango diren liburuak berriz jaitsi behar dira; gainera, kasu batzuetan, gailu aldaketa onartua izateko denbora bat pasatu behar da, edo deskarga kopuru maximoa gaindi dezakezu gailu aldaketen kausaz eta liburua berriz erosi behar da.

Bestalde, DRM sistema bakarra balego, gaitzerdi! Baina keba, hainbat sistema daude, beraien artean bateraezinak. Hala, Amazon-en erositako liburuak ezingo dituzu Elkar-en irakurgailu batean irakurri, edo Alberdanian erositakoak Kindle-ean; eta beste sistema batzuk ere badaude, Barnes & Noble-ren Nook-a adibidez. Gainera, inon ez dizute horretaz abisatzen; gehienetan ez dizute argitzen ezta beraiek zein formatu erabiltzen duten edo zein gailutan irakur dezakezun! Baina behin denda baten erosketa bat egin duzunean, bizitza guztirako ezkondu bazina bezala da, bestela beste sistema bat erabiltzen duen gailu batera aldatzean erositako guztia ezin duzu irakurri. Hau ez litzateke hain txarra izango edozein dendatan argitaletxe, egile eta liburu guztiak bagenitu aukeran, paperezko munduan bezala, baina ez da horrela. Liburudenda digital edo argitaletxe bakoitzak bere katalogoa du: denda batzuk ingelesezko aukera zabalarekin baina gaztelaniaz apenas eta euskaraz ezer ez, argitaletxe batzuk euskarazkoak soilik... Gainera, egile famatu batzuek, Ian McEwan, Stephen Covey edo Paulo Coelhok adibidez (harrigarria Coelhorena, kopien apologia egin baitu sarritan), argitaletxeez paso egin dute eta tratua egin dute zuzenean online dendekin argitaratzeko, irabazien portzentaje handiago bat lortuz, baina erabiltzaileak kaltetuz, euren lana denda horretako bezeroek soilik irakurri ahal izango baitute. Egoera honek ez du inongo zentzu edo logikarik...

Ordaindu badut nik liburu digitala eduki nahi dut eta berarekin nahi dudana egin, nahi dudan irakurgailuan irakurri, nahi dudan lagunari utzi, orain eta etorkizunean, paperezkoekin izan den bezala, normala den bezala. Liburuen industria pirateriaren aurkako gerrak itsutu du, iparra galdu dute; ezin dut sinetsi benetan etorkizunean jasangarria ikusten dutenik proposatzen ari diren eredua.

Eta ez da, egoera honi ezin zaio eutsi. Bideo eta audioarekin gertatu den bezala, lehenago edo beranduago DRM-a bertan behera utzi beharko dute, Elhuyar aldizkariko artikuluan nioen bezala alferrikakoa delako (azkenean beti hausten dituzte DRM sistemak, Amazon-ena hautsi dute jada) eta lortu nahi denaren kontrako efektua lortzen delako (eragozpen guztiekin nazkatuta, jendeak Interneteko kopietara jotzen du). Kanpoko hainbat argitaletxe eta dendek baztertu dute jada DRM-a.

Larriena DRM-arena bada ere, prezioaz eta eskaintzaz ere asko esan daiteke. Euskal Herrian behintzat, paperezkoaren %70ean saltzen dituzte liburu digitalak. Kontuan hartuta inprenta, banaketa eta denden kostuak aurrezten dituztela, irakurgailua erosi egin behar dugula, DRM-arekin datozela... Oso garestia iruditzen zait. Eta eskaintza oso murritza dute, titulu gutxi batzuk besterik ez, ez dute katalogo osoa digitalean jarri. Ausardia gutxi ikusten da, ez dirudi benetan etorkizuna hor dagoela sinesten dutenik. Edo agian ez dute nahi etorkizuna horrelakoa izaterik...

Gorka Julio Teketenek bere blogean honi buruz idatzi zuenean sortutako eztabaidan, idazleak DRM-a defendatzen ageri dira, dena libre eta doan eskatzen dugun internetkume gaizki ohitutakoon aurka. Eta ez da hori eztabaida, ez da hori eskatzen duguna. Gu ez gara ezer lapurtu nahi duten piratak; kultura kontsumitzaileak gara, gizartearen gehiengoa baino maila handiagoan ziur aski. Eta kontsumitzen dugunarengatik ordaintzeko prest gaude, baldin eta aukera zabala eskaintzen bazaigu erraz eskuratzeko moduan, arrazoizko prezio baten eta gure eskubideei isekarik egin gabe. Bitartean, nik ez dut liburu irakurgailu elektronikorik erosiko denda edo argitaletxe bati lotuta doana, eta ezta DRM-dun liburu digitalik ere. Erostekotan, denda edo DRM-dun formaturen bati loturik gabeko irakurgailu askeak erosiko ditut, bertan liburu libreak irakurriko ditut (klasikoak edo egileek libre jarri dituztenak, milaka eta milaka daudenak) eta liburu komertzialak eMule eta horrelakoetatik jaitsiko ditut goian aipatutako baldintzak betetzen ez diren bitartean. Eta denok horrela egin beharko genuke, ea denon artean lortzen dugun liburudendek eta argitaletxeek liburu digitalen gaia eta bezerook serio hartzea.

e-gor 2010/01/27

DRM, "pirateria"ren aurkako bataila teknologiko galdua

Ikus-entzunezko edukia formatu digitalean gorde eta banatzen denetik, ekoizleek DRM (Digital Rights Management) izeneko sistemak txertatu izan dizkiete. "Egile-eskubideen kudeaketarako sistema digital" izen ponposoaren atzean, funtsean, kopiatzearen aurkako sistemak besterik ez daude. Baina sistema horiek, beren helburua ez lortzeaz gain, erabiltzaile "legalen" kalterako ere izan dira.

(Elhuyar aldizkariko 2009ko iraileko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Musika eta filmak lagunekin partekatzea ez da fenomeno berria. Kasete eta VHSekin ere asko grabatzen genuen lagunena eta lagunentzat. Azkenaldian horri delituzko izena (pirateria) jarri dioten arren, ez da derrigorrez ilegala. Herrialde askotan (Espainian, adibidez), kultura partekatzea legala da, irabazi-asmorik ez badago, eta beste herrialde askotan ere ez dago argi legearen aurkakoa den. Edozein kasutan, eduki audiobisuala kopiatzeak posible izan beharko luke, norberak erosi duenaren kopia pribatuak egiteko eskubidea baitu, erositakoa kotxean entzuteko, adibidez.

Helburua, kopiak saihestea

Hala ere, eduki hori digitalean gordetzen denetik eta, batez ere, Internet existitzen denetik (era masiboagoan partekatzea ahalbidetzen baitu, eMule bezalako P2P programei esker), ekoizleek DRM (Digital Rights Management) izeneko sistemak txertatu dizkiete produktuei, kopiak saihesteko sistemak, finean.

Sistema horien adibide ezagunenetakoak DVDetan erabilitako CSS (Content Scrambling System) edo ondoren Blu-ray eta HD-DVDetan erabilitako AACS (Advanced Access Content System) sistemak dira: horietan, bideoa enkriptatuta dago, eta, ikusi ahal izateko, desenkriptatzeko kodea behar da; ekoizleek lizentzia bidez ematen diete kode hori irakurgailu-fabrikatzaileei (hardware- nahiz software-fabrikatzaileei), kopiak egitea ez uztearen baldintzapean. DVDen eskualde-kodeak ere ezagunak dira: eskualde baten kaleratutako DVD film bat soilik eskualde horretako erreproduzigailuetan ikus daiteke, horrela munduko toki ezberdinetan estreinaldiak garai ezberdinetan egin ahal izateko. Horrelako sistema "estandarrez" gain, konpainia jakin batzuek inplementatu dituztenak daude; Apple-k bere iTunes musika-dendan erabilitako FairPlay sistema, adibidez: sistema hori duten abestiak Apple-ren erreproduzitzaileetan soilik entzun edo kopiatu daitezke, eta kopia-kopuru jakin bat egin daiteke, gehienez.

Dena alferrik

Baina sistema horiek alferrikakoak izan dira, beti hautsi izan baitira. Bereziki amesgaiztoa izan da DRM sistementzat Jon Lech Johansen norvegiarra, "DVD Jon" ezizenez ezagutua: 1999an, 16 urte soilik zituela, CSS sistema hautsi zuen, eta 2005ean Apple-ren FairPlay. AACS sistema ere, aurreko CSS izenekoa baino askoz seguruago omen zena, atera eta gutxira hautsi zuten.

DRM sistemak hautsi beharrik gabe ere, modu batera edo bestera, beti lortzen dute abesti edo film ezagunenek Interneterako bidea egitea. Hollywood-eko pelikula asko barne-filtrazioen bidez agertu dira P2P sareetan, batzuetan estreinatu aurretik. Gainera, DRM sistemak beti gaindi daitezke zulo analogikoa delakoaren bidez: gailu batean erreproduzitu daitezke, eta audio-grabagailu edo bideo-kamera baten bidez berriz digitalizatu, kalitatea pixka bat galduta ere. Estreinatu eta gutxira zinema-aretoetan grabatu, eta film asko jartzen dituzte horrela Interneten.

Erabiltzaileen eta ekoizleen kalterako

Alferrikakoak izateaz gain, DRMek arazoak ematen dizkiete sarritan erosle zintzoei ere. Adibidez, erreproduzitzaile merke edo zahar asko DRM estandarrenentzat soilik daude prestatuta, eta DRM propioa erabiltzen duten konpainien musika entzutean arazoak izan ditzakete. Edo Linux erabiltzaileek ezin dituzte DVDak ikusi, jendeak egindako sistema eragile horren atzean ez baitago desenkriptazio-lizentzia erosi ahal izango duen konpainiarik (hain zuzen ere, DVD Jon errugabe jo zuten CSS hausteagatik egindako epaiketan epaimahaiak ulertu zuelako eskubidea zuela erositako DVDak Linuxen ikusteko). Eta horrelako adibideak milaka dira...

Horrez gain, batzuetan urrunegi joaten dira ekoizleak DRMaren kontuarekin. Esate baterako, Sonyk 2004 eta 2005 urteen artean hainbat CDtan DRM sistema bat jarri zuen, zeinak Windows ordenagailuetan programa espioi bat instalatzen baitzuen, eta Windows aldatzen baitzuen hura detektatu ez zezan. Beste kasu batzuetan, on line denda bat desagertu izan denean, han erositako musika guztia erabilezin gelditu izan da.

Azkenean, jende asko P2P sareetara pasatu da, horietan lortutako film eta abestiek erositakoek baino arazo gutxiago eta erabiltzaile-esperientzia hobea ematen zutela ikusita, eta DRM sistemek lortu nahi zutenaren kontrakoa erdietsi dute.

Gerra galdua

Gaur egun esan daiteke DRMa hilik dagoela. DRM sistemetan egindako inbertsio ikaragarria alferrikakoa eta kaltegarria ere badela konturatuta, sistema horiek baztertzen joan dira pixkanaka ekoizleak. Apple-k kendu du FairPlay bere iTunes dendatik, eta on line musika denda ia guztiek DRM gabe saltzen dute gaur egun. Bideo-industriari dagokionez, DVD edo Blu-ray diskoak DRMarekin doaz oraindik, baina aspaldi hautsitako DRMarekin; eta ez dirudi on line salmenta garatzean bide horretatik joko dutenik.

Bada beste eduki kultural mota bat oraintsu arte analogikoan soilik banatu dena eta digitalerako eta Interneterako lehen pausoak ematen ari dena: liburuak. Ikusi beharko da ea argitaletxeek musikaren eta filmen industrietatik ikasiko duten edo DRMaren beste berpizkunde bat ikusiko dugun (edonola ere iragankorra, ziur). Oraingoz, liburu digitaletan esperientzia gehien duena, Amazon, bere Kindle irakurgailu elektronikoarekin, DRMaren bidetik doa, baina kritika askorekin eta eraginkortasun txikiarekin...

Bataila teknologikoa galduta, ekoizleak beste bide batzuetan ari dira jartzen indarra kopiatzeen aurkako gerra honetan: euskarri digital guztien gaineko kanonak, edukiak partekatzeagatik Interneteko konexioa moztea ahalbidetzen duten legeak, komunikabideen kriminalizazioa, hezkuntza-sistemaren bidez txikitatik kontzientziatzea eta abar. Ez dakit ez ote zen hobea beste bidea...

Argazkigintza eta DRM-a

Norena da ezkontza baterako kontratatutako argazkilariak egindako argazkien jabetza?

Ostiralean, urtero bezala, nire jaioterrira bueltatu nintzen egun handirako, eta han koadrilako batek kontsulta informatiko bat egin zidan. Kontua da bere anaiaren ezkontzan argazkilari bat kontratatu zutela erreportaje grafikoa egiteko eta honek, amaitutakoan, argazki album inprimatua emateaz gain, CD bat ere eman ziela ateratako argazki guztiekin, eta esan ziela CD horretako argazkiak euren ordenagailuan ikusi ahal izango zituztela baina ez zuela funtzionatuko edozein argazki-dendara paperezko kopiak egitera joanez gero, paperezko kopiak egin nahi bazituzten derrigorrez berarengana jo beharko zutela, eta ongi ordaindu noski. Lagunak jakin nahi zuen ea hori egia den eta ea babes hori hauts zitekeen. Nik ezin nion lagundu, hori guztia berria baitzen niretzat.

Badirudi DRM sistemak argazkigintzaren munduan erabiltzen ari direla. Aurpegia behar da gero, zuk ordaindutako eta zu agertzen zaren argazkien jabetza argazkilariarena dela esatea ere!

DRM (Digital Rights Management edo Eskubideen Kudeaketa Digitala) sistemak asko aplikatzen ari dira azkenaldian. Euskarri digitaletan dagoen multimedia edukietako egile-eskubideak babesteko sistemak omen dira, eta funtsean kopiak egitea saihestea (edo gutxienez zailtzea) dute helburu. Horren adibideak dira DVDek aspalditik duten CSS sistema eta eremukako banaketa, gaur egungo CD askok HiFi ekipoetan soilik edo ordenagailuko musika-erreproduzigailu jakin batzuekin soilik funtzionatzeko daukaten babesa, edo iTunes denda musika ezagunean erositako abestiak izatea iPod-ean entzun ditzakegun bakarrak.

Arazoa da DRM sistemek beste eskubide batzuk ahazten dituztela, bezero edo eroslearenak hain zuzen ere. Horrela, DVDJon-ek CSS sistema apurtu zuen arte Linux zeukatenek ezin zituzten legalki erositako DVDak euren ordenagailuetan ikusi, gaur egungo babestutako musika CD horietako asko ezin dira Linux sistema baten entzun (edo batzuetan ezta kotxean ere!), eta abar.

Hala eta guztiz ere, agian uler nezake musika edo film baten egileak edo jabeak bere lan hori babestu nahi izatea eta egile-eskubideak errespeta daitezen eskatzea. Edo baita argazkilari batek hori nahi izatea, bereak diren argazkiekin. Baina aipatu dudan argazkigintzako kasua gehiegizkoa iruditzen zait. Argazkilari hori bezeroak kontratatu du beretzat lan bat egin dezan eta argazkilariak jada kobratu du lan horregatik, beraz bere lanaren emaitza kontratatu duenarena da, ez? Bestela, frigorifiko bat egin duen langileak esan ahalko lioke enpresari frigorifikoa berea dela... Are gehiago, egile-eskubideez gain irudi-eskubideak ere badaudela uste dut, eta horiek kontuan izanik, argazkilaria izan beharko litzateke irudi horiek bertan agertzen direnen baimenik gabe erabili ezin dituena, ez?

Ba al dakizue ea argazkilariek benetan horrelako DRM sistemak erabiltzen dituzten, ala soilik hordagoa botatzen dute bertara joan zaitezen kopiak egitera? Zabaldua al dago hori argazkilari guztien artean, ala larru gogorra duten gutxi batzuk soilik dira? Legala al da hori egitea? Zer gertatzen da beste laborategi batera bazoaz kopiak egitera, hau da, zein da jartzen duten babes konkretua? Eta garrantzitsuena, ba al dakizue nola hauts daitekeen babesa?

(Eskerrik asko Urrutia!)

e-gor 2006/10/09
Egunkaria libre!
Bidegabekeria salatzeko. Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko. Hemen torturatu egiten dela esateko. Auzipetuei elkartasuna adierazteko. Epaiketarik ez genuela nahi gogorarazteko. Epaiketa egingo dutenez, Egunkaria eta auzipetuak libre nahi ditugula erakusteko.
Egunkaria.info
Sustatu - Egunkaria libre

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 15etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Honi buruz
Kontaktua
Lizentzia: Creative Commons License Attribution-ShareAlike
Artxiboa
Informatika atalaren aurkezpena
Komikien atalaren aurkezpena
Harpidetza
Harpidedunak:
RSS jarioa
E-mail harpidetza
Azken erantzunak
Giancarlorena patxi lurra, 2012/01/22
Ñooooo txu, 2012/01/22
Squareup haritz, 2012/01/14
Re: Gartxot e-gor, 2011/12/05
Gartxot darko, 2011/12/04
Erantzunen harpidetza
Harpidedunak:
RSS jarioa
E-mail harpidetza
Etiketa lainoa
1512 Nafarroa - Amets urratua 300 30x30 3D 3D inprimagailuak 7K APIE-EIEP Adèle Blanc-Sec Agence barbare Aitor Arana Aitor I. Eraña Alan Moore Alfonso Azpiri Alfonso Zapico Alhóndiga Bilbao Aljebra Alokairuan American Splendor AnHitz Android Angoulême Anti- liburudenda Apple Arturo Erregea Asisko Asterix Astiberri Asus EEE PC Atiza Atzipen multimodala Avatar, azken aire maisua Azken garaipena Azken mohikanoak hemen gaude Barakaldoko lehiaketa Bartzelonako komiki-azoka Basaurikomik Batman Bego Montorio Bideo-jokoak Bilboko barrea Bill Watterson Bitcoin Blogs & beers Bordados Bruselako komikiaren museoa Bécassine CSS Café Budapest Calvin & Hobbes Clara-Tanit Arqué Cloud computing Crash comic DRM DTMLCalendar Dani Fano De rerum natura Disney Donostiako komiki-jardunaldiak Dublinés E-book ETB Egunkaria El País El invierno del dibujante El jueves Elhuyar aldizkaria Elkar Emakumeak Errealitate areagotua Escrivá de Balaguer Euskal Encodings Euskal rock Euskaltel Euskomik Facebook Fanxinoteka Firefox Fontanarrosa Francisco Ibáñez Frank Miller Franquin Fructuoso Gaizka Barandiaran Galtzakomik Ganorabako Gartxot Gaston Gauzen Internet Gazteak Geokokapena Getxoko komiki-azoka Giza eskubideak Giza eskubideen lehiaketa Goienkaria Gon Google Google Chrome Google TV Google Wallet Google Wave Gorka Velasco Guillermo Zubiaga HTML 5 Habeko Mik Harriet Hartos de arte Hergé Heroiak Hizkuntza-teknologiak Homosexualitatea IEB IP Ihes ederra In the shadow of no towers Inodoro Pereyra Interneteko bilatzaileak Ipurbeltz Irati Irungo komiki-azoka Iñaki G. Holgado Jacques Tardi Joanes Josep Domingo Nadar Josevisky Joyas literarias juveniles Juan Carlos Egillor Juan Luis Landa Justin Hiriart KKLRD Kinect Komik 10 Krea Kristalezko hiria La fiesta dibujada Le crochet à nuages Les Godillots Linux Literaktum Little Nemo Luis Durán Luis Gasca bilduma Mangamore Mantxi Marjane Satrapi Marko Marrazkirri Martín Romero Marvel María y yo Max Medikuntza alternatiboa Microsoft Miguel Gallardo Mikel Valverde Mikroformatuak Mis tebeos favoritos Moblogging Motsukora Mundu digitala Muraille MythTV Métal Hurlant NFC Nabarra Nafarroako komiki azoka Napartheid Nick dut nik Numenak OLPC Okatxu Otsobeltz Ovni Paco Roca Patxi Gallego Patxi Lurra Paul Auster Pernan Goñi Persepolis Peyo Piztia otzanak Plaza elíptica Poker Face Pololoak Portugaleteko lehiaketa Pottokiak Preso nago RSS Ralf König Raquel Alzate Rekalde-Ortzadar komiki lehiaketa Retine Rober Garay Ruben Arozena Santiago Valenzuela Sare sozialak Sarearen neutraltasuna Sasizientziak Sauré Sautrela Scanlation Scott McCloud Sendabide ala iruzurbide Senez Sherlock Holmes Shin-Chan Sin City Snoopy Star Wars Steve Jobs Supergrupo Tabary Tablet Tanaka Thorgal Tintin Tokitan.tv Torrentocracy UEU Ubuntu Udaberririk ankerrena V for vendetta Watchmen Watson Web semantikoa Willy Roa X-Men XHTML XO Xabiroi ZX Spectrum Zaragozako komiki-azoka Ziberkomikiak Zope bestelakoak e-gorblog gogoetak informatika komikiak
Artikulu aipagarriak
"Pololoak" sorta 2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03
Monoblogoa 2005/01/11
"Watchmen" sorta 2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07
OLPC sorta 2007/12 - 2008/01
5 urte 5! 2009/12/15